2022(e)ko uztailaren 18(a), astelehena

Europatik 5.itzulia

Hasiera

"Bide-urratzaile izan ginen!"

Gogoan daukat duela hamarkada bat, lehenengoz iparraldera bidaia egin genuenekoa. England eta English people.

Bertako batek harrituta begiratzen zigun esanez:

- inozoak zarete ala? Europa guztia Mediterraneora edo Andaluziara doa oporretan bertako eguzki eta tenperatura beroaren bila, eta zuek iparraldera? Zaila da ulertzen...

Gaurkoan bostgarren aldiz udaran Frantziako muga zeharkatzeko bidea hartu dugu. Jakinik, hegoaldean egun batzuetan behintzat sekulako beroa egingo duela. 

Badirudi aspaldi batean txorotzat hartu zituzten batzuek arrazoia zeukatela, eta defendatzen zuten aldaketa klimatikoaren teoriak gaurkotasun itzela duela. Nola azaldu bestela Euskal Herrian hainbat egunetan 40 gradu inguruko tenperatura pairatu beharra?

Gutxienez 20 urtean entzun dugu aldaketa klimatikoaren kontua, eta duela hiruzpalau egunera arte inork ez du neurririk hartu bizi garen mundu tirabiratsu honetan. Orain oso arduratuta dago jende guztia, beranduegi ez al da?

(Urtarrilak 1, Bergara. Telebistan Urte-Berriko kontzertua)

- Bua!!! Ikusi dituzue irudi hoiek? Danubio ibaia, Tiroleko mendiak, musikarien etxeak... joango gara udan bertara?

- Noski. Frantzia zeharkatuta joan beharra badago, dudarik ez! Udako beroaren aurka botika hobea ezagutu genuen Oriñoneko itzalpetan, baina garai hura pasatu zen eta beste nonbait bilatu behar dugu freskura. Zein leku iparraldea baino hobe aire freskoa bilatzeko? Ipar poloan oraindik izotz puska bat geratzen da...

Duela 25 urte ezagututako leku bat aukeratu dugu lehenengo geldialdia egiteko. Murillo de Gallego. Aurrez pentsatu gabe geneukan bidea, baina kasualitatez Itzal eta biok Beti-Bustiko kamisetarekin etorri gara. Kasualitatea edo destinua?

Dena delakoa, baina hemen ere bero!

Horregatik ote daude piragua eta raftinean jaisteko hainbeste aukera?

Badirudi Frantziako muga igaro arte ez dugula tenperatura aldaketarik izango...


Beroak tontotu egiten gaitu!


Murillo goizeko freskura aprobetxatuz ikusi dugu. Herri txiki bezain motza izan da goizak eman digun freskura unea. Egun guztia hara eta hona ibili gara zuhaitz azpi bat eta errekatxoren baten bila.
Bazkaldu itzalpetan egin dugu Tona herrian. Ur freskotan bainatzea ordea ez dugu lortu. Baina urtegi baten erdian ateratzen zen katedral baten dorrea ikusi dugu. Haluzinazioak ikusten geundela iruditu zaigu hasieran, baina ez. Benetakoa zen eta urtegi erditik dotore ateratzen zen haren kanpandorrea.
Beroaren eraginez ia pentsatzeko gogorik ere ez geneukan.
Eskerrak azken momentuan kopilotoak begirada azkar batekin gure azken jomugarekin asmatu duen.
Bertako hondartza ikusi dugu eta autokarabana parking batean egingo dugu lo.


Biharko bero handiagoa iragarri dute, eta Frantziako muga pasatuko dugu. Freskura piska bat lortuko dugulakoan.

Platja D'Aro

Platja D'Aron egin dugu lo. Atzoko eguneko bidaiak nekatuta utzi gintuen eta gaurko gaua ere hemen egitea pentsatu dugu. Izan ere, Frantzian bero dago eta berotan egoteko, alperraren  legea, "mugitu ere ez!".

Arratsaldean Partxis partida luzea jolastu dugu. Irabazlea betikoa; PALOMIX!

Eguzkiak piska bat baretu duenean, hondartzara joan gara freskatu bat hartzera, eta benetan freskatu gara. Aspaldi itsasoan horrelako gustura egon gabe. Ur gardena eta epela.

Gauean aparkalekutik mugitu gabe, inguruko fauna eta flora ezagutu ditugu. Alde batetik, dagoeneko hain gorroto ditugun kainaberak genituen inguruan.

Beste alde batetik aurrean geneuzkan gruatan lo egitera etorri diren kaio pila. Lokartu baino lehen abestu ere egin dute, Enararen ikastaroko "Canto común"-etan bezala. 

Eta azkenik, lasai asko geundela, eta herri erdiko parkinga dela kontuan hartuz, lasai-lasai basurde bat pasatu da gure aurretik. Lurrek zaunka egin dio, baina ez digu kasurik egin.  Bazirudien garbi zeukala zein diskotekatan geratuta zegoen Shakirarekin dantza egiteko...

Azken hau hain azkar pasatu denez, ez dugu argazkirik ateratzeko aukerarik izan, eta kamerako espazioa bihar goizerako uztea pentsatu dugu. Dirudienez jende famatu askok etxea omen dauka hemen inguruan, eta eurekin argazkiak ateratzera joango gara goizean.

Platja D'Aro, Empuriabrava eta Peralada

Ondo deskantsatu ta jaiki, gerizpean gosaldu eta famatuen etxe bila egin dugu goizeko ibilaldia. Ez ilusio berezia egiten zigulako, baina txakurrarekin buelta bat egin nahi genuen eta  VIP zona ezagutzera joan gara. Tina Turner, Piqué eta Shakira, Tita Cervera eta beste hainbat ezagun hona etortzen omen dira mundu mediatikoki ihes egin nahi dutenean. Eta benetan egiten dute ihes, ibilbide guztian inor ez dugu ikusi eta...


Disgustoarekin, autokarabana hartu eta herri txiki bateko area batean bazkaldu ondoren, Empuriabravara joan gara, frantsesekin harremanetan ohitzen joateko. Bihar bai, muga zeharkatuko dugu eta prestatuta egon nahi dugu datorkigunerako.

Frantses pila bat aurkitu ditugu bertan. Arratsaldeko 18:00etan afaltzeko leku bila hasten diren horietakoak. Eta 19:00etan afaltzen daudenak, noski. Agian goseak geratzeko beldur dira eta horregatik afaltzen dute hain goiz. Egia da, Frantzian gerra asko izan dituztela, eta hau izan daiteke euren urduritasunaren eragina...baina ez dituzte Donutsak jaten. Hauek moko finekoak dira...itsaskiak jaten dituzte.

Frantsesek afaltzen zuten bitartean, Lur zaintzeko txandak eginez, hondartzan banatu eta dutxatu gara berriz. Gustua hartu diogu Mediterranio itsasoari. Labur esateko, Donostiako Kontxako hondartzaren antza dauka. Bare barea eta bero beroa.

Freskatu bat hartu ondoren, gidaria aldatu dugu eta Peraladara eraman gaitu bertako beste kainabera sail baten aurrean lo egiteko.

