2019(e)ko apirilaren 15(a), astelehena

2019ko Aste Santua

Bizikleta gosez

Larunbatean Bergaran Erramu zapatua ospatu genuen eta "Klika" ere egin genuen korrika eginez. Arratsaldean jakin genuen Jon Izagirrek Itzulia irabazi zuela azken aldiz euskal txirrindulari batek irabazi eta 16 urte beranduago.
Bizikletak ikusi eta geureei hautsa kentzea pasatu zitzaigun burutik. Lur bere lesiotik guztiz errekuperatuta dago eta gogoa geneukan denok batera ibilaldi batzuk egiteko.


Ez genekien ondo nora joan. Hasiera batean Tortosan amaitzen den ibilbide bat egiteko ideia geneukan buruan, baina ez geunden guztiz seguru.


Gasteizen lo egin ondoren, goizean hainbat enkargu egin ditugu bertan eta Nafarroarako bidean jarri gara.
Bide bazterrean, aspaldiko trenaren ibilbidea egiten duen bidexka bat ikusiaz pasatu dugu Azazeta. Jaisten genbiltzala, Antoñanara iritsi gara eta trenaren interpretazio zentroa bide bazterrean ikusi dugu. Bonbila piztu zaigu. Joango gara hortik bizikletaz?


Esan eta egin. Benetan bide polita dela iruditu zaigu, eta esfortzu handiegirik gabe egitekoa. Aldapan behera erraz joan gara, normalean baino pedal gutxiago emanez.
Bidean bero, haize gogorra eta sorpresaren bat edo beste izan dugu, baina bide erdian, Zuñigan geundenean  euria hasi da.
Handik gutxira Suge gorri bat bidea zeharkatzen ikusi dugu eta misterio pelikulatan bezala, gure sabela kiribiltzen joan da gero eta gehiago, azkenean amaiera ia ikus ezin zitekeen tunel batera iritsi arte.


 Bi aldiz pentsatuta, mugikorretan linternak piztu ditugu eta aurrera jarraitu dugu 1,5km luzeera duen tunelean barrena. Orduan iritsi da sorpresarik handiena, baina ez dugu hemen kontatuko. Norbaitek zer gertatu zen jakin nahi badu, ausartu dadila tunelean barrena sartzen, eta ikusiko du zer gertatzen den.
Lortu dugu azkenean beste aldera iristea, eta berehala euria gogotik hasi du. Tanto potolo eta hotzak gure arropatan itsatsita  iritsi gara Acedoko kanpinera. Eskerrak Amaia, Nora, Ane eta Iker bertan zeuden oporretan...
Amaiak taxista lanak egin ditu eta tarifa merkea kobratu digu. Bi aterkin besterik ez. Ez gara konturatu gero ere beharko genituela (ahaztuta utzi ditugu kanpinean). Arratsalde eta gau guztian euria eta ekaitza ez da ia geratu.
Enarak bere urtebetetzea bizikleta gainean ospatu du azkenean. Opari polita.
Nekaturik, lotara joateko ordua iritsi zaigu eta Arronizeko autokarabana gunean geratu gara tximistak ikusi eta atseden hartzen. Ondoan Notre Dameko katedrala nola erretzen den ikusten dabilen frantses bikote bat, British matrikula duen autokarabana eta zirko konpainia bat, euren kamioi, karabana, generadore eta guzti.

Ea bihar eguraldi hobea dagoen.... ez da zaila izango. :)

Altxorraren bila!!!

Gaurko egunerako bi eginbehar besterik ez  genituen buruan. Alde batetik atzo Acedon utzitako euritakoak berreskuratzea eta beste aldetik iluntzean probatuko dugun "escape room"etik denboraz irtetzea.
Goizean lasai esnatu, gosaldu eta prestatu ondoren, Antzin herriko igerilekuen ondoko parke batean jaitsi ditugu bizikletak gure eguneko lehenengo konpromezua betetzeko.
Euritakoen bila!!! Lehenengo misio honek bigarrenaren entrenamendu bezala balioko digu agian. Horretarako igerileku ondoko bidea zuzen-zuzen jarraitu dugu eta Acedora iritsi gara atzo iritsi ginen bidearen kontrako aldetik.


