2023(e)ko uztailaren 16(a), igandea

2023 UDA Sardegna eta Italia

 1. Heldu gara Iruñeara

San Ferminak amaitzearekin batera hasi dira aurtengo oporrak guretzat.

Plan handirik ez dugu egin. Bi erreserba soilik; Bartzelona-Cerdeña eta Cerdeña-Italia.

Beste guztia, inprobisazio hutsa izango da. Eta inprobisazioaren lehenengo pausua gaur bertan eman dugu. Asmorik ez geneukan, baina destinuari erabakia hartzen utzi diogu eta guretzat Iruñeako autokarabana parkinean lekutxo bat gordeta zeukan. Beraz bertan geratzea pentsatu dugu.

Rogelio Botanzek esaten zuen, ideiarik gabe geratzen zenean, partxiseko dado bat bota eta irtetzen ziren zenbakiak erabiltzen zituela kantuen egitura armonikoak erabakitzeko. 

Paloma eta Enarak ere Kikurekin egindako ikastaroan horrelako zerbait ikasi dute, beraz uda ona izan daiteke guk ere familian oporren inprobisazioa praktikan jartzeko.

Gaurkoan, Iruñean Lurrekin zakurrentzat eremuetan jolasten ibili gara, eta ondoren, San Ferminetan bueltatxo bat eman dugu, kontzertu bat ikusi, zerbait afaldu eta amaitzeko suzko erroberak ikusi ditugu.

Oporrak hasteko modu bikaina izan da San Ferminei amaiera bertatik bertara ematea.

2. Mediterraneoaren bila!!!

Gauean hainbat zaratak Lur, eta besteok, esnatu gaituzte, baina orokorrean ondo egin dugu lo.

Goizean gosaldu eta Bartzelonara bideari ekin diogu.

Bidaia azkar egin behar genuen Aitzolada edo walloporrak direla medio. Azkenean iritsi beharreko lekura esandako orduan iritsi gara eta egin beharreko tratua egin digu. Soinu mahai berri bat izango dugu aurrerantzean egingo ditugun kontzertuetan.

Tratua egin ondoren, bideari jarraika, bide bazterrean igerileku bat ikusi du kopilotoak, eta bi aldiz pentsatu gabe haren inguruan dagoen autokarabana parkinean aparkatu eta konturatu orduko uretan freskatzen geunden.

Sant Esteve de Braseko albergearen ondoan dago parkina.

Bertan freskatutxo bat hartu ondoren, berriz autokarabanara itzuli gara, aurrean dagoen zelaian lasai jarri, Lurrekin jolastu, irakurri eta UNOn jolastuz denon artean.

Gaurkoan mahaia erosi dugu baina hau norbaiten gorde beharko dugu...ea bihar lortzen dugun mahaiarentzat ohea erostea.

3. Egun bat ferryari itxoiten

Ederki lo egin ondoren, Sant Boi Llobregatera joan gara soinu mahai berriarentzat kaja erosi eta arkoian bidaia amaierara arte gordetzeko.

Han amaitutakoan, egiten zuen beroa ikusita, mendira joatea pentsatu dugu, ur-jauzi bat ikusi eta putzuetan bainatzeko asmoz. Palleja herrian dauden 'Font de les Robires' ur jauziak dauden lekura hain zuzen.

Ez gara konturatu, bero dagoenean urjauziek ere ur gutxi izaten dutela, eta bainatzea lortu duen bakarra Lur izan da. Besteok iturriko ur txorrotarekin konformatu behar izan dugu.

Han egiteko gauza handirik ez genuenez, Castellbisbal herritik gertu zegoen berdegune batera joan gara eta lasai asko egon gara kotxeko karnetaren testak egin, Tourra ikusi, irakurri eta biolina joaz. Hain lasai egon gara, konturatu gabe eltxoek lasai asko hainbat pikatada egin dizkgutela.

Azken hau ez zaigu gustatu, eta gauean eltxo gehiago etorriko zirelakoan, bertatik alde egin dugu, Castelldefelseko hondartzara.

'Han seguru ura ez dela amaitu" pentsatu dugu. Eta eltxoek igerian ez dakitenez, ba bertan autokarabana aparkatu (kostata, buelta eta buelta ibili ondoren) eta azken orduan hondartzara joan gara. Oraingoan Lur autokarabanan geratu behar izan da, lehen bainatuta zegoen eta norbaitek autokarabana zaindu behar zuelako.

Bainu ederra hartu ondoren, autokarabanan afaldu eta bertan egingo dugu lo, biharko egunsentia iristen den bitartean.

4. Goiz osoa hondartzan. Hau txolloa, hau...

Gauean, ez oso eroso lo egin ondoren, itsasoari begira esnatu gara, eta horrek ez dauka preziorik. Laister gosaldu eta hondartzara joan gara berriz. Lurri ez diote sartzen utzi eta txandaka bera paseatzera atera dugu goizean zehar. Horretaz gainera, bentiladorea autokarabana barruan martxan utzi dugu eta tenperatura mantentzen lortu dugu.

Denbora asko egin dugu uretan jolasean eta oso gustura egon gara.

Eguerdi aldera, denboraz ferryra joateko prestatzeko, autokarabanara itzuli, dutxa txiki batekin salitrea kendu, eta martxan jartzeko prestatzen genbiltzala, autokarabana arrankatzea bururatu zaigu. 

Saiakera egin eta... POTT!!!

Arratsaldeko hiru eta erdietan seguruari deia. "La grúa puede tardar entre 35-45 minutos. Tal vez una hora.."

Gruistak deitu digu,,, helbidea gaizki eman diogula eta ez gaituela aurkitzen... Inork ez zekien gu geuden lekua Sitges edo Castelldefels ote zen, bien artean zegoen eta.

Dena den, 17:15ean autokarabana arrankatzea lortu dugu eta eskapada galanta eginda, geneuzkan planei jarraituz, Bartzelonako ferryan denboraz eta lasai sartzea lortu dugu.

Oraingoan gainera, ferryko bidaia berezia izango da. Lur gurekin dator gela berean eta gurekin egingo du lo.

Zerbait afaldu ondoren, gauerako prestatuta zeukaten DJ festa batean sartu gara, baina ez zaigu oso atsegina iruditu eta lotara joan gara.

5. Porto Torres-Olbia

Programatuta zegoen bezala, 10:30 inguruan iritsi gara Porto Torresera. Ordurako, aspaldi jaikita geunden eta ferryaren popa aldean gosaldu dugu, oraindik jendea ohetik altxatzen despistatua zebilen bitartean.

Porto Torresetik irten eta zuzenean Olbiara joatea erabaki dugu, han hartuko du eta Palomak hegaldia bihar egunsentian, Landerren bila berriz Bergarara itzultzeko. Beraz, Olbian lo egitea da asmoa, ahal dela, aireportuko parkinean. Dirudienez herri honetako leku seguru bakarra da. Beste guztietan lapurretaren baten berri ematen dute foroetan, eta egia esan ez digu ilusiorik egiten hemen lo egiteak, baina Palomak 4:30etan aireportuan egon behar du, eta ezin gara gauez aurrera eta atzera ibili.

Olbiara gerturatu garenean, zakurrak onartzen dituen hondartza batera gerturatu gara bertan zerbait bazkaltzeko asmoz. Agian hau izan daiteke gauerako beste lo leku apropos bat. Olbia, Via Su Calvone

Autokarabanatik jaitsi garenean, errealitatearekin topo egin dugu Parez pare. Eguerdian ezin da eguzkipean egon... Erre egiten du eta jasanezina da beroa. Itzaletan berriz, nolabait jasan daiteke.

Hau horrela, hurrengo egunetan Paloma eta Landerren zain egoteko, toldoa eta leihoak zabaltzeko lekuren baten bila ibili gara eta konturatu gara kanpinak oso garestiak direla. Aldiz, autokarabana parking pribatu bat ikusi dugu Porto San Paolo herrian, eta aukera ematen digu bila gabiltzan plana egin dezagun egun batzuetan, beraz bihar bertara etortzea da aukera onena. Gainera, aplikazio bat erabiliz egin daiteke erreserba eta orduen ardura gabe ibil gaitezke komeni zaigunean sartuz.

Arratsaldean berriz itzuli gara zakurren hondartzara eta han egon gara lasai asko sombrilla berriaren azpian Lurrekin uretan jolasean.

Parkinera itzuli garenean aurretik zeuden pare bat autokarabana joanda zeuden eta aireportua probatzea egokiago iruditu zaigu.