Udan kontzertu pila bat egoten dira gazteluko auditorioan, baina berandu Iritsi gara eta gaztelu ingurutik emandako bueltatxo batekin konformatu beharra izan dugu.

Gaur gauean ere freskuran lo egiterik ez da izango...

Frantziara sarrera

Goizean esnatu, gosaldu, GPStik autopista eta autobideak ezabatu eta kostaldetik Frantziara bidean jarri gara.

Oso kostalde polita ikusten joan gara ia bide guztian. 

Bidean abenturaren bat ere pasatu behar izan dugu, Mouseholen gertatu zitzaigun bezala. Baina han ondo ikasi genuen eta geldirik geratu gabe, gure aurrean zegoen trailer erraldoiaren aurretik ihes egin eta herritik bueltatxo bat egin dugu autokarabanarekin ia mugitzea zaila zen kaleetan zehar. Dirudienez oso ohikoa da horrelakoak gertatzea, eta bertako gizon batek lagundu digu aurrera egiteko hartu behar genuen bide egokia aukeratzen.

Handik aurrera bidea disfrutatuz etorri gara. 

Benetan herri politak ikusi ditugu! Tentatuta ibili gara bazterrean geratu eta hondartzara joateko, batez ere behin Frantzian sartuta geundela. Baina poliki- poliki aurrera jarraituz, azkenean eguerdirako gure gaurko helmugara iritsi gara. 

Le Barcares izeneko herrian dagoen autokarabana parkinean pasatu dugu arratsaldea, eta hondartzan saltoka eta argazkiak egiten ibili ondoren, bertan afaldu eta lo egingo dugu. 



Lekua asko gustatu zaigu eta hurrengorako ere eguna eta gaua pasatzeko aukera polita izan daiteke. 

Palavas-Les-Flots

Gaurkoan beroari aurre egiteko estrategia aldatzea pentsatu dugu. Autokarabanaren kokapena aprobetxatuz, goiz osoa haize freskoa hartuz egoteko aukera izan dugu toldo azpian. Biolinak eta baxua jo, irakurri, letrak marraztu... bakoitzak bere aukera.

Eguerdian nahiko goiz bazkaldu dugu eta ondoren bidean aurrera egin dugu. Gaurkoan gainera Mousehole berriz gogoan izan dugu. Egunen batean asmatuko ote dute ibilgailuaren neurriak kontuan izanda, bide egokia adieraziko duen GPSrik? Ez da gauza bera Inocenti batean edo autokarabana batean bidaiatzea, baina bidea planifikatzen duenak, denontzat berdin egiten du, eta gaurko bidea momentu batzuetan estuegia zen. Azkenean, hainbat kotxerekin gurutzatu ondoren, lortu dugu bide meharretik irten eta geneukan helmugara iristea.

Parkina kanal pare baten bitartean dago eta leku polita da. Herria, turistikoa eta jende dexente zebilen. Cow Boy jantzita dantzan zebilen talde bat ere ikusi dugu kalean. 

Baita erreka zeharkatzeko muntatuta daukaten telesilla sistema bat ere.

Autokarabanan afaldu dugu eta ostirala izanik, bazirudien ondoko autokarabanako bizilagunek festa luzea izango zutela, familia guztia gonbidatu dutelako bertan afaltzera. Beldur ginen noiz arte egon beharko genukeen zaratarekin lo egin ezinda. Baina ez dugu ahaztu behar frantsesek ez dutela Frantzian gaupasarik egiten. Beste leku batzuetan agian bai, baina hemen, pentsatu ere ez. Hemen dena oso lasai dago...


Eta horrelaxe, segituan isildu dira eta lo egiteko aukera izan dugu. Baina lehenago kanpoan egon gara euria egingo duela esan duelako predikzioak. Ekaitza zetorrela eta freskatu nahi genuen euri azpian...baina abesten hasten ez bagara behintzat, ez dauka euri itxurarik. 

FRESKATU DU BEHINTZAT!

Quai Jean Berandy (Carro)

Goizean barkuak entzunez gosaldu dugu. Musika jo, irakurri, letrak marraztu...eta eguzkiak  gerizperik gabe utzi gaituenean, autokarabana hustu eta hurrengo helmugaren bila joan gara.

Martigues herritik aurrera jarraituta dagoen lur mutur batera etorri gara. Carro izena dauka eta Euskal Herriarekin alderatuta, Muskiz etorri zaigu burura. Ezagutzen ez genuen zubi estilo bat (birakaria) etorri zaigu begi bistara bidean gentozela, eta Bilbaoko Deustuko zubia gogora ekarri digu.

Ondoren, metal lantegi handi bat, eta errematatzeko, Petronorren estiloko lantegi handi bat. Hauek pasatu ondoren iritsi gara gure helmugara.

Partxis partidaren ondoren, gaur larunbata izanik, eta beste batzuetan tokatu izan zaigun bezala, parkinetik ehun metrora barrakak eta kontzertu bat egingo direla ikusi dugu, beraz, badugu afal osterako plana.

Herritik buelta bat ematera joan gara bitartean. Benetan leku lasaia eta polita da, eta autokarabana parkina handia eta itsaso inguruko plaza tokatuz gero, oso ingurune polita ikusten da. Itsasoa inguratuta.



Sainte-Maxime, lamien herria

Eguneroko errutina egin dugu goizean eta hiru ordu inguruko bidaia ondoren.

Bihar Niza eta Monakotik pasatzeko asmoa daukagu eta aparkatzea oso garestia denez, eta lapurretak egoten direnez, legezkoak eta legez kanpokoak, ba besterik ez bada autokarabanatik ikusiko ditugu hiriok. Batez ere Monako ikusteak egiten digu ilusioa.

Kontua da, bidea luzeegia izan ez dadin, ba gaur gauean ahalik eta gertuen lo egitea komeni zitzaigula.


Hona iritsi garenean, parkina ez zaigu gehiegi gustatu, batez ere bero handia egiten zuelako eta eltxo asko zebiltzalako belarretako freskuran. Hauek ere ez dira inozoak...

Dena den, bistarako gogorrena kaletik bueltatu garenean ikusitakoa izan da. 

Laurogei urtetik gorako emakume potola bat bikini txiki bat jantzita, autokarabana urez kargatzeko erabiltzen den iturri azpian jarrita, gorputz guztia xaboituz eta dutxatuz, Euskal Herriko lamia bailitzan... Latza benetan ikusitako eszena. Torrenteren pelikula bateko sekuentziarik kutreenarekin alderatuta, askoz ere gogorragoa egin zaigu hau ikustea. 

*Nahiago izan dugu argazki hau ez publikatzea.

Agian gaur gauean ez dugu lorik egingo, eta noski...bihar goizerako ura kargatzeko beste iturriren bat bilatu beharko dugu. Baina biharkoak bihar egingo ditugu, eta ea ba gauean lo egiteko moduan gauden...

Amaiera eta hasiera (Sospel)

Lo gutxi egin dugu atzoko irudia burutik kendu ezin, eta gainera bero itzela egin duelako.

