2019(e)ko abuztuaren 5(a), astelehena

Senegaleko Dionewar herrira bidaia

Lehenengo eguna
Iritsi da eguna. Uda hasi zenean urrun ikusten genuen egun hau, baina poliki poliki gauzak antolatu ondoren, bagoaz Senegalera.


Bilbotik Madrilera lehen hegaldia egin ondoren, taldean gaua aireportuan pasatzea tokatu zaigu gaurkoan.


Segituan konturatu gara ez dela lo egiteko lekurik aproposena, baina nola edo hala lortu dugu gauean lo piska bat egin eta hurrengo egunean hegazkin berri bat hartzeko indarrak berreskuratzea.


Zerbait azkar azkar gosaldu ondoren, hegazkin berria hartzera joan gara. Ez geunden konturatuta Senegalen beste ordutegi bat daukatela, eta ondorioz gure hegaldia 3 ordukoa izan beharrean 5 ordukoa izango da. Bertan,


 gosaltzeko bazkaria eman digute. Hegaldi ona izan da, eta polita izan da airetik basamortua ikustea.

Dakarrera iritsi garenean, aireportuan gure maleta bat ez da agertu, taldeko beste batzuenarekin batera.


 Bi orduz egon gara erreklamazioa jartzeko ilaran itxoiten (badirudi hemen normala dela), eta handik irten garenean etorri da eguneko bigarren sorpresa (oraingoan ona). Dionewarreko unibertsitate ikasleek sekulako harrera egin digute aireportu kanpoan.
Bertan autobusa hartu eta Djiferrera eraman gaitu tartean geratzen ziren herrietako azokak zeharkatuz eta Senegaleko bizitzarekin ideia bat egiteko lehenengo irudi bat eginez.


Han kaiuko batean sartu gara eta unibertsitateko ikasleen laguntzarekin Dionewarrera iritsi gara. Bertan berriz ere dantza eta kantekin harrera egin digute. Alkatea ere egon da gu agurtzen.


Trasteak etxean utzi ditugu eta berriz ere bazkaldu dugu. Entzuna genuen bezala, arroza eta arraina. Oso goxoa prestatzen dute."Afela" esanez bukatu dugu. (Oso ona dago).
Gelan moskiterak ahalik eta txukunen jarri ondoren, unibertsitateko ikasleekin hitz egiten pasatu dugu arratsalde eta afalordua ere. Harrigarria da ikasteko daukaten grina. Hizkuntza pila bat ezagutzen dituzte, eta ikasteko interes handia daukate.
Lehenengo eguna oso luzea izan da, baina era berean, sorpresaz betea eta interesgarria.

Bigarren eguna


Goizean 9:00etan jaiki eta oso ondo gosaldu ondoren kalera joan gara hondartzatik paseatzen.  Herriko emakumeek elkarte bat daukate eta kalabazak jo, abestu, eta dantza egiteaz gain, kontserbak egiten dituzte.
Alkateak eskerrak eman dizkio Ndank Ndan elkarteari, eta emakumeen elkarteko buruak ere hitz egin du bere ikuspegia emanez.
Mamadouk, Ndank Ndank taldeko presidenteak ere hitz egin du.
Tarteka emakumeen taldekoek kalabaza erraldoiak jo dituzte mutil talde batek bertako beste perkusio istrumentuekin laguntzen zien bitartean.
Dantza asko egin dute, gure taldeko batzuk eurekin dantzara gonbidatuz.


Guzti hau ikusten geunden bitartean herriko umeak gerturatu dira guregana eta gure ondoan egon dira, eskua eman eta gurekin egoteko gogoa adierazi digute, eta eurekin esku jolasak egiten ibili gara amaieran.


Handik irten garenean, etxeko txikiak taxian bidali ditugu etxera eta gu eguzki azpian oinez itzuli gara. Hemengo taxiak nahiko bereziak dira.


