2021(e)ko uztailaren 25(a), igandea

2021eko udako oporrak

1. eguna: San Juan auzoa

Aurtengo udako oporrak gozatzeko momentua iritsi da, danok lana eta ikasketak ondo bukatu ostean.  Oso urrun ez gara joan gure lehenengo gaua pasatzera... izan ere, San Juanen zita bat geneukan aspalditik adostuta... Azkaiter bandaren kontzertua! Berez, horren zain egon gara k k... ostiralean entsegua eta zapatuan bazkaldu ondoren traste danak hartu eta autokarabanan igo gara San Juanera soinu frogarako. Oraingoan, gainera, azken momentuko erronka bat izan dugu. Enarari Indai taldearekin biola jotzeko proposamena heldu zitzaion eta azken egun hauetan jo eta sua aritu da akonpainamendurako nota batzuk ateratzen. Beraz, etxeko bi musiko eszenatoki gainean dena emateko prest, lehenengo Enara eta gero Aitzol baxua jotzen Azkaraterekin.

Kontzertua primeran irten da eta oso ondo pasatu dugu denok (aitona eta amama ere etorri dira Enarari sorpresa ematera). Urduritasunak pasatuta, afaltzen ere eman digute bertan (denoi) eta tripa bete-bete eginda bertako parkinean egin dugu lo lagun berri baten ondoan: Mija (Michael) tipo jatorra eta 'saltseroa'. Azkarateren laguna da,  kontzertuan jotzeko gonbidatu du eta musikaz gain, berak egindako saltsa berezi batzuk eskaini dizkigu. Berandu baina pozik joan gara ohera.

2. eguna: Tafalla

Primeran egin dugu lo San Juanen, nahiz eta gutxi izan... goizeko 8:30etarako adostu dugu Mijarekin batera gosalduko dugula. Guk kafea prestatuko diogu, bera kotxean dago eta ez dauka gosari goxo bat egiteko tresnarik... eta halaxe egin dugu. Batera gosaldu ondoren, bakoitzak bere bidea jarraitu du. Gure kasuan, kontzertuko traste batzuk etxean utzi eta bizikletak kargatu ostean, Nafarroara abiatu gara. Berez, aurtengo udan ez gara oso urrun joango, covid-a dela eta jende gutxi dagoen tokietara hurbilduko gara eta hemendik gertuko paradisuak aprobetxatuko ditugu. Gauzak horrela, gure asmoa Asturiasera joatea da, baina nola ez, gu beti inprobisatzen... Oliten kontrabaxu bat erosteko aukera irten da (wallapopetik) eta Asturiasen egun hauetan oso giro ona ez duela egingo ikusi dugunez, kontrabaxua ikustera joatea erabaki dugu. Enarak orain arte musika eskolakoa erabili du entsaiatzeko eta hau agian aukera ona izan daiteke. Beraz, Olitera ailegatu aurretik, Tafallako arean geratu gara eta bertan bazkaldu dugu. Leku lasaia eta erosoa da.

Arratsaldean Olitera gerturatu gara eta saltzaileak Bergarako jaietako musika talde mitiko baten partaidea izan dela esan digu (Nueva Etapa). Urteak aurrera joan dira eta momentu honetan ez duela apenas musikarik egiten esan digu. Kontrabaxuaz gain beste mila traste zituen ganbaran eta auskalo, bihar zein tratu egiten dugun! Ikusi duguna gustatu zaigu eta bihar Enararen irakaslearekin hitz egin ondoren, zer egingo dugun erabakiko dugu.

Terraza batean trago bat hartu eta Tafallara bueltatu gara. Hemen instrumentuak atera eta zerbait horzen hasi garenean bertako batzuk gerturatu zaizkigu... kasualitatez lagun baten lagunak!! Eta musikaz hitz egiten aritu gara. Aurten saiatuko gara egondako tokietako melodia batzuk ikasten eta gaur Tafallako abesti ezagun bat praktikatzen egon gara. Ea gure helburua betetzen dugun!