 Han Amaia&co. ikusi ditugu eta erraztasunez, inongo oztoporik gabe, euritakoak itzuli dizkigute.
Lehenengo misioa erraza izan da beraz.
Bertan bazkaldu ondoren, Antzinera itzuli gara ia pedalik eman gabe, bidea aldapan behera doa eta...
Arratsaldean ordu batzuk igerileku ondoko parkean egon gara atseden hartzen eta eguneko azken misiorako indarrak berreskuratzen.
Atseden hartu ondoren Iratxeko monasterio ondoan dagoen ardo iturria ikustera joan gara, baina gu baino bixiago ibili diren batzuek ardo guztia edan dute eta hiru tanta besterik ez dituzte utzi guretzat. Diotenez egunero 100 litro ardo jartzen dituzte... egia edo gezurra ote den, auskalo!!!


Ondoren Lizarrara joan gara. Bertan geneukan gaurko bigarren eginbeharra, baina ezertan hasi baino lehen, erosketa batzuk egiten geundela, Lander eta Mirenekin topo egin dugu. Atzo urrunetik ikusi genituen, eta gaur berriz bi aldiz aurkitu ditugu. Escape room saioa baino lehen eta ondoren lo egin dugun autokarabana parkinean.
Eguna amaitzeko, Lizarrako industri gunean kokatuta dagoen escape roomera joan gara eta ikerlari izendatu gaituzte. Mundua salbatzeko misioa jarri digute, eta ugazabaren laguntza handiarekin helburua lortu dugu, baina ez gaude oso seguru geure buruak gelatik ordubetea amaitu baino lehen atera ote ditugun.


Kontua da oso ondo pasatu dugula pistak bilatu eta erantzunak asmatzen, eta hurrengoan ere horrelako beste bat egiteko gogoz geratu garela.
Azkenean, esandako bezala, Lizarra ondoan dagoen parking batera etorri gara lotara eta Lander, Miren eta familiarekin topo egin dugu berriz.


Eguneko lehen erronka

Gaur goizean gure buruak etxean imaginatu ditugu ordu batzuetan zehar. Badira egun batzuk hozgailurik gabe gabiltzala, eta gaur berogailuak ere ez zuen berotu nahi, beraz atzoko jolasari jarraituz, gaurkoan benetako misio batekin topo egin dugu. Berogailua konpondu edo bidaia amaitu.
Hiru aukera bururatu zaizkigu autokarabana konpontzeko saiakera egiteko. Bihar jai eguna denez, suposatu dugu trabak jarriko zizkigutela konponketa egiteko, baina Eskirotzeko "Itsaso karabanak" tailerrean sartu bezain laister berogailua bera bakarrik konpondu da (medikuarenera joaten garenean bezala) eta hozkailua piztu digute, hurrengorako pizteko azalpen batzuk emanez. Bitartean herriko plazara joan gara eta kafe bat hartu dugu.


Eguneko lehenengo misioa gaindituta, iruñeako autokarabanentzat parkinera etorri gara. 10 euroren truke 24 orduko egonaldia egiteko baimena, ura kargatu eta deskargatzeko aukerarekin.
Parkin aurrean sekulako zelaia dago, ziburu ezberdinak eta bizikletentzat zirkuito eta guzti.


Hirira joan gara eta konturatu gabe San Ferminetako "korralilloetan" geunden.


Beraz alde zaharra puntaz punta zeharkatu dugu entzierroaren zirkuitoa eginez zezenak atzetik etorriko balira zer egingo genukeen imaginatuz.