Arratsaldean herria ezagutzera gerturatu gara. Bertako lurra areazkoa da, baina txirla oskolekin tapatzen dute. Herri guztia horrela estalita dago.
Ume txikienak oin hutsik ibiltzen dira. Oin azpiak ikusi dizkiogu bat edo beste altzoan hartzean, eta azala gogor gogor dutela ikusi dugu.


Ez daukate zauririk. Dena den, lurra zikinkeriaz beteta dago leku askotan. Plastikoak, lata ordailduak, sokak... umeen oin hutsak ikusteak inpresio handia egiten du, baina eurak pozik dabiltza, lurreko edozein hondakin hartu eta amesten.
Han geunden bitartean, herriko plazan ileapaindegi bateko jabea dj dela jartzen zuen. Atzeko atetik sartu garenean aintzinako altaboz erraldoi batzuk ikusi ditugu, erabiliaren erabiliaz errebentatuta daudela ziruditenak. Auskalo zein soinu egingo duten... beldur piska bat ere ematen du...
Gauean etxera itzuli eta afaldu ondoren ohera joan gara.

Hirugarren eguna
Hamarrak inguruan eskolaren eraikuntzarekin hasi gara.


Bi herrien arteko elkarlana ikustea polita izan da. Eraikitzen laguntzeaz gain, lehengo eraikinaren pertsianak ere lijatu eta pintatuko ditugu.
Herriko umeak gustura ibili dira gurekin batera lanean, eta eskularruak, espatula eta betaurrekoak janzteko irrikatan zeuden.


Han amaitu dugunean, anbulategira bisita egin dugu. Bertako erizainak eakerrak eman dizkio elkarteari Bergarako herria ematen dabilen laguntzagatik.
Bertan tartetxo bat egin ondoren etxera itzuli eta etxetik ordu laurdenera dagoen hotel bat ikustera joan gara Paloma eta biok, Mamadou eta Asierrekin batera. Bertara buelta bat baino gehiago egingo dugula uste dugu.
Bertatik etxera itzultzen geundela, pot egin zuen hotel gune handi bat zeharkatu dugu. Ulertezina da horrelako paradisu batek nola egin dezakeen pot. Orain berrizten dabiltza berriz irekitzeko asmoz. Hau martxan jartzeak herriko familia batzuei diru iturri berri bat eskainiko die. Orokorrean herria ekonomokoki egoera eskasean dagoen arren, ez du inork goserik pasatzen. Arroza eta arraina etxe guztietan dago behar duenari euren janaria eskaintzeko ohitura daukate. Oso eskuzabalak dira zentzu honetan. Dena den, fruta eta horrelakoak jateko aukera ez dute hainbestetan izaten. Herriko umeek gogo handiz hartzen dituzte fruta zatiak.
Arratsaldean umeekin jolasak eta aurpegi margoketa egiten ibili gara. Momentu politak bizi izan ditugu lehen hezkuntzako patioan.


Laugarren eguna
Gaurkoan hegazkinean galdutako maletak iritsi ote diren ikusteko espedizioa egingo dugu Dakarrera. Goizeko zazpietan daukagu zita etxe aurreko kaiukoen geltokian. Bertan elkartu gara Asier eta biok Mamadou eta eskolako obrako buruarekin.


Kaiukoa zain genuen, eta sartu ondoren denbora luzez egon gara itxoiten, gidariak Differrerako bidaiari errendimendu gehiago atera nahi ziolako. Baina denbora luzez egon garela iruditu zaio Mamadouri eta jaitsi eta beste ontzi batera igotzeko agindu digu.
Han geratu da marinela azkenean, bidaiaririk gabe...
Differrera iritsi garenean, portuan jaitsi bezain laister kirats nazkagarria etorri zaigu. Differreko portuan mugimendu handia dago eta lurra zikinkeriaz eta arrain ustelez beteta dago. Ahoa ireki ezinik zeharkatu dugu bertako kaleetako bat, euliak gurekin zetozela zirudien eta batenbat ahoan sartzeko beldurrez.
Bertako herritarrak Dionewarrekoak baino egoera kaskarragoan bizi direla esango nuke.