Goizean presa gabe jaiki gara eta bidaian irten baino lehenago urak hustu eta betetzera joan garenean eguneko lehenengo sorpresa hartu dugu. Lamia komuneko ur zikinak (beltzak) botatzen ditugun tapan jarrita dutxatu zen.

Notizia ona? ba ura kargatu dezakegula bidoian, eta edateko ura izango dugula.

Bidean Cannes, Niza eta Monako ikusi ditugu. Gaurkoan ere GPSak Mousehole batean sartu gaitu, baina suertea lagun izan dugu eta tentsio minutu batzuk pasatuta, Monakoko sarreran geunden. Datu guztiak deskonektatuta, noski! Bestela hor ere legalki lapurtuko ligukete... 

Kontua da Monako barrutik F1eko ibilbidearen zatitxo bat egin dugula eta "Pole position"etik irtetzea tokatu zaigula. 

Bertatik bertara frogatu dugu Monakon zer mugitzen den. Nibela eta estetika.


Balenciagaren denda bat ere ikusi dugu, baina ez da gure estiloa eta ez gara sartu. 

Sartu bagina, sagardo botila batekin sartuko ginateke, Getariko txakolina baino, nahiago dugula Orioko sagardoa esanez.

Handik irtenda, Frantziako Alpeen eremura gerturatu gara. Sospel herrian dagoen autokarabana parkinera.

Konturatu gara hau dela gure bidaian Alpeen hasiera eta hemendik aurrera Alpeen inguruan ibiliko garela. 

Gaur bai, zuhaitz azpi batean dago parkinga, itzalpetan eta airea mugitzen dela. Gaur ondo egingo dugu lo dudarik gabe. 


Egun gehiago hemen geratzeko gogoa ematen digu. Baina Cremona ingurura joan nahi dugu Stradivarius bibolinen museoa ikustera, eta horretarako Italiara pasatu beharra daukagu.

Beraz, hasiera eta amaiera asko ditugu gaurkoan.

Beroaren amaiera, Frantziako kostaldearen amaiera...

Alpeen hasiera, tenperatura freskoagoen hasiera, Italiaren hasiera...

Gure bidaiaren bigarren atala hasten dela esan dezakegu. Ea orain arte bezain ondo pasatzen dugun...


UFFFF...(Genova)

Gaur goizean Sospelen lasai asko egon gara eta arratsaldez Genovara bideari ekin diogu. Beranduegi, agian.

Gaurkoan bide gehiena autopistaz egin dugu.

Ez geneukan oso garbi lo non egin behar genuen, baina bi leku geneuzkan aukeratuta. 

Bidean paisaia politak ikusi ditugu, eta Frantzia eta Italia artean dagoen ezberdintasun nabari bat ikusi dugu. Frantzian autopistak garestiak dira eta Peajeetan auto ilara luzeak sortzen dira. Italian berriz, autopistak berdin garestiak dira, baina gainera zati asko obratan daude.

Hauetako batetik irten garenean, Genovan geunden eta bertako lehenengo autokarabana parkinaren bila hasi gara.

Aurreko egunetan Mousehole askotan aipatu dugu. GPSak edozein bidetatik bidaltzen gaituela esan dugunean.

Ba gaurkoan ez da gutxiago izan, eta bide horretatik joanda gertuago geratzen zelako, GPSak bide estu batetik sartzera gonbidatu gaitu. Eta guk, inozo-inozo, arrainak amua irensten duenean bezala, goranzko bidea hartu dugu. Ez dugu ikusi GPSak markatzen zigun ibilbide hau, eta itxu-itxuan aurrera joan gara.

Izerditan pasatu ditugu bertan agertzen diren kurbak. Bereziki azken bietan, autokarabana labanka eta ezin gora egin ibili gara. Baina suertea lagun izan dugu eta maniobra batzuk eginez, hauek gainditzea lortu dugu.

Baina hau ez zen bidean geneukan sorpresa bakarra.

Autokarabana parkinera iritsi garenean, bertako ugazaba agertu zaigu, parkina izan beharrean, autokarabana gordailu bat dela eta ezin genuela bertan lo egin.

Pasatakoak pasata, gainean sekulako disgustoarekin, eta berak proposatutako beste parking baterako bidea GPSan sartuta, buelta eman dugu, eta ugazaba berriz agertu zaigu esanez, nahi bagenuen bertan lo egin genezakeela, gau bakarra izatekotan eta ezer ordaindu gabe. 

Sekulako notizia izan da. Nekatuta geunden eta bertan geratu gara, Partxis partida jolastu, zerbait afaldu, eta lasai asko lo egiten, bideokamarek espazioa zaintzen zuten bitartean. Beroa desagertu da gainera. 

Eskapada ederra egin dugu gaurkoan, baina azkenean dena primeran atera zaigu.

Gauerako gainera ekaitza eman dute.

Ea ba zer datorren...


Cremona

Presa handirik gabe, baina denbora galdu gabe jaiki gara, ugazaba iritsi baino lehen bertatik ihes egiteko asmoz, baina gosaltzen hasi orduko Iritsi da bere bi txakur jatorrekin.

Berarekin solasalditxo bat izan ondoren,

Lur ere autokarabanatik atera eta txakurrak elkartzea erabaki dugu. Eta segundu batzuetan lur bere txakurraren gainera igo da eta borrokan hasi dira.

Aitzolek, txakurrak banantzen zebilela, eskuan haginkada bat jaso du. Eguna hasteko modu erakargarria. Gauza handirik ez da izan, baina espabilatzeko eta hurrengoan halakorik berriz ez egiten ikasteko balio izan du.

Sustoa izan da gehienbat, atzo arratsaldeko zig-zag igoeran bezala.

Zauria sendatu ondoren, bideari ekin diogu, Apeninoak gurutzatu ditugu, ia bi orduz bolantea ezker eskubi mugituz, Alaitz eta Maiderren abestian bezala, "ttur-ttur jun hai motel..."

Oso paisaia politak ikusi ditugu. Zuhaitz berde amaigabeak eta errekak sortutako ur putzu freskagarriak.

Baina ez dugu geratzeko ahaleginik ere egin. Gaurkoan jomuga geneukan Cremonara eguerdiko 14:00etan iristea Stradivarius museoa ikusteko, eta ez geneukan denbora galtzeko asmorik.

Cremonako camping moderno batean sartu gara. Orduka ordaintzen da zerbitzua. Hemen egindako ordu bakoitza euro batean ordaintzea eskatzen dute, bana ez dago inor kobratzeko. Ordainketa makina bati egin behar zaio, eta baita etorri garen guztiin karnetak eskaneatu ere. Banan banan bi aldeetatik.
Beste gauza batek ez dakigu, baina gure oporretako denbora tramite hauetan galdu beharrak amorrazioa egiten gaitu.

Dena prest uztea lortu dugunean, Lur autokarabanan utzi eta museoa ikustera joan gara. Informazio guztia italieraz eta ingelesez dago. 


