2023(e)ko apirilaren 3(a), astelehena

2023 ASTE SANTUA

Aurten ere iritsi da Aste Santua!

Bereziki nekatuta hartu ditugu aurtengo oporrak. Bretxa musikala, Selektibitatearen itzala, EIO eta EIO Txikira sartzeko frogak prestatzea, kontserbatorioko audizio eta orkestra kontzertuak eta beste hainbat eta hainbat ekintza. Ikasturte gogorra izaten ari da eta oporrak gustura hartu ditugu.

Oporrei ere hasiera berezia eman diegu. Musika Eskolatik Matilda musikala ikusteko irteeran parte hartu du Itzalek, Erramu Zapatua ospatu eta gaueko jaitik ia zuzenean sartu gara gure ohiko oporretako bizilekuan, autokarabanan. Itzal autobusean utzi eta Madrilera bidean jarri gara euri zaparrada itzel baten azpian.

Bidean ordu pare bateko atsedena hartu ondoren, Madrileko autokarabana parkinera iritsi gara. Espazio berria da guretzat, orain arte erdi alderago aparkatzen genuelako, baina aire kutsatzearen aurkako kanpaina dela eta, ezin dugu autokarabana M-30 errepideak mugatzen duen eremua baino barrurago sartu. Beraz, Vallecasen kokatuta dagoen parkinean geratu gara. Poligono industrial batean kokatuta dago eta oso erakargarria ez den arren, kamaraz zaindua eta oso ondo komunikatua dago. 8,40 eurotan, 5 pertsona Madril erdigunera joateko aukera dago 130 autobus zenbakia hartu eta ondoren 1 lineako metroa baliatuz.

Arratsaldez Retiro parkera joan gara eta han aurkitu ditugu Musika Eskolako lagun guztiak Itzalekin batera. Ez zen neke aurpegirik ikusten. Denak pozik zeuden Matildaren musikala eguerdian ikusi ondoren.

Arratsaldea guk ere bertan pasatu dugu eta ondoren Atocha ingurura joan gara. Han hain famatuak diren raba bokadiloak afaldu ondoren, autokarabanara itzuli eta guztiok behar genuen atsedena hartzeko tartea izan dugu. 

Egun luzea izan da eta gau hau indarrak berreskuratu eta bidaiari hasiera behar den bezala emateko prestaketa izango dela espero dugu.

Biharko hainbat plan ditugu buruan, baina ez dakigu oraindik zer aukeratuko dugun.

Neke aurpegiak kentzea lortzen badugu, ez da gutxi izango!


Toledo

Ederki eta luze lo egin ondoren, erabaki bat hartu behar genuen. Cordobara joan aurretik, bidean eguna beste nonbait pasatzea.

Bi aukera geneuzkan. Bietan aldapan gora eta behera ibiltzeko parada.

Gertuen geneukana, Warner Parkea. Bostetik bik ez zuten bertara joateko ilusio handirik, eta Lur ere ez zegoen gonbidatuta Superman eta Batman atrakzioetan gora eta behera ibiltzeko.

Bigarren aukera, Toledora joatea. Bidean ordubete Kordoba ingurura gerturatzen joan, egun lasai bat pasatuz, aldapan gora eta behera hiriaren kale estuetan barrena ibiliz.

Azken aukera hau baliatu dugu. Eguerdian, hiriaren paisaia orokorra ikus zitekeen behatoki batean bazkaldu  (Seinale bat bota dugu faltan "Kontuz, Kaparrak!". Lehenengo aldiz ikusi dugu kapar bat abiadura handiz mugitzen), Lurrekin piska bat jolastu, atrakzio parkeetan bezala, eskailera mekanikoetan gora igo eta hiriko aspaldiko sekretuak ezagutzeko bisita gidatu bat egin dugu, kaleetan gora eta behera ibiliaz. Trikitia ekarri izan bagenu, aproposa litzateke "Kalian gora, Kalian behera" kalejira jotzea. Bi orduz hainbat istorio bitxi entzun ondoren, konturatu gara atzo galduta geneukan irribarrea bueltan etorri zaigula. 