Gure gaurko irteera honetan ditugun eginbeharrei buruz hitz egiten egon gara laurok taxia iritsi bitartean. Hemen taxiarekin zita pare bat ordu lehenagorako egin behar da orduak eta orduak itxoiten ez egoteko. Mamadouk horrela egin du eta hala ere, ordu erdi eskas bat itxaron behar izan dugu.

Taxia iritsi denean Asierrek eta biok lasaitu ederra hartu digu. Seat Leon nahiko berria da. Hemen ikusten diren autoekin alderatuta, luxuzko kotxea. Beldur ginen bidaia osoa kotxea izorratuta eta bide bazterrean itxoiten egingo ote genuen... baina leoia animalien artean erregea denez... ez dugu arazorik izango.
Bidean aurrera gindoazen egin beharreko lehenengo lanari buruz hitz egiten.

- Eskolaren teilatua erosi behar dugu eta horretarako dirua behar dugu. Beraz bankuan geratu eta... -Mamadouk ezin izan du hitz egiten jarraitu, bide bazterrean zegoen polizia batek kotxea gelditzeko agindu diolako taxistari.
Gu lasai geunden poltsan pasaportea eta maletak erreklamatzeko agiria geneukalako, baina inoiz ez da jakiten zer gerta litekeen.
Taxistak bere papel guztiak aurkeztu ondoren aurrera jarraitu dugu.

Kilometro batzuk egin ondoren, bat batean gure muturren aurrean asto bat azaldu da eta bidea gurutzatzen hasi da ezkerretik eskuinera. Taxistak frenatu du, baina hala ere astoa harrapatuko genuela zirudien momentuan, bolanteari eskumara eman, bidetik piska bat irten, eta astoaren muturra urratuz pasatu gara. Seguraski taxiaren ezker aldean oraindik ere astoaren mukiak egongo dira itsatsita...
Sustoa ederra izan da, baina aurrera jarraitu dugu lasai hizketan eta banku baten bila.

Halako batean Mamadouk taxitik jaitsi eta banku batean sartu irten bat egin du.
- Jende gehiegi dago. Goazen beste banku batera.
Orduan hasi da gure lehenengo helburua lortzeko abentura. Eskolarako teilatua erosteko dirua ateratzea. Uste baino gehiago kostatu behar zitzaigun dirua lortzea.
Mamadou berriz jaitsi da taxitik eta itzuli denean...
- Ez dago dirurik.

Hau izan da egunean zehar gehien entzun dugun esaldia.
Izan ere, mila eta bostehun euro atera behar ditugu, eta hemen ez daude ohituta aurrez eskatu gabe horrelako diru kopuruak eskatzen. Beraz beste hainbat bankutan erantzun bera jaso ondoren, Mamadouk gaurko bigarren lana egitera joatea proposatu digu. Dakarreko aireportura joan eta gure maletak berreskuratu.

Lan hau askoz errazagoa izan da. Maleta gunera sartzeko agiriak erakutsi, mutil gazte bati jarraitu, maletak lista batean zeudela kontrastatu, maletak identifikatu, mutilari eskupeko bat eman eta maletekin aireportutik taxira itzuli kafe bat hartu ondoren.
Pozez zoratzen irten gara Asier eta biok gure maletak eskuetan genituela.
Aireportuan, geuk geneuzkan hemengo diru bilete batzuk aldatzen saiatu gara. Izan ere, euroak aldatzean frankoa senegaldarrak ematen dituzte, baina hamar milako biletetan. Arazoa da horrelakorik ez dutela onartzen Dionewarko eguneroko bizitzan, ez daukatelako bueltak emateko bezainbeste bilete txiki. Beraz herrira itzuli baino lehen, bilete txikiak lortu behar ditugu nola edo hala.