Hara iristean, parkina beteta zegoela jartzen zuen kartel bat ikusi dugu, eta gainera 2'40m baino gehiagoko ibilgailuek ez daukate sartzerik, beraz, nahi ez genuena egitea tokatu zaigu. Gaua Olbiako supermerkatu baten parkinean lo egitea.

Buelta bat eman ondoren, lau edo bost autokarabana zeuden Auchan supermerkatu ondoko parkinean, aireportutik bi minutura. Gogo handirik gabe, gaurko gaua hemen pasatuko dugu, 4:00etan Paloma eraman eta berriz hona itzuliko gara bueltan, bihar goizean beste nonbaitera joanez.

6. Amets gaiztoa

Afaltzen amaitu bezain laister, kotxe bat sartu zen parkinean eta egin zuen ibilbideak harritu egin gintuen. Buelta arraro bat egin zuen parkinean, "caravinieriak" pasatu eta hamar bat minutura, eta kotxea erdi ezkutuan aparkatu zuen gidariak, barruan geratuz.

Hau ikusi eta denbora gutxira, gure ondoan zegoen autokarabana italiar batek alde egin zuela nabaritu genuen. Kezkatzen hasi ginen, baina denok lotara joan eta leihotik kontrolatzea erabaki genuen.

Bi orduz egon ginen arretaz kotxeari begira eta bi aldiz atera zen praka motz gorridun mutil bizardun bat kotxetik, auskalo zertara. Motorra ere arrankatuta eta fokoak piztuta izan zituen tarte batez. Noizean behin kotxe barruan keinuak egiten zituen eta kanpoan kotxe mugimenduren bat somatzen zen... Oso egoera arraroa zen.

Denbora guzti honetan, adi begiratzeaz gain, Porto San Paolo herriko parkinaren aplikazioa deskargatu eta plaza bakarra zegoela ikusi genuen. Edozein momentutan sartu gintezkeela kontuan izanda, erreserba egin genuen, eta goizeko 1:30ean, beste auto mugimendu bat entzutean, denok ohetik jaiki, Paloma aireportuko atean utzi eta parkinera etorri ginen 2:00etarako. Esan beharrik ez dago aukera ona izan zela, irten ginenean, parkinean bi autokarabana besterik ez ziren geratzen, dirudienez beste batzuek ere gure sentsazio bera izan zuten...

Gaur parkinean esnatu gara beraz, eguzkiak gogor jotzen duen lekuan. Baina zorte handia izan dugu, goiz erdian zuhaitz baten ondoan eta eguzkiaren izpiak ekiditeko sekulako orientazioa daukan plaza hartzeko aukera izan dugulako.

Atzoko sustoaren ondoren, lasai asko egongo gara hurrengo egunetan parking honetan. Plana ezer ez egitea da, eguzkia ahalik eta era errazenean ekidinez. 

Ia 40 gradutara iritsi da tenperatura gerizpetan. Herritar batek "paradisura ongi etorriak" esanez hitz egin digunean, esan digu tenperatura hau ez dela batere normala irla honetan. Afrikatik datorren beroa dela esan digu. Ez geneukan ba guk Senegalen egon gineneko halako bero sentsaziorik... Han ez zen hainbesteraino igo tenperatura, beroa egin, egin zuen arren.

Egunean zehar lasai-lasai egon ondoren, arratsaldean Partxis partida erraldoia jokatu dugu eta herria ikustera joan gara. Badirudi bizitza piska bat badagoela hemen. Nonbaiten pizza bat hartzeko gogoz geratu gara, baina izango ditugu egun gehiago horretarako.

Gauean iluntzearekin bat, eltxoak etorri zaizkigu eta ez dugu bertan geratzeko gogorik izan. Zuzenean ohean sartu gara, ezer ez egitearekin ere, nekatuta.

Biharko ere plan antzekoa espero dugu. Baina agian goizean lehenago jaiki eta Lurrekin buelta bat egingo dugu eguzkia berotzen hasi baino lehen... 

7. Cómo casca Lorenzo!!!

Eguzkia oso azkar irtetzen da hemen. Badirudi lanerako gogoa daukala oporretan ere... eta gu bere aurka borroka egiteko estrategiak pentsatzen. Dagoeneko ikasi ditugu batzuk. Toldoa goizean goizetik, izarak toldotik zintzilik, leihoak ireki eta itxi eguzkiaren posizioaren arabera, eta batez ere, guztietan freskagarriena; noizean behin dutxa hotz bat hartu gorputza puska bat freskatzeko.

Autokarabana mantenimendu lan batzuk egin, irakurri, musika entzun, partxisean jolastu, soinu mahaia probatu... Egunean zehar gauza asko egiteko aukera izan dugu eta ez gara aspertu. Lurrek ere bere lekutxoa aurkitu du eguzkiagandik babesteko eta lasai egoteko.

Onena gauean etorri da. Herrira joan gara Lur pasiatzen, eta pizzeria batean afaltzeko pizza bat hartu dugu. Zapore ezberdinetakoa. 4 pizza erdi, 4 osagai ezberdin.

Han geundela, biharko Queen taldeari omenaldia egiteko kontzertu bat dagoela ikusi dugu. Badugu plana beraz.

Autokarabanara poz pozik iritsi garenean, pizzaren kaxa ireki dugu eta pizza bakarra zegoela ikusi dugu... Hau da hau... Engainatu egin gaituzte, eta eltxoek gainera gurekin afaldu nahi zuten...beraz azkar azkar jan eta eltxoengandik ihes egin dugu autokarabana barrura sartuaz.

Gero konturatu gara, eskatu dugun pizza bi erdikoa zela. Baina informazioa italieraz eta ingelesez zegoenez...ba guk lau erdikoa zela pentsatu... Hau da hau, arretaz irakurtzeak zer garrantzia duen... Hurrengorako eskaera arretaz erabakita eta idatzita eramango dugu.

8. Eltxoek ez duten Rocka Maite

Erlezainek erleak lekuz aldatzen dituztenean, euren aurreko kokalekutik distantzia mínimo bat ez badituzte urrundu, erleon atea itxita uzten dute egun pare batean, erleak kokaleku berria euren bizileku bezala identifikatu dezaten. Bestela, lehengo bizilekura itzultzen dira, eta han ez badute erlauntza aurkitzen, galdu egiten dira.

Halako zerbait egin dugu guk. Bi egun daramatzago parkinetik Ia irten gabe, eta gaur goizean herri honetan kokatuta dagoen hondartzara gerturatuko gara, besterik ez bada, uraren kolorea nolakoa den ikusteko.

Goizean partxis partida jokatu, bazkaldu eta eguzkiak puska bat baretu duenean, Lurrekin joan gara hondartza ingurura. Ibilaldi polita izan da Lurrentzat, behin herria pasatuta aintzira bat inguratuz, areazko bide batetik paseatzen hondartzan agertu garelako. Aintzira ez zen Ia ikusten, baina maps-ek esaten zuenez, hantxe zegoen, hondartza ondoan 

Jendea sonbrilla azpian zegoen. Hondartza estua iruditu zaigu aukeran, eta Lurrekin geundela kontuan hartuta, ez gara geratu. Itsasontzi asko zeuden aparkatuta, Kare-harrizko irla erraldoi bat parean duen hondartza eta portuan.

Portu alderago ez zegoen jenderik eta Lurrek bertan freskatua hartzeko aukera izan du. Irten denean, bertatik bertara, gaueko Queenen kontzerturako eszenatokia muntatzen zebiltzan. Taldeak gutxienez eszenatokiak duen mailaren erdia ematen badu, sekulakoa izango da.

Autokarabanara gentozela, atzoko pizzerian oso ondo aukeratutako bi pizza eskatu ditugu, parkinean afaldu eta Lur bertan utzita kontzertura joateko.

Afaldu bitartean, Sardagnan ikusi ditugun lehenengo euskaldunak sartu dira parkinean. Eurekin tarte batez hitz egin ondoren, kontzertura joan gara, bidean geratzen zen eskulan azokatxi bat ikusiaz. Gaur, ostirala izanik, gaueko bizitzatxoa ikusten da inguruan.

Kontzertuari buruz zer esan... Alde batetik, Italiarrak ez dira oso ordukoak. Gaurkoan ez behintzat. Kontzertua hogei bat minutu berandu hasi da.

Hortik aurrerakoa berriz, orokorrean oso ona izan da. Abeslaria itzela, bajista guapoa eta zehatza, gitarra jolea ere oso ona eta pianojolea ona zen arren, pianoaren soinu batzuk ez ziren guztiz egokienak agian. Baina oso gustura egon gara eta 0:15 ingururako autokarabanan geunden bueltan.