Hainbat Stradivarius biolin, biola, biolontxelo eta kontrabaxu ikusi ditugu. Baina musika ez da begietatik sartzen, belarrietatik baino, eta azkenean biolin guztiak berdinak zirela iruditzen zitzaigun. Umetan kromoetan jolasten esaten genuen bezala..."biolin hau repe daukat!!!"





Dena den, bertako auditorioan Stradivarius instrumentuekin grabatutako obrak 3D formatuan entzuteko aukera izan dugu, eta esperientzia polita izan denik ezin dugu ukatu.


Amaitu dugunean, autokarabana parkinean egon gara afalordura arte.

Gaur Aitzol eta Paloma elkarrekin hasi zirela 25 urte ospatzen genituen, eta Italian jango ditugun lehenengo pizzak afaltzera joan gara aitzakia horrekin.


Itzalek bere bizitzako amets bat bete du: italian pizza jatea. Besteok ere gustura jan ditugu.

Gaurko egunak eman du berea eta biharkoak ikusi beharko da zer dakarren.

Mirandola (Parma, Maranello eta Modena)

Mirandola? nori begira gaude ba? eguraldiari begiratzea alperrik da, egunero bero dago eta...

Gaur goizean goiz jaiki eta Parma ezagutzera joan gara. Sekulako katedrala ikusi dugu. Barrutik sabaira begiratu eta sekulako margolanak daude.


Arratsaldez Ferrariren Maranelloko museora joan gara. Han ere, atzo biolinak bezala, kotxeak repe zeuden. Gehienak gorriak eta oso politak, baina besterik ez ziguten trasmititzen, ezin ziren ez ukitu eta ezta gutxiago ere arrankatu.





Handik irten eta Modenako kaleak ezagutzera gerturatu gara. Nekatuta, goizeko ibilaldiaren ondorioz, ez geneukan ibiltzeko gogo handirik.
Berandu zen gainera eta herria gustatu zaigun arren, autokarabanara itzuli gara bidean piska bat aurrera egiteko, Mirandolara arte. Egia esan, ez dakigu nori begira dabilen... guk begiratu ditugu biharko aukera batzuk, baina benetan ez dakigu zer egingo dugun. Begira geratu, seguru ezetz!

Venezia


Aukera polita geneukan gaur Veronara joan, Romeo eta Julietaren historia inspiratu zuen balkoia ikusi, anfiteatro erromatarrean Verdiren "Nabuko" opera ikusi eta poz-pozik bertan lo egiteko. Baina parkinak oso urruti geratzen ziren eta gu bizikletarik gabe... beraz, bigarren plana egitea aukeratu dugu.

Zuzenean Veneziako irlan dagoen autokarabana parkinera sartu gara. Arratsaldeko 15:00etan iritsi gara hona eta bazkaldu ondoren, herria bisitatzera joan gara.
Jende guztia Vaporettoan joaten da. 7,5€ pertsonako.
Maps-i galdetu diogu ea erdialdera nola joan gaitezkeen eta San Marcos plazaraino 50 minutu daudela jarri digu.


Oinez joan gara beraz. Lehenengo kanalak eta gondola askoz ere lehenago ikusi ditugu, eta Venezian zehar kalez kale ibili gara maps-i kasu handirik egin gabe.


Gainera, ez dakigu zergaitik, baina GPSa ez da oso zehatza Venezian. Kale estuegiak direlako, ur gehiegi dagoelako eta telefonoan korto zirkuitoak sortzen direlako...auskalo! 
Kontua da GPSrik gabe ibili garela amaieran, eta harekin baino hobeto moldatu garela.

Autokarabanara iritsi garenean, ekaitza hasi da, euri tantak eta haizea. Eguna fresko amaitzeko aukera bikaina izan dugu.


Bihar Veneziako kaleetan galduko gara berriz eta pare bat museo ikusteko asmoa daukagu.

Lido di Jesolo (Venezia)


Goizean goiz jaiki gara atzo azken orduko zita bat hartu genuelako. Goizeko 11:00etan Venezia ikusteko bisita batean izena eman genuen eta han ibili gara, mutil valentziar baten atzetik Venezia ikusten.
Oso interesgarria izan da kontatu diguna, eta harekin joan ez bagina, Venezia beste begi batzuekin ikusiko genuke. Beti da interesgarriagoa ikusten dena, gaiaren inguruan zerbait edo asko dakien norbaitek kontatuta entzutean.

Bisitara joateko denboraz joan garenez, pianoaren soinuari entzunez, Enara Veneziako kontserbatorioraino iritsi da, xaguak gazta bila ibiltzen direnean bezala. Pianoa jotzeko aukera bikaina zeukan, baina ez da baimena eskatzera ausartu eta tronpeta jole bat entzutearekin konformatu behar izan du.



Ondoren, lehen aipatutako bisita egin dugu, eta bisita bukatutakoan San Marcos museoa ikusteko asmoz gerturatu gara, baina ilara handia zegoen eta ez gara sartu.


Leonardo da Vinciren museoa ikusteko asmoa ere izan dugu, baina azkenean, asteburua izanik zebilen jendea guztia ikusita, eta atzoko ibilaldiarekin eta gaurko bisitarekin gustura geratu garenez, autokarabanara itzuli eta bidaiarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu.


GPSari jarraituz Lido di Jesolo herrian dagoen Don Bosco kanpainarekin topo egin dugu. Leku bikaina da zuhaitz azpiko itzaletan atseden hartzeko. Gainera bihar goizean joateko sekulako hondartza dauka. Seguru gerturatuko garela.

Postojna

Atzo agindu bezala, goizean hondartzara joan gara. Jendez lepo zegoen eta guretzat pasarela bat zeukaten utzita, zuzen-zuzen uretaraino sartutzeko. Berez hau ez da egia, sokorristentzat zen bide hori, baina gu ere handik pasatu gara, batez ere ikusi dugunean izozkiak saltzen dituen postuko gizonak erdi-erdian aparkatuta zeukala bere karrotxoa.

Lekua zoragarria iruditu zaigu. Ur lasaia, epela eta gazi gazia. Aukeran piska bat freskoagoa ere eskertuko genuke, baina dena ere ez dugu eskatuko.

Kanpinean bazkaldu dugu eta arratsalde erdian Esloveniarako bidea hartu dugu. Postojnara 20:30 inguruan iritsi gara.


Eslovenian sartzeko arratsaldean internet bidez tramite bat egin behar izan dugu. Autokarabanaren matrikula eta datuak bidali ondoren, QR kode bat bidali digute. Bertan suposatzen da baimenen bat eman beharko digutela autokarabanan jartzeko. Ez dugu zer egin asmatu, beraz, sartu garen arren, galdetu beharko dugu zer egin behar den tramite horrekin.

Bihar kobazulo batzuk ikusiko ditugu barrutik doan tren batean jarrita. Ea nola irtetzen garen handik!!!

Maribor

Gaur goizean aspaldiko partez arropa luzea jantzi dugu. Irakurri dugunez, kobazulo barruan 10 graduko tenperatura dago urte osoan.


Ilusioz jarri gara trenean. Harrituta, bisita egitera gindoazen jende kopuruarekin. Audio-gida bana hartuta joan gara trenez kilometro eta erdi barrurantz, eta beste hiru kilometro inguru oinez mendiaren barruan.