Telepizzan areara ekartzeko pizza batzuk eskatu ditugu eta tripak ondo beteta deskantsatzera goaz.


3. eguna: Olite

Gaur goizeko 11:30etan Palomak tostadak egin ditu guztiok gosaltzeko eta oso goxoak zeuden. Ondoren, gaur astelehena izanda, erosketak egitera joan gara eta oso produktu goxoak erosi ditugu. 

Gaur, atzo probatutako kontrabaxua erosteko asmoa geneukan, eta horretarako denbora egiten egon gara egun guztian zehar...


Arratsaldean Olitetik buelta bat eman ondoren, instrumentuaren erosketa negoziatu eta hartu egin dugu. Hurrengo lana: etxeraino eramatea! Eta hala egin dugu. Tramankulua autokarabanan sartu (kostata) eta bidean txukun-txukun etorri gara etxera. Ea oraingoan definitiboki oporretan goazen... dena den ez dakit, Aitzolek Bermeon beste instrumentu bat dagoela ikusi du wallapopen... Aurtengoak walloporrak??๐Ÿ˜‚

4. eguna: Neila
Goizean jaiki, dutxa bat hartu eta berriz martxan jarri gara... Oraingoan bai, egun batzuetarako goaz, baina eguraldia kontutan hartuta, Asturiasera joateko bide luzea hartuko dugu... hamarretakoa Landan egin dugu, ' hijos contra padres ' partida bat bota, eta gaur, uztailak 27 denez eta gure familian egun hau oso garrantzitsua denez, freskon bazkaltzera joan gara.


Denok pozik, tripak bete-bete eginda... erabaki dugu gaur Neilaraino gerturatuko garela. Bertan aintzira polit batzuk omen daude eta biztanle gutxi dagoenez, leku aproposa izango da instrumentuak atera eta musika pixka bat jotzeko... gainera bertako melodia bat topatu dugu: las mayas. Ea denboraz ailegatzen garen tema berria ikasteko!
Bidean goazela, Neilara ailegatu aurretik guretako moduko txokoa topatu dugu eta bertan meriendatu eta musika pixka bat jo eta dantzatu dugu...




Ondoren, Neilara ailegatu gara eta berandu zenez, zeozer afaldu eta lotara joan gara.

5. eguna: Neilako aintzirak eta Duero ibaiaren iturburua

Goizean goizetik esnatu gaitu Itzalek jarritako alarmak...๐Ÿ˜• eskerrak berari, behintzat goiza aprobetxatu ahal izan dugu!
Herriko informazio gunean galdetu dugu eta ibilbide bat gomendatu digute. Egia esanda oso paraje politak ikusi ditugu... eta lan gutxi eginda!! 2000 metroko mendia igo dugu... baina autokarabanan 1850 ingurura hurbildu gara... (hori ez dugu oso fuerte esango, jajaja).


Bertan zeuden lagunak inguratu ditugu eta baten batek ere bainua hartu du...


Buelta eman ondoren, zerbait jan dugu eta Asturiaserainoko bidea (bide luzetik joanda) pixka bat antolatze aldera, Duero ibaiak egiten duen ibilbide bera egingo dugula pentsatu dugu. Beraz, Duero ibaia hasten den tokira joatea erabaki dugu. Bertara joateko, autokarabanan gerturatu gara baina ez genuen pentsatzen egun batean bi mendi egingo genituenik!!! Tokiraino ailegatzeko ordu eta erdiko igoera egin behar izan dugu... baina merezi izan du.



Gaur oso ondo egingo dugu lo. Super nekatuta gaude! Vinielsa izeneko herrira etorri gara lotara. Hemen ondoan urtegi bat dago eta esan digutenez oso inguru polita da. Bihar ikusiko dugu zein aukera ditugun!

6. eguna: Vinielsa
Gure etxeko esaldi famatua da hau: 'zeinek esango zozkun guri...' eta gaurko eguna izendatzeko, esaldi perfektua da. Goizeko 11:00etan prest geunden Vinielsabentura parkean. Atzoko agujetak kentzeko, modurik onena iruditu zaigu zuhaitzen artean akrobaziak egitea...