Bidean gentozela hausnarketa txiki bat egin dugu. Ez dakigu zein den arrazoia, baina kontzertuan ez dugu eltxorik ikusi eta ziztadarik ere ez digute egin. Agian ikerketa baterako ildoa daukagu hemen.. musikaren uhinek, argien koloreek edo rockak berak eltxoak uxatzen ditu. Hau asmatzen duenak ez du lan egin beharrik izango urte askotan. Hortxe ba erronka...

Doktoretza baterako ikerketa ildoa izan liteke. Ba omen dago doktoretzaren bat pantailaren koloreak eta ikasleen arreta maila ikertu dituena. Argiek eta bozgoragailuek izango zuten zerikusirik gaurkoan.

Alboko holandarraren zurrunkei esker, gaur eltxoen pikatadarik gabe egin dugula lo ondorioztatu genezake beraz.

9. Patrulla familia berriz elkarrekin

Gaur da eguna! Arratsaldean Paloma eta Lander Sardegnara etorriko dira eta hemendik aurrerako ibilbidea denok batera egingo dugu.

Goizean hainbat lan egin ditugu eta Zornotzako Agurtzane, Exabier, Ekain eta Beñatekin tertulian egon gara. 

Euren ibilbidea zein izan den kontatu digute eta baliagarria izango zaigu gure ibilbidea antolatzen joateko.

Gustura egon gara, bai Beñat eta Ekainekin jolasean eta baita Exabier eta Agurtzanerekin kafe bat hartuz kontu ezberdinei buruz hitz egiten.

Ordua iritsi denean, Paloma eta Landerren bila joan gara. Hegaldiak pare bat orduko atzerapena izan du, baina azkenean Olbiako aireportura iritsi eta bertan jaso ditugu.

Erosketa batzuk egin ondoren, berriz Porto San Paolo herriko autokarabana parkinera itzuli eta pizza batzuk afaldu ondoren, ukelelea jotzen eta abesten egon gara. Agian chitarra bat eta basso bat erosi beharko ditugu erromeria prestatzen joateko...

Bihar goizean bideari ekingo diogu, 10 egunetan, erlojuaren orratzaren norabidean, Sardagnari buelta emateko. 

10. Aldapan gora eta behera

Goizean, berandu samar, gure bideari ekin diogu. Gaur lehenengo eguna zenez, lasai lo egin, gosaldu eta prestatzeko denbora hartu dugu, baina hurrengo egunetan puska bat espabilati beharra daukagu.

Bidean aurrera egin ahala, hondartzaren batean geratzeko gogoa geneukan eta hala egin dugu. Aparkatzeko zorte handia izan dugu, itzaletan aparkatuta zegoen kotxe bat gu iritsi bezain laister Beratik joan eta lekua egin digulako.

Oresseiko Osalla hondartzan egin dugu geldialdia eta bertan bazkaldu ondoren lasai asko egon gara gerizpetan.

Lasai deskantsatuta, aurrera jarraitu dugu, kilometro batzuk gehiago aurreratzeko asmoz.

Bidean aurkitu duguna ez genuen espero. Sekulako mendi altuak daude hemen. Inondik inora ere ez genuen horrelako bidearekin kontatzen, eta GPSak ere jokalditxoren bat egin digu.

Bi gauza etorri zaizkigu burura eta kezkatuta ere egon gara momentu motza izan bada ere: Genovako aldapa kurbatua eta Ingalaterra hegoaldeko Mousehole. 

Azkenean, bidean Cala Gonone autokarabanatik ikusi ondoren gure gaurko helmugara iritsi gara. Spiaggia di Lido di Orri. Bertako autokarabana parkinean egingo dugu lo. Aukeran garestitxoa iruditu zaigu, baina bihar goizean hondartzara joateko aukera izango dugu lehenengo ordutik.

11. Zer gertatzen zaio ilargiari?

Pentsatuta geneukan bezala, goizean Lido di Orriko hondartzara joan gara denok. Lur ere bai. Bertan freskatu ondoren, bidean aurrera egin dugu.

Villasimiusera joatea zen gure asmoa, baina bertako bidean pare bat geldialdi egin behar izan ditugu. Lehenengo geldialdian, gasolina botatzeko geratu garenean, haize beroa eta etxean geratzeko bezalako tenperatura zegoela konturatu gara.

Handik gutxira, puska bat freskatzeko erosketa batzuk egitera sartu gara denda batean, eta baita bide bazterrean geratzen zen hondartza batean, Lur freskatzeko. Eskertzen ditu horrelako freskatuak. Baita beste norbaitek ere...

Gerizpe baten bila egin dugu gaurko bidaia guztia, izan ere, Sardegnan oso hondartza politak daude, baina itzalak, oso gutxi.

Azkenean, Villasimius herriko Parke batean sartu gara gerizpe handi bat ikusi dugulako, eta bertan bazkaldu ondoren egonean egon gara, eguzkia puska bat baretu arte.

Handik, Villasimiuseko hondartzara joan gara uretan freskatzera, eta azkenik gerizpe puska bat baduen Solanas herriko Garden Sharing parkinera gerturatu gara. "Jardina banatu" izango litzateke euskarazko izena. Lekua berezia da. Badirudi baserritar batek bere etxe ondoko terrenoa atondu eta egunero 4 edo 5 autokarabanarekin banatzeko prest dagoela 12 eurotan. Duen ezer gutxi horrek egiten du berezi lekua. Dutxa eta komun bat aire librean, zuhaitzen itzala eta lasaitasuna.

Oherakoan zerura begiratu eta harritu egin gara. Gaurkoan ilargia ez da adi ibili eta erre egin da. Hainbeste eguzki, aire bero eta kremarik ez... Laranja kolorez jantzita irten da. Beroak ere izango zuen horretan eraginik...


12. Zuhaitz galduaren bila!

Gauean bero egin du, baina hego haizearen korronteari esker lasai lo egitea lortu dugu.

Goizean gosaldu bezain azkar hondartzan freskatua hartu eta bideari ekin diogu.

Cagliari ikustea zen asmoa. Autokarabanentzat parking batean aparkatu eta alde zaharra ikusteko asmoz joan gara.

Harresira iritsi garenean bero handiegia egiten zuen eta autokarabanara itzultzea pentsatu dugu. GPSak oinezkoen ibilbidean akatsak ematen zituen eta ez gara itzultzeko gai izan autoen ibilbidea jartzea bururatu zaigun arte.

Behin iritsitakoan, bidean aurrera egin dugu Chia inguruan dagoen autokarabana parking bateko zuhaitzen azpian aparkatuz. Hortik aurrera eguna askoz ere hobeto joan da. Itzaletan umorea asko hobetzen zaigu denoi.

Arratsaldean azken freskatua hartu dugu "Spiaggia su Giudeu" hondartzan. Hemen hego haizeak gogor jotzen zuen eta hareak mina egiten zuen azalean jotzean.

Beti esaten da pertsona bakoitzak bizitzan gutxienez zuhaitz bat landatu beharko lukeela. Sardegnan, bakoitzak bi edo hiru landatu beharko lituzke, gerizpeen espekulazioarekin amaitzeko.

Bide bazterreko zuhaitz bakoitzak jabe bat dauka eta prezioa jartzen dio bere zuhaitz azpian atseden hartzeari. Eta beti da bikoitza autokarabana batekin joanez gero. Beraz, asko baloratzen ditugu gerizpedun parkinak.

13. Itzalak itzali arte iraun

Gaurtik aurrera estrategia aldatuko dugu. Itzala aurkitzen dugun bakoitzean, goiza eta eguerdi aldea bertan pasatzea erabaki dugu. Ahal bada goizean inguruko hondartza batera gerturatu eta lasai bazkaldu ondoren mugitu beste itzal baten bila.

Gaur goizean halaxe jokatu dugu. Lasai esnatu, gosaldu eta hondartzara joan gara. Ondoren zerbait bazkaldu eta gauerako beste leku baten bila abiatu gara.

Kilometro batzuk egin ditugu Sardegnalo kostaldetik. Bertako paisaia oso polita da.

Ordubete inguru gidatu ondoren, Spiaggia Is Solinaseko parkinera iritsi gara. Bertan jende askok Kitesurfa egiten du. Hondartza sarreran txiringito bat dago eta lasaitasun handia da nabari. Partxis partida bat jokatzeko denbora ere izan dugu. 

