2018(e)ko uztailaren 8(a), igandea

AMSTERDAMERA BIDAIA. FRANTZIA, ALEMANIA, HOLANDA, BELGIKA ETA INGLATERRAN ZEHAR

AMSTERDAMERA BIDAIA


FRANTZIAN BARRENA

1. eguna
Gaur San Fermin eguna da eta guk hegoalderako bidea hartu beharrean Iparraldekoa hartu dugu. Oraingoan, etxetik urrunen joango garen tokia Amsterdameko iparraldea izango delakoan gaude, baina ikusiko dugu ideia hori non geratzen den oporrak amaitzean. Bidaia batere planifikatu gabe goaz. Gainera Lur, gure txakurrarekin egingo dugun lehen bidaia luzea izango da, eta ez dakigu nola moldatuko den gure estilora eta nola moldatu beharko dugun guk berera. Ideia bat garbi daukagu: "Ez daukagu presarik eta bidean interesgarri iruditzen zaizkigun lekuetan geratu eta bideaz disfrutatzea nahi dugu".
Hasteko, gaur egun guztia autokarabana kargatzen ibili ondoren, arratsaldeko 18:00etan irten gara Bergaratik. Baionan lo egitea zen asmoa, baina lehen ezustea izan dugu iritsi garenean. Hirian ezin omen dira autokarabanak aparkatu eta azkenean Angeluko faro ondoan dagoen autokarabana parking haundi batean egin dugu lo, beste hogeita hamar bat autokarabanaren ondoan. Itzalek eta Landerrek bidaiako lehenengo laguntxoa egin dute eta Enarak bere lehenengo frantses praktikak egin ditu. Seguru ez direla azkenak izango...
Eltxoek akribilatu egin gaituzte erreka bazter hontan.
Larunbat gaua da eta ez daukagu oso seguru txorimalorik ez dela etorriko gauean bere musika denokin partekatzera. Oraingoz lasaitasuna dago, beraz lotara goaz.



2. eguna
Azkenean ez da txorimalorik etorri gure loa oztopatzera, baina ohean sartu eta segituan piromanoren bet ibili zen petardoak botatzen tarte batez. Txarrena espero genuen, baina berehala isildu zen eztanda hotsa.
Gaur goizean esnatu garenean Angeluko inguru hark asteburuko plana merezi duela pentsatu dugu eta bideari ekin diogu bertako hondartza, skatepark, zuhaitzetako ibilbidea, "Izadia" ekomuseoa... hurrengoan ikusteko konpromezuarekin.
Bidea autopistarik gabe egitea nahi genuen, baina GPSak tranpa egin digu eta enteratu orduko barruan geunden. Bertan konturatu gara gure autokarabana zaharra bigarren kategoriakoa dela, hau da, kotxeek baino bi aldiz gehiago ordaindu behar duela... Pentsatzen jarrita, normala da; Beste ibilgailuek baino denbora gehiago pasatzen duelako autopista barruan. Azkenean, abiadura motelean joateak, autopista denbora gehiagoz aprobetxatzea dakar... eta hori ordaindu egin behar da.
Autopistaz etorri ez garen Iparraldeko herritxoetan, ez dugu inor euskaraz entzuteko aukerarik izan, baina susmo bat sortu zaigu. Ez ote da euskara "souvenir" bezala erabiltzen jendea hainbat komertziotara erakartzeko hauei euskal izenak jarrita? Erantzuna hurrengo bidaian argitzen saiatuko gara.


Bidean lau ordu inguru egin ondoren Libournera iritsi gara. Dordogne ibaiaren ondoan bazkaldu eta ibilaldi bat egin dugu herritik.


Farmazian eltxoentzat krema erosi eta plazari begira izozki bat jan dugu. Denbora hortan hausnarketa txiki bat egin dugu. Dirudienez bertako banda munizipala txaranga txiki bat da, plaza erdian dagoen kioskoa txikiegia da zortzi pertsona baino gehiagok batera jotzeko...


Honetaz gain, herrian ia dena itxita zegoen eta Saint Emilionera joan gara. GPSak oraingoan detaile on bat izan du eta mahastien artetik zihoan bide estu batetik eraman gaitu. Paisaia ederra benetan bertatik ikusitakoa.


Herrira iritsi bezain laister, gauean lo egiteko aparkalekua bilatu dugu. Beste autokarabana batzuk ere bazeuden eta bertan geratu gara.