Bisitaren eremurik sakonenean, lur azpian 120 metroko sakoneran ibili gara.


Inoiz ez dugu halakorik ikusi. Bertako galeriak erraldoiak dira. Hitzik gabe geratu gara edertasun haren aurrean.


XIX. mende amaieran deskubritutako kobazulo honetan lan handia egin zuten jendeari erakutsi ahal izateko. Seguruenik gaur egun egin nahiko balute, ez lukete baimenik emango barruan horrelako lanik egiteko, eta bati baino gehiagori gaizki irudituko zaio halako turismo gune bilakatu izana.
Dena den, han ikus daitekeen mundu berria edonoren begi bistan jartzea eskertzekoa da, beti ere barne espazioko bizitzari kalte egiten ez badio, noski!


Kobazulotik irten garenean bero handia sentitu dugu, kontraste handia zegoen eta.
Autokarabana hartu eta Ljubljana zeharkatu dugu, lau dragoiek zaintzen duten zubia barne, eta baita pintadaz betetako kaleak ere.


Lotara Maribor herriaren kanpoaldean dagoen jatetxe baten atzean dagoen eremu pribatu batera etorri gara. Erreka ondoan dago eta leku atsegina da.

Eslovenian ezin da edozein lekutan autokarabana aparkatu, eta ordainpeko eremuetan edo baimena ematen duten eremu pribatuetan egin behar da lo.
Horretaz gain argiak piztuta gidatu behar da beti.
Hizkuntza ere oso arrotza egiten zaigu eta ingelesez moldatzen gara ingurukoekin komunikatzeko.
Fisikoki eta klima aldetik Euskal Herriaren antza dauka eta ikusten diren eraikuntzen arabera, maila ekonomiko altua daukatela esan daiteke.

Austrian egin nahi ditugunak ikusita, Eslovenia hurrengo bidaiaren batean ezagutzen jarraitzeko uztea erabaki dugu eta bihar Vienara iristen saiatuko gara.

Viena


Goizean konturatu orduko Austriako lurretan sartuta geunden eta ahal bezain azkarren gasolindegi batean hemengo bideetan zeharkatzeko txartela erosi dugu. 10 egunerako balio du eta 10€ra ez da iristen. Horren truke auropistarik gehienak ordaindu gabe zeharkatu daitezke. 
Gaur kilometro asko direnez, autopistaz egin dugu Vienarainoko bidaia.

15:30 inguruan iritsi gara bertako autokarabana parking batera. Egunean 25€ kobratzen duten baina erdialdearekin oso ondo komunikatuta dago.
Telefonoko aplikazio baten bitartez 3 City Card egin ditugu eta honekin 2 ume eta txakurra ere joan daitezke zerbitzu publikoetan 3 egunetan zehar.


Guzti hau antolatu ondoren Vienara lehenengo aldiz joan gara arratsalde pasa, ingurua piska bat ezagutzen joateko.


Operako geltokian geratu eta kaleetan gora eta behera ibili gara.



Amaitzeko gauero pantaila handian proiektatzen duten kontzertuetako bat ikusten egon gara, Lur aspertu eta zaunkaka hasi den arte. Oso formal ibili da kontzertua entzuten. Nabari da etxean entzuten duen musika guztia egun hauetan ez duela entzuten, eta horretarako gogoz dabilela.


Autokarabanara itzultzea oso erraza izan da gauez. Metroa autokarabana parkinetik 3 minutura geratzen da.

Biharko lehenengo plana Opera antzokiko bisita gidatu bat lortzea izango da. Eta ikusiko dugu zerbait gehiago suertatzen den. Gauza asko dago ikusteko, baina denera ere ezingo gara iritsi. Gehien gustatzen zaiguna aukeratu beharko dugu.

Viena bi

Pentsatuta geneukan bezala, goizean goiz ibili gara eta esnatzearekin bat, gosaldu eta metroa hartuta Opera geltokira gerturatu gara.
Eguerdian bertako bisita gidatua egiteko sarrerak atera dizkigu autobus horiko gida batek.


Beraz goiz guztia geneukan nahi genuena egiteko, baina 12:45ean atean egon behar ginen gazteleraz bisita egiteko.

Tranbian igo eta jaisten ikasteko praktika batzuk egin ditugu ia nahi gabe. Operatik 168 metrora dagoen Musikverein aretoa ikustera gerturatu gara, bidean tranbia berdinean igo eta jaitsiz geltoki berean.


Gidariak oso ondo disimulatu du bere aurretik pasatu garenean, baina barrutik barrez lehertzen zegoen.

Urte Berri eguneko kontzertua bertan egiten da eta aretoa ikusi nahi genuela esan diogunean lehiatilako neska jatorriari, esan digu gauean Mozarten obrak joko dituen orkestra baten emanaldia egongo dela, eta hau ikusteak bisitak baino 5 euro gehiago besterik ez duela balio. Baina kontzertu guztia zutik ikusi beharko genukeela.
Aurrera eta atzera ibili ondoren, kalean sarrerak saltzen dituen gizon batengana bideratu gaitu hark prezio hobeak egingo zizkigula esanez, eta hala izan da; aretoko albo bateko palkoan kontzertua ikusteko sarrerak saldu dizkigu. 

Beraz, gauerako ere zita lotuta daukagu. 20:20an hasiko da kontzertua. Bertara joateko ez dago trajez jantzita joan beharrik, baina behin hemen egonda, daukanak jantziko duela dirudi...


Hauek antolatuta, Schonbrunn palazioko lorategian ikustera gerturatu gara.
Eguzkiak gogor jotzen zuen dagoeneko. Itzal bila ibili gara, freskura aurkitu nahian. Zuhaitz azpian ibiltzeak eta iturri inguruan pasatzeak ere lagundu digu beroaren aurka borrokatzen.


Hura ikusi ondoren, Opera ikustera itzuli gara.
Sekulakoa izan da bisita gidatua. Platea, fosoa, eszenatokia langileak lanean zeudela, atsedenaldietan hankak luzatzeko aretoak eta palkoa erakutsi dizkigute azalpen zehatz eta garbiekin 40 minututan zehar. Asko gustatu zaigu bisita eta handik bazkaltzera joan gara, arratsaldean atseden hartu eta kontzerturako prestatzera.





Gauean kontzertura gerturatu garenean, denetik ikustea tokatu zaigu. 



Mendizale jantzitako gazte kuadrilak alde batetik, motxila eta guzti. Dotore baino dotoreago jantzitako pijilloak ere bai. Han ibili dira postureoan argazkiak ateratzen, baina atsedenaldiaren ondoren ez dira berriz etorri. Hasieratik nahiko garbi zegoen ez direla musika entzutera joan...


Gu ere argazki pila bat ateratzen ibili gara, baina musika entzuteko momentuan adi-adi egon gara.


Bereziki aretoaren akustikak eta dekorazioaren edertasuna harritu gaitu. Musika ondo egon da, musikariak oso onak ziren,  nahiz eta ez den halako leku batean espero den maila gorena egon. Desajusteak egon dira tarte batzuetan, baina gure gaurko helburua betetzeko soberan balio izan digu.



