Aste Santua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aste Santua etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023(e)ko apirilaren 3(a), astelehena

2023 ASTE SANTUA

Aurten ere iritsi da Aste Santua!

Bereziki nekatuta hartu ditugu aurtengo oporrak. Bretxa musikala, Selektibitatearen itzala, EIO eta EIO Txikira sartzeko frogak prestatzea, kontserbatorioko audizio eta orkestra kontzertuak eta beste hainbat eta hainbat ekintza. Ikasturte gogorra izaten ari da eta oporrak gustura hartu ditugu.

Oporrei ere hasiera berezia eman diegu. Musika Eskolatik Matilda musikala ikusteko irteeran parte hartu du Itzalek, Erramu Zapatua ospatu eta gaueko jaitik ia zuzenean sartu gara gure ohiko oporretako bizilekuan, autokarabanan. Itzal autobusean utzi eta Madrilera bidean jarri gara euri zaparrada itzel baten azpian.

Bidean ordu pare bateko atsedena hartu ondoren, Madrileko autokarabana parkinera iritsi gara. Espazio berria da guretzat, orain arte erdi alderago aparkatzen genuelako, baina aire kutsatzearen aurkako kanpaina dela eta, ezin dugu autokarabana M-30 errepideak mugatzen duen eremua baino barrurago sartu. Beraz, Vallecasen kokatuta dagoen parkinean geratu gara. Poligono industrial batean kokatuta dago eta oso erakargarria ez den arren, kamaraz zaindua eta oso ondo komunikatua dago. 8,40 eurotan, 5 pertsona Madril erdigunera joateko aukera dago 130 autobus zenbakia hartu eta ondoren 1 lineako metroa baliatuz.

Arratsaldez Retiro parkera joan gara eta han aurkitu ditugu Musika Eskolako lagun guztiak Itzalekin batera. Ez zen neke aurpegirik ikusten. Denak pozik zeuden Matildaren musikala eguerdian ikusi ondoren.

Arratsaldea guk ere bertan pasatu dugu eta ondoren Atocha ingurura joan gara. Han hain famatuak diren raba bokadiloak afaldu ondoren, autokarabanara itzuli eta guztiok behar genuen atsedena hartzeko tartea izan dugu. 

Egun luzea izan da eta gau hau indarrak berreskuratu eta bidaiari hasiera behar den bezala emateko prestaketa izango dela espero dugu.

Biharko hainbat plan ditugu buruan, baina ez dakigu oraindik zer aukeratuko dugun.

Neke aurpegiak kentzea lortzen badugu, ez da gutxi izango!


Toledo

Ederki eta luze lo egin ondoren, erabaki bat hartu behar genuen. Cordobara joan aurretik, bidean eguna beste nonbait pasatzea.

Bi aukera geneuzkan. Bietan aldapan gora eta behera ibiltzeko parada.

Gertuen geneukana, Warner Parkea. Bostetik bik ez zuten bertara joateko ilusio handirik, eta Lur ere ez zegoen gonbidatuta Superman eta Batman atrakzioetan gora eta behera ibiltzeko.

Bigarren aukera, Toledora joatea. Bidean ordubete Kordoba ingurura gerturatzen joan, egun lasai bat pasatuz, aldapan gora eta behera hiriaren kale estuetan barrena ibiliz.

Azken aukera hau baliatu dugu. Eguerdian, hiriaren paisaia orokorra ikus zitekeen behatoki batean bazkaldu  (Seinale bat bota dugu faltan "Kontuz, Kaparrak!". Lehenengo aldiz ikusi dugu kapar bat abiadura handiz mugitzen), Lurrekin piska bat jolastu, atrakzio parkeetan bezala, eskailera mekanikoetan gora igo eta hiriko aspaldiko sekretuak ezagutzeko bisita gidatu bat egin dugu, kaleetan gora eta behera ibiliaz. Trikitia ekarri izan bagenu, aproposa litzateke "Kalian gora, Kalian behera" kalejira jotzea. Bi orduz hainbat istorio bitxi entzun ondoren, konturatu gara atzo galduta geneukan irribarrea bueltan etorri zaigula. 

Eguna amaitzeko, berriz ere eskailera mekanikoetan luze ibili gara, erritmo geldoan, I-geldoko "Montaña Suizan" bezala, poliki-poliki paisaiak ikusiaz.


kordoba

Goizean jaiki eta bide bazter batean gosaldu ondoren, Kordobarako bideari ekin diogu.