Ondoren herria ikustera joan gara eta asko gustatu zaigu. Dena den, "Boudeaux" ardoa hemen egiten da, eta badirudi terraza batean jarri garenean gurekin haserretu direla ardorik eskatu ez dugulako... Garagardo bat eta koka-kola baten truke 12 euro kobratu dizkigute, eta edaririk eskatu ez duen pertsona bakoitzeko liztor bat ekarri dute gure mahaira.


Autokarabanara itzuli garenean, bada ezpada, tio Ander eta aitonak ekarritako Vinho Verde botila edan dugu. Herri honetan gai dira gendarmeen kontrol batean kanpoko ardoa detektatu eta erlauntza oso bat gure atzetik bidaltzeko... Hasteko gaur gauerako eltxo bat bidali dute gure autokarabanara. Bihar ziztadentzat krema gahiago erosi beheguna

3. eguna
Gau ona pasatu dugu eta goizean Saint Emilionetik Limogeserako bidea hartu dugu. Bidean erosketa batzuk egin (Gendarmeen aurrean disimulatzeko Saint Emilioneko ardo botila bat ere bai) eta aurrera joan gara.

Bidean aurrera gindoazela, kamioi asko zebiltzan, eta hauek aurreratzen ibili gara denbora guztian. Gure autokarabana zaharra kamioiak aurreratzen zebilela sinestu ezinik, bide bazterrean zegoen kamera batek argazkia atera digu. Honekin konturatu garenean, gure itxura piskat narrasten hasia zegoela iruditu zaigu eta igerileku batean dutxa bat hartzera joatea pentsatu dugu. Ez dugu nahi hurrengoan argazki bat ateratzen badigute narras itxuraz irtetzerik, eta gainera hurrengoan irrifar egiten irtetzea nahi genuke.


Bidean aurrera jarraitu dugu eta bide bazterrean trikuarri bat zegoela ikustean, bertan bazkaltzen geratu gara. Han gida turistiko batek kontatu dizkigu trikuarriari buruz zekizkien gauza guztiak. Enara izena zuela esan digute.



Bidea jarraituaz Limogeseko igerilekura iritsi gara. Sekulakoa da!!! Spa erraldoia, igerileku olinpikoa, salto egiteko altuera ezberdineko tranpolinak, Splat a lot programako pasarela... Hauek guk hartutako txartelarekin, baina kanpoaldean beste jolas pila bat zeuden.


Arratsaldean han ibili gara eta Lurrek autokarabana zaindari lanak egin ditu.
Merienda jan ondoren, Taurion herrian geratu gara erreka ondoko autokarabana parkin batean lo egiteko asmoz, baina beste txakur batzuk zeuden eta zaunkaka ibili dira, gauerako eltxoak iragarri dituzte, eta lehendik ere nahiko ziztatuta gaudenez, Bessines herrira etorri gara lotara. Herri txiki polita da eta autokarabanak aparkatzeko leku txukuna dauka piknik mahaiak, karga deskarga egiteko makina, ziburu txiki bat... Bertan afaldu dugu, eta ezin izan dugu Saint Emilioneko ardoa edateko tentazioa aguantatu. Bertatik hurrundu gara eta ez dugu uste Gendarmeek geratzen bagaituzte konturik eskatuko digutenik. Erraz edaten den ardoa da eta gustatu zaigu.



Egun polita izan da gaurkoa, eta argazkietan azaltzeko apain-apain gaude.

4. Eguna
Goizean erosketak egin eta martxan jarri gara. Bidearen zati handiena mendi aldetik egin dugu eta Clermont Ferrantera iritsi baino piska bat lehenago "Volcano" parkea ikusi dugu kotxetik. Begira hasi gara eta kilometro gutxira Puy de dome, benetako sumendi izandako mendi batera gerturatu gara.


Lurri ere gurekin igotzen utzi diote. Tren batean sartu eta Mercurioren aspaldiko templua zenaren ondoko meteorologi zentru baten azpian utzi gaituzte.


Sekulako paisaiak ikus zitezkeen bertatik, eta parapenteak nola irtetzen ziren ere ikusi dugu.


Han bazkaldu ondoren Michelinek Clermont Ferranten duen museoa ikustera sartu gara eta gomari buruz pila bat ikasi dugu. Kautxo naturala, sintetikoa, azufrea, hauts beltza, haria, alanbrea...eta batez ere Michelindarrek negoziorako eta promoziorako zeukaten sena berezia.





