2021(e)ko martxoaren 31(a), asteazkena

2021eko Aste Santua

Coronalboan

Denbora gehiegi kendu digu konfinamenduak. Poliki eta luze joan den urtebete. Corona Aventuran egon ginen joan den urteko Aste Santuan, baina, etxetik irten ezin ginenez, ez genuen patrullaren blogean ezer idatzi.

Aurtengoan bai. Ozta-ozta konfinamendu perimetrala sahiestu ondoren, datozen egunotan izango dugu bizikletan paisaiaz gozatzeko aukera. Eta noiz arte ez badakigu ere, astelehenerarte behintzat hainbat ibilbide egiteko asmoa daukagu.

Gaur iluntzean, bizikletak aldean ditugula, Landako parkinera iritsi gara. Afaldu eta karta joko batzuen ondoren, biharko indarrak hartuko ditugu. Wikiloc aplikazioaren bidez, urtegiari buelta emateko ibilbide bat lortu dugu, eta 40km luze dituen arren, poliki-poliki egunean zehar egiten joatea da asmoa. Lurrek ere egin dezan, tarteka aurrera eginez eta erritmo motelean joatea komeni zaigu.

Umore onez hasi gara eta ez da gutxi...


Landa - Landa

Goizean goiz gosaldu eta Ertzainek bide bazterrean aparkatzea debekatuta dagoela esan ondoren, berriz, lo egin dugun Landako parkinera itzuli gara. Bizikletak jaitsi, dena prestatu eta hasierako argazki ofiziala atera ondoren, bideari ekin diogu.

Ez naiz ibilbide guztia kontatzen hasiko, baina hiru detaile txiki bai.

Urtegiaren iparraldeko zatiko 12 Kilometroak bikainak dira. Oso polita eta erraz egiteko bidea. 

Ez diogu urtegi guztiari buelta eman azkenean. Urtegi erdikaldean dagoen zubia beste aldera zeharkatu eta handik etorri gara bueltan. Benetan buelta osoa denari, 10 bat kilometro jan dizkiogu.

Lur beldurtuta pasatu da ur gaineko zubitik.

Haraino oso ondo joan gara, baina pantanoaren beste aldeko bidea guztiz ezberdina da. Lehorragoa, malkartsuagoa, aldapatsuagoa... orokorrean, polita da buelta osoa eman diogula esatea, baina politean pentsatuta, politagoa litzateke zubia zeharkatu gabe bide beretik itzultzea.

Behin Zuhatzako irlarako materiala dagoen portutxoa pasatuta, agian hobe litzateke autoen bidetik 9 bat kolometro egin eta Ulibarri Ganboara mendiak zeharkatu gabe joatea. Baina Lur ere gurekin zetorren eta ez zaigu ideia ona iruditu aldaketa hori egitea.

Geroago damutu gara hartutako erabakiaz. Baina hartutako erabakiarekin aurrera egin dugu. Eta noski, bizikletaz ibili baino, bizikletarekin ibiltzen amaitu dugu. 

Dena den, eguerdirako iritsi gara berriz Landara eta autokarabanan bazkaltzeko aukera izan dugu.