Primeran pasatu dugu. Hori bai, leher eginda bukatu dugu eta deskantzatzera joan behar izan gara... nora eta iturri batera! Ez dugu toki aproposagorik topatu. Bide erdian, zegoen beroarekin, gure paradisua, itzaletan topatu dugu. Zeinek esango zozkun guri... bertan dutxatu eta dena egingo ginela!! 
Bazkaldu ostean, Vinielsako urtegira gerturatu gara eta han topera bainatu dena Lur izan da. Berak bai topatu duela  paradisua... aitonak oparitzen dizkion pinaburuak baino handiagoak topatu ditu eta nekatu barik ibili da gora eta behera.
Etxeko kontu batzuk direla eta, oca jolasean bezala egin behar izan dugu: urtegitik urtegira... berriz ere, zeinek esango zozkun guri gaurko eguna Landan bukatuko genuela... gure ruta pixka bat egokitu beharko dugu. Pentsatuko dugu nola egin. Dakiguna da bihar etxetik pasauko garela gauza batzuk hartzeko eta gure oporrekin jarraituko dugula!

7. eguna: Briviesca

Landan lo egin ondoren Bergaratik pasatu gara. Hartu beharrekoak hartu eta errekauren bat egin eta berriz martxan jarri gara. Burgos aldera joango gara Duero ibaiarekin elkartzeko eta bidean goazela hainbat ideia bururatu zaizkigu... ikusiko dugu zertan geratuko diren... 
Bidean bazkaldu dugu eta Briviescaraino ailegatu gara N-Ietik, autopistan zoaztenei agur egiten genien bitartean (bueno, batzuetan gelditzen ziren, ematen du gaur denak ados jarri direla oporrak hartzeko).
Briviescan trago bat hartzera joan garenean, inguruko herri batean kontzertua dagoela irakurri dugu eta gu txintxo-txintxo gerturatu gara ea zerbait interesgarria ikusten genuen. Karteleko informazioa oso tentagarria zen eta... 'concierto de cuerno y vasija'... kuriositatez amorratuta gerturatu gara eta benetan disfrutatu dugu espektakuluaz. Poesia eta musika emanaldi bikaina ikusi ahal izan dugu inguru berezi batean: Dolmen del Pendon, Reinoson.


Kontzertua bukatu ostean Atapuercaraino gerturatzea erabaki dugu. Aukera badaukagu bihar hemengo museoa bisitatuko dugu.

8. eguna: Burgos

Goizean goiz jaiki eta Atapuercako museoa bisitatzen saiatu gara baina ez dugu lortu. Aurretik erreserba eginda egon behar zen... pena bat, baina horrela aitzakia izango dugu hurrengo batean etortzeko.
Aurrera jarraitzea erabaki dugu eta guretzat ezaguna den Burgoseko 'fuentes blancas' izeneko parkera hurbildu gara. Bertan haragia prestatzeko aukera izan dugu eta  pixka bat ensaiatzen egon gara sua egiten zen bitartean. 


Ondoren, gure ibilbidearekin jarraitzeko, Aranda de Duerora gerturatu gara eta bertan herria ezagutu eta txokolate goxo bat hartu dugu, txurro eta guzti!! 


Bila ibili gara ea zerbait interesgarria topatzen genuen inguruan eta ondoko herrixka batean (Fresnillo de las Dueรฑas) kontzertua dagoela ikusi dugunez, bertara gerturatu gara. Kontzertua ikusi dugu txamarra jantzita eta bertan lo egingo dugu.

9. eguna: Aranda-San Juan del Monte

Hartutako txokolate hori primeran egon zenez, Arandan pixka bat gehiago geratzea
erabaki dugu, eta ez da idea txarra izan!!
Txokolateriatik gertu turismo ofizina dago eta bertatik abiatuta herria ezagutzeko antzerki moduko bisita egin dugu. Primeran pasatu dugu pertsonaia desberdinen artean, Isabel Katolikoa, Napoleon, idazle famatuak... besteak beste. Guretako batzuk ere partaide apartak izan dira... Aitzol 'el empecinado' eta gure Lander Tony Cantoren paperean... barre batzuk bota ditugu eta historia pixka bat gehiago ikasteko balio izan digu.