Gaua pasatzeko leku oso aproposa da, alde batetik parkinak 10 euroko kostea duelako eta beste batetik badirudielako gauean ez duela azken egunetako berorik egingo. Beraz, leihoak itxita lo egiteko ez dugu arazorik izango.

Hondartzan Lurrekin jolasteko aprobetxatu dugu eta oso gustura ibili da pilota itxasora bota eta bueltan ekartzen.

Eguzkia izkutatzen ikusteko oso leku aproposa dela irakurri dugu, baina bertara joateko dotore jantzi ondoren, iritsi garenerako ez zegoen eguzkirik han. Ea beste egun batean aukera hoberik daukagun...

14. Erregearentzat ere itzala ezinbesteko

Lasaitasun handian egin dugu lo. Gerizpetan gosaldu ondoren, hondartzara goiz pasa gindoazela, Lur, etxeko erregea, ezin dela hondartzan sartu esan digute. Ez da eztabaidarik egon. Gure erregea hemen ez badute onartzen, guk ere ez dugu hemen geratu nahi. Eta bidean aurrera jarraitu dugu, txakurren hondartza baten bila.

Pare bat saiakera egin ondoren, azkenean aurkitu dugu Lurrentzat aproposa zen hondartza. Besteentzat ez da leku egokia izan bainu bat hartzeko, olatu arraroak eta sakonera handia zegoelako, baina erregearentzat bikaina izan da. 

Txipa begiratu diote, non jarri behar genuen esan digute eta garrantzitsuena: "Baduzue txakurrarentzat sonbrillarik? Hala ez bada, ezingo zarete hondartzan geratu." Ahoa bete hortz geratu gara. Jendearentzat ez dago itzalik, baina txakurrentzako, derrigorra da. Hori bai, betebehar guztiak betetzen genituenez, erregearentzat sari poltsa bat eman digute, zerbait ondo egiten duen bakoitzean errefortzu positiboa erabil dezagun.


Esan beharrik ez dago, "Spiaggia cani di Gonnesa FuntanaBAU" zakurzaleen elkarte batek kudeatzen duen hondartza bat dela, eta hortik datoz eskaera guztiak. Txakurren ongizatea guztiaren aurretik Jartzen dute. Eta egia esan, berak asko eskertzen du eta guk ere bai. Leku askotan sartzen ez diotenean, eta dagoen beroarekin ezin dugunean autokarabanan utzi, familia guztiaren planak baldintzatzen dizkigute. Beraz, behar bezainbat aldiz erregeari sonbrilla jarriko diogu. Eta baita eguzkitako betaurrekoak ere, hala beharko balitu.

Oso ondo pasatu dugu pilota bota eta Lurrek nola ekartzen zuen ikusiaz. Ordubete pasatxo bertan egon ondoren, bidean aurrera jarraitu dugu. Azkenean, gaurko kanpalekua Spiaggia di San Nicolo hondartzaren mutur batean kokatua dagoen Sosta Camper San Nicolo aparkalekua izango da. 

Arratsaldean hondartzara joan gara, erregea ez, beste bostok. Itzuli garenean, pizza janez eguzkia urak nola irensten zuen ikusi dugu, inoiz gehiago sartuko ez balitz bezala... Baina oso polita izan da. 


Gaua itsasoko olatuen taupadak entzunez pasatuko dugu, itsaso gainean gaude eta kokatuta. Kokaleku bikaina!

15. Orain eta hemen

Gauean oso lasai egin dugu lo. Goizean ere lasai jarraitzea erabaki dugu.

Bakoitzak bere lanak egin, hondartzara tartetxo batez joan, bainatu, dutxa bat hartu, itzultzean bakoitzak bere lanak egiten jarraitu eta presarik gabe bazkaldu dugu inguruari begira eta paisaiak disfrutatuz.

Gauden balkoiko itzaletatik itsasoa, hondartza eta inguratzen duen mendia ezer pentsatu gabe begiratzeak lasaitasun handia sortarazten du. 

Bazkalostean siestatxoa bat egin ondoren, bidean aurrera jarraitu dugu.

Spiaggia di Piscinas ikustea izan da gure lehen helburua. Ez dakigu seguru bertaraino iristeko bide guztiak GPSak proposatu diguna bezain kurbatuak eta malkarrak diren, baina hasieran proposatu digun bidea ikusita, beste biderik ez probatzea erabaki dugu.

Bidean aurrera joan ahala, hau okertzen eta estutzen hasi da. Autokarabana zailtasunik gabe baina kontuz pasatu beharreko zubi txiki baten azpitik pasatu behar izan gara, ondoren kurba itxi batzuetatik, eta honekin piska bat zalantzan jartzen hasi gara benetan iristea lortuko genuen edo ez... Hala ere aurrera jarraitu dugu, baina meategi ohi batzuen ingurura iritsi garenean, lur eta hareazko bide bat hasi da bat batean, eta honek kostaldera iristeko gogo guztiak kendu dizkigu. Bertan buelta eman eta hurrengo jomugaren bila joan gara; lo egiteko leku lasai baten bilaa, allegia.

Horrela iritsi gara Torre grande herriko "Area Sosta Camper"-era. Pinuz eta eukaliptoz inguratutako partzelak daude bertan. Zerbitzuak nahiko zaharrak dira, baina gau bat pasatzeko, nahikoa da guretzat. Gaur ostirala dela kontuan hartuz, edozein lekutan beste bidaia batzuetan agertu izan diren txorimaloak agertzeko aukera dago asteburuetan, eta horregatik ez dugu dudarik egin hemen geratzeko erabakia hartzean. Nahiz eta bihar goizeko 10:00etarako partzela libre utzi behar dugula esan diguten harreran.

Bero dago, baina gaur ere leihoak irekita lo egiteko aukera izango dugu.

16. Mouse (to the) Hole!!!

Agindu bezala, 10:00etarako autokarabanen parkinetik irtetzen geunden. Gaur berriz ere Lurrek igeri piska bat egiteko txakurren eremua duen hondartza bat geneukan begiz jota. "Spiaggia Maimoni". Goiz guztia pasatu dugu kristala bezalako kolore gardena duen uraren ondoan eguzkitan etzan eta uretan freskatzen.

Bertatik Putzu Idu-ra bidea hartu dugu eta Errioxako patata zelaien ondokoak bezalako bideetatik sartu gaitu GPSak, halako batean bidea kate batez itxita ikusi dugun arte. 

Beraz, buelta eman eta beste bide nagusiago batetik joan gara Putzu Idu-raino. Autokarabanatik ikusi dugu hondartza, eta egia esan oso paisaia polita zeukan, baina jende asko zegoen.

Beraz, aurrerago dagoen Bose herrian probatzea pentsatu dugu. Han ordubeteko ibilalditxoa egin dugu eta  lo egiteko parking honek ere ez gaitu konbentzitu. 

Gaur larunbata da eta seguru gaude txorimaloak irtengo direla. Horregatik, bake bila, jatetxe baten ondoan dagoen autokarabana parking pribatu eta inprobisatu batera joan gara. Bosa inguruan dagoen Sosta Camper Casa del Vento-ra.

Lehen begirada batean, behin autokarabana nibelatzea lortu ondoren, leku perfektua zirudien, zerbait jan ondoren partxis partida jokatu, paisaiari begiratu eta naturaz lasai lasai gozatzeko.

Naturak berak jarri dizkigu zailtasunak ordea... Lehenengo, mahaian zerbait jaten hasi orduko, liztor legio bat bidali digu, merienda amaitu arte autokarabana barruan egitera behartu gaituena. Ondoren, partxis partida jokatzen geundela eltxoak etorri dira bisitan; hauek kontrolatutako ditugu, iritsi orduko Relec-a bota eta askoz gutxiago pikatzen digutelako. 

Eta azkenik, ilunabarra ikusi ondoren izarren begira geundela, inoiz imaginatuko ez genuena agertu zaigu; bi arratoi lotsagabe! Beldurrik gabe gerturatzen ziren gure hanken ingurura. Batere janaririk ez geneukan kanpoan, baina hala ere, gure oinen inguruan bizkor mugitzen hasi dira.

Aidean sartu gara barrura berriz. Eskerrak Palomak bere ausardiaz aulkiak batu eta ateak segurtasunez itxi dituen...

Dena den, teilatuko klaraboiak irekita egiten dugu lo, eta beldur gara goitik ez ote diren sartuko... igotzeko eskaikerak ditugu atzeko aldean... hain azkarrak eta abilak izango ote dira?

Bada ez bada, leihotik ohikatu diegu; Mouse, to the hole!!! Arratoia, zulora!!!