Amaieran Urte Berri egunean jotzen dituzten Straussen bi obra jo dituzte. Danubio urdina eta Radetzky martxa. Hemendik aurrera gabonetan urtero gogoratuko dugu kontzertua.


Amaitu denean, lotara itzuli gara. Vienako kaleko lurrean dauden izarrak jarraituz.



Viena hiru (Marchtrenk)

Atzo gauean entzundako kontzertuan konturatu ginen Danubio ibaia ikustera ez garela gerturatu oraindik. Ezin gara Vienatik urrundu hura ikusi gabe. 


Beraz gaur goizean haren ingurutik ibilaldi bat egin dugu berriz Viena erdialdetik paseatu, poltsa batzuk erosi, zerbait bazkaldu, musika denda bat ikusi eta Salzburgora bidean geratzen den Marchtrenk herrian lo egiteko.


Kirola egiteko dituzten istalazio ondoan egingo dugu lo. Bihar plan berezia daukagu eta hemen atseden hartuta, erraz iritsiko gara. 

Grassau

Lasai eta presarik gabe jaiki gara. Gaurko plan berezi bat prestatzen egon gara eta destinuari laguntza piska bat emanez, eguerdirako Grassau herrira iritsi gara. Baserri batean ahuntz eta behi artean aparkatu dugu autokarabana bertan gaua pasatzeko. Alemanian ezin da autokarabana edozein lekutan aparkatu, eta gutxiago bertan lo egin.  Horregatik herritik kilometro eta erdira dagoen parkin honetan pasatuko dugu gaua.

Bazkalostean, bakoitza lasai bere lanak egiten egon ondoren, herrira joan gara oinez.


Aspaldiko lagun batekin geneukan zita gaur arratsaldean, eta ez nolanahikoa.
Txemi Etxebarria Holandako udarako bandarekin "Kontzertu bira" egiten dabil eta herri honetan izan dute kontzertua arratsaldean.
Ilusioz egon gara berari itxoiten autobusetik jaitsi denean.
Kontzertua Parke batean izango zen euriagatik izan ez balitz. 

Bai. Gezurra dirudi, baina azkenean aurtengo udan lortu dugu arratsalde batean bero itogarria izan beharrean, euri freskoaz gorputza bustitzea. Ez zen egunik onena, baina eskertu dugu.


Bandaren kontzertua lekuz aldatzea erabaki dute euriagatik. 


Vienan Musikverein auditorioaren akustika entzun ondoren, zaila zen haren akustikara gerturatzea, baina Txemiren bandak lortu du ukuilu baten itxura zuen espazio batean soinu ona sortzeaz gain, umore ona eta gertutasuna transmititzea. 


Oso kontzertu polita izan da, eta gure laguna zuzentzen ikusteak sekulako ilusioa egin digu. Non eta Alemaniako hegoaldean. Laister ikusiko dugu Euskal Herrian "Bretxa" musikala zuzentzen ere. Plazer bat da nola zuzentzen duen ikustea, eta gehiago oraindik musikarien erantzuna entzutea. 


Musikariek oso maila ona azaldu dute eta jendeak txalo zaparradaz eskertu die egindako lana kontzertu amaieran.


Amaitutakoan Txemi hurrengora arte agurtu eta oinez itzuli gara autokarabanara iluntasuna telefonoen argiarekin argituz.

Salzburgo (Halstatt)

Goizean Mus partidak esnatu gaitu. Euria egin du gauez, eta poliki-poliki esnatzen geundela, Mus txapelketa antolatu dute baserri inguruan.
"Muuus", "Muuuuus", "Muuuuuuuus"... Behiak goizean goizetik musean jokatzen. Norbaitek oilar kanturen bat ere entzun omen du. Eta satz usaina ere fin-fina zegoen, siri-miri itxi-itxiarekin batera. Begiak itxita jaikiko bagina, Txara inguruan genbiltzala pentsatuko genuke.

11:00etan Salzburgorako bidea hartu dugu, baina eguraldia ikusita, Halstatt herrira gerturatzea erabaki dugu, arratsaldean ere Salzburgoko autokarabana parkina mugitu gabe bere lekuan egongo zelakoan. 
Halstatt herria Alpeetan kokatuta dago eta laku baten bazterra hartzen du.
Bertako parking batean zerbait bazkaldu eta pare bat orduko ibilbidea eginez herria ikustera joan gara. Ezinezkoa da herrian edo inguruko parkinean autokarabana aparkatzea, eta azkenean 4 Km ingurura aparkatu dugu.


Ibilbide erdian konturatu gara lakua zeharkatu behar genuela herrira joateko, eta bilbotarrek bezala, barku bat guretzat bakarrik alokatu dugu. Badugu bilbotar odol piska bat eta agian horregatik egin dugu...




Herrira iritsi garenean euria goitik behera hasi du eten gabe. Bertan buelta bat eman, argazki batzuk atera, Lur modelo lanetan jarri (oso txintxo) eta korrika txikian autokarabanara iristeko falta zitzaigun ibilbide erdia egin dugu.



Goitik behera blai iritsi gara, baina autokarabanak badu abantaila bat. Aldatzeko behar genuen arropa autokarabanan geneukan eta berehala aldatu gara. 

Atzo eskertu genuen euriak gaur ez digu utzi behar genuen bezain eder Halstatt ikusten, baina agian horri esker gaur jende gutxiago egon da eta bisita nahiko azkar egitea lortu dugu.


Handik irten eta ordubete beranduago Salzburgora iritsi gara.
Biharko garraioa nola moldatu planifikatzen ibili gara hiritik bueltaka autokarabanarekin, eta lan hauek bukatutakoan lo egin nahi genuen parkinera gerturatu gara.

BETETA!!!! FULL!!! SERIYO?????

Ez zegoen inongo lekurik lotarako. Inguruko kanpinak ere horrela omen daude, beraz zaila izango da gaurko lo egiteko leku txukun bat bilatzea. Parkinetik irtenda, 500 metro ingurura beste bi autokarabana ikusi ditugu bide bazterrean aparkatuta, eta bertan lotan geratzea erabaki dugu. Ea zortea dugun eta ez zaigun inor kontuak eskatzera etortzen.

Nahiago dugu goizeko Mus txapelketarekin esnatu gaur daukagunarekin baino. Kotxeak etengabe pasatzen dira eta trena ere tarteka pasatzen da. Portuko kruzero baten bozina besterik ez dugu falta ume txikientzat soinuen liburu gida bat argitaratzeko.

Abantaila bat badugu behintzat... Bihar goizean ez gaitu oilarraren kantuak esnatuko.

Salzburgo

Gaua pentsatu baino hobeto pasatu dugu, baina goizean lehenengo begia ireki orduko parkinean lekurik ba ote zegoen begiratzera joan gara. 

Ordu erdi pasatxoan lortutako partzelan mahaia eta aulkiak utzi ditugu eta denborarik galdu gabe autokarabanan gerturatu gara Untersberg mendiko teleferikora.