Han amaitu ondoren Guoparsako autokarabana parkinera etorri gara. Parke baten ondoan dago eta leku lasaia da. Lur lasai ibili da baina beste txakurrengana gertutatzen bada, jabeek "nonononono" (azento frantsesarekin) edo ostikoren bat ere eman diote. Orokorrean ondo moldatzen da, baina zaunka asko egiten die beste txakurrei. Hau ere normala dela esango dugu. Guri gertatzen zaigun bezala, berak ere ez du zakur frantsesen hizkuntza ulertzen, urduri jartzen da eta azkenean garrasika hasten da besteekin jolastu nahi duelako... Baina inork ez dio ulertzen eta jolastu gabe geratzen da.

Eguna amaitzeko Frantzia eta Belgikaren arteko futbol partidua ikusi dugu taberna batean frantsesez inguratuta. Frantziak irabazi du eta pozik geratu dira denak elkar besarkatzen. Autokarabanara itzuli garenean, kotxe pila bat pasatu dira frantziako banderak astinduz eta bozina joaz. Gaur gauean ere txorimalo pila bat espero genituen, baina azkenean ez da halakorik gertatu. Euskal Herrian bezala, hemen ere futbol taldeak irabaziz gero, hurrengo egunean ez dute ogirik debalde ematen eta gaur frantses asko lanera joan beharko ziren.

5. Eguna
Goizean piska bat berandu ibili gara eta 10:30ak inguruan pasatu gara Vichy herritik. Geratzeko asmoa geneukan, eguraldi ona zegoen, baina bidea hasi berri geneukala eta, azkenean aurrera jarraitzea erabaki dugu. Dena den, bertan autokarabanatik ikusitakoa asko gustatu zaigu.
Handik aurrera gindoazela, GPSak mendi bide ezberdinetatik sartu gaitu. Eguraldia ere petraldu egin da eta bidaiaren zati handi bat lainopean egin dugu. Xarma berezia zuen bideak baina aurrera joan ahala gris itxura hartzen joan da. Ez genuen ezer berezirik aurkitzen bidean. Zigortuta geundela zirudien Vichy ikusten geratu ez izanagatik.
Halako batean, Montceau les mines herrian askolaren historiaren erakusketa bat zegoela ikusi dugu. Eguerdia zen. Bertan bazkaldu, erakusketa ikusi, bidea piska bat ahaztu... Plan bikaina!!! Bertan geratu gara eta ez zirudien han museorik zegoenik. Eskola bat dago, baina museoaren susmorik ere ez.
Behin geratuta, bazkaldu egin dugu han aurrean, eta emakume adindun bat sartzen ikustean han joan da Paloma azalpen eske. Piska bat beranduago itzultzeko esan dio, baina segituan berriz irten da, eta ezin genuela ikusi esan digu. Egun grisarekin aurrera jarraitu dugu trafiko handiarekin eta kotxe pilaketatan geratuta.
 Pilaketak baztertzeko hartu dugun bidean hasi da eguna piskat argitzen, eta baita gure zortea ere... Urez betetako kanal baten albotik joan gara tarte batean, paisai politen albotik, baina hura ere segituan bukatu da eta aurrera jarraitu dugu interesik gabeko bidean.
Beste saiakera bat ere egin dugu 1. Mundu gerrako batalla handienetako baten eremua ikusteko ilusioarekin... Baina hau ere ez zen guk uste genuen lekuan gertatu. Kilometro pila bat, baina intereseko ezer ez ikjstearen penaz joan gara aurrera.
Azkenean, Dole herrian akuapark bat zegoela ikusi dugu eta haren ondoan autokarabanen parking bat. Hau zen eguna piska bat berdintzeko aukera. Beraz bertara joan gara arratsaldea pasatzeko asmoz.
Iritsi garenean ez zuen bero handiegirik egiten, eta txirristatan ibiltzeko aukerak ez zigun ilusio handirik egiten, beraz Lurrek paseatzeko asmoarekin, ondoan zegoen zuhaitzez betetako parke batera joan gara.
Hau izan da arratsalde perfektu baten hasiera.
Ezin genuen begi aurrean geneukana sinetsi. Angelun probatu gabe utzi genituen tirolinak begi aurrean, eta arratsalde bat aurretik egiteko beste ezer gabe...
Bi aldiz pentsatu gabe, arnesak jantzi, monitorearen azalpenak adi adi entzun eta zuhaitz batetik bestera ibili gara ixteko ordurarte Acro Isis izeneko parkean.



Oso ondo pasatu dugu Palomak Lur zaintzen zuen bitartean. Hurrengoan berak ere probatuko ditu tirolinak...
Amaitu dugunean, ez zaigu gehiegi gustatu leku hura lo egiteko, eta beste nonbaitera joateko aukera bilatu dugu.
Bidean aurrera gindoazela, orain arte Frantzian ikusi ditugun herri eta etxerik politenetakoak ikusi ditugu, eta hauetako batean gure autokarabana aparkatu eta bertan gaua pasatzeko leku bat topatu dugu iristean. Herria Arc et Senans da eta lasai bezain atsegina da.