17 eta 18. Bi eguneko geldialdia

Ez dugu berriz arratoirik ikusi. Dirudienez esandakoari kasu egin diote eta zuloan geratu dira.

Egunsenti polita ikusi ondoren, bidean aurrera jarraitu dugu helmuga finkorik gabe. Hondartza bat bestearen atzetik ikusten dira eta denak dira oso politak, baina asko egongo kusi ditugu eta nekatu gara hondartzara egiteaz. Gehienbat, aparkatu orduko parkimetrotan txanponak bota behar direlako. Kasurik onenean euro bat orduko.

Alghero pasatu ondoren, Fertilia inguruan, I Platani izena duen autokarabana parkina ikusi dugu, Igerileku txiki bat eta plataneroen itzal handi batzuk dituena. Bi aldiz pentsatu gabe, bertara etorri gara.

Iritsi garenean, hasieratik konturatu gara aukera oso ona izan dela. Igerilekuaz gain, hemendik hondartzara (Spiaggia del Lazaretto) joateko autobus zerbitzua daukate debalde. Partxisean jolastu, Badminton esan, irakurri, lasai hitz egin...hain ondo egon gara, egonaldia bi egunez luzatzen pentsatu dugula.

Sardegnako iparraldea bi egunetan ikusi beharrean, egun bakarrean ikusiko dugu, baina trukean, deskantsatuta eta Erromako egonaldia nolabait aurreikusita daramagu.

19. Azken txanpa Sardegnan

Oso gustura egon gara I Platani autokarabana arean. Beste egunen bat gehiago ere egingo genuke, baina gure Sardegnako denbora amaitzear dago.

Goizean azken bainua egin digu igerilekuan. Itzalek berriz ere bere igeriketa estiloa erakutsi digu, eta Paloma igerilari profesional bihurtzeko bidean dago. Ez genuen gutxiago espero...

Bertan bazkaldu dugu nahiko goiz eta prestatu ondoren, iparraldeko kostaldeko bideak baliatuz, arratsaldeko 20:00etarako Porto San Paolo autokarabana areara iritsi gara. Hemen hasi genuen Patrullaren ibilbidea eta polita iruditzen zitzaigun bertan amaitzea.

Bidean oso paisaia politak ikusi ditugu. Esate baterako, La Pelosako hondartza. Bertan sartzeko, bi eguneko aurrerapenaz sarrerak erreserbatu behar dira. Guk ez geneukan erreserbarik, eta egia esan gogo handirik ere ez gaurkoan berriz hondartzara joateko, baina besterik ezean, kanpotik ingurua ikusi nahi genuen.


Handik ekialderuntz gentozela, portu ezberdinak ikusi ditugu eta bertan zeuden itsasontzian tamaina poliki-poliki handitzen joan da Porto Cervora iritsi bitartean. Honekin batera baita autoen bideko ilarak ere. Diru asko bageneukan, ez ginateke inondik inora ere horrelako leku batera oporretan etorriko. Tartean Mucchi Bianchi ere zeharkatu dugu, eta Olbiako alde zaharra gurutzatu ondoren, gasolina puska bat kargatu eta gure helmugara iritsi gara.

Bihar amaituko da gure ibilbidea hemen, goizeko 12:30ean Civita Vecciarako ferria hartzen dugunean. 

Haize handia dago eta hasieran izan genuen bero jasangaitzik ez dugu behintzat oraingoan. Badirudi eguraldia piskat bat egonkortu dela. Ikusiko dugu ferriak olatuak nola surfeatzen dituen...

20. Zazpi ordu Tirreno itsasoan

Pentsatuta geneukan bezala, denboraz jaiki, ogia erosi, gosaldu eta Olbiako ferri portura joan gara. 

Ilaran geundela, hainbat langilek ibilbidea adierazten ziguten. Azken langilearen gana iritsi garenean, berdin esan digu aurrera joan behar genuela, baina beste guztiei egin diegun galdera errepikatu diogunean. -Grimaldi Lines, Civitavecchia? -albokoari galdetu eta oraindik ireki gabe dagoela esan digu. Ordu erdi beranduago etor gaitezela. Eskerrak ez dugun berak esandako lekutik aurrera egin, bestela auskalo Nora eramango gintuen han zegoen Ferriak...

Beraz, ordu erdi beranduago itzuli eta behar den lekura sartu gara.

Olbiako portuko eta Grimaldi Linesen garajeko antolaketa eta tetrisa egiteko modua nahiko bitxia iruditu zaigu. Dena den, autokarabana bazter batean sartu dugu eta bada ezbadako argazki pare bat egin ondoren, gora igo gara.

Gaurkoan hamakatan egin dugu bidaia. Edo hori zen gure asmoa, kontratu gabe, eguzkiak han etengabe jotzen duela. Pultserak egin, musika entzun, irakurri...denetarik egiteko denbora izan dugu. Beno, denetarik ez, igerilekua berriz ere hutsik dago. Ezin izan dugu bertan freskaturik hartu eta azken hiru orduak itzaletan egin ditugu, tabernara eta jarlekuen aretora joanez.

Itsasoan haizea eta olatu txikiak zebiltzan, baina ferriak ez du surfa egin beharrik izan. Zentzu horretan, oso bidaia lasaia izan dela esan daiteke.

Mezu guztiak italieraz eman dituzte, beraz ezin genuen jakin ferritik irteteko antolaketa zein izango ote zen.

Ordua iristean beheruntz jaitsi gara eta jendea pilatuta zegoen han. Nola edo hala ulertu dugu nora joan behar genuen eta ardiak bezala joan gara, gure garajera joateko deia egin dutenean.

Garajetik irteera, hasieran aipatu dudan bezala, kaotikoa izan da. Noski, antolatu gabe egindako tetrisa desantolatzea, ez da lan erraza. Kotxeak , batzuk aurrera eta beste batzuk atzera aparkatuta, mezuak entzun ez dituzten bidaiarien kotxe eta furgonetak traban...eta jendea asko presaka, lentejak sutan ahaztuta izango balituzte bezala.

Azkenean lortu dugu irtetzea. Ordubete eskaseko bidea egin ondoren, gaur lo egingo dugun hondartza ondoko parkinera iritsi gara, eguzkia izkutatu den momentuan bertan. Ez digu astirik eman argazkirik ateratzeko. Marina di Cerveteriko hondartza ondoan gaude beste zortzi bat autokarabanarekin. Lasai lo egingo dugula dirudi.

HEMEN HASTEN DA ITALIAKO BIDAIA

21. Erroma

Bero egin duen arren, lasai-lasai egin dugu lo Marina di Cerveteriko hondartza ondoan dagoen parkinean. Asteburutan ordaindu egin behar da, baina astean zehar debalde. Hau notizia berezia da, aspaldian ez dugu eta debalde den parkinik ikusi. Inongo zerbitzurik ez dauka, baina lasai lo egiteak ez dauka preziorik.

Hondartza begiratzera joan gara eta hareak ez dauka zerikusirik Sardegnakoarekin. Kasu honetan ia guztiz beltza da. Korronte handiak eta resaka adierazten zituen kartel bat ere bazegoen. Azkenean, zer egin dudatan ibili ondoren, gaur bertan Erroma ikustera gerturatzea erabaki dugu. 

Bidean lo egiteko lekuak begiratzeaz gain, erdigunera joateko eta hura ikusteko aukerak aztertzen ibili gara. Ikusi dugunez, erraza da Erromara joan eta takada batean 400€ gastatzea. Guk oraingoan behintzat ez dugu halakorik egiteko asmorik. Erroma kanpotik ikustea da gure asmoa. Ez daukagu gogorik eraikinetan sartzeko ilarak egiten egoteko gogorik, eta gutxiago dagoen beroarekin.

13:00 inguruan iritsi gara LGP Roma izeneko autokarabana areara. Lekua oso ondo atonduta egoteaz gain, bertako harrerako langilea oso jatorra izan da eta gure bizitako kalkulo guztiak pikutara bota ditu. 15€ ordainduta, denok joango gara erdigunera eta hura ikusi ondoren, berriz itzuliko gara kanpinera. Gainera, autobus turistikoa hartzeko asmoa geneukala esan diogunean, ez hartzeko esan digu. Erroma oinez ikusten dela, autobusa ezin delako kale estuetatik sartu, eta autobusari itxoiteko egon beharko garela geltokian edozein leku ikustera geratzen garen bakoitzean. Beraz, Erroma oinez ikusi behar da. Lurrek pena ematen digu, lurra oso bero dagoelako, baina ura eramango dugu eta tarteka oinak freskatuko dizkiogu. Gainera, ahal den neurrian gerizpetatik mugitzen saiatuko gara.