Bazkaldu ostean, tia Angela eta familia hemendik gertuko herrixka batean bizi direnez, sorpresa bat ematea pentsatu dugu. Egia esanda, sorpresa polita izango zen haien etxe ondora ailegatutakoan instrumentuak atera eta abesti batzuk esakaintzea, baina txirrina jo eta tertulia batekin konformatu gara. Haiek poz-pozik geratu dira. Ea hurrengorako ez den horrenbeste denbora pasatzen!!



Bisita egin eta gero berriz ere Arandara bueltatu gara (txokolatea hain goxo zegoenez...) eta parte zaharretik buelta bat eman ondoren, hemengo autokarabana arean egingo dugu lo. Bihar astelehena, tailer batetik pasatuko gara ea autokarabanako frenoak begiratzen dituzten, itxuraz pastilak gastatzen omen daude.. 

10.eguna: Maderueloko aintzira

Eta hala izan da. Kostata baina lortu dugu tailer batean guri laguntzea eta pastilak aldatu dituzte. Bitartean, zain egon gara denbora egiten Arandako parke batean, batzuk gimnasia egiten... lortu dugu herri honekin konektatzea!! Horrenbeste denbora, goitik behera ezagutzen dugu!! 



Egin beharrekoak egin ondoren, martxan jarri gara Sepulvedara bidean, baina maps-i kasu eginez, Maderueloruntz abiatu gara. Itxuraz, bertan aintzira polit bat dago... eta hatzamarrak gurutzatu ditugu, ea zerekin topatuko ginen... eta asmatu dugu!! Kriston toki polita da, zuhaitzen itzalak, aintzira, taberna... zer gehiago nahi dugu? Bertan geratuko gara deskantsatzen.


11. eguna: RT

Leku honetan lasaitasuna arnasten da. Gau ederra pasatu dugu, musika jotzen ur bazterrean, zeruko izarrei begira... errepikatzeko modukoa!!beraz, goizean gosaldu ondoren, gaur inora ez joatea eta leku berdinean geratzea erabaki dugu. Gaur arrantzan egiteko aprobetxatu dugu, irakurtzeko, deskantsatzeko, paseatzeko, aspertzeko... Eta esaten denez bigarren parteak inoiz ez direla onak izan, gu ere horren aldekoak izan gara gaur. Momentu desberdinetan haserreak eta tentsioak nabaritu dira... eta normala da! Horrelako paradisuetan gure garaiko osagairik inportanteenetarikoa falta izaten da... wifia! Eta nerabe batzuekin bidaiatzerakoan, horrek katarsia sortzen du๐Ÿ˜•๐Ÿ˜•๐Ÿ˜•.  Ez dakienentzako, RT= retweet (wifiari esker). Gure nerabe garaian, idem.
Gaur gauean ez gara joango izarrak ikustera, baina bihar agian bai!!



12. eguna: Cuellar eta Simancas

Goizean gosaldu ondoren martxan jarri gara. Gure gaurko helburuak oso garbi ditugu: dutxatu eta arropak garbitu. Beraz, aukera desberdinak barajatu ostean, Cuellar herrira abiatzea erabaki dugu. Bidetik tentagarriak ziren beste aukera batzuk egon dira ( 4x4 ibilbideak, piraguak, rutak, errekak...) baina ez, hurrengo baterako utzi ditugu, bestela gure helburuak ezin bete...๐Ÿ˜„๐Ÿ˜„
Cuellarren 3x1 egin dugu: arean ura kargatu eta dutxatu, labadora jarri eta mercadonan erosketak egin!!. Bazkaldu eta gero bertako gaztelua ikusteko asmotan gerturatu gara baina bero handia zegoenez, aurrera jarraitzea erabaki dugu. Eta horrela, poliki-poliki, Simancaseraino joan gara. Herria ez zaigu gehiegi gustatu, baina autokarabana leku on batean aparkatu dugu eta hemen deskantsatzen geratuko gara.