Horrela ezagutu dugu alde zaharra.
Ondoren "Ciudadela" ikustera joan gara. Han inguruko edskola batekoek lurrean egin dituzten kutxaduraren eta munduaren inguruko mural batzuk ikusi ditugu. Asko gustatu zaizkigu.


Azkenik erreka bazterretik doan parke batetik Natur hezkuntzako museoa ikustera joan gara eta handik autokarabanara.
Egunean zehar familian hainbat jolas eta kantu egiteko aukera izan dugu eta pozik gaude bidaiarekin aurrera jarraitu dezakegulako.


Egun motela

Goizean esnatu bezain laister atzotik begiz jota genuen bizikleten zirkuitora joan gara. Ez zegoen inor eta Lurrekin pilotarekin jolasean ibili gara. Geroago jakin dugu Iruñean ezin dela txakurra aske ibili horretarako prestatutako guneetan ez bada. Gutxienez horrelako lau gune ikusi ditugu. Bergaran halakorik jarriko balute...


Lander eta Itzal gosaldu ondoren goiz guztian ibili dira zirkuitoan bizikletarekin bueltaka. Hiru buelta eta aldatuz txandaka. Oso ondo konpondu dira bizikleta berarekin.


Handik irten garenean Orreagara gerturatu gara eta bertan bazkaldu eta sieata egin ondoren Iratiko basoan lo egiteko asmoz hango autokarabana parkinera joan gara. Iritsi garenean ez zegoen guretzat lekurik, eta Orbaizetako arma lantegia bidetik ikusi ondoren Orbaizeta herrira etorri gara lotara. Aldapan dagoen herriaren behekaldean geratzen den aparkalekuan egingo dugu lo beste pare bat autokarabanaren ondoan. Leku lasaia dirudi. Erreka hotsa besterik ez da entzuten.
Egun motela izan dela esan genezake.


Azkenean Irati!!!

Denbora luzez egon gara Irati basoa ezagutzeko gogoz, eta atzoko saiakeraren ondoren, gaur bai!
Orbaizetan lasai asko lo egin ondoren Otsagabiara joan gara Iratiko ibilbideari buruzko informazioa eskatzeko.


Han esan digutenez, Irabia urtegiaren inguruan bizikletaz ibilaldi bat egiteko aukera dago. Itxura denez informazio bulegoko neskak forma onean ikusi gaitu eta guk kasu egin diogu.
Autokarabanan 40 bat minutu bide estu batetik eta errebueltaz-errebuelta joan ondoren, 5€ ordaindu eta bizikletak jaitsi ondoren, martxan jarri gara.
Lehenengo aldapa igotzen hasi orduko konturatu gara hau ez zela Santiagora bideko Leon inguruko horietako etapa erraz bat.


Aldapan gora eta behera ibili gara eta azkenean hamasei bat kilometro egitea lortu dugu, lur jota bukatu badugu ere.


Esan behar da bidea erraza ez den arren, bertako paisaiak oso politak direla, eta udara ingururako askoz ere politago egongo dela zuhaitzen hostoak irteten direnean. Gaur zuhaitzak kimuz beterik zeuden, eta denbora gutxian kolore berdea hartzen joango dira.


Bukatu dugunean Nafarroa alde batera uztea pentsatu dugu eta eguraldiari begiratu baino lehen Mediterranioa, Madril, Asturias... izan ditugu buruan. Azkenean eguraldiaren predikzioa ikusita Asturias aldera mugitzen joatea pentsatu dugu.
Gaurkoan ere, beste askotan bezala, bidean lo egiteko Orio aukeratu dugu, eta gainera horrela aitona eta amamarekin batera afaltzeko aukera izan dugu. Natxos, patatatxos eta pizza.
Tripa beteta, gaur batzuk autokarabanan eta beste batzuk aitona eta amamarekin egingo dugu lo.
Bihar gosaltzeko kroasanak!!!