Leku askotan diru bila gelditu ondoren Mbour herrian taxitik jaitsi eta herrian buelta bat emateko aukera izan dugu bertako bizitza gertutik ezagutuz.




Areazko kaleak zeharkatu ondoren, merkatu ondoan zegoen "Tangana" batean jarri gara. Txabola txiki baten barruan mahai bat zegoen eta mahai horren alde batean tortila ogitartekoa eta kafea prestatzen zuen neska eta haren laguntzailea zeuden. Mahaiaren beste aldeetan gu eta beste bizpahiru gizon. Lekua berezia zen eta jan ditugun ogitartekoak, bikainak.


Handik merkatuan barrena, era guztietako dendak ikusi ditugu. Mamadouk regateorako daukan erraztasuna erakutsi digu sandalia batzuk erostean eta honen ondoren dirua emango ziguten lekura joan gara.


Bi senegaldarrak barrura sartu eta gu kanpoan geratu gara. Sartu bezain laister atea giltzaz itxi dutela nabaritu dugu, serraila hots gogor bat entzun delako.
Guk bitartean kanpoko paisaiari so egin diogu eta ahari pila bat saltzen dabiltzala konturatu gara. Astelehenean "Tabaski" jaia ospatuko dute musulmanek, eta jende guztiak jaten omen ditu ahariak egun horretan, beraz alde guztietan halakoak saltzen dabiltza.

Halako batean Mamadou eta Laguna irten dira bankutik diru eta guzti, eta pareko eraikinean zegoen etxe batean sartzera gonbidatu gaituzte. Barruan aurkitu duguna hemengo etxe gehienetan aurki daitekena da. Familia oso bat, biloba, guraso, lehengusu, aiton amona eta etxetik pasatzen den edozein lagun. Mamadouren jostun irakaslea zen aitona. Gizon bizardun eta argala. Gurekin Dionewarren lanean dabiltzan taldekide batzuek lo egiten duten etxeko jabearen aita da. Laminena hain zuzen.


Bi aulki atera, bertan jartzeko esan eta ur baso handi bat atera digute. Ura edateko puntuan nengoela, Asierrek berak ez lukeela edango esan dit eta arrazoia zuela konturatuta, botilakoa bakarrik edan dezakegula ulertarazi die.
Oso eskuzabalak dira hemen, eta duten gutxia besteei emateko ohitura daukate. "Tubab" txuriok asko daukagu eurengandik ikasteko zentzu honetan.
Tarte bat egon ondoren, argazki pare bat atera eta eskerrak emanez irten gara.

Kanpoan beste taxi bat geneukan zain. Lehenengoa itxuraz gure Mbour herriko abenturekin itxoiten aspertu eta bere lagun baten esku utzi gaitu. Citroen Picasso bat. Ez da aurrekoa bezain berria, baina barruan jartzeko espazioa handiagoa da.
Bertan sartu eta merkatua zeharkatu dugu pintura, saskibaloi kamiseta bat eta fruta erosiaz.


Obrako burua bertan geratu da teilatua erostera joateko dirua poltsikoan zuela. Ea teilatu txukuna erosten duen.

Bueltarako bidean gentozela, bide bazterrean ikusi dugun tabernatxo batean geratu eta ur botila bat eta  bi garagardo "La Gazzele" botila erosi ditugu lan guztiak egitea lortu dugula ospatzeko.
Topa egin eta taxian sartu gara etxera bueltatzeko.

Bidean Baobah erraldoi baten azpian geratu gara haren handitasuna bertatik bertara sentitzeko.
Ondoren Djifferrera iritsi gara eta eulien portua zeharkatu ondoren kaiukoan itzuli gara maleta eta guzti. Lortu dugu egin beharrekoa, eta ez da gutxi.


Bizitako abenturaren ondoren, agian oraindik eskerrak eman behar dizkiogu hegazkin konpainiari emandako aukeragatik...