Egun grisa zetorrela uste genuen, baina azkenean ez du euririk egin eta ederki gozatu dugu. Hau da planik egin gabe ibiltzearen alderik onena.

6. Eguna
Goizean goiz jaiki gara. Ez genuen autokarabana gunetik joango zen azken autokarabana izan nahi. Atzo azkenak izan ginen iristen eta guk afaldu genuenerako, beste guztiek autokarabanak itxita, ixiltasun osoz eta lotan zeudela zirudien. Antzerkia egiten ibiliko ziren.
Gaur goizean Palomak Frantziako banderari begira gorren hizkuntzaren bidez bost croissant eskatu ditu, eta haiek gosaldu ondoren, lehenengoak izan gara alde egiten. Ulertzekoa da joan nahi ez izatea. Benetan leku lasai eta ederra baita.
Bidean belarrarekin egindako fardo borobilak, eguzkiloreak, garia, etxe bereziak, etab. ikusten iritsi gara Belforteraino. Hango autokarabana parkinean bazkaldu ondoren, bertako ciudadela harresia ikustera joan gara eta han ibili gara lur azpiko pasabideetan zehar goraino iritsi arte. Gora iritsi garenean "Loca academia de polician bezala", "Phoenix" brigadako kadeteak harresia rapelatzen zebiltzan. Barre egin dugu haien kontura tartetxo batez. Aurpegiak ez zituzten oso erlaxatuta paretatik behera jaistean...
Bidean berriz jarri eta Alemanian sartu gara konturatu orduko. Ez dugu seinalerik ikusi, baina bat batean jendea azkarrago, zakarrago eta kotxe beltz eta zuri eleganteak gidatzen hasi da. Matrikulatan fijatu eta garbi jartzen zuen "D" lehen "F" zegoen lekuan.


Friburgo geneukan helmuga. Hainbat buelta eman ondoren, autokarabana parkin bat aurkitu dugu eta aparkatu bezain laister tranbian joan gara herria ikustera.


Herriari buruz mila gauza on: Alde zaharra ederra da, espaloi bazterretako alkantariletatik ura pasatzen da giro fresko eta lasaigarria sortuaz, eraikuntza ederrak daude, tranbia oso erosoa, kalean giro polita dago, bizikleta karabanak lehen aldiz ikusi ditugu semaforo gorrietan, herriko plazan zirko ikasleen piraten ikuskizuna ikusi dugu...


Art et Senans herriak listoia oso goian utzi zuen, baina Friburgo oraindik bereziagoa iruditu zaigu.




SELVA NEGRA

7.eguna
Ia astebete daramagu bidaian eta oraindik ez ditugu bizikletak autokarabanatik jaitsi. Atzo inbidia puntu bat pasatu genuen semaforoetako bizikleta karabanak ikustean. Bidaian jarraitu baino lehen, guk ere Friburgon esperientzia hori bizi nahi izan dugu. Bizikletak jaitsi eta uste baino gertuago geneukan laku bat ikustera joan gara.


Han konturatu gara Friburgotarrak irrifartsuak, lasaiak eta oso positiboak direla. Energia ona isurtzen duten horietakoak.


Paisaia ederra da eta maiteminduek jarritako kandaduez betetako zubi bat ere ikusi dugu. Parisko Sena ibaian debekatu ondoren, badirudi jendeak Friburgo aukeratu duela maitasuna betikotzeko.


Enarari esker lortu dugu bueltan autokarabanara iristea.


Guztia kargatu ondoren, martxan jarri eta Selva Negrako inguruak ezagutzera joan gara. Titisee eta Schluchsee lakuak ikusi ditugu eta bigarrenean bazkaldu ondoren Tribergeko parkin estalian (Vergaresako aparkalekua zirudien) aparkatu eta bertako urjauziak ikusiaz buelta bat eman dugu.



Lur ere gustura ibili da han korrearik gabe.


Autokarabanara iritsi garenean, ostirala dela ikusita, eta inguruan botelloia egiteko asmoz zebiltzan hainbat txorimalo ikusi ditugunez, alboko herriko (Schonwald) beste area aproposago batera etorri gara.
Herri honetan ere juerga egingo dute, baina gau lasai bat pasatzea espero dugu.

8. eguna
Goizean behi eta ardien zintzarriekin esnatu gara.


