2021(e)ko apirilaren 1(a), osteguna

2021eko Aste Santua

Coronalboan

Denbora gehiegi kendu digu konfinamenduak. Poliki eta luze joan den urtebete. Corona Aventuran egon ginen joan den urteko Aste Santuan, baina, etxetik irten ezin ginenez, ez genuen patrullaren blogean ezer idatzi.

Aurtengoan bai. Ozta-ozta konfinamendu perimetrala sahiestu ondoren, datozen egunotan izango dugu bizikletan paisaiaz gozatzeko aukera. Eta noiz arte ez badakigu ere, astelehenerarte behintzat hainbat ibilbide egiteko asmoa daukagu.

Gaur iluntzean, bizikletak aldean ditugula, Landako parkinera iritsi gara. Afaldu eta karta joko batzuen ondoren, biharko indarrak hartuko ditugu. Wikiloc aplikazioaren bidez, urtegiari buelta emateko ibilbide bat lortu dugu, eta 40km luze dituen arren, poliki-poliki egunean zehar egiten joatea da asmoa. Lurrek ere egin dezan, tarteka aurrera eginez eta erritmo motelean joatea komeni zaigu.

Umore onez hasi gara eta ez da gutxi...


Landa - Landa 

(Ikusi ibilbidearen mapa. Azken kilometroak ez dira ondo grabatu, baina bidea galdu gabe jarraitzea erraza da)

Goizean goiz gosaldu eta Ertzainek bide bazterrean aparkatzea debekatuta dagoela esan ondoren, berriz, lo egin dugun Landako parkinera itzuli gara. Bizikletak jaitsi, dena prestatu eta hasierako argazki ofiziala atera ondoren, bideari ekin diogu.

Ez naiz ibilbide guztia kontatzen hasiko, baina hiru detaile txiki bai.

Urtegiaren iparraldeko zatiko 12 Kilometroak bikainak dira. Oso polita eta erraz egiteko bidea. 

Ez diogu urtegi guztiari buelta eman azkenean. Urtegi erdikaldean dagoen zubia beste aldera zeharkatu eta handik etorri gara bueltan. Benetan buelta osoa denari, 10 bat kilometro jan dizkiogu.Lur beldurtuta pasatu da ur gaineko zubitik.

Haraino oso ondo joan gara, baina pantanoaren beste aldeko bidea guztiz ezberdina da. Lehorragoa, malkartsuagoa, aldapatsuagoa... orokorrean, polita da buelta osoa eman diogula esatea, baina politean pentsatuta, politagoa litzateke zubia zeharkatu gabe bide beretik itzultzea.

Behin Zuhatzako irlarako materiala dagoen portutxoa pasatuta, agian hobe litzateke autoen bidetik 9 bat kilometro egin eta Ulibarri Ganboara mendiak zeharkatu gabe joatea. Baina Lur ere gurekin zetorren eta ez zaigu ideia ona iruditu aldaketa hori egitea.

Geroago damutu gara hartutako erabakiaz. Baina erabakiarekin aurrera egin dugu. Eta noski, bizikletaz ibili baino, bizikletarekin ibiltzen amaitu dugu. 



Dena den, eguerdirako iritsi gara berriz Landara eta autokarabanan bazkaltzeko aukera izan dugu.


Garaio-Garaio (Ikusi ibilbidearen mapa)

Gauean piska bat deskantsatu ondoren, goizean gosaldu eta atzo egun gabe geratu zitzaigun zatia amaitzeko preststu gara.

Gaurkoan Garaioko natur gunean hasi dugu ibilbidea, eta aparkatu orduko, berriz Ertzainak etorri zaizkigu, bi aparkaleku okupatzen genitiela eta bertan ezin genuela aparkatu.

Azkenean, aurrerago zegoen autokarabana aparkaleku batean geratzea lortu dugu. Hori bai, leku bakarra okupatuz.

Beste behin bizikketak prestatu eta martxan jarri gara.

Hasieran bidea aurkitzea kostatu bazaigu ere, kanpoko autokarabana parkin barrutik hartu behar zen bidea, eta mapekin buelta batzuk eman ondoren, bide egokiari ekin diogu.

Lehenengo geldialdia egin dugun lekuan, hegaztiak ikusteko leiho batzuk zeuden, eta saiatu garen arren ez dugu ezer ikusi.

Aurrera gindoazela, Athleticzale asko ikusi ditugu, eta atzo baino askoz jende gehiagorekin gurutzatu gara.

Kilometro batzuk aurrerago, Itzalen gurpilak presioa galdu du, eta berak konpondu du. Mekanikari bikaina da.

Handik gutxira, atzo zeharkatu genuen zubia alderantzizko norantzan zeharkatu dugu, baina gaurkoan bizikletatik jaitsi behar izan gara zegoen jende guztiaren ondorioz.