Bolintxuko baso sorgindua

Goizeko lehen orduak pentsatu bezala joan dira. Aitonak beste behin kroasanak ekarri ditu gosaltzeko eta dendan ez du bat ere utzi.
Bidaiarekin jarraitzeko prest geundenean, Bilbotik 5 kilometrora dagoen Bolintxuko urjauzia ikusteko gonbita bidali digute. Guretzat Bolintxo beti izan da ogi denda bat, baina gustura jaso dugu proposamena. Bereziki inguruko hainbat bidetatik ezin iritsi eta azkenik basorako sarrera aurkitu dugunean.
Zubi bat gurutzatu eta han zegoen sarrera. Bi bide aukeran. Erreka bazterretik zihoana eta metro batzuk goragotik paraleloan zihoana. Bi bideak baso barruan galtzen ziren.
Lur izan da sartzen lehena, eta berak aukeratu du guretzako bidea. Bide malkartsu eta irristakorra zen. Landarez betea, zuhaitz luze sendo eta eroritako hainbat enborrez osatua. Berde koloreak intentsitate ezberdina hartzen zuen eta basoak magikoa zirudien txorien kantu eta errekaren soinua besterik entzuten ez zela.


Aurrera joan ahala, kobazulo bat ikusi dugu. Txikia eta harri erraldoi batek tapatua izandakoa zirudien. Harria piska bat desplazatua zegoen eta bazirudien norbaitek barrutik irteteko mugitu duela. Iratxoren bat, Ali Baba eta 40 lapurrak, edo auskalo.
Ez dugu inor ikusi, baina seguru gaude han barruan zerbait berezia zegoela.
Lur gerturatu eta zuloa tentuz miatu ondoren zaunkaka hasi da barrura sartzeko gogoz. Katearekin lotu behar izan dugu sartu ez zedin. Gaur ez zen horrelako abenturatan hasteko eguna, baina seguru gaude berandu baino lehen itzuliko garela leku hura hobeto ezagutzera.
Oso leku berezia iruditu zaigu, baina agian ezingo gara berriz itzuli, sekretua giltzapean gorde nahi dutenek plan berezi bat daukatelako inork han gertatzen dena jakin ez dezan. Gizakiak askotan egin ohi duen bezala, errepide bat egin nahi dute bertan, eta horrela inork ezin izango du jakin hango misterioen berri.
Haitzuloa bertan utzita, erreka bazterretik aurrera jarraitu dugu bidea amaitzen zen pasadizo batera arte.
Aurrera jarraitu ezin genuela ikusita, Itzalek Lurri esan dio bidea nondik ireki, eta bere atzetik joan gara irristaka eta zuhaitzei eskuekin eutsiz ez erortzeko.
Horrela tarte batean ibili ondoren, basoaren sarreran ikusi dugun beste bidearekin topo egin dugu, eta bertatik lortu dugu zapatak lokatzez goraino beteta genituela baso eder hartatik irtetea.


Piska bat garbitu ondoren, Amama Espe, Vitori, Juanjo, Lidia, Jon eta Mikelekin bazkaltzeko elkartu gara, eta arratsaldea eurekin pasatu dugu. Asko jolastu dugu elkarrekin.
Hurrengorako ere horrelako plan bat egiteko gogoarekin geratu gara.
Agurtu ditugunean, oraindik ere baso sorgindua buruan geneukan eta mendi sorgindu baten magalera etorri gara lotara.


 Sonabiatik ikusten diren "Deabruaren begien" azpian egingo dugu lo gaur. Seguru gaude gauez ere Lurrek babestuko gaituela eta gaur ere lasai egingo dugu lo.

Kantabriatik Asturiasera

Eguzki izpiek esnatu gaituzte goizean. Lo egiteko leku atsegina izan da Sonabia.
Gosaldu ondoren Oriñonera jaitsi gara igandetako merkadilloa ikusteko.
Kanpinean eta inguruan ezagun asko agurtu ditugu eta Asturiasera bidean jarri gara.
Cabezon de la Sal herrian sekuoien basoa ikusteko gomendatu ziguten, eta oraindik ere atzoko Bolintxuko basoarekin txundituta, baso hau ere ondo miatzeko geratu gara.