Gosaldu ondoren, 7 euroren truke gaueko plaza, 4 igerilekutan guztiontzat sarrera doan, hainbat museotan sarrera erdi prezioan, eta herri ezberdinetara joateko mapak eman dizkigute.
Museoetako bat (St. Georgen) soinuaren grabaketa eta erreprodukzio aparatuen historiarena...

 

Nola uko egin? Bi aldiz pentsatu gabe joan gara eta Edisonek asmatutako lehenebgo grabagailutik hasita, estudioetan erabilitako bobina grabagailuetara eta merkaturako diska edo erreproduktoreak tarteko, bitxikeria pila bat ikusi ditugu. Han zegoen Elvis Presley ere. Aparatu guztiak zaintzen zebilela zirudien.


Ondoren (Schonach) txirrista erraldoia zuen parke batean bazkaldu dugu eta mendian dagoen museo bat bihar ikusteko utzi ostean, igerileku batean bainu bat hartzeko aprobetxatu dugu. 3 metroko tranpolin batetik saltoka ere ibili gara.


Txukun txukun jarri ondoren, lo egingo dugun herrira iritsi gara. Lo egingo al dugu? Herriko plaza (Unterkirnach) txorimaloz beteta, eta geuk ere gau batez txorimalo bihurtzea erabaki dugu.


Plazaren bazter guztietan janari eta edariak saltzeko postuak muntatu dituzte eta gu zer eskatu behar den jakin gabe... Erraz gogoratu gara portugalgo bidaiako mariskoaren jaiarekin. Han ere ez genekien zer eskatu, baina ederki afalduta irten ginen. Gaurkoa ezberdina izan da. Saltxitxak, patatak eta urdaiazpiko errea onak zeuden, baina mariskoaren ondoan, Itzalek garbi esan du. MARISKOA NAHIAGO!!!



Afaria eskatzen genbiltzala, herriko jaiak direla esan digute. Urtean behin. Beraz, beste behin ere suerte handia izan dugu.
Afaldu ondoren, mahaitik jaiki bezain laister, su artifizialak bota dituzte eta haiek ikusten egon gara.


Autokarabanara iristean Lur oso urduri zegoen. Agian su artifizialak entzun ditu eta urduri jarri da...
Musika autokarabana parkinetik entzuten da, eta ez dakigu noiz bukatuko den, baina abestiak talde klasikoenak dira eta ederki jotzen dituzte.
Ea zer moduz egiten dugun lo...

9.eguna
Gauean musika egon da baina oso ondo egin dugu lo trumoi batek eta ondorengo euri tanta potoloek esnatu gaituzten arte. Aspaldi autokarabana barruan euria entzun gabe geunden, klaraboia itxi eta gustura jarraitu dugu ohean. Bitartean herriko festak Unterkirnachen aurrera jarraitzen zuten Azoka bat antolatzen eta banda entsaiatzen zebiltzan errotadun taberna inguruan.


Goizean atzo ikusi gabe utzitako aire libreko museoa ikustera joan gara Gutachera. Bertan Oihan Beltzeko (Selva Negra) hiru eremuetako (iparralde, erdialde eta hegoalde) eraikuntzen ereduak ikusi ditugu. Bakoitzak bere berezitasunak ditu, inguruan lantzen dituzten materialak erabiltzen dituztelako eraikuntzarako.



Han bukatutakoan Oberwolfachera joan gara hango mineral eta matematika museoa ikustera. Landerrek eta Itzalek opari bana erosi dituzte eta pozik jarraitu dute bidaia.


Handik irtenda, Gengenbach herria ikustera joan gara eta mundialeko zati bat ikusi dugu taberna bateko terrazan. Herria ipuinetakoa bezalakoa da.



 Adokinatua eta oso etxe deigarriak dituena. Gainera piska bat magikoa ere bada. Begiratu nolako argazkia atera dugun nahi gabe...


Frantziak mundiala irabazi duela ikusita, gu ere bertara gerturatzea pentsatu dugu, eta Estrasburgo ondoan dagoen Kehl herriko autokarabana parkinean egin dugu lo.
Bozina hots asko entzun ditugu, eta badirudi denok aldrebestu gaituztela. Txakur handia txakur txikiekin haserre, txakur txikiak handiarekin minduta... Hau da hau, elkarren ondoan egon nahi eta elkarren ondoan ezin egotea...
Bihar bizikletak berriz martxan Estrasburgo ikusteko.