Han berriz Garaiorako bidea hartu dugu eta beste zubi txiki bat zeharkatuta, autokarabanara itzuli gara.

Parkin aurrean bazkaldu, karta jokuan ibili, eta gaua pasatzera Agurainera joatea pentsatu dugu.

Arratsalde guztia datukagu bihar zer egin pentsatzeko.

Mundua denontzat lekua dago (Galarreta - Heredia ibilbidea)

Gaur goizeko zortzietan etxeko bi abeslariek kontzertua eskeini digute Lurren laugarren urtebetetzea zela eta. Kaxianoren zorionak eta gero, Enarari ahotsa urratu zaio. Ondoren, publikoa aspertu den momentuan Aitzolek «Enara ya bale!» bat bota du, nola ez, errua beti zaharrenak...

Gosaldu eta depositua hustu eta gero, Agurainetik irten gara Galarretarantz. Bertan aparkatu eta bizikletetan abiatu gara. Gaur bidea umore onez hasi dugun arren, aldapak hasi orduko moskeatu gara gehienak. Dena den, gaur atzo baino askoz gusturago ibili gara, jenderik ez zegoelako.

 Aldapa gogor eta bitxo berdezatarrak atzean utzita, Herediara iritsi gara. Bertan konturatu gara Lur kojoka zebilela eta hanka bateko almoadilla zauritua zuela ikustean, deskantsatzen gelditzea erabaki dugu. 


Aitzolek gaur bizikletan ibiltzeko gogoa zeukanez, autokarabana bila itzuli da Agurainera. Besteok Heredian itxaron dugu. 

Arratsaldean berriz ere Agurainera etorri gara eta ura kargatzeko ilara handia zegoen arren, azkenean goraino bete dugu depositua. Dutxa beroa hartu dugu eta berriz ere «hainbeste maite dugun herri honetan» egingo dugu lo.

Lur min hartuta

 Egunak triste argitu du. Lainotuta. Gure animoak ere antzera, Lurrek atzo bi hanka zauritu zituen eta bizikleta ibilbide luzeak opor hauetan alde batera uztea erabaki dugu.

Atzo Andoin herriko urjauziak ikustera joatea gomendstu ziguten, eta gerturatu garen arren, jende asko zegoela iruditu zaigu. Autokarabana hartu eta Gasteizen tio Ander eta tia Elenarekin Salburuako urmaelean ibilaldi bat egin dugu.

Ondoren erosketa batzuk egin eta etxean gaua pasatzea erabaki dugu, bitartean errege kopako Reala eta Athletic-en arteko finala ikusteko.

Denok egon gara partidua ikusten, inoiz ez bezala. Azkenean Realak irabazi du eta ospatu ondoren, bihar Gipuzkoa inguruan ibiliko garela erabaki dugu.

Ikusiko dugu...

Gipuzkoan ere bikain!!!

Atzo erabakitakoari jarraituz, gaur Gipuzkoan geratu gara.

Eguerdian, aspalditik buruan geneukan plan bat egin dugu. Kanpazarren dauden barbakoatan bazkaria prestatzea.

Guretzat apropos utzitako barbakoa bat zegoen alboan mahaia zuela. Han bazkaldu dugu eta arratsaldean Oriora etorri gara.

Gaurko gaua ere Orion pasatuko  dugu, aspaldiko partez zubi azpian autokarabanaz.

Hemen aitona eta amamarekin elkartu gara eta oso ondo pasatu dugu elkarrekin kartatan jokatzen.

Bihar paseo bat emateko asmoa daukagu goizez. Eta arratsaldean, lagun zaharrekin elkartzea tartetxo batean gozatzeko.


Aspaldiko!!!

Ekaitzaren ondotik barea datorrela esan ohi da, eta urte eta erdi ondoren, aspaldi ikusi gabeko lehengusu eta lagunekin elkartzeko eguna izan da gaur.

Goizez Ion, Mirentxu, Kepa txika, Paul eta Garazirekin Itsaspeko buelta egin dugu. Eguraldi bikaina eta elkarrizketa atseginak izan ditugu bidean.

Ondoren tio Jabier eta tia Estherrekin tertulian egon gara Orioko kanpineko tabernan.

Zubi azpian bazkaldu ondoren, Ulian elkartu gara, azken aldiz elkartu ginenean bezala. Mikel, Marian, Irati eta Ibairekin egoteko gogo handia geneukan. Denbora ez da alperrik pasatu, eta Ibaik sekulako hausnarketa egin du elkar ikusi bezain laister. "Ze haundi egin zareten!!!" esan digu. Eta benetan gehien hazi dena bera izan da.

Beste behin ere, arratsalde ederra pasatu dugu lagun onen konpainian.

Ilundu denean, hurrengora arte agurtu eta autokarabanan sartu gara. Seguru hurrengo egonaldia urte eta erdi pasa baino askoz lehenago egingo dugula.