Horrela, iritsi bezain laister urte pila bat dituen tranbia hartu eta geltoki nagusira joan gara, han A metro línea hartuz, erdigune historikora joateko.

Bertan geundela, arratsaldea pasatu dugu leku batetik bestera joanez. 

Fontana di Trevi eta Coliseoa ikustea zen ilusiorik handiena egiten ziguna. Bi hauek ikustera joateko, beste hainbat lekutatik pasatu gara eta haiek ere ikusi ditugu. Hauen artean, Loiolako San Inazioren eleiza eta Julio Cesar. Azken honi Erromara itzultzeko baimena eskatuta, ez dugu txanponik bota beharrik izan fontanan.

Fontana eta Coliseum-ari buruz bi hitz. Lehenengoan jende pila bat zegoen. Oso polita da, baina egunen batean jende gutxiagorekin ikustea ondo legoke.

 Coliseumaren inguruan berriz, izenak dioen bezala, oso handia da, eta frogatu ahal izan dugu eraikinaren erdi batek zati handi bat falta duela. Arteko liburuetako argazkietako perspektibak ez du hau hain ondo ulertzen laguntzen. Bertatik bertara gauzak ikusi eta ondorioak ateratzeak asko errazten du ulermena. 

Hontan genbiltzala, Mouse (to the) Hole atalean aurkitu genituen arratoiak gurekin etorri direla ikusi dugu, beste lagun bat gonbidatuta. Han agertu dira Coliseum ondoan obratan dauden gune batean. Bisitariren batek argazki bat ateratzeko gogoa izan duela ere esango nuke. Halakorik...  

Egunen batean, Coliseoa Barrutik ikusteko itzuliko gara Erromara, baina bero eta jende gutxiago dagoen garai batean.

Hura ikusi ondoren, autokarabanara itzuli gara autobusez eta lehen ere erabilitako tranbia zaharrean.

Dutxa bat hartu ondoren, lasai-lasai egon gara afaldu eta egonean egoten.

22. Vaticano

Atzokoan Erroman ikusi nahi genituenetatik bat ikusi gabe utzi genuen.

Gaur goizean goiz jaiki eta Vaticano ikustera gerturatu gara. Gaur ere ez gara museo edo eraikinetan sartu. San Pedro plaza eta ingurutik ibilalditxo bat egin eta autokarabanara itzuli gara, han utzi baitugu Lur, lasai-lasai deskantsatzen.

Itzuli garenean Pizza batzuk bazkaldu ditugu eta arratsaldean hurrengo egunetan ikusiko ditugunen zerrenda egiten egon da Paloma.

Halako batean, iragarrita zegoen ekaitza hasi da. Haizea eta euria. Dutxa bat hartu ondoren, bidean aurrera jarraitu dugu, euritan lehiotik begira egon baino, hobe dugulako aurrera jarraitu.

Zortea izan dugu Erroma ikusteko eguraldi ona izan dugulako.

Nola ibiliko ote dira Colliseumeko arratoiak? Agian urak errekara eraman ditu zurrunbilo batean...

Bidean gindoazela, Erromako zubi eder bat (ortzadarra) ikusi dugu, eta pentsatu dugu agian haren azpitik pasatzean atertuko zuela. Ondoren haren atzean zegoen beste txikiago bat ikusi dugu, eta ez dugu ondo ulertu bigarren ate honen sinbolismoa. Agian hemendik aurrera beti euria egingo duela esan nahiko du?

Ordubete inguru gidatu ondoren, Civita Castellanako hilerri ondoan dagoen parking batean afaldu eta lo egiteko geratu gara. Autokarabanak onartzen dituzte eta Carabinierien kuartel parean dago. Arazorik gabe lo egingo dugula uste dugu.

Dena den, ostirala da eta musika topera daukaten kotxeak gerturatzen dira tarteka, izan ere, parkin ondoan gazte asko gerturatzen diren taberna bat dago.

Biharko gauerako lekua aukeratzeko, larunbata dela kontuan izan beharko dugu, baina gaur, gaurkoa.

23. Umbriako inguruak

Ederki lo egin dugu Carabinierien aurreko parkinean. Jai giroa egon den arren, ez du oso luze jo edo ez gara konturatu behintzat...

Umbria inguruan ibili gara gaurkoan. Italia Erroma baino dexente gehiago dela ikusi dugu.

Erosketa batzuk egin ondoren, Spello herria ikusi dugu. Herri txiki oso polita da, aldapan gora eta behera ibili behar da bertan. Kaletxo txiki estuak ditu. Hain txikiak, garai batean kotxe bereziak egin behar izan zituztela hemen ibiltzeko. Ez digu inork hori esan, baina halako bat izan da herri barruan aparkatuta ikusi dugun kotxe bakarra.

Horretaz gain, eleiza batean polifoniaren hasierako musika egiten zuen taldetxo baten entsegua ikusi dugu eleiza batean. Eta kaletik majikoki, izkutuan, entzuten zen gitarra jole bat eta gaitero bat ere entzun ditugu. Jendeak arretaz begiratzen zuen inguruko lehioetara eta pareta, soinua nondik zetorren ondo ulertu gabe. Herria urbanistikoki oso zaindua eta oso atsegina iruditu zaigu.

Handik aurrera jarraituta, asko urrundu gabe, ikusi nahi genuen hurrengo herria Asis zen. Behetik begiratuta, herriaren goialdean Eleiza Zahar bat zegoen, haren azpian beste berriago bat, eta beherago, beste bat. Guztiak ilaran. Gizartearen zahartzeak eragindako eleizaren plan estrategikoaren barruan egon liteke eraikuntzen konbinazio bitxi hau. Jendea nagusia fisikoki makaltzen joan den heinean, irisgarritasuna hobetzeko, aldapan beherago eleiza berriak eraikitzen joan dira...

Aparkaleku pila bat ere badaude herrian, baina gertu zeudenak guztiz beteta zeuden  edo autokarabanak ez zituzten onartzen. Hiru edo lau buelta eman ondoren, herriaren kanpoko irudi orokorrarekin konformatu eta aurrera jarraitzea pentsatu dugu.

"Pues Así-no vamos a ver el pueblo!"

Hurrengo helmuga Perugia izan da. Kameraz zaindutako parkin batean aparkatu eta herri honetan ere aldapan gora behera ibili gara. Hau aurreko herria baino askoz handiagoa da. Oso turistikoa, baina erakargarria aldi berean. Nonbaiten jarri eta zerbait hartzeko gogoa ematen zuen, baina autokarabana denbora luze han aparkatuta uzteak ez digu grazia handirik egin, eta herria ikusi ondoren, Harley Davidson pila baten burrundadaren laguntzaz, autokarabanara itzuli gara kalean behera.

Hiru herri hauetan ez dugu gimnasiorik ikusi. Seguru asko ez dute beharko, eskailera eta aldapatan gora eta behera ibilita, eguneko entrenamendua burututa izango dute eta...

Eguna amaitzeko, Perugia ondoan dagoen San Marianoko autokarabanen parkinean egingo dugu lo. Beste autokarabana batzuk daude eta lo lasai egingo dugula dirudi, 

24. Toscana

Pentsatzen genuen bezala, ederki egin dugu lo.

Gaur Toscanako paisaiak eta herriak ikusten hasiko gara.


Goizean nahiko berandu jaiki gara eta Arezzora bidean Cortona herriarekin egin dugu topo. Hemen agian gimnasioak izango dituzte, herrira igotzeko eskailera mekanikoak dauzkate eta ez dute Perugian bezainbeste eskailera igo eta jaitsiko... 

Ibilalditxo bat bertako kaleetan egiten geundela, piano jaialdia ospatzen dabiltzala irakurri dugu eta gauean bertara ikustera etortzea erabaki dugu.

Horretarako hemen ondoan dagoen autokarabana parking parean bazkaldu dugu, gauerako leku egokia ote den jakiteko. Il Mulino inguruan kokatuta dago, Cortonatik 10 minutu eskasera.

Bertan bazkaldu dugu eta gauerako lo egiteko leku egokia da, ura kargatu, deskargatu, bideoz kontrolatuta, elektrizitatea debalde... eta isiltasun handia inguruan.

Handik Arezzora joan gara. "La vida es bella" pelikulako hainbat eszena grabatutako herria da hau. 

Ibilaldia egin dugu herritik eta jende pila bat zegoen, bigarren eskuko trasteen azoka baten inguruan.