Eguna amaitzeko, berriz ere eskailera mekanikoetan luze ibili gara, erritmo geldoan, I-geldoko "Montaña Suizan" bezala, poliki-poliki paisaiak ikusiaz.


kordoba

Goizean jaiki eta bide bazter batean gosaldu ondoren, Kordobarako bideari ekin diogu.

Bidaia luze samarra zenez, Villarealen geldialdia agin dugu, autokarabana parking estreinatu berria ezagutzeko. Bertan bazkari pasada bat egin, Ping-pong jolasean ibili eta bidean aurrera jarraitu dugu.

Arratsaldeko 17:00etan iritsi gara Kordobako autokarabana parkinera.

Denborarik galdu gabe, herria ezagutzera joan gara. Honetan hasi orduko, mezkitaren ondoko kalea gradaz inguratuta ikusi dugu. Esan digutenez, gauean prozesioa dago. Hau entzutean, pozik galdetu dugu eta lekuren batean ordaindu gabe ikusteko aukerarik izango dugun. Baietz esan digute eta pozik ibili gara, prozesio bat pasatzen ikusi dugun arte.

Amaitu denean, kalean gora joan gara eta espaloietan jarrita jende pila bat ikusi dugu pipak Jaten. Gu ere pipazaleak izanik, ideia ona iruditu zaigu eta gauza bera egin dugu. Konturatu gabe, kalea Jendez betetzen joan da eta ez genuen ulertzen zergaitik. Taberna batean trago bat hartu, eta esan digu laister hasiko zela prozesioen desfilea, eta hainbat kofradia pasatuko zirela bertatik. Hau entzutean, ideia ona iruditu zaigu pare bat ikustea.

Jendearen desfilea amaitu ondoren, mutil gehienak zapata nautikoekin, kofradien desfilea hasi da. Hurbiltzen ziren bitartean jendeak "Ssshhhh" esaten zuen. Ixltasun osoa lortu arte.

Txundituta utzi gaitu irudien azpian ziiazen indartsuek nola jasotzen zuten sekulako pisua daukan irudia kolpe batean. Orduan jendearen txaloak betetzen zuten kalea. Benetan barruan sentitzen duten Aste Santua hemen.

Bi kofradia pasatu direnean, autokarabanara itzultzea pentsatu dugu eta jende zurrunbilo bat aprobetxatuz, kale hartatik irtetea lortu dugu beste kale batzuek erabiliz prozesio gunetik irtetzeko.

Honetan genbiltzala, konturatu gara berriz geundela pipak Jaten egon garen leku berean. Kalean behera sartu gara eta bide erdian beste kofradia bat etorri da behetik gora.

Protokoloari jarraituz, bazterrean jarri, "Ssshhhh" entzun eta berriz pasatzen ikusi ditugu.

Bazirudien gaurkoz libre geundela eta aldapan behera jarraitu dugu gure askatasunaren bila. Baina behe aldera iristear geundela, udaltzain bat jarri da gure aurrean. Beste kofradia bat datorrela eta ezin garela beheruntz joan.

- No se puede ir hacia abajo!

- Y entonces, qué hacemos?

- Pues si no se puede para abajo... Tendréis que ir hacia arriba!

- Lo que tú digas!

Buelta eman eta berriz goruntz...

- Es que son turistas.-komentatzen zion han zegoen neska batek bere lagunari. Pena eman diogu, nonbait.

Pasatu da kofradia bere protokolo guztiekin...eta azkenik lortu dugu, beherantz ihes egitea.

Ihesaldiaren ondoren, izozki bat hartzeko aukera izan dugu, eta aske garela ospatzeko, izozkiak jaten itzuli gara autokarabanara, usain goxoa duten laranja zuhaitzen azpitik lasai lasai paseatzen.


Autokarabanara iritsi eta prozesio guztiek batera ateratzen zuten barrunba definitu gabea entzunez hartu dugu lo. 


Mérida

Gaur goizean lan eguna balitz bezala jo du iratzargailuak 7:00etan. Asko kostata jaiki gara goizerako geneukan lehenengo zitara gerturatzeko.
Kordobako mezkita barrutik ikusteko aukera dago 8:30-9:30 bitartean txandarik hartu gabe.
Ordubetez egon gara eraikinaren barruan dauden guztiez gozatzen. Asko gustatu zaigu bertan ikusitakoa.