Bidaia luze samarra zenez, Villarealen geldialdia agin dugu, autokarabana parking estreinatu berria ezagutzeko. Bertan bazkari pasada bat egin, Ping-pong jolasean ibili eta bidean aurrera jarraitu dugu.

Arratsaldeko 17:00etan iritsi gara Kordobako autokarabana parkinera.

Denborarik galdu gabe, herria ezagutzera joan gara. Honetan hasi orduko, mezkitaren ondoko kalea gradaz inguratuta ikusi dugu. Esan digutenez, gauean prozesioa dago. Hau entzutean, pozik galdetu dugu eta lekuren batean ordaindu gabe ikusteko aukerarik izango dugun. Baietz esan digute eta pozik ibili gara, prozesio bat pasatzen ikusi dugun arte.

Amaitu denean, kalean gora joan gara eta espaloietan jarrita jende pila bat ikusi dugu pipak Jaten. Gu ere pipazaleak izanik, ideia ona iruditu zaigu eta gauza bera egin dugu. Konturatu gabe, kalea Jendez betetzen joan da eta ez genuen ulertzen zergaitik. Taberna batean trago bat hartu, eta esan digu laister hasiko zela prozesioen desfilea, eta hainbat kofradia pasatuko zirela bertatik. Hau entzutean, ideia ona iruditu zaigu pare bat ikustea.

Jendearen desfilea amaitu ondoren, mutil gehienak zapata nautikoekin, kofradien desfilea hasi da. Hurbiltzen ziren bitartean jendeak "Ssshhhh" esaten zuen. Ixltasun osoa lortu arte.

Txundituta utzi gaitu irudien azpian ziiazen indartsuek nola jasotzen zuten sekulako pisua daukan irudia kolpe batean. Orduan jendearen txaloak betetzen zuten kalea. Benetan barruan sentitzen duten Aste Santua hemen.

Bi kofradia pasatu direnean, autokarabanara itzultzea pentsatu dugu eta jende zurrunbilo bat aprobetxatuz, kale hartatik irtetea lortu dugu beste kale batzuek erabiliz prozesio gunetik irtetzeko.

Honetan genbiltzala, konturatu gara berriz geundela pipak Jaten egon garen leku berean. Kalean behera sartu gara eta bide erdian beste kofradia bat etorri da behetik gora.

Protokoloari jarraituz, bazterrean jarri, "Ssshhhh" entzun eta berriz pasatzen ikusi ditugu.

Bazirudien gaurkoz libre geundela eta aldapan behera jarraitu dugu gure askatasunaren bila. Baina behe aldera iristear geundela, udaltzain bat jarri da gure aurrean. Beste kofradia bat datorrela eta ezin garela beheruntz joan.

- No se puede ir hacia abajo!

- Y entonces, qué hacemos?

- Pues si no se puede para abajo... Tendréis que ir hacia arriba!

- Lo que tú digas!

Buelta eman eta berriz goruntz...

- Es que son turistas.-komentatzen zion han zegoen neska batek bere lagunari. Pena eman diogu, nonbait.

Pasatu da kofradia bere protokolo guztiekin...eta azkenik lortu dugu, beherantz ihes egitea.

Ihesaldiaren ondoren, izozki bat hartzeko aukera izan dugu, eta aske garela ospatzeko, izozkiak jaten itzuli gara autokarabanara, usain goxoa duten laranja zuhaitzen azpitik lasai lasai paseatzen.


Autokarabanara iritsi eta prozesio guztiek batera ateratzen zuten barrunba definitu gabea entzunez hartu dugu lo. 


Mérida

Gaur goizean lan eguna balitz bezala jo du iratzargailuak 7:00etan. Asko kostata jaiki gara goizerako geneukan lehenengo zitara gerturatzeko.
Kordobako mezkita barrutik ikusteko aukera dago 8:30-9:30 bitartean txandarik hartu gabe.
Ordubetez egon gara eraikinaren barruan dauden guztiez gozatzen. Asko gustatu zaigu bertan ikusitakoa.


Handik irtenda, juduen auzoan ibilalditxo bat egin, autokarabanara itzuli eta Meridara bidea hartu dugu.