Guk bereziki Mariaren etxea aurkitu nahi genuen, eta Palomak aurkitu du. Roberto Benignik pelikulan egiten duen bezala, "Maria! La llave!" esan, eta lehiotik eroritako giltzak hartu ditu.

Hango ibilaldia amaitu dugunean, berriz itzuli gara Cortonara kontzertua ikusteko. Ordubete inguruko kontzertua ikusten egon gara gustura, eraikin bateko klaustroko freskuran (Itzal hoztu ere egin da, jertsea ez hartzearren...)


Amaitu denean, eguerdian aukeratutako lekura etorri gara lotara. Bakarrik gaudela ikusteak ez digu ilusiorik egin, baina esan bezala, leku ona dirudi.

25. Toscana II

Espero genuen bezala, nahiz eta bakarrik egon, oso ondo egin dugu lo. 

Gaurkoan hainbat herritxotan geldialdi motzak egin eta bertako kaleak ezagutu ditugu ordubeteko txangoak eginez.

Lehenengo geldialdia Montepulciano herrian egin dugu. Ohiko sistemari jarraituz, autokarabana herriaren beheko aldean utzi behar izan dugu, P4 parkinean. Handik oinez igo gara, kalean gora eta behera, aldapa pila bat dituen herrira. Inguruko paisaiak ikusi ditugu goitik, kaleetan zehar denda pila bat ikusi, eta bertako ardoak duen garrantziaz konturatu gara. Hau horrela, inguruan hain famatua den Montepulciano Nobile ardoa erosi eta bazkaltzeko probatu dugu. Fruta zapore handia duen ardoa da eta oso goxoa dago.

Bazkaldu ondoren, Pienza herrira joan gara. Kaletxo estu eta politak dituen herri txiki bat da hau. Jendea guztia kale nagusitik ibiltzen da, baina ondoko kaleetan sartzen zarenean lasaitasuna eta freskura nabaritzen da. Behatoki batetik ikusi ditugun paisaiak ere oso politak izan dira 

Hurrengo geldialdia San Quirico de Orcia herrian egin dugu. Hemen kale nagusian ibilaldi bat egin eta ondoren lorategi bat ikusten egon gara. Bertan estatua pila bat zeuden, aspaldikoak eta gaur egunekoak tartekatuta. Han ere lasaitasuna zen nabari, estatuek ez baitute hitz egiten... Edo agian bai, Toy Story pelikulan bezala, gizakiak alde egiten dutenean.

Ondoren, garai batean lasaitasun horren bila gerturatzen ziren txoko batera joan gara. Bagno Vignoni. Terma naturalak dira. Dirudienez azpian sumendi bat dago eta horren ondorioz laku batean ir beroa lurrazaleratzen da. Garai batean terapia bezala erabiltzen ziren terma haiek. Handik irteten denean, ur-jauzi txiki bat sortzen da eta ur beroa errekara joaten da mendian behera.

Eguneko turismo guneez piska bat deskonektatzeko, Castiglione de Orcia herriko futbol zelai ondoko parkinean lo egingo dugu. Taberna txiki bat dago ondoan eta lasai asko, turismo guneetan ez bezala, belarrondokorik gabe, garagardo bat lasai asko hartzeko aukera izan dugu, ilunabarra ikusi ondoren.


26. Florentzia

Goizean goiz jaiki eta gosaldu ondoren, 10:30 inguruan Florentziako parking batean geunden. Berez autokarabana gune bat zelakoan joan gara, baina ez zegoen bereziki ondo prestatuta. Dena den, autokarabana han utzi eta hiria ezagutzera joan gara 11 zenbakia Jartzen zuen autobusean.

Lehenengo "Santa Maria del Fiore" katedrala eta inguruko plaza ikusten egon gara. Oso ederra iruditu zaigu, baina jendez gainezka zegoen. Kanpoan, barrura sartzeko itxoiten zegoen jendea pila bat ikusi dugu ilara luze bat egiten eta ez gara animatu. Gure asmoa Florentziako kaleak eta eraikinak kanpotik ikustea zen.

Aurrera jarraituta, Daviden eskultura dagoen museora gerturatu gara eta han ere sekulako ilarak zeuden. Kalean ere jende pila bat zebilen.

Alboko plaza batean bazkaldu ondoren, Daviden eskulturaren erreplika dagoen plazara joan gara. Hau izan zen jatorriz eskultura originalaren kokalekua.

Harekin batera, beste hainbat eskultura gehiago daude plaza horretan.


Handik irten garenean, Ponte Vecchio ikustera joan gara. Han ere jendea pila bat, eta bero handia.

Hau horrela ikusita, Florentzian gehiago ez jarraitu eta Pisa ingurura gerturatzea erabaki dugu. Hemen ere, Marina di Pisa herrian, autokarabana area txukun bat dago eta dagoen beroarekin toldoa ateratzeko aukera izango dugu.

27. Pisa

Autobus geltokitik 300 metrora dago autokarabana area, eta 11:00 inguruan gerturatu gara goizez Pisako dorrea ikusi eta bazkaltzera berriz autokarabanara itzultzeko asmoz.

Autobus gidariak bidaia debalde egiten utzi dugu, sarrerarik ez zeukala esanez. Eskerrak rebisoreak ez diren autobusean sartu, bestela auskalo zer esango ziguten...

Dorrea ikusi dugunean, txikia zela iruditu zaigu. Eta inguruan jende pila bat, betiko argazkia egiten. Guk ere egin ditugu halako batzuk.

Dena den, hausnarketa bat egitera eraman gaitu han ikusitakoak. Nolakoa den gizakia...inguruan beste bi eraikuntza daude, zein baino zein ederragoak. Baina zein da arreta gehien deitzen duena? Akatsa duena. Jendea guztia akatsari begira, ondo egindakoari begiratu beharrean. Halakoak gara ba...

Han amaitutakoan, oraingoan bai, autobuseko sarrerak estanko batean erosi eta berriz 10 zenbakidun autobusa hartu dugu Marina di Pisako autokarabana areara itzultzeko.

Bertan izoztutako dutxa bat hartu eta bazkaldu ondoren,  Bolonia ingurura joateko bidea hartu dugu. Hasieran autopistaz eta geroago, irteera batean konfunditu ondoren, bide Kaskar batetik. Mendiko bide batetik egin ditugu Ia amaigabeak ziruditen kilometroak. Ez asko, 50 inguru. Baina errebueltaz errebuelta, luze egin zaizkigu.

Ia lo egiteko lekura iristean geundela, konturatu gara oharkabean Apeninoak zeharkatu ditugula. Egia esateko, bidean ikusi ditugun paisaiak oso politak izan dira.

Ilundu baino piska bat lehenago iritsi gara zakurrek jolasteko hesi bat duen eremua duen parke bateko parkinera. Pianoro herrian gaude, Boloniatik 18 kilometrora. Parkina ez da bost izardun hotela, baina hemen geratuko gara.

28. Goiz bat errepidean

Bi motatako errepideak daude Italian. Autopistak, ondo asfaltatuta daudenak, eta beste guztiak. Gure ibilbide gehiena azken hauetatik egin dugu. Bide estu eta zuloz beteak dira gehienak, abiadura kontrolatzeko radar eta kameraz beteak. Karrerilla piska bat hartu orduko, berriz 30-50km orduko seinaleak Jartzen dituzte, eta horrela herriz-herri eta bidegurutzez-bidegurutze bidaiako orduak luze egiten dira.

Gaurko goiza halakoa izan da, baina azkenik iritsi gara arratsaldea eta gaua pasatuko ditugun Santa Giustinako "Paolo Zaffani" autokarabana areara. Mahasti ondoan dagoen zelai batean kokatutako lekua da, partxis partida bat jokatzeko leku bikaina.


Hemen pasatuko dugu gaua eta baita bihar goiza ere, bihar gauerako Veronan plan berezia daukagu eta.

29. Verona edo Bero-ona

Goiza itzaletan pasatu dugu lasai-lasai mahastiei begira. Goizeko 7:00etan partzela aldaketa egiteko abisatuta geunden, belarra mozten duten langileek partzela guztietako belarra mozteko. Goiz esnatu eta txintxo-txintxo esandakoa egin dugu. 

Hamaikak arte han egon ondoren, ez dugu oso ondo ulertu zergaitik, autokarabana arrankatzera joan garenean, bateriarik gabe geratu gara. Dirudienez autokarabana bera ere mahasti artean erlaxatu egin da. 

Aurrean geneukan gizon italiar bati laguntza eskatu diogu eta dudarik egin gabe, bere kablea autokarabanatik atera eta gurera bota du, ordubetez entxufatuta egon ondoren, autokarabana berriz martxan jarriaz.