13. eguna: Venialbo

Oso berandu jaikitzen gara oporretan!! Egun erdi joaten zaigu martxan jarri orduko, baina ondo gosalduta irtetzen gara beti, gair bereziki, umore onez eta kantuan... tarte baterako behintzat๐Ÿ˜œ.
Herri ezagun batean area txukun bat dagoela ikusi dugunez, hara gerturatuko gara gaur. Dena den, erosketak egingo ditugu hara ailegau aurretik. Valladolideko decathlonera joan gara arrantzan egiteko material bila. Gero Tordesillasen geratu gara janaria erosteko eta guretzat ezaguna den herri horretara goaz. Ezaguna da aitona Pomperen aita bertan jaio zelako (Venialbo), eta ze kasualitate, area polit bat dagoela bertan. Derrigorrezkoa da gerturatzea!
Eta ze nolako harrera egin diguten! AlkEate ondokoarekin elkartu gara eta herri guztia erakutsi digu, detaile guztiak azalduz. 


Plazer bat izan da berari entzutea eta baita parenteskoak bilatzen saiatzea!! Zerbait lortu dugu, eta istorio batzuk entzun ondoren, aitona Pomperen aitaren familiako etxea non zegoen ikusi dugu. Benito, horrela deitzen zela biraitona, herri honetan jaio eta haurtzaro eta gaztaroa pasatu zituen bertan. Polita da aspaldiko kontuak entzutea!!!


14. eguna: Zamora

Herri honetan denek esan digute behintzat pare bat egun egin beharko ditugula, beraz, gaurko plana izango da Zamora bisitatzea eta berriz hona lotara etortzea. Baina joan aurretik, herrian zerbait kontsumitu behar dugu, eta irakurri dugunez hemengo madalenak kristonak direla, bila joan gara. Gero, ardo bila. Badago hemen bodega industrial bat eta ea zer daukaten ikustera gerturatu gara... eta berriz ere sorpresa!! Ramon Ramos izeneko bodegako jabea gure ahaide dela! Bertako azalpenak entzun ondoren, familia nondik egiten garen komentatu dugu. Eta Paloma pozik...


Urruneko lehengusuak Zamora nola bisitatu azaldu digu eta ardoa erosi ondoren, bertara abiatu gara. Benetan polita iruditu zaigu Zamora, eta esandako toki guztiak bisitatu ostean, leher eginda bueltatu gara Venialbora. Barbakoa afaldu eta deskantzatzera joan gara.


Alde zaharreko gaztelua, hesia eta eliza lehenengo geldiunea.


Merenduero jatetxea, bazkaltzeko.

Eta bukatzeko, tapeo pixka bat eta buelta luze bat plaza berritik eta ingurutik (argazkirik ez).

15. eguna: susto eguna...pum!๐Ÿ’ฃ

Pendiente geneukan derrigorrezko geldiunea... Peleas izeneko herrira joatea! Gerturatu gara bai Peleas de Abajo eta baita Peleas de Arribara... ez dakigu izen horiek zergatik jarri zituzten baina kriston barregura ematen dutenez, hara joan behar!! 


Bertakoak aspertuta egongo dira horrenbeste bromarekin... badaezpada kaletik inor ez da azaldu guri agurtzera... 
Eta handik aurrera jarraitzea erabaki dugu, Zamorako iparraldera. Bapatean... susto galanta! Rebentoia atzeko erruberan!
Ez zaigu ezer gertatu baina erruberaz gain, armairuaren zati bat ere apurtu da... egia esanda, gutxi izan da izan ahal zenerako... Eskerrak Aitzoli, arazoa oso ondo kudeatu duela eta berehala konpondu digute aurrera jarraitu ahal izateko. 



Atzo Zamora ondo ezagutu genuen arren, pare bat egun gehiago bertan geratzea erabaki dugu, neumatiko berriak jarri arte. Orain bi egun hauetan zer egiten dugun pentsatu beharko dugu...