Bertara iristean, autokarabana parkina urrun zegoela iruditu zaigu eta erromatar garaiko hainbat eremutik oso gertu aparkaleku bat aurkitzea lortu dugu lan handirik gabe. Guardia zibilaren kuartel parean, ederki zainduta.


Beraz, arratsaldean zehar lasai asko ikusi ditugu zirko erromatarra, anfiteatroa, teatroa, museoa... Egia esan ez genuen espero hainbeste gauza ikustekorik zegoenik Meridan. Oso interesgarria iruditu zaigu bertan ikusi eta entzundakoa.



Afaldu ondoren, gaur ere prozesioa zegoen, eta harekin batera saetak abestu dituzte plazatxo batean.
Atzoko esperientziarekin, urrunetik ikustea aproposa iruditu zaigu, gehiegi hurbildu eta atzo gauean bezala irten ezinda geratzeko beldurrez.

Saetak esandakoa ez dugu ulertu, baina dudarik gabe sentimenduz barru+barrutik abestutakoak izan dira.

Jerteko bailara eta Salamanca 

 Atzo ikusitako guztiarekin konforme, goizean Caceresera gerturatu gara. Autokarabana parkinak ez dauka oso fama onik, baina ura kargatzeko geldialdia egin dugu.

Gehien eskertu duena Lur izan da. Zakurrentzat eremu bat dago aparkaleku ondoan, eta han ibili da, tubo Barrutik pasatu, ranpa igo eta jaitsi, saltoak egin... Entrenamendu latza izan da gaurkoa beretzat. Oso gustura ibili da.

Deskantsatzen zuen bitartean, Jerteko bailara joan gara, gereziondo guztiak zuri-zuri daudela entzun dugulako hainbat lekutan. Badirudi hau esan eta esan dabiltzanak azken aldian ez direla Jerten egon. Zuhaitz batzuk zurituta zeuden dagoeneko, baina gehienak zuritze prozesuan zeuden. Beraz, ezin izan dugu guztia zuri-zuri ikusi.

Handik irten eta Tejedan familia bisitatzen geratu gara tarte batean.

Amaitzeko, eta tradizioari eutsiz, bidean geratzen den Salamanka hirian egin dugu geldialdia. Poliki-poliki norbaitek gure lekuan jarri nahi gaitu, eta gaurkoan ezin izan gara beti geratzen garen parkinean geratu. Izan ere, udaltzainek kalea itxita zeukaten guretzat, prozesioa dela eta.

Garbi dago gaurkoan ez dugula prozesiorik ikusiko.

Hala ere, gaua Salamankako beste parking batean pasatzea lortu dugu. Katedrala aurrez aurre gau guztian eta goizean ere ohetik ikusteko aukera izan dugu parking honetan.

Salamanka

Goizeko 4:30etan kotxe hotsak esnatu gaitu. Haur eta gurasoak ikusi ditugu alboan pasatzen. Zer gertatuko zen interneti galdetuta, 5:00etan prozesioa zegoela konturatu gara. Goiz samar ohetik jaiki eta ilunpean ibiltzeko, beraz buelta erdi eman eta lotan jarraitu dugu.

Goizean bai, esnatu eta azkar gosaldu ondoren, autokarabana betiko lekuan aparkatu eta erreka bazterreko parketik ibilaldia egin dugu Lurrekin batera. Hiriko alde zaharrera joateko bidea hartu dugunean, kofradia bat ikusi dugu jendez inguratuta, eurek zeramaten "pasoa" eleiza barrura sartzen.

Hau izan da aurtengo Aste Santu kulturalari amaiera eman dion ekintza.

Guztiz sartu dutenean, jendearen txaloak entzunez, Salamankan zehar bueltatxo bat eman dugu, ogia erosi eta autokarabanara itzuliz, etxerako bidea ekinez.

Dena ondo badoa, gaur gauean danbor hotsik gabe egingo dugu lo.








2018(e)ko martxoaren 28(a), asteazkena

2018 ASTE SANTUA

Santa Polara bidea egingo dugu berriz ere autokarabanan. Nafarroatik joango gara eta Montanejoseko terma naturalak ikusiko ditugu bidean.