Arratsaldea lasaia izan da. Hondartzako zuhaitz azpian egon gara. Gauean, konturatu gabe etxeko atarian trikiti, whistle eta Landerren kutxarekin taldekideak eta bertako unibertsitari eta sukaldariak dantzan jarri ditugu. Zubia eraiki da!!!

5. ,eguna.
Atzokoaren ondoren egun lasaia izan da. Taldekide batzuk anbulategira joan dira goiz eta arratsalde Bergaran jasotako betaurrekoak banatzera. Besteok berriz aurrez hasita geneukan eskolako pertsianak lijatzen eman dugu goiza. Poliki bada ere, badoa aurrera egiten gabiltzan lana.
Arratsaldean libre izan dugu eta etxe inguruan ibili gara lasai musika jo eta deskantsatzen.

6.eguna
Gaur goizean ere eskolako lanarekin jarraitzera joan gara tarte batez.
Arratsaldean berriz, azkar bazkaldu ondoren, bi kaiuko hartu ditugu eta Dionewar irlari buelta eman diogu delta piska bat ezagutzeko. Irteera polita izan da eta ateratako argazki batzuk ere oso politak izan dira.


Handik itzultzean, gaur datozen bisitari bereziei harrera egiteko gogoz hondartzara joan gara trikitixa eta guzti. Kotxez abentura handian barneratuta dauden Txetxu, Marian, Irati eta Ibai datoz.
Musika jotzen ibili gara euren kaiukoa pasatu dela jakin gabe, baina ez zetozenez etxe ondoko hotelera gerturatzea erabaki dugu. Bertan aurkitu ditugu eta gurekin afaltzera gonbidatu ditugu. Gustura egon gara eurekin afaltzen eta baita afal ondoko tertulian ere.

7. eguna
Goizean herriko kaleak zeharkatu ditugu Ndank Ndank eskolara joateko.
Han elkartearen laguntzaz izan dituzten onurei buruz hitz egin digu zuzendariak, eta hango patioaz gain, gelak ere ikusteko aukera izan dugu.
Jarraian herriko kaleetan barrena ibili gara etxerako bidea egiten
Arratsaldean herriko plaza garbitzen laguntzeko asmoz joan gara, Tabaski egunerako dena txukun egon dadin. Arrituta geratu gara hara iritsi eta ordurako herritarrek guztia jaso dutela ikustean.
Etxera itzuli, hoteletik buelta bat egin eta Bergarako familiarekin azken afaria egin dugu. Bihar goizean kaiukoa hartu eta Mauritania aldera joango dira.


8. eguna
Gaur Tabaski eguna da. Oso egun berezia musulmanentzat. Azken egunotan jendea herrira etortzen ikusi dugu gure etxe aurrera iristen ziren kaiukoetan.
Atzo gauean Mamadouk eskaera berezia egin zidan:
- Bihar goizean altaboz txikia eramango dugu musulmanen ekitaldi nagusira eta "imanari" mikrofonoa jarriko diogu.
Zur eta lur geratu nintzen hau entzutean. Oraindik ia probatu ere egin gabe geneukan 300 wattioko altabozarekin haren ahotsa plaza guztian entzun arazi? Bibliak kontatzen duen ogia eta arrainen pasartea baino zailagua iruditu zitzaidan, baina aurrera. Ez dago beste erremediorik.
Ospakizuna hasi baino 5 minutu lehenago iritsi gara bi "Tubab" herriko plazara. Altaboza ondo erregulatu eta plazako atzeko aldean jarri gara.
Oraindik ezin dut sinetsi entzun den bezala entzun izana. Gaurkoan ere milagroa egin dugu.
Haren ondoren, imanak ahariak hiltzeko baimena eman du eta unibertsitateko ikasle baten etxera gonbidatu gaituzte. Iritsi garenerako aharia zintzilik eta hilik zegoen, baina larrutzen laguntzen utzi digute, eta ondoren gibela guk jateko prestatu dute patata, tipula eta saltsa pikante batekin. Ez geneukan hura jateko gogo handirik, baina esker onekoak gara, beraz hainbat zati jan eta ia platerra hustu dugu. Eskerrak eman ondoren, bero itzelaren azpian eta ia indar gabe etxera gentozela Mamadou agertu da astoak tiratutako Taxiarekin. Bi aldiz pentsatu gabe, karrora igo eta etxera iritsi gara benetan nekatuta.
Eguerdian haragia plantxan prestatu dugu eta lasai bazkaldu ondoren, tabaskirako bereziki prestatutako arropak jantzi ditugu.