16.eguna: Zamora berriz

Lehegusuak gomendatutako tabernara ez dakit zenbat aldiz joan garen! Egia da patata goxoak prestatzen dituztela, eta egiteko besterik ez daukagunez... horra bueltaka!
Horretaz gain, kirola, irakurketa, musika... horretan ibili gara egun osoan!


17. eguna: Sanabria, Rua da Noria

Azkar jarri dizkigute erruberak. Amador langile serio eta fina izan da, eta berari esker gure oporrekin jarraituko dugu. Goiz jaiki garenez tailerrera joateko, eguna gehiago aprobetxatu dugula iruditzen zaigu... 


Berriz martxan jarri gara, Asturiasera joateko asmoarekin. Baina oraindik gauza asko ikusiko ditugu ailegatu aurretik... gaur bertan, gure ideia da Sanabriako aintziratik pasatzea, baina han ezin denez lorik egin, beste toki batzuk begiratu ditugu. Lehenengo, Corneira izeneko tokian geratu gara. Toki polita, presa baten ondoan (txiringitoko patatak ere probatu ditugu Zamorakoekin konparatzeko, eta hauek irabazten dute... Venialboko lehengusuari esan beharko diogu...) Bertan bazkaldu, baina itzal gehiegirik ez geneukanez eta poliki poliki etxeruntz gerturatu nahi dugunez, aurrera egin dugu. Sanabriaraino ailegatu gara baina ez gara jeitsi. Jende gehiegi zegoen eta lorik ezin dela egin jakinda, bakarrik nahi genuen begirada bat bota, ea gu ere inspiratzen ginen Miguel de Unamuno bezala (San Manuel Bueno Martir idazteko)... Auskalo!!!
Ondoren, Monforte de Lemosera bideratu gara. Bapatean, gure destinora ailegatu aurretik, leku polit bat ikusi dugu (A Rรบa) eta... sorpresa! Justo arearen parean kontzertua!! Gisela! Orain dela 20 urte bezala disfrutatu dugu batzuk. Eta beste batzuk, bere modura๐Ÿ˜œ๐Ÿ˜œ


18. eguna: Vilasouto, Lugo, Castro Riberas

Bi aukera geneuzkan gaurko, edo hirira joan eta turismeo egin edo naturaz gozatu. Ez denez erreza akordioetara ailegatzea ( batzuetan bakarrik) guk erabaki dugu. Goizean laku batera, bertan bazkaltzeko. Arratsaldeko plana ikusiko da. Gauzak horrela, Vilasouto izeneko presa batera hurbildu gara (bide txarretik, maps-i eta kopilotoari jarraituz). Bertan bazkaldu eta batzuk arrantzan ibili dira besteak irakurtzen edo instagrameatzen zuten bitartean. 


Arratsaldean Lugora hurbildu gara (bide onetik oraingo honetan) eta autokarabanen parkinaren ondoan calistenia nola egin behar den erakusten zuten. Hara eraman ditugu umeak, gustokoa izango zela pentsatuz... baina edo hizkuntza arraro batean hitz egiten zutelako edo oso arraro mugitzen zirelako, azkenean damututa eta ikasi gabe joan gara handik... pena bat.


Dena den, eskerrak txiribueltarik ez dutela egin, egunaren bukaeran ezbehar txiki bat izan baitugu... Itzal botaka hasi da eta kalentura pixka batekin hasi da. Seguraski arrantzan egiterakoan bero larregi jasango zuen... ikusiko dugu bihar nola esnatzen den. Gaur Castro Riberas izeneko herrian egingo dugu lo. Lugotik 25 kmra, eta gure ondoan behiak kantuan ditugula... gau osoan ote???
 