1.eguna
Atzo autokarabanari bateria aldatu ondoren gaur goizean Bergaratik irten eta Ansoaineko parke batean bazkaltzen geratu gara. Txakurrak aske utzi daitezke hemen eta lehenengo aldiz Slak Line-ean ibili gara.



Iruñeatik irten eta Bardeetako basamortua ikustera joan gara. Informazio puntuan 34km-ko luzera duen ibilbide bat egitea proposatu digute eta oso paisaia politak ikusteko aukera izan dugu.


Ondoren Argedas utzi eta Terueleko Dinopoliseko parking-era etorri gara lotara. Autokarabana pila bat daude hemen. Bihar Dinopolis ikusiko dugu.

2. eguna

Gaur 10:00etatik 15:00etara Dinopolisen egon gara. 




Irten garenean, bazkaldu eta Montanejos ikustera joan gara. Bidean oso paisaia politak ikusi ditugu eta baita manantiala ere.
Han lotan geratzea pentsatuta geneukan, baina lotara Segorbera joatea pentsatu dugu. Bertara iristean autokarabanaz gainezka zegoen eta  ura deskargatu ondoren aurrera jarraitzea pentsatu dugu.

Azkenean Valentzia ondoko La Pobla de Farnals herrian egin dugu lo hondartza ondoko parking batean.


3. eguna

Gaur goizean Palomak korrika egiteko estilo berria asmatu du: 'Eskoba running'. Kirol berri honetan kirolariak eskoba bat eskuan hartu eta Guardia Zibilaren atzetik korrika egiten du garrasika; Eh!!!...parar!!! Hainbat aldiz errepikatuaz. Halako batean, benemeritakoak patroletik jaitsi eta kirolariak Itzalek hondartzan aurkitutako kartera ematen die... Bi zaindariek ez zekiten kartera hartu edo korrikalaria txorotzat hartu eta kartzelara eraman... Azkenean kartera hartuta joan dira, eta gu Benidorm aldera.

Esan digutenez Benidormen beti eguraldi ona egiten du eta ez dugu hotzik pasatuko.
Telefonoz zita eginda, Iker, Ane, Nora, Iñigo eta Amaiarekin elkartu gara bazkaltzeko.


Haize zakarra egin du eguerdian eta harrituta begiratzen genien udako arropa jantzita pasatzen ziren kanpotar guztiei; ingelesak gehienbat.


Bazkalostean, Benidormeko alde zaharreko talaiara igo gara eta bertan kafea hartu ondoren, sekulako zaparrada bota du. Ikustekoak ziren kafetegiko langileen aurpegiak... Noski! Benidormen ez du inoiz euririk egiten eta izututa egongo ziren bustitzeko beldurrez edo... ;)


Oso gustura egon gara, eta joateko agurtzen geundela, Julen, Ane eta Bergarako hainbat pertsonarekin topo egin dugu kale erdian pausu bat ere eman gabe. Argi dago Bergararroi eguraldi ona gustatzen zaigula.




Azkenean, autokarabana hartu eta Santa Polara etorri gara. Gaur ostirala da eta hobe etxean lo egitea. Badakigu ostiral eta larunbatetan kaleko parking-etan lo egiteak ze arrisku izan dezakeen. Oraindik gogoan daukagu Portugalgo hondartza galdu batean kanpoko musikaren ondorioz egindako gaupasa.


Itzulera

Santa Polan egun batzuk pasatu ditugu eta atzo bereziki ondo pasatu genuen Ibarzabaldarrak bisitan etorri zitzaizkigulako. Oso gustura egon ginen.

Bergarara bueltako bidean, Arnedillo eta Euskal Herriko itzuliaren erlojuaren aurkako Lodosako etapa ikusteko plana egin dugu eta eguerdian Santa Polatik irten gara bueltako bidea hiru bat egunean egiteko asmoarekin.

Valentziara iritsi baino kilometro batzuk lehenago Landerrek belarrian kolpe bat hartu du eta pediatrarengana joan behar izan gara bidean.
Etxera itzultzea gomendatu digute eta horrela gauean (bidaia luze baten ondoren) Bergarara iritsi gara.

Oraingoan ikasiko al dugu bidean ondo jarrita eta haserretu gabe joaten?

Aurtengo Aste Santuko bidaia horrela bukatu da espero baino lehenago.

