2017(e)ko apirilaren 23(a), igandea

Irlandara Bidaia

2016ko udaran egin genuen bidaia hau. Frantzia karabanarekin zeharkatu eta Cherbourgen ferrya hartu genuen Rosslarera iristeko. Frantziako Bourdeaux eta Nantesko kanpinetan egon ginen eta azken hau bereziki gustatu zitzaigun, kanpin ondoan txirristak zituen igerilekua zegoelako. Itzal handitzen denean berriz itzuliko gara denok txirrista handian ibiltzeko.


Hurrengo egunean ferrya hartu eta Rosslarera iritsi ginen. Bertan hasi zen gure Irlandako bira.


Rosslareko kanpinean sekulako haizea zebilen eta beldur ginen bidaia guztian horrela izango ote zen, baina iparralderantz joan ginenean haizea desagertzen joan zen.
Bigarren kanpaldia Red Crossen egin genuen. Aukeratuta geneukan kanpinean ez zegoen lekurik guretzat eta horregaitik iritsi ginen bertara. Mendiko bide estuetatik zehar iritsi ginen, eta eskerrak ez genuela inor bidean gurutzatu. Auskalo nola egingo genituzkeen maniobrak karabana eta guzti... Dena dela, Red Crosseko kanpina asko gustatu zitzaigun, bertan ibilbide bat zegoen eta animalia ezberdin pila bat zeuden. Baita jubilatuz betetako "autobus hotela" ere. Geroago Irlandako beste lekuren batean ere egin genuen topo eurekin.
Kanpina herrian bertan dago. Ondoan garagardotegi bat dago eta bisita gidatuak daude hura ikusteko. Inguruan dauden Pub-etan trago bat hartzeko aukera dago kotxerik hartu gabe. Aukera hau ez dugu beste kanpin askotan izan.






Hurrengo egunean Dublinera joan ginen. Bertako kanpina bilatzea asko kostatu zitzaigun eta han ibili ginen aurrera eta atzera karabanarekin. GPSak ez du beti bidea aurkitzen... Dena den, aukeratutako kanpinera iritsi ginenean ez zegoen guretzat lekurik. Bertako langileei gure bidaiaren joan etorriak kontatu ondoren kanpin denden ondoan lekutxo bat egin ziguten eta horri esker Dublin ikusteko aukera izan genuen. Autobus gorriko txartelak hartu eta hiri guztian zehar ibili ginen. Bereziki gustatu zitzaizkigunak alde zaharreko puben kalea, Kilmainham kartzela eta Guinness garagardoaren museoa.
Kanpinean bi ziklista alemaniarrek egin zuten gure alboan lo. 10 bat egun geroago Irlandako beste puntan egin genuen berriz eurekin topo. Ikusi genituenean ezin genuen sinetsi...





Dublingo música denda batean bizitzako lehen concertina ezagutu ondoren, Belfast ezagutzera joan ginen. Bertako kanpinera iritsi ginenean, erromada itxita zegoen eta ez zegoen langilerik.. Gizon batek azaldu zigun kanpineko ordainketa izotz pistako harreran egin behar genuela. Bertan pasahitza eman ziguten eta erromada ireki ahal izan genuen.
Arratsalde/iluntze aldera Belfast ikusi genuen autobus gorrian. Belfasteko alde berri eta turistikoa erakutsi ziguten, eta egia esan gauza asko erakutsi gabe utzi zituzten... Hurrengoan lasaiago joan beharko gara. 
 
 
 
Azkenik Titanic-en museoa ikusi genuen. Garestia zen, baina benetan merezi duela iruditu zitzaigun.
 

 
 
 
Handik iparraldeko kostaldera joan ginen eta Giant's causeway ikusi genuen. Erraldoiaren ibilbidea. Tradiziozko historio oso polita izateaz gain, sekulako kostaldeko bistak eta egitura geologiko bitxiak ikus daitezke.
 
 
 
 

Ipar Irlandatik, Derry ikusi gabe joan ginen karabanarekin kanpina bilatzeko asko desbideratu  behar ginelako eta ez geneuzkan egun gehiegi geratzen zitzaigun Irlanda mendebaldea eta hegoaldea ikusteko.
 
Hurrengo Kanpina Ballyshannon herrian zegoen. Herritik buelta bat eman genuen eta Rory Gallagher musikariarekin egin genuen topo. Bertan jaio zen eta Corken bizi izan zen aurrerago.
 
 
Kanpineko jabea autokarabana erraldoi batean bizi zen eta askotan Andaluzia aldera etortzen dela esan zigun. Kanpina pantano baten ondoan dago eta uretako ekintzak egin daitezke. Guk ez genuen halakorik egin sekulako haizea zegoelako.
 

  
 
Dena den, handik hainbat leku ikusteko aukera izan genuen. Hauen artean Donegal herria. Bertan txukun berriztutako gaztelu zaharra ikusi genuen eta artilezko jertseak lehen aldiz ikusi genituen.
 
 

 
 
 
 
 
 
Ballyshanonen gau pare bat egin ondoren, Castlebarreko kanpinera joan ginen eta bertan aurkitu genituen berriz Dublingo kanpinean ezagututako ziklista alemaniarrak. Arratsaldean, Westport ikustera joan ginen hondartza ikusteko asmoz. Ez genuen hondartza aurkitu eta aurretik pentsatu gabe John Lennonek erositako irla bat ikustera eraman gintuen barku batean igo ginen. Bertako gida irakasle irlandar bat zen eta irlandar hezkuntzari eta bizitzari buruz hitz egiten egon ginen berarekin.
 