Salzburgo Card-a erostea gomendatu ziguten eta aukera pila bat ematen dituenez, erosi egin dugu ekintza eta museo pila batean sartu ahal izateko.

Teleferikora gora joan gara eta laino artetik pasatu gara gorakoan eta baita beherakoan ere. 



Ez dugu egunik egokiena aukeratu gora igotzeko, baina hala tokatu da  Dena den, esperientzia polita izan da.


Handik jaitsitakoan, 9 minutura dagoen Hellbrunn palaziora eta bere lorategietara joan gara. 
Aspaldiko erraldoi eta buruhandiak ikusteaz gain, urarekin gonbidatuak zirikatzeko XVII.mendean sortutako ur jolasez jositako lorategia ikusi dugu. Busti ere egin gaituzte bertan espero ez genituen ur txorrotek.




Handik irten garenean, autokarabana parkinean utzi, zerbait bazkaldu eta Mozarten jaiotza etxea ikustera gerturatu gaitu parkin ondoan hartzen den 21 zenbakidun autobusak. 
Autobusetik jaitsi eta berehala iritsi gara Mozarten etxera.
Espektatibak oso altu genituen eta agian gehiago espero genuen, baina ondo egon da.



Handik irtendakoan Salzburgoko kaleetan buelta batzuk eman ditugu. Tarteka tiroles jantzita zebiltzan pertsonekin gurutzatu gara. Oso jantzi politak eta dotoreak dira. Eta eskaparatean ikusi dugunez, oso garestiak ere badira. Jantziaren zati guztiak erostekotan, mila eurotik gora balio dute.

Kaleak gurutzatuz, gaztelura igotzea erabaki dugu, eta bertara aldapatik igotzeko asmoa geneukan arren, Salzburg card-arekin  funikularra hartzeko aukera geneukala konturatu gara. Oso nekatuta geundenez, hartu dugu eta bertan igo gara.


Goikaldetik Salzburgoko paisaia guztiak ikusten dira. Estetika oso zaindua daukatela iruditu zaigu. Bereziki gustatu zaizkigu metalezko kupula berdea daukaten eraikinak.


Museotik irtendakoan, doain zen bisita gidatu batean parte hartu nahi genuen, baina oso nekatuta geundenez, bihar goizean lehenengo ordurako uztea erabaki dugu.

Berriz 21. autobusa hartu eta autokarabanara itzuli gara.

Salzburgo (Schwarzbach)

Gaur ere goizean presaka eta korrika jaiki gara autobusa hartu eta bisita gidatua 9:30ean iristeko.
Orduan konturatu gara bizita gidatua gazteluan hasten dela. 
Funikularra gerturatu gara, baina han konturatu gara gure txartel magikoarekin behin bakarrik erabili daitekeela funikularra, eta atzo erabili genuen. 
Orduan, kirola egiten igotzea erabaki dugu, kardio piska bat egiteko.
Ia goian geundela, konturatu gara gazteluan sartzeko txartela ere erabilera bakarrekoa zela eta ezingo ginela bisita gidatura iritsi, beraz dena bertan behera utzi eta berriz kalera jaistea erabaki dugu. 
Bidean, goizean zehar egiteko beste planen baten bila ibili gara eta antolatu dugu goiza.


Gaztelutik kalera jaisteaz bat, hilerri txiki berezi batean dauden katakunba batzuk bisitatzen egon gara. Dirudienez "Sonrisas y lágrimas" pelikulako eszenaren bat bertan grabatu zuten.
Ez zeukan ikusteko gauza handirik, baina beste ezer egiteko ez geneukan ez... ba egin dugu.


Handik azokara gindoazela, beste museo batean sartu gara. Non eta Mozartek Salzburgon bere lehen kontzertua eman zuen eraikinean.


Museo hau oso aberatsa eta interesgarria iruditu zaigu, katedraleko korua ere ikusteko aukera eman digularik, beste lau organuetako batean organo jole batek musika jotzen zuen bitartean.



Handik irtenda, Bretzel famatuak probatzera joan gara azokara. Hauen argazkirik ez daukagu, konturatu orduko irentsita geneuzkalako.

Bazkaltzera joan baino lehen, "Sonrisas y lágrimas" pelikulako eszenaren bat grabatu zuten beste lorategi batera joan gara. Mirabell palazioaren lorategietara, hain zuzen ere.
Ordurako nekatuta geunden eta autobusa hartuz parkinera joan gara bazkaltzera. Salzburgora agur esan diogu autobusera igo baino lehen.


Bazkal ostean, guztia jaso eta Stiegl garagardo museoa ikustera joan gara. Jarraian folk musika jam sessioa zegoen eta tentazioari ezin izan diogu eutsi.
Dena den, museoa gustatu zaigun arren, ez dugu lortu musikarik entzutea.


 Senegalen bezala, hemen ere ordua ez dute gehiegi errespetatu eta azkenean tristurak jota, lotara Insbrukera bidean dagoen area txukun batera etortzea erabaki dugu.

Alpeak zeharkatzen

Ederra izan da Alpeak aurrean ikusi eta tarteka, gutxitan izan bada ere, geldialdi bat egin eta paisaiak begiratzea 


Lehenengo geldialdia Alpbach herrian egin dugu. Batzuen ustez, Tiroleko herririk politena da. Agian neguan hala izango da, elurrez beteta dagoenean. Udaran polita iruditu zaigu, baina ederrena den baieztatzeko, neguan etorri beharko gara berriz.


Handik aurrera jarraitu dugu eta Innsbruckera iritsi garenean, glaziar bat ikusteko asmotan joan gara, baina teleferikoa 150€ ordaindu beharko genuke eta asko iruditu zaigu. 


Beraz bidean aurrera jarraitu dugu Konstanza lakuko lehenengo herrian lo egiteko. Bertan madam Butterfly opera zegoen aire librean, baina ezin izan gara sartu sarrerak agortuta zeudelako.




Kanpotik piska bat entzun eta lotara joan gara, partxis partida bat jolastu ondoren.

Frieburg

Gaurkoan Konstantza lakua iparraldeko aldetik zeharkatu dugu.
Uberungen herrian geratu gara konstanza lakuan bainu bat hartzeko. Urdin urdina zegoen ura eta Lur eta Paloma bainatu dira elkarrekin.


Bidean aurrera jarraituta, Friburgoko autokarabana parkinean egin dugu lo, baina bertara iritsi baino lehen, GPSak beste jokaldi bat egin digu. Hiri Barrutik sartu gaitu, eta hizkuntza arraro batean zegoen kartel bat ez dugu ulertu. Alemanieraz jartzen zuen, pegatina ekologiko berdea behar zela hirian sartzeko. 
Bonnen gertatu zitzaigun bezala, hemen ere libratu gara eta ezin gara kexatu. Hurrengorako Alemaniara autobus elektrikoan edo bizikletan etorri beharko gara...
Arratsaldean parkinean egon gara, deskantsatzen genuen bitartean hegazkinak eta helikopteroak jaitsi eta igotzen ikusten.