10.eguna
Ohean geundela hiru euri tanta bota ditu. Bazirudien euriak ere existitzen dela baieztatu nahi zigula.
Jantzi eta autokarabanatik irten orduko, foko handi bat zegoen gure gainean egun guztian egurra emateko prest.
Atzo esan genuen bezala, gaur bizikletaz ibiltzeko eguna izan da.


Goizean Rhin ibaiaren bi aldeetatik ibili gara bueltaka bizikletan. Nahiko diplomatikoak gara eta ez genuen Frantses eta Alemaniarren artean gatazkarik sortzea nahi.


Bi aldeetan ibili ondoren, Alemaniarren ibai ertza Frantsesena baino hobeto zainduta zegoela iruditu zaigu eta gehiago gustatu zaigu. Umeentzat ur jolasak ditu, eta gaurko eguraldia ikusita, eskertzen da horrelako guneak izatea.


Hain zegoen bero handia, Alemaniarren aldean hiru suhiltzaile kamioi guardia egiten jarri dituztela, Alemaniar zakur zaintzaileren bati insolazio bat ematen badio mangerakada bat botatzeko.


Agian ez zen horretarako, agian soilik kamioiak urez kargatzen zebiltzan. Dena den, txakur jabe batek edo bestek mereziko luke horrelako ur zaparrada bat. Lur zakur gaiztoa dela pentsatzea ere... Eurentzat kalte!!!
Goizean Lur ere gurekin etorri da eta oso formal ibili da bizikleta ondoan korrearekin lotuta. Hori bai, geldik gaudenean eta bera lotuta dagoenean, inguruan pasatzen diren txakur guztiei zaunka egiten die.

Bazkaldu ondoren Estrasburgora joan gara bizikletan baina oraingoan txakurrik gabe. Hirira iristeko bide luzea aukeratu du guretzat GPSak eta eguzkipean sufritu ere egin dugu hiriaren erdigunera iritsi arte. Bizikletak aparkatu eta ibilaldi bat egin dugu alde zaharreko kaleetan zehar. Dudarik gabe gehien gustatu zaiguna katedrala izan da. Ederra benetan!


Hiria berez ez zaigu gehiegi gustatu. Erreka ondoko ibilbidea polita da, etxe oso politak daude  alde zaharrean batez ere, bizikletan ibiltzeko oso ondo prestatuta dago eta Friburgon bezala jende askok erabiltzen du... baina hiri bezala ez genuke bizitzeko aukeratuko.



Bueltako bidean GPSa engainatu eta bide motzetik itzuli gara. Ez zaigu Benito otsoa aurreratu eta bizikletak kargatu ondoren erosketak egin eta afaltzera Durbacheko autokarabana parkinera etorri gara. Ingurua oso polita da eta mahasti pila bat daude mendiari ilea moztu baliote bezala...


A ze nolako pelukeroak... Ez diegu gure ilerik mozten utziko!!! Seguru muztioa egiten hobeak direla. Muztioa??? Erosiko genuke, baina ez daukagu lekurik. Erosketa espress patean "mineral water" ikusi eta gasdun 12 litro ur erosi ditugu.
Hobe lotara joatea, horrela jarraituz gero edozer gauza egiteko gai gara eta..


11.eguna
Azken abenturak izan ditugu gaurkoan Oihan Beltzean. Mannheimera bidean goaz eta gomendatutako hainbat herri ikusteko aprobetxatu dugu eguna.
Seebach herria izan da lehenengo geldialdia. Oso leku lasaia da eta erreka bazterrean, eskola ondoan, parke atsegin bat dago aparkalekutik behera jaitsita.


Bertatik hainbat ibilbide egin daitezke, baita Mummelsee lakuraino oinez joatearena ere. Dena den, guk alferraren astea kantua gogoratu eta zera esan dugu: "asteartea, gaur ere bero handia, ibilaldia baino, hobe zuhaitzpea..." eta halaxe geratu geratu gara erreka bazterrean eta zuhaitz azpian lasaitasuna  arnasten.


Momentu berezia izan da uraren hotsa eta hostoen soinua armonian entzutea.
Aspertu garenean, autokarabana hartu eta han ikusi dugu bide bazterrean Mummelsee adierazten zuen kartela. Eskerrak oinez joateko kartelari kasurik egin ez diogula... bestela oraindik ere han ibiliko ginateke izerdia lehortu ezinik.


Mummelseen bazkaldu egin dugu eta mundu guztian famatua den Selva Negra tarta probatu dugu.


Oihan beltzari agur esateko gure erritualetako bat izan da. Lakua ez da oso handia, baina xarma berezia dauka. Buelta eman dugu bere inguruan eta bidaia jarraitu dugu.