2017(e)ko uztailaren 14(a), ostirala

2017ko Aste Santuko Bira

Euskal Herritik irtetzeko gogorik gabe hasi genuen bidaia hau. Egun batzuetan autokarabanarekin inguruan ibili eta euria hastean etxera itzultzeko asmoz.

Lehenengo gaua Gorbeiako Parketxeko aparkalekuan pasatzea pentsatu genuen. Leku lasaia da eta haurrentzat ziburu politak daude. Gainera inguruko bidexkatatik ibilaldi politak egin daitezke bai oinez eta baita bizikletaz ere.

Hurrengo goizean eguraldi bikainarekin ibilalditxo bat egin ondoren, animatu eta Olite aldera joatea erabaki genuen. Beste leku guztietara joateko sekulako trafikoa zegoela esan zuen irratiak, eta ez geneukan bidean geldi egoteko gogorik.
Erriberrira iritsi ginenean pilotaleku ondoan bazkaldu genuen. Pilotalekua handia da eta alboan igerilekuak, komunak eta futbol porteriak daude.
Ondoren autokarabanen aparkalekuan aparkatu genuen gaua pasatzeko asmoz eta gaztelua ikustera joan ginen. Ederra da gaztelua eta autokarabana parkina oso ondo dago.

Gaua bertan pasatu ondoren hurrengo goizean Tudelatik pasa eta Zaragoza ikusteko gogoz joan ginen. Atrakzio parkeko aparkalekuan agertu ginen eta bi aukera proposatu genituen. Atrakzio parkera sartu, Zaragoza hiria ikusi edo bertan bazkaldu ondoren Mediterraneo aldera gerturatu. Azken aukera hau autatu genuen eta Mont Blanc herrian agertu ginen.
Aste Santua izanik, prozesioak zeuden kalean eta haiek ikusi genituen. Harresi barruko kale guztietan zituzten "paso" ezberdinak eta prozesioa leku guzti haietatik pasatzen zen.
Horretaz gain, herrian gozo denda asko zeuden, eta Enararen eguna ospatzeko tartatxoa erosteko aprobetxatu genuen.



Apirilaren 15ean esnatu eta "zorionak" abestu ondoren Cambrillsera joan ginen. Hondartzan ibili eta bazkaldu ondoren Ebroko Delta ikustera joan ginen.
Lotarako, autokarabana asko zeuden, eta Deltebren Ebro ibai ondoan zegoen parking batean egin genuen lo. Larunbat gaua zen eta kotxe batekin tronpoak egin eta musika jartzen ibili ziren gau guztian.


Hurrengo egunean Peñíscola ikusi eta bertan bazkaldu genuen, eta hondartzan jolastu ondoren Alcocebrera joan ginen.
Han Mikel, Marian, Irati, Ibai eta euren familiarekin arratsalde pasa egon ginen eta itsaso bazterrean egin genuen lo, merkatua jartzen duten parkinean. Herrian ere eman genuen buelta bat eta ez zegoen jende gehiegi. Gustatu zitzaigun ibilalditxoa.


Gaua pasatu ondoren, goizean sekulako vista ederrekin esnatu ginen eta Santa Polar a joan ginen. Helburua merkadilora garaiz iristea zen eta justu izan bazen ere, iritsi ginen.
Santa Polan oso eguraldi ona egin zuen eta Amama Esperen etxe aurrean egin genuen lo. Oso ondo pasatu genituen berarekin pare bat gau eta gatzaren museoa ikusi genuen.
Aste Santua garai ona da Santa Polara joan eta berorik pasatu gabe gustura ibiltzeko.

Bidaia amaitzeko, Madrilera gerturatu ginen, agian Egun pare bat han egoteko asmoz, baina dagoeneko nekatuta geunden.
Pinton, Valdemoro ondoan, autokarabanentzako parking batean egin genuen lo. Oso ondo kokatuta dago. Ondoan gasolindegi merkea, zentro komertziala eta Madrilera trenez gerturatzeko aukera dago.
Parkina orduka ordaintzen da, hesiz inguratuta dago eta kameraz kontrolatzen dute.
Prezio onean lo egiteko aukera dago, beraz hurrengo Madrilerako bidaian hara joango gara lotara seguru.
Gauez euria egin zuen eta eguraldiak ez zuenez hobera egoteko itxurarik, etxera itzultzea erabaki genuen, gure Aste Santuko abenturari amaiera emanez.