Handik irtenda, juduen auzoan ibilalditxo bat egin, autokarabanara itzuli eta Meridara bidea hartu dugu.

Bertara iristean, autokarabana parkina urrun zegoela iruditu zaigu eta erromatar garaiko hainbat eremutik oso gertu aparkaleku bat aurkitzea lortu dugu lan handirik gabe. Guardia zibilaren kuartel parean, ederki zainduta.


Beraz, arratsaldean zehar lasai asko ikusi ditugu zirko erromatarra, anfiteatroa, teatroa, museoa... Egia esan ez genuen espero hainbeste gauza ikustekorik zegoenik Meridan. Oso interesgarria iruditu zaigu bertan ikusi eta entzundakoa.



Afaldu ondoren, gaur ere prozesioa zegoen, eta harekin batera saetak abestu dituzte plazatxo batean.
Atzoko esperientziarekin, urrunetik ikustea aproposa iruditu zaigu, gehiegi hurbildu eta atzo gauean bezala irten ezinda geratzeko beldurrez.

Saetak esandakoa ez dugu ulertu, baina dudarik gabe sentimenduz barru+barrutik abestutakoak izan dira.

Jerteko bailara eta Salamanca 

 Atzo ikusitako guztiarekin konforme, goizean Caceresera gerturatu gara. Autokarabana parkinak ez dauka oso fama onik, baina ura kargatzeko geldialdia egin dugu.

Gehien eskertu duena Lur izan da. Zakurrentzat eremu bat dago aparkaleku ondoan, eta han ibili da, tubo Barrutik pasatu, ranpa igo eta jaitsi, saltoak egin... Entrenamendu latza izan da gaurkoa beretzat. Oso gustura ibili da.

Deskantsatzen zuen bitartean, Jerteko bailara joan gara, gereziondo guztiak zuri-zuri daudela entzun dugulako hainbat lekutan. Badirudi hau esan eta esan dabiltzanak azken aldian ez direla Jerten egon. Zuhaitz batzuk zurituta zeuden dagoeneko, baina gehienak zuritze prozesuan zeuden. Beraz, ezin izan dugu guztia zuri-zuri ikusi.

Handik irten eta Tejedan familia bisitatzen geratu gara tarte batean.

Amaitzeko, eta tradizioari eutsiz, bidean geratzen den Salamanka hirian egin dugu geldialdia. Poliki-poliki norbaitek gure lekuan jarri nahi gaitu, eta gaurkoan ezin izan gara beti geratzen garen parkinean geratu. Izan ere, udaltzainek kalea itxita zeukaten guretzat, prozesioa dela eta.

Garbi dago gaurkoan ez dugula prozesiorik ikusiko.

Hala ere, gaua Salamankako beste parking batean pasatzea lortu dugu. Katedrala aurrez aurre gau guztian eta goizean ere ohetik ikusteko aukera izan dugu parking honetan.

Salamanka

Goizeko 4:30etan kotxe hotsak esnatu gaitu. Haur eta gurasoak ikusi ditugu alboan pasatzen. Zer gertatuko zen interneti galdetuta, 5:00etan prozesioa zegoela konturatu gara. Goiz samar ohetik jaiki eta ilunpean ibiltzeko, beraz buelta erdi eman eta lotan jarraitu dugu.

Goizean bai, esnatu eta azkar gosaldu ondoren, autokarabana betiko lekuan aparkatu eta erreka bazterreko parketik ibilaldia egin dugu Lurrekin batera. Hiriko alde zaharrera joateko bidea hartu dugunean, kofradia bat ikusi dugu jendez inguratuta, eurek zeramaten "pasoa" eleiza barrura sartzen.

Hau izan da aurtengo Aste Santu kulturalari amaiera eman dion ekintza.

Guztiz sartu dutenean, jendearen txaloak entzunez, Salamankan zehar bueltatxo bat eman dugu, ogia erosi eta autokarabanara itzuliz, etxerako bidea ekinez.

Dena ondo badoa, gaur gauean danbor hotsik gabe egingo dugu lo.