Hurrengo geltokia, diotenez, Oihan Beltzeko herririk politenean egin dugu: Sasbachwalden.
Bertako autokarabana parkinean siesta egin eta rubik kuboen ikastaroa jaso ondoren (irakaslea Lander izan da), herria ikusi eta erosketa batzuk egin ditugu.


Egia da herriko eraikinak oso politak direla, eta mendiak mahastiz beteta daude. Ez ginateke ausartuko herririk politena dela esaten, baina polita da dudarik gabe.
Gaur arte ez genuen sinesten nola izan zitekeen inguru hau hain berdea, aste osoan hiru euri tanta besterik bota ez dituenean. Baina Oihanak bazuen guretzako azken sorpresa bat. Autokarabanan sartu orduko sekulako zaparrada bota du. Guztia beltz jarri da eta azken agur bezala autokarabana garbi garbi utzi digu ekaitzak. Oriñonen ere aspaldiko ohitura zen hori: Bidaian zihoan karabanari, irten baino lehen mangerarekin arkoa egin eta nolabait bedeinkazioa ematea edo... Etxean bezala sentitu gara euripean.
Bidean aurrera eginda, Baden Baden herrira gerturatu gara. Dirudunen oporlekua omen zen "belle epoque" garaian. Termak ere badaude bertan. Gure autokarabana zaharrarekin han sartzeko saiakera egin dugu, baina kalean behera gindoazela, Michelin fabrikako gurpil erraldoiaren  tamainako "pasatzea debekatua" 4 seinale jarri dizkigute eta bada ezpada han bertan buelta eman dugu isunen bat jarri baino lehen. Badakigu gure autokarabana eta gure itxura ez direla oso glamourosoak, baina halako harrera hotzik ez genuen espero termatako ura 65°tan irteten den herri batean.
Han lo egiteko asmoa geneukan, baina ikusitakoa ikusita, aurrera jarraitu dugu eta pare bat parking tanteatu ondoren, Ettlingeneko parkinean egingo dugu lo, bihar ondoan dauden igerilekuetara joateko asmoz.
Baina lotara joan baino lehen, Oihan Beltza agurtzeko azken errituala egin dugu. Amama Espek noizean behin prestatzen digun, eta hemengo ohikoa den Sauerkraut-a (txukruta) prestatu dugu afaltzeko.
AGUR OIHAN BELTZA!!!


ALEMANIAKO MENDEBALDEA

12.eguna
Ettlingenen gaua zaratatsua izan da. Autobusak, trenak, tranbiak eta kotxeak entzun ditugu. Ordainetan, goizean berriz egun eguzkitsu eta beroa. Baina oraingoan ere zortea gure alde izan dugu eta atzokoan aipatu genuen igerilekua uste baino handiago eta hobea izan da.


Autokarabana parkinetik ehun metrora. Hutsaren truke, kanpoko eta barruko igerileku, txirrista, tranpolin, ur gaineko rokodromo, belardi, spa... asko akordatu gara Bergarako igerilekuarekin. Alemaniarrek hontan ere guk baino aukera hobeak dituzte.
Goiz osoa pasatu dugu geratu gabe, eta aspertu garenean autokarabanan bazkaldu eta Heidelbergera joan gara. Garbitzeko geneukan arropa labanderia batean utzi eta hiria ezagutzera joan gara pare bat orduz.


Ez genuen espero horrelako hiririk, baina merezi izan du ezagutzeak. Batez ere ibai ondoan dagoen parke batean elkartzen diren lagun talde ezberdinek harrituta utzi gaituzte. Denetarik egiten zuten: aeromodelismoa, dantza, musika, kirola, frisbia, Voley playa, skate, lagun artean hitz egin, jolas tradizionalak... giro benetan berezia.


Gure arroparekin aspertu samar geundenez, aldaketa txiki bat egin dugu. Praka gorriak arropa zuriarekin sartu eta lehorgailua topera jarri. Horrela, arropa zuriak larrosa kolorez geratu dira eta kamiseta handiak txikitu. Argazkietan hemendik aurrera originalago agertuko gara. Autokarabanan arropa pila bat eramango bagenu bezala... estetika estrategia bat izan da guztia...
Arropa jaso ondoren Mannheimera bidean dagoen parking batean egingo dugu lo, Ladenburg herrian.