Herrira sartu garenean, trikia, panderoak, whistlea eta kutxarak jo ditugu eta kalejira polita egin dugu herritarrek harriduraz begiratzen gintuzten bitartean. Geroago gurekin dantzatzera eta elkarrekin musika jotzera animatu dira.
Interakzio handia egon da herritarrekin eta osogustura ibili gara.
Ilundu duenean, etxera itzuli gara nekatuta. Kalkulatu dugunez, 12 bat kilometro egiten ditugu egunero.
Hau dela eta, biharko eguna relax egun izendatu dugu.

9. eguna
Relax eguna da gaurkoa. Egun guztia etxe inguruan pasatu dugu.


Relaxaren ondoren,  bazkal ostean, Anttonek eta biok Ndank Ndank abestian txalaparta grabatu dugu eta Djibril txikiak ahotsa grabatu du beste abesti batean.

Ondoren kainaberak hartu eta arrantzale bilakatu gara.


Dena den ez dugu ezer harrapatzerik izan, baina bihar berriz saiatuko gara.

10. eguna
Hemen ez da ordularirik behar.
Goizean tartexo batez eltxo baten mugimenduei begira egon naiz moskitera barrutik. Inongo presarik gabe ibili da denbora luzez sartzeko bidetxo baten bila. Oraingoz behintzat ez du zirrikiturik aurkitu, eta ez da gutxi...


Gaur hiru lan ditugu goizerako. Anbulategian betaurrekoak banatzen jarraitu, eskolan pertsianak margotzen hasi eta emakume taldea Ndank Ndank abestia abestu eta kalabazekin jotzen grabatu. Bakoitza berera joan gara. Lander, Enara, Itzal eta Paloma eskolara, eta Aitzol grabaketa egitera.

Eskola eremuan iritsi orduko lanean hasi gara. Grabaketan berriz, zita hamarretarako egin eta inor ez da agertu. Ia bi ordu beranduago lortu dugu emakume guztiak elkartu eta abesten, kalabazak jotzen eta txaloka grabatzea. Abesteko atala erraz eta ondo egin dute. Perkusiozko zatian berriz arazo gehiago izan dituzte abestiaren erritmoarekin batera grabatzeko. Dena den artistak dira, eta uste dut lortuko dugula abestiaren barruan euren zatitxoa txukun sartzea.

Anbulategian ere lana oso txukun egiten dabiltza eta dagoeneko betaurreko pila bat banatu dituzte. 

Bazkal ondoren, Sana, unibertsitaria gure etxe aurrean zegoen lagunekin jarrita. Berak eta beste lagun batzuk ere abestian parte hartuko dute, eta denbora aurrera doanez eta onoiz guztiok elkartzea lortzen ez dugunez, abestian bere zatia grabatzera gonbidatu dut. Erraz grabatu ditu abestu beharreko zatiak eta ahots lodi ederra abestian oso egoki geratu da.

Amaitu dugunean, arrantzan egitera joan gara. Atzokoan ez geneukan amuan arrainei jartzeko janari duinik eta noski, ez genuen uretatik  ezer ateratzerik lortu. Gaurkoan berriz ganbak lortu ditu Mamadouk gauean afalduko ditugun pasteltxoetarako erositakoetatik batzuk apartatuz.