19.eguna: Castro de rey

Behiek lo gutxi egin dute, gure antzera...gau alrebesa pasatu dugu. Itzal hasi zen gaizki, eta inbidiaz edo, Enarak jarraitu dio gau osoa... oso gutxi deskantsatu dugu eta goizean ere gaizki egon dira biak. Gaur errekuperatzeko eguna izan da, batzuentzat. Beste batzuk, bertako kuriositateak topatzeko aprobetxatu dugu. Castro Riberaseko merkadillora gerturatu gara eta ezin ginenez Galiziatik joan olagarroa dastatu gabe, pare bat razio eskatu ditugu. Zelako jendetza postuan eta zelako trebezia preparatzeko!!


Primerakoa! Gaixorik ez garenon artean jan dugu. Hurrengoan berriz, danok jan ahal izateko!
Arratsaldean, ondoan dagoen beste herri batera gerturatu gara, gerizpe bila. Asmatu dugu, mahaia eta aulkiak ere ateratzeko aukera izan dugu eta gure neskek deskantsatzeko leku aproposa izan dute. Herritik buelta bat eman dugu eta Palomak  hizkuntzekiko daukan trebezi berezia praktikan jartzeko aukera izan du... dendara joan eta jamon yorka galegoz eskatzen ibili da! Aitzol eta Lur, haien aldetik ere, familia zaintzen ibili dira autokarabanako euli-harrapaketa lehiaketa batean. Eta horrela joan zaigu eguna. Bueno, beste gauza batzuk ere egin ditugu...pozik eta saltoka!!!


20. eguna: Navia, Navelgas

Indarrak hartuz joan gara egunean zehar. Lo asko egin ondoren eta dutxa bat hartuta, gaur opor hauetako helburu bat beteko dugu: Asturiasera joatea. Egia esanda, ez dakit zergatik aukeratu genuen Asturias... Galizian bisitatuko herriak oso ondo daude, eta Asturiasen itxuraz autokarabanak ez dituzte oso gogoko. Ez dugu mapan lo egiteko edota aparkatzeko toki gehiegirik topatu. Galizia utzi aurretik, 'praia das catedrais' bisitatu dugu. Nonbait irakurri genuen Espainiako plaiarik politenetako bat zela, eta egia da. 


Paseo bat eman dugu bertatik, baina hurrengo batean hona etorriko gara egun batzuetarako. Plaian bertan aparkatzeko arazorik ez!... eta gero dago Asturias๐Ÿ˜•๐Ÿ˜•
Navia izeneko herrian bazkaldu eta labadora jarri dugu, eta bukatutakoan, Luarca behekaldean geratzen den Navelgas herrira hurbildu gara. Hemen egingo dugu lo, baina aurretik, barre batzuk bota ditugu asmatutako 'scatergoris' jolasarekin.

21. eguna: Lagos de luna

Gaur saiakera bat egin ondoren, lortu dugu goiz jaikitzea, eta beste sentsazio bat da hori, eguna aprobetxatzen dugula ematen du!
Navelgasen urrearen museoa dagoenez, bertara joan gara eta pila bat ikasi ondoren, gure trebezia martxan jarri dugu eta erromatarren garaian bezela aritu gara, urrea bilatzen... topatu arte!!


Jo ta ke ibili eta gero, Leoneruntz abiatzea erabaki dugu. Ez zaigu komeni euriarekin bidaiatzea autokarabana konpondu arte, eta hemen Asturiasen euria iragartzen dute hemendik pare bat egunera. Beraz, ruta aldatuko dugu. Leonera bidean Santa Eulalia delako herrian geratu gara bazkaltzera, baina txakurra lotuta egon behar zen derrigorrez eta azkar aspertu gara. Gaur beste toki politago bat izango da gure helmuga... pentsatu dugu. Eta hala izan da. Pixka bat aurrerago, 'lagos de luna' paradisu naturalera ailegatu gara. Hemen geratuko gara disfrutatzen.