Bidean gentozela konturatu gara gauez kotxeak azkarrago dabiltzala eta guk ezin dugula inor aurreratu. Gaueko 21:00etatik 6:00ak arte libre da autoentzat nahi den abiaduran gidatzea. Orain ulertzen dugu zergaitik erosten dituzten automobil potenteak Alemanian. Gu bezalako karakolei kolore gorriak ateratzeko. Dena den, ez dute lortuko. Poliki joatean, eguzkiak izkutatzen pasatzen dituen azken bost minutuak guztiz disfrutatzen ditugu. Ez dago argazkirik, baina bete betean ikusi dugu eta oroimenean daramagu irudia.

13.eguna
Gaur goizean Mannheimera joan gara. Aitona Pompe, amama Espe eta Tia Lidia bizi izan ziren ataria eta inguruak ezagutzera.
Hara iritsi baino lehen, Estrasburgon ezagutu genituen Iruñear batzuek esandakoari kasu egin eta TUV (IAT) taller batera joan gara. Ustez, Alemania guztian ibiltzeko poluzio tasa bat ordaindu behar genuen, baina gure autokarabanaren paperak ikusi ondoren pegatinarik ezin digula eman esan digu. Hure Alemaniako bidaia bertan behera geratzen zela uste genuen, baina segituan argitu digu pegatinak zertarako balio duen. Hiri barruan ibiltzeko tasa bat da. Hiritik kanpo ibiltzeko ez da behar. Beraz aurrera jarraitu dezakegu, baina ezingo gara hiri erdiguneak ikustera joan autokarabanan. Bizikleta edo autobusa erabili beharko dugu.
Hau argitu ondoren, Mannheim hiriko Schwarzwaldstrase kaleko 24 A ataria ikustera joan gara.


Han inguruan aparkatu eta Palomaren Scout sustraiak non dauden argitu dugu. Dirudienez, amama Espe egunero joaten zen Waldparketik Strandbaderaino tia Lidia jaioberriarekin paseatzera. Gaur bide bera egin dugu guk Lurrekin batera, eta basoan galtzeko bezalako bide pila bat ditu.


Eskerrak gaur ere Enara argi ibili den eta Palomaren sena erakutsi duen itzulera bidea aurkitzeko.


Ibilbidea Mannheimek duen gauzarik politenetakoa dela esango genuke, baina Stranbaden ez dituzte txakurrak gustuko eta ezin izan gara sartu. Era berean, bizikletak eta patinak ere ez dituzte onartzen. Ezta igerilariak ere. Ez dugu uste gure aurka zerbait dutenik. Kasualitatea izango da besterik gabe.


Bazkaldu ondoren (ez zaigu autokarabana area gehiegi gustatu), teknologiaren historia kontatzen zuen museoa ikusteta joan gara, baina iritsi garenerako ixten zeuden (17:00). Agian museoko atarian muntatzen zebiltzan garagardo festara joateko prestatu beharko zuten langileek... nork daki?
Guk, museoa ikusi gabe, autokarabana hartu eta Magunciaraino bidean jarraitu dugu. Autokarabana txakurrak gustatzen ez zaizkion gizon baten parkinean aparkatu dugu eta nekatuta geundenez ez gara herria ikustera joan.


Lur autokarabana barruan egon behar izan da zaunkaka hasten zen bakoitzean.

14.eguna
Goizean gosaltzen geundela konturatu gara F1eko Alemaniako saria gaur hasi eta iganderarte jokatuko dela gu gauden herritik 70 bat kilometrotara. Bi aldiz pentsatu ondoren, gure bideari jarraitzea erabaki dugu F1 ikusi gabe. Gaurko planarekin jarraituz Bonn herrira gerturatu gara Beethovenen  etxea ikustera. Bidean obrak, auto ilarak, GPSaren despisteak... baina azkenean iritsi gara Bonn herriaren erdigunera.


Erdigunera??? Ba bai. Ikusi dugu auto kutxaduraren debeku kartela, eta gero berriz, eta... ez genekien handik irtetzen, beraz azkenean autokarabana disimulatuta kaletxo batean aparkatu eta museoa ikustera joan gara. Herria asko gustatu zaigu eta Beethovenen museoa ere ikusi dugu.



Bere pianoak, sokazko istrumentuak, partiturak, eskutitzak, arropa... eta musika pila bat.


Bueltan autokarabanarekin irtetzean kontu handiz eta ahalik eta azkarren irten gara herritik. Esan digutenez, inor ez dabil aparkatutako kotxeei begira, baina hiri barruan gidatzen harrapatuz gero, isuna jartzen dizute. Eta orain arte polizia autoak autopistan besterik ikusi ez baditugu ere, gaurkoan hiri barruan hiruzpalau ikusi ditugu. Azkenean lortu dugu isunik gabe