Eguerdi inguruan Veronako kanpinera iritsi gara. Beroa eta ezetasun handia aurkitu dugu iristean, baina kanpina oso ondo dago. Igerilekua bakarrik falta zaio. Ia bost izarreko hotela dela esan genezake. Prezioa ere halakoa izango da, seguru... ez da hasiera batean aukeratuta geneukana, baina beste kanpinean ez zegoen guretzat lekurik erreserba egitera joan ginenean. 

Oso erreferentzia txarrak entzun ditugu Veronako parkinei buruz. Lapurreta asko egoten omen dira eta ez dugu nahi sorpresarik. Horrela, lapurreta legalera joatea erabaki dugu, eskatutakoa hasieratik ordaindu, eta listo!

Gaur egun berezia da. Verona Arena edo Veronako antzoki erromatarrean Carmen opera ikusi dugu. Joan den urtean egin gabe utzi genuen plan hau eta aurten ahal izan dugun bezala azken momentuan antolatu dugu. Ez nahi bezain eroso, baina azkenean dena ondo irten da. 

Kanpina, afaltzeko pizzak, opera bera ipurdia gogor-gogor jarri arte eta amaitu denean (goizeko ordubata inguruan), taxi-furgoneta bat, denok batera 6km ingurura dagoen kanpinera itzultzeko.

Merezi izan du antolaketa guztiak, alde batetik opera horrelako leku batean ez dugulako askotan ikusiko, eta beste alde batetik produkzioa oso ona izan delako. Eszenaratzea oso ona izan da, nahiz eta bakarlarien ahotsa momentu batzuetan ez zen guztiz ondo entzuten. Gainera, izar-usoak ere kontratatu dituzte eta operan zehar banakaren bat ikusi da antzoki gainean, momentu batez abeslariei protagonismoa kenduz.




30. Etxera bueltaren hasiera

Atzokoa izan zen bidaia honetan egiteko pentsatuta geneukan azken plana. Hemendik aurrera, autokarabanen ordu gehiago eta herriak bisitatzen denbora gutxiago egingo dugu. Ez dakigu nondik itzuliko garen, baina poliki-poliki etxera gerturatzen joango gara.

Gaur eguerdian Milan inguruko parking batean bazkaldu dugu baina ez zaigu gustatu bertan lotan geratzeko. Beraz, Realaren partidua entzunez, Turin ondoan dagoen Viverone lakuko autokarabana areara (Masseria-Comuna) iritsi gara. Hemen ere eltxoak dantzarako gogoz dabiltza, baina releka asmatu zutenetik, hauekin harreman hobea daukagu. Partxis partida jokatu, afaldu eta larunbat gaueko lakuaren beste puntako musika entzunez egin dugu lo.  Gaurkoan ere garrantzitsua zen lo egiteko leku egoki bat bilatzea, gaueko oihu eta Zarategi ihes egiteko, eta lortu dugu hori ere.

Bihar Frantzia iritsiko garela dirudi. Iritsiko da hori ere.

31. Lapurrari!!!

Egun hauetako beroari aurre egiteko, goiza lakuaren aurreko arean egitea erabaki dugu, ordurik beroenak bidaian egiteko. Bakoitza bere kontuetan ibili gara gerizpea aprobetxatuz.

Zerbait jan ondoren, 14:00etan irten gara, Alpeak Italiatik Frantziara zeharkatzeko asmoz. GPSan autopistaren aukera irekita utzi dugu, pentsatuz bidaia asko arinduko genuela.

Autopista peajeetan ordaintzen joan gara, baina benetako lapurreta legala karabana zegoen tunel baten sarrerara iristean gertatu da. Aduana zela iruditu zaigu hasieran, oso arraroa egin zaigun arren...

Frejus eta Mont Blanc herriak banatzen dituen tunela da. Italia eta Frantzia banatzen dituena. 11,6 kilometro 50-70km/h abiaduran pasatu behar dira, ibilgailuen artean 150 metroko distantzia errespetatuz. Horrelaxe joan gara, formal-formal, jasotako belarrondokoaren kolpetik erreakzionatu ezinda... Lapurtu egin digute eta irrifar batekin eskerrik asko esanez agurtu ditugu, oraindik ia 70€ kobratu digutela konturatu gabe. Baina noski...konturatu garenerako, tunel barruan geunden eta ezin genuen atzera egin erreklamazio bat jartzeko... Oso ondo pentsatuta dituzte lapurreta legalen sistemak.

Handik aurrera, autopistatik irten gara, noski. Bidea askoz polikiago eta lasaiago egin dugu paisaiari begira, Bourgneuf herrian dagoen autokarabana parking batera iritsi arte. Beste autokarabana batzuk daude inguruan, 2021 urtean erre zen jatetxe baten egitura kiskaliaren ondoan. 

1999an gaur lapurreta izan dugun tunelean ere izan zen sute izugarri bat. Egia esan, bertatik pasatzean ez gara ohartu, baina orain ulertzen ditugu hango segurtasun neurri guztiak.

Iluntzean paisaia politaren aurrean afaldu eta jolastu dugu Partxis partida.



32. Euskal Herrian geundela egin dugu amets

Presaren k gabe jaiki eta bideari ekin diogu. Autopistatik gabe jarraituko dugu gaur ere, herri politak eta ez hain politak zeharkatuz.

Ez genuen gogoratzen lehendik ikasita geneukan ikasgaia. Frantzia autokarabanarekin edozein herritan lo egiteko eta atseden hartzeko oso ondo prestatuta dago, ez ordea zubiak pasatu edo tunel batzuetan barrena ibiltzeko. Gaurkoan ere bidean atzera egin behar izan dugu 2,5m baino altuagoko ibilgailuek ezin zutelako trenbide bat gurutzatzeko zubia erabili. Amets gaiztoa zirudien, baina benetan gertatu da hau. Autopistatik ez erabiltzeak daukan ondorioa da eta horrela onartu behar. Egunen batean, Maps-ek agian onartuko ditu altuera, luzera eta zabalera, bidea aukeratzerakoan sartzen diren beste baldintzekin batera, baina ordura arte, halakoak onartu behar...

Buelta eman dugunean ez zaigu asko kostatu beste bide egokiago bat topatzea, baina beti etorriko denaren beldurrez...

Eta halako batean, sorpresa! Biribilgune batean, Mondragon. Euskal Herrira zuzenean doan zulo beltzen bat ote?

Saiatu gara bertatik pasatu eta zer gertatzen zen ikusten, baina ez da ezer arrarorik gertatu. Bideak gaurko gaua pasatuko dugun Aire de la Grappe autokarabana areara eraman gaitu. Orange herrian dago. Zerua oskarbi eta gauean farolarik gabe izarrak ikusteko leku bikaina izan da. 

Poliki poliki bagoaz Euskal Herriko zerura gerturatzen...

33. Zerua lainotuta? Zer ote?

Atzoko bidean izan genituen ezusterik ez dugu nahi eta aurrerantzean autopistaz jarraitzeko gogoa piztu digute.

Toulouseraino autopistaz gerturatu gara, eta erenegun bezala, gaur ere lapurretan egin digute, dena legearen barruan, hori bai. Alde batetik autopista 55€ eta beste batetik, gasoil litroa 2,03€. Baina hala ere ez dute gure irribarrea aurpegitik kentzea lortu.

Eguzki izpiekin bizitzen ohituta egon gara eta egunero bidaia hasi genuenetik, baina gaurkoan egunak aurrera egin ahala lainoak agertzen hasi dira 

Etxera gerturatzen gabiltzan seinale da hau, baina azken gau bat pasatu nahi genuen Frantziako leku berezi honetan. 

Gaur azken Partxis partida jokatuko dugun susmoa daukagu.

Bossens herriko Camping Municipal du Lac ondoan egingo dugu lo, laku lasai baten aurrean, beste zortzi bat autokarabanaren ondoan. Lekua eta lakua, oso lasaiak dira eta ederki egingo dugu lo, dudarik gabe.

34. San Rokeak ospatzera etxera

Gaurkoan goiz jaiki eta hiru ordu pasatxoko bidea egin dugu, atzo bezala autopistaz. Gure aurtengo bidaiari amaiera emango diogu.

Hasiera San Ferminetan izan zen eta amaiera San Roketan izan da. Txikitan urtero tio Rokek Santo Domingon txokolatea txurroekin jatera gonbidatzen gintuen gaurko egunez Ea aurtengoari amaiera emateko halakoren bat egin dezakegun.