Sekuoiak zer izango ote ziren eta hara non agertu diren Usondo parkean duela urte batzuk haizeak bota zuen zuhaitz erraldoiaren bezalako ehundaka zuhaitz.


Enbor marroi-laranja biguna duten pinu erraldoiak dira. Oroitzapen politak etorri zaizkigu burura. Zenbat eta zenbat ordu pasatu genituen Usondoko Sekuoiaren inguruan jolasean...
Gaurkoan Iratxoen kobazulorik ez dugu ikusi eta bidean aurrera jarraitu dugu.
Segituan iritsi gara Llaneseko autokarabana parkinera. Sarrerako hesia irekitzeko behar baino denbora gehiago egon gara, sistema motel samarra delako, baina horretaz aparte eremua ondo dago.
Azkenean itaso gainetik doan bidea hartu eta paisaia ederrak ikusiaz herrira joan gara.


Sagardoa eta txorixo mutur bat janda afaltzera itzuli eta oso nekatuta ohera joan gara.

Iratxoak lur azpian?

Goizean Lur paseatu eta itsasoa ikusi ondoren, Gijonera bidean jarri gara. Gaur bertan egingo dugu lo, baina lehenago bidean aspaldi ikusiak genituen hainbat txoko berrikusi nahi izan ditugu.
Lehenengo geldialdia Llames de pria  inguruan dauden Bufoiak ikusteko egin dugu.


Parkinetik haraino kilometro inguruko ibilaldia egin dugu, baina merezi izan du. Paisaiak sekulakoak izan dira eguzki ederrarekin eta itsasoa ere nahiko bare zegoen. Ondorioz ez ditugu bufoiak ura botatzen ikusi, baina bertatik pasatzen geundela, haietako baten barrutik txistu bezalako bat entzun dugu. Segituan ohartu gara aurreko egunetan bezala, barruan iratxoren bat egon zitekeela gure arreta deitu nahian. Lur oraingoan ere segituan hurbildu da, baina baita urrundu ere barrutik gora zetorren airea nabaritu duenean. Lurrek beti egiten ditu ausart plantak, baina barru-barruan beldurti hutsa da.


Guk bada ezpada eskuak bakarrik gerturatu ditugu, eta egia da iratxoak oso gogor putz egiten zuela, gure eskuetan korrontea bortitz sentitzen zen eta.


Argazki batzuk atera ondoren, El Barrigon herri ondoan dagoen Playa Espasan bazkaldu dugu eta kostaldeko herriak ikusiaz Gijoneraino iritsi gara. Hemengo parkina hondartza baten ondoan geratzen da, hiritik oinez ordu erdi batera.
Lur autokarabana zaintzen utzi dugu eta hiria ikustera joan gara. Bideko joan etorriarekin nekatu egin gara, baina itsaso bazterretik egindako ibilaldiak merezi izan du.

Gaur euria egin du...

Deabruak teilatuetan taldearen abestiak ondo esaten duen "Gaur euria egin du..."
Eta nola gainera... gauean euri tantak entzunaz egin dugu lo, goizean ere Gijonen geunden bitartean euria egin du. Atertu duenean Leonera bidean dauden kantauriko mendietan euria eta txingorra egin du. Leonetik Zamorara bidean haizea eta euria, Zamoran... sekulako euria, eta Salamankara iristean ere... haizea, euria eta hotz handia.
Eta hau gutxi balitz... Zamoran denda eta zerbutzu guztiak itxita. Tabernak ere itxita zeuden eta horeegatik ez gara geratu eta Salamankaraino etorri gara geratu gabe. Ez genuen ulertzen zergaitik zegoen dena itxita, baina Salamancara iristean ulertu dugu.
GAUR LIBURUAREN EGUNA DA!!!