 




Geroago, hain entzuna genuen Connemarara gerturatzea pentsatu genuen. Cong herriko kanpinean jarri genuen Karabana. Bertan "Gizon lasaia" grabatu zuten eta herri polita da. Hurrengo egunean Connemarako paisaiak ikusteko aukera izan genuen eta egia esan, bertako kolore berdea eta lakuen kontrastea dioten bezain polita da.
 

 
 
Hurrengo egunean Galway ezagutzera joateko orduan iritsi zen. Karabana Galwayko kanpinean utzi (Scout kanpaldi bateko bi talde erraldoiren ondoan) eta Galway ikustera joan ginen kotxez.

Kale ikuskizunen zikloa omen zegoen, eta sekulako giro ona zegoen kaleetan. Jende asko, magoak, ekilibristak, kontzertuak... Kale bazterrean jarri eta musika jotzen hasteko  gogoa ematen zuen. Pentsa, egurrezko "Tina" concertina erosi genuen Euskal Herrira itzultzean jotzen ikasteko...
 
 
 
Hura ikusi ondoren, hegoalderantz jaitsi ginen.
Dagoeneko denok nekatu samar geunden eta Adare herriko kanpinera iritsi ginenean eguna bertan pasatzea erabaki genuen. Herria berezia omen da, etxe politak etab, baina hura ere ikusi gabe utzi genuen.

Hurrengo geltokia Killarney herria izan genuen. Kanpin txiki bat zen, merkea eta txukuna. Herriak ez dauka ezer berezirik bertako giroa eta pubez gain, baina gustura egon ginen buelta bat eman eta zerbait afaltzen. Kanpin hartan ere bi gau egin genituen egunean zehar bertako inguruak ikusteko aprobetxatuz.
 


 
Goiz batean sekulako bele kantu zaratekin esnatu ginen. Gure karabana ondoan zeuden, zakarrontzia lurrera botata eta lagunei festarako deika. Ordutik Aurrera beleak beste begi batzuekin ikusten ditut.
 
 
 
Hurrengo goizean karabana hartu eta Ballylickeyko Eagle point kanpinera joan ginen. Karabana bertan utzi eta kotxez Ring of Kerry penintsulari buelta eman genion. Afaltzeko orduan Killarneyn geunden berriz. Goizean karabanarekin irten ginen herri berean. Han geundenez, bigarren egunez afaldu eta lotara Ballylickeyra joan ginen. Egun luzea izan zen, baina kotxez kilometro asko egin arren, Ring of Kerryko paisaiak asko gustatu zitzaizkigun eta argazki politak atera genituen.
 
 





 
 

 Ballilickeyko Eagle point kanpina, Galwaykoaren antzera, itsasoz inguratua dago eta jendeak uretako kirolak egiten ditu bertan. Hau izan zen bidaia prestatu genuenean etxean gehien gustatu zitzaigun kanpina eta gogoa geneukan bertara joateko. Egia esan, lekua polita da baina iritsi ginenean eguraldi kaxkarra egin zuen.
 




Bidaiarekin jarraitzeko, Blarney Caravan and Camping parkera joan ginen. Bertatik Cork ikusteko aprobetxatu genuen. Alde zahar polita dauka eta garagardo fresko bat hartu genuen terraza batean umeek gozokiak jaten zituzten bitartean. Irlandan ez daude gozoki denda asko eta orokorrean oso garestiak dira.
 
 

Bidaiaren amaierara iristen geunden. Hurrengo egunean Kilkennyko kanpinera joan ginen. Aurreik ere, Rosslareko kanpinean egon ginenean, arratsalde pasa joan ginen hara eta bertako gaztelua ikusteko aukerarik izan ez genuenez, bueltan bertan gauren bat pasatzea erabakita geneukan.
Hau izango zen gure azken kanpina Irlandan.
Kilkennyn gaztelua ikusi genuen eta asko gustatu zitzaigun. Baita gaztelu kanpoaldeko zelaiak ere. Guztia oso ongi zainduta zegoen.
Afaldu ondoren, zakurren lasterketak ikustera joan ginen. Galgo arrazako zakur pila bat zeuden eta lasterketak astean bitan egiten dituzte. Ez zegoen jende gehiegi, asteguna zelako, baina kuriosoa izan zen hura ikustea.


 

 Hurrengo egunean Irlandako azken txanpa egin genuen. Rosslarera joan ginen eta bazkaldu ondoren Ferrya hartzera joan ginen berriz etxera bueltatzeko. Bidaia polita izan zen eta pena eman zigun bueltatzeak, baina egia esan kilometro asko egin genituen eta nahiko nekatuta geunden.



 

 Irdalndan hainbat gauza ikasi ditugu:
- Jendeak herri txikietan kotxean gurutzatzean agurtu egiten zaitu.
- Bidean zoazela, eurak baino azkarrago bazoaz, baztertu egiten dira eta pasatzen uzten dizute. Eskerrak emateko, emergentziako argiak, eta ez horregatik esateko...argi luzeak (Protokoloa).
- Kanpin gehienetan jangela bat dago norberak bere janariak eraman, prestatu eta jateko.
- Eguraldia oso aldakorra da. Egunero egiten du euria, eguzkia eta lainoa, baina ez da desatsegina. Guri horrela tokatu zaigu behintzat.