22. eguna: Babia eta Luna

Egun hauetan bero handia egiten ari da leku guztietan, horregatik laku honen inguruan geratzea erabaki dugu. Goiza bertan pasatu ondoren, bero gehien egiten zuen momentuan autokarabanako aire egokitua lagun, inguruak ezagutzera joan gara. Babia izeneko lurraldean egon gara (hemendik dator esaera hori, estar en Babia, itxuraz...) baina egia esanda ez dugu gauza gehiegirik ikusi. Hori bai, bidean 'venta directa de embutidos' kartel bat ikusi dugu eta zuzenean sartu gara. Itxuraz asmatu dugu, aitonak esan digu hemengo produktu tipikoa 'cecina' dela eta guk justu horixe erosi dugu!!
Buelta egin ostean ez dugu leku hoberik topatu eta berriz ere lakura bueltatu gara. Bazkaldu eta arratsaldea ere hemen eman dugu. Bihar Leon aldera gerturatuko gara.



23. eguna: Gradefes, Burgos

Gosaldu ondoren aurrera jarraitu dugu gure bidaia. Bero handia egiten jarraitzen duenez, potzuren batera gerturatzea ideiarik onena izango da. Hortaz, Leoneruntz abiatu gara goizean eta pixkat bat aurrerago geratzen den Gradefes herriraino gerturatu gara. Zerbait jan, partidatxoa bota eta 4etan, zabaltzen zuten momentuan, pizinara sartu gara. Gustora ibili gara freskotasunean, baina benetan disfrutatu duena gure txikia izan da!


Ondoren, martxan berriz... planazoa daukagu biharko! Opor hasieran adostu genuen saiatuko ginela scape room baten sartzen... hain ondo pasatu dugu joan izan garenean!... eta gaur, maps-en begira,  Burgosen zerbait dagoela ikusi dugu. Hemendik bi egunera etxera joango garenez, gure azkenetariko aukera da hau! Telefonotik deitu, erreserbatu, eta Burgosera!!
Burgosen ondo deskantsatuko dugu eta bihar goiz samar jaikiko gara... 11:45etan daukagu hitzordua!!

24. eguna: Burgos, Gasteiz, Bergara

Goiz jaiki gara eta umore onez! Denok nahi genuen garaiz ailegatzea jolastera, eta gure aparkalekutik ordu erdira zegoenez aretoa, espabilatu behar genuen.
Garaiz heldu eta prestatzen hasi gara...


Puntual-puntual zabaldu digute atea eta barrura sartu gara. Topera ibili gara! Ekipoko lana, koordinazioa... eta nahiz eta lortu ez, primeran pasatu dugu. Egia da beldur pixka bat ere pasatu dugula, baina merezi izan du! Hurrengoan berriz.
Adrenalina pixka bat jaitsi denean, aparkalekura bueltatu eta Gasteizera abiatuko garela erabaki dugu. Bazkaltzeko orduan ailegatu behar garenez, oporrak hasi genituen bezala bukatzea pentsatu dugu, beraz, freskora joan gara eta horrela bukatu dira gure aurtengo oporrak.


Bapo bazkaldu ostean, Bergarara bueltatu gara.

Opor ederrak pasatu ditugu, eta balorazio ona egiten dugu denok. Denerako denbora, eman digu: bidaiatzeko, leku berriak ezagutzeko, haserretzeko, adiskidetzeko, hitz egiteko, musika egiteko, irakurtzeko, familian jolasteko, gaixotzeko!!, sendatzeko, mimoak eman eta jasotzeko, lurrekin disfrutatzeko, kantatzeko, kontzertuak entzuteko, jende berria ezagutzeko, gutxi ikusten dugun familia bisitatzeko, aspertzeko, ideia berriak sortzeko, ondo eta ez hain ondo jateko, laguntzeko, beldurtzeko, konponbideak bilatzeko, hondartza/mendi/aintzira/ hiri/herri/ibai/lakuz gozatzeko, arrantzan egiteko, wifia kudeatzeko, kirola egiteko, app berriak ulertzeko... eta urrea bilatzeko eta guzti!!
Zer gehiago nahi dugu? Familiako momenturik onenak izaten dira batera igarotzen direnak, betirako geratzen dira gordeta gure bihotzeko zirrikitu batean ๐Ÿ’œ๐Ÿ’œ.