Eta noski, jendeak irakur dezan, guzti- guztia ixten dute, plazan liburuen azoka jarri eta egiteko besterik ez dagoenez, jende guztia irakurtzen hasten da. Estrategia ona da irakurketa bultzatzeko.
Gurean ere antzeko zerbait gertatu da. Autokarabanan sartu, berogailua piztu eta irakurtzen hasi dira denak.



Aspaldian izan dugun isiltasunik sakonena izan dugu gaur.
Belarriek eskertu dute.
GORA EURIA!!!

Zarataren aurkako eguna

Hara non entzun dugun gaur zarataren aurkako eguna dela... Noski, ez da zaila. Atzo lortutako isiltasunarekin, gaur zarata gutxi dago eta zarataren aurkako eguna jartzea oso erraza da. Ipini dezatela gabonetan edo....ea zer gertatzen den...
Atzo euria goraipatzen bukatu genuen eguna, eta gaur.... Gaur euriak ez du gugandik aldendu nahi izan. Salamankatik eguerdian irten gara eta bide guztian haizea eta euria izan dugu. Azkenean Madrilera iritsi garenean oraindik gogorrago hasi da.
Gran Via ondoan aparkatu dugu eta hemen egingo dugu lo. Bihar Anastasia musikala ikustera joango gara, eta hemen ondoan dago antzokia, beraz leku ona da gaua pasatzeko.
Arratsaldean euripean buelta bat ematera joan gara. Aspaldiko txurreria batera sartu gara eta indarrak hartu ditugu berriz ere euripean ibiltzeko.


Autokarabanara itzultzean, arropa bustiak aldatu eta monopoli partida luzea jokatu dugu ohera joan arte.
Gaurko eguna ere nahiko motela izan da, baina bihar eguraldiak hobera egingo omen du eta guk ere hori aprobetxatuko dugula uste dugu.
EZ DUGU EURI GEHIAGO NAHI!!!

Ekaitzaren ondoren EGUZKIA

Madrilen esnatu gara, erregearen palazioa pertsiana igotzearekin batera ikusi dugu eta goiko klaraboiatik zeru urdina. Gaur bai, gaur Madrilen ibiltzeko egun aproposa daukagu.
Autokarabana ondoko parkean Lurrekin paseatzen geundela, Debod tenplua ikusi dugu eta ilara handitu baino lehen bertan sartzea erabaki dugu.


 Ez da erraza sinestea Madrilgo Gran Viatik 500 metro eskasera Egiptotik ekarritako tenplu bat ikusteko aukera dagoenik. Barruan sartu gara eta gustatu zaigu ikusitakoa, beste gauza batzuen artean, inola ere ez genuelako han ikusi duguna ikusterik espero.


Egun guztia eman dugu Madrilen gora eta behera, eta arratsaldean autokarabanan atseden hartu ondoren, Anastasia musikala ikustera joan gara.


Asko gustatu zaigu, eta irten garenean autokarabana hartu eta etxerako bidaia hasi dugu. Bidean Aranda de Dueroko arean egingo dugu lo. Berandu iritsi gara lotara baina beste autokarabana pila bat daude eta lasai lo egin daiteke.

Etxera itzulera

Amaitu da aurtengo Aste Santua. Gasteizen udako bidaia prestatzeko tramiteak egin ditugu eta bazkaldu ondoren Bergarara iritsi gara. Etxean ere ederki egoten da.

IKASITAKOAK
- Madrilen lo egiteko lekua oso eskura dago eta 7,5 euro ordainduta 24 ordu egoteko aukera dago. (Madrid, 1 Calle profesor Martin Almagro Basch)
- Gutxien espero duzun lekuan bizikleta ibilbide bat aurkitu daiteke eta bizikletak gainean eramateak merezi du. Lur ere bizikleta ondoan gustura ibiltzen da eta oraingoan oso ondo portatu da ibili garenetan.