Horrelako janariarekin arrainek itxu itxuan heltzen diote Mistic Reagge abeslariak utzitako kainabera zaharren amu erraldoiei. 
Lau itsasoko karpa atera ditugu. Hiru txiki itsasora itzuli eta handia afaltzeko ekarri dugu etxera.
Tubab-ok oso oker gabiltzala ikasi dugu gaur. Atera ditugunak ikusita, ez da beharrezkoa kainabera berri, handi eta distiratsuak erabiltzea. Benetan beharrezkoa dena itsaso azpian arrain handiak egotea da. Hemen badaude eta Euskal Herrian, gutxiago.


Guk inoiz ez dugu han arrain handirik atera. Gaur hemen jaso dugun arrainik txikiena hango handiena baino handiagoa izan da, beraz, atera kontuak...

Atzoko relax egunaren ondoren gaur gorputzak mugimendua eskatzen zigun eta egindakoak eginda, gustura joan gara ohera.

11. eguna
Gaurko egunerako herrian Dionewar eta Senegaleko kulturako hainbat erakustaldi antolatu dituzte.
Bertara iritsi garenean, herriko pelukero dj-ak bere ekipo guztia montatatuta zeukan plaza erdi erdian.



Gure aldetik, plazan bertan txalaparta montatu dugu eta Antton ibili da gerturatu diren umeei azalpenak ematen.
Euskal musikako abesti batzuk ere jarri ditugu megafoniatik.


Ondoren eguneko lehen ekintza etorri da. Gutako batzuk eta herritar batzuk nahastu gaituzte estropada batean parte hartzeko. Taldekideen arteko koordibazioa faltan bota dugu momentu batzuetan, baina dibertigarria izan denik ezin da ukatu.


Estropada egin ondoren, herriko emakumeen saioaren txanda izan da. Berriz etorri dira kalabaza eta guzti.

Amaitu dutenean, Asier buru genuela, aurreskua dantzatu dugu plazan bertan. Ondoren fandango eta arin arina ere jo ditugu.

Guztia amaitu denean etxera joan gara.

Arratsaldean ezer jasotzeko asmorik gabe joan gara arrantzara. Eta hala izan da. Gaur ez da arrain bat ere sartu gure poltsan.
Egia da denbora gutxi egin dugula bertan, izan ere, arratsalde erdirako herriko borroka eremuan Senegaldar borroka erakusketa ikusteko zita geneukan.

Gerturatu gara eta tarte luze batez itxoin ondoren, hasten ez zela ikusita, ondoan bizi den artisau baten etxera eraman gaituzte. Dionewar herrian izandako hainbat gertaera kontatzen dituen eskuz eginiko dekorazio kaiukoa erakutsi digu.
Azkenean ezin ozan ditugu borroka ofizialak ikusi berandutu egin delako, baina taldeko batzuk ikusi dute eta ikuskizun polita izan dela kontatu digute.

12. eguna
Gaur goizerako bi ekintza geneuzkan antolatuta.
Lehenengo orduan herriko arrantzaleek sarearekin arrantza nola egiten duten ikustera joan gara. Itsaso bazterrean itsasontzirik gabe uretan sartzen dira eta poliki poliki sarea batzen joaten dira arrain guztiak bazterrera ekarri arte. Horrela tamaina guztietako arrainak eta karramarroak ateratzen dituzte, ondoren handiak jaso eta txikiak berriz itsasora bueltatuz.


Afaria segurtatu ondoren, Vera la soƱadora ipuinaren ikus entzunezkoa proiektatu dute. Gutaz aparte herriko haurrak egon dira proiekzioa ikusten, eta amaitu ondoren eskolako patioan protagonistaren irudia margotzeko aukera izan dute. Oso gustura egon dira umeak denbora luzez margotzen.

Bazkaldu ondoren lasai egon gara, eta arratsaldeak aurrera egin ahala, unibertsitateko ikasleekin batera ikusteko beste proiekzio bat izan dugu. Jende asko egon da azken hau ikusten.