Bihar goizean goiz jaikiko gara eta Europa Park atrakzio parkera joango gara. "Selva Negra" inguruan egun pare bat egingo ditugula dirudi.
 
Europa Park

Gaurkoan bai! Bidaia honetan inoiz ez dugu lortu goizean goiz denok salto batean jaikitzea.
Arrazoi berezi bat zegoen, noski!
"Schwalzwald card" erosi dugu eta Europa Park izeneko atrakzio parkera joateko aukera daukagu egun batez 

Bertara iristean, parkearen parkean autokarabanak egunez aparkatzeko aukera dagoela ikusi dugu 15€ ordainduta. Oinez parketik 10 bat minutura. 

Bertan aparkatuta, sarrerako lehiatilan sarrerak hartzen denbora galduko genuela pentsatuz, sorpresa ona hartu dugu. Mobilean daukagun QR kodearekin nahiko da denok barrura sartzeko inolako tramiterik egin beharrik gabe. Beraz, ordu erdi irabazi dugu!


Barruan sartzean, jende pila bat egon da gaur. Eguzkia gogor jotzen eta atrakzioetan ibiltzeko ilara handiak.


Eskerrak sartu baino lehen Landerrek eta itzalek atrakzioen "Top-Ten"-a begiratuta zeukaten eta sartu garenean garbi geneukan nora joan nahi genuen.


Garbi izan arren, ez da erraza izan atrakzio bakoitza non zegoen aurkitzea. Ematen duten mapa ez zaigu asko gustatu, ez da eta erraza bertako datuak zehatz interpretatzea. Dena den, moldatu gara eta atrakziorik onetan ibiltzea lortu dugu. Sekulako ilarak eginda, hori bai. Ilararen batean 2 ordu inguru itxoin behar izan dugu, tarteka atrakzioa geratu eta errebisioak egin behar zituztelako.


Oso ondo pasatu dugu,, baina aurrerantzean horrelako parkeetara joateko Aste Santua edo Bergarako jaiak erabiliko ditugu, beroa eta jendea ekiditeko.

Lotara Emmendingen izena duen herri batera etorri gara. Leku lasaia da eta parkina merkea da. Gainera, gaurko egunez garrantzitsua zena; parkinean ez dago farolarik. Gaur izar usoak ikusiko ditugu, seguru!

Schluchsee

Ia eguerdian jaiki gara ohetik... Atzoko eguna nekagarria izan zen eta gaurkoa lasai egoteko hartu dugu.

Schluchsee lakura gerturatzea erabaki dugu. Dirudienez ur kirolak eta txirristadun igerilekuak daude laku bazterrean.

Friburgon GPSaren tranpan berriz ere erori gara eta kezkatuta ibili gara poluzio txartel berdetik ez geneukalako.
Aurreko aldiz etorri ginenean, bizikletaz eta tranbian mugitu ginen eta zoragarria iruditu zitzaigun hiria. Beraz, hurrengoan berriz etorriko bagara, hau oso kontuan izateko gaia da.

Bidean aurrera gindoazela, lekuak ezagun egiten hasi zaizkigu, aurretik ezagututako bideetan gentozelako.

Halako batean, GPSari jarraika, gure gaurko helmuga duela urte batzuk jendez gainezka zegoelako geratu ez ginen leku batean dagoela konturatu gara.
Hau zortea! Ilusio berezia egin digu bertan aparkatu eta gaua pasatu dezakegula ikusteak.

Bidaian egun asko goaz, eta familian asko garenez, bakoitzak ahal duen tokian bilatzen du bere lekua lo egiteko...


Bihar goizerako ur ekintzak erreserbatu ditugu eta lasai asko egon gara arratsalde pasan.
Gauean izar usoren bat ikusteko aukera ere izan dugu.

Schluchsee bi

Goizean gehiegi despistatu gabe joan gara Kanoa, kayak eta Paddle surfa utziko digun mutil guapoarengana.
10:00etan geneukan zita, eta ordurako bertan geunden.


Gauean hotz egin du eta beldur ginen han ere hotz egingo ote zuen, baina eguzkitan ederki egon gara uretako ekintzak egiten.


Paddle surfa bereziki gustatu zaigu, agian lehendik ez genuelako ezagutzen. Ez dakigu Orion egiteko bezalakoa izan daitekeen, errekan korrontea egoten delako, baina aukera asko ditu etorkizunean berriz errepikatzeko.
Gaur oso gustura ibili gara.


Ondoren autokarabanan lasai egon, bazkaldu eta arratsaldean igerilekura joan gara. Hau ere leku bikaina izan da, txirrista, igerilekua bera eta lakuko urak bateratzen dituelako eremuak.


Eguna amaitzeko, Skatergoris partida jokatu dugu eguzkia izkutatzen zen bitartean.

Herritik buelta bat eman, afaldu eta biharko bidaiarako deskantsatu ta egoteko lotara joan gara.

Frantzisko Tourra 1

Goizean Alemania atzean utzi eta Frantzian aurrera joanda, ekaitza iragartzen zuten lainoak ikusi ditugu. Arratsaldea aurrera zihoan ez, gaztelu polit bat duen herrian geratu eta Partxis partida jokatu ondoren, bertan egin dugu lo.

Amaiera: Frantziako Tourra 2

Hara non ikusi dugun Bergarara itzulera egiteko biderik motzena, distantziari dagokionez, autopista eta autobiderik gabeko bidea dela.
Gizakia harri berarekin bi aldiz estropezu egiten duen bizidun bakarra denez, GPSari kasu egitea erabaki dugu.

Bidean aurrera etortzea lortu dugu, baina gaurkoan ere izerdi batzuk botata eta bideren batean atzera bidea eginez. Noiz asmatuko duituze autokarabanentzat bide egokiak proposatzen dituzten GPSak?

Azkenean Erdi Aroko harresia duen Mont Pasier herria ikusi dugu bide bazterrean, autokarabana parkina dagoela azaltzen zuen kartel ondoan. Beraz, harresi barruan buelta bat egin eta bertan lotan geratzea erabaki dugu.



Amaitu da itzulia

Atzo egin genuen bezala, GPSan Frantzia zeharkatzeko botoiari eman diogu eta 6 orduko bidaiaren ondoren Oriora iritsi gara.


Arratsaldean lehenengo lana plazara joan eta izozki bat jatea izan da. Orioko plaza polita da eta gaur oso jende gutxi zebilen arratsalde erdian. Lasaitasuna arnasten zen.


Txikiteoko orduan jende piska bat gehiago zegoen, baina ez zeukan zerikusirik Europako hirietan ikusi ditugun jende pilaketekin.
Aitona, amama, tío Ander eta tia Elenarekin egon gara eta gaurkoan ere iritsi garela ospatzeko, pizza afaldu dugu.


Amaitu da Europatik bostgarren bira eta geratzen diren egunak Euskal Herrian emango ditugu.

© Izenburuen azpian agertzen diren hirien izenen marrazkiak Itzalek egin ditu lettering estiloarekin.

* Bidaian 5653Km egin ditugu.
** Bidaian gaizki ikasitakoa, alferraren legea izan da: "La ley del vago, como ese no hace, yo tampoco hago".