Eguna amaitzeko, goizean arrantzan egindako arrainak afaldu ondoren, unibertsitateko ikasleek hondartzan jai bat antolatu dute eta han egon gara beraiekin dantza eta dantza. Sinestezina da erritmoa eraman eta jaia egiteko duten gaitasuna.


Sana eta Azanek edozein lekutan jaia sortuko lukete. Bihar berriz dantza egingo omen dugu... ikusiko da.

13. eguna
Etxera itzultzeko eguna gerturatzen hari da. Eguna etxe inguruan pasatu dugu gaur. Azan eta Sana goizean abesti batzuk grabatzera etortzekoak ziren, baina ez dakigu zein arrazoigatik ez diren agertu.
Taldekide batzuk herrian azken lanen bat egiten ibili dira eta besteok lasai egon gara.
Guztiok batera bazkaldu ondoren, lehen agurra iritsi da. Taldekide batzuentzat gaur izan da Dionewarren azken eguna.

Agurrean hitz politak entzun ditugu taldekide ezberdinen aldetik, eta laburpen bezala, talde ona osatu dugula eta Eli eta Mamadouk sekulako lana egin dutela aipatuko genituzke.
Kaiukoa iritsi denean negar eta irribarre artean agurtu ditugu lagunak.


Bihar gu izango gara kaiukoan joango direnak, beraz ideia bat egiten joateko balio izan digu gaurko esperientziak.

Afaltzeko orduan gure etxe ingurura ikasle pila bat etorri dira eta atzo gaueko estiloko jaia egitea zuten asmoa, baina euria hasi da eta guztia pikutara joan da. Agurra bera ere oso arraroa izan da euripean. Ikasle batzuek bihar goizean agurtzera etorriko direla esan digute, eta atertzen badu, agurra bereziagoa izango dela uste dugu. Dena den, egunak gaua dakarrelako eta hasten den guztia amaitzen delako, biharkoa Senegalen egingo dugun azken eguna izango da.


14. eguna
Goizean goiz jaiki gara maletak egin, gosaldu eta Senegalen beste astebetez geratzeko asmoa daukaten taldekide batzuk agurtzeko.
Ordubete beranduago gu izan gara Dionewardarrak (sukaldariak, umeak, unibertsitariak, inguruko bizilagunak...) besarkada eta negarmalko artean agurtu eta kaiukoan Djifferrerako bidean jarri direnak.
Unibertsitari batzuk gurekin etorri dira Dakarrerako bidean autobusa aprobetxatuz. Egia esan ez da agur berezirik izan. Geroago ikasi dugunez, oso sentiberak dira, eta inork negarrez ikusi baino lehen alde egiten dute. Horixe bera gertatu zen atzo eta harrituta geratu ginen. Gaur berriz aireportuan Azan eta Musak gauza bera egin dutenean, guztia ulertu dugu.
Dakarrerako bidean Senegalgo alde turistikoa ezagutu dugu. Somoneko hondartzara joan gara. 


Hara iritsi baino lehen Cambrillsen estiloko herri batzuetatik pasatu gara. Bertako etxebizitzatan ikusten da maila ekonomiko eta sozial ezberdina dagoela. Honekin batera, beste herri guztietan ez bezala, lehenengo kuboak ikusi ditugu zaborra botatzeko. Ingurua askoz ere garbiago eta zainduago dago.


Senegalen hobetzeko daukaten oinarrizko behar bat zaborraren kudeaketa da. Hau hobetzearekin bakarrik herrialdearen hobekuntzan aurrerapausu handia egingo dute.


Dakarrera iritsi garenean arazorik gabe hartu dugu hegazkina eta ekaitzaren ondorioz piska bat beranduago aireratu garen arren, hegaldia ondo joan da, eta Madrilera hitzartutako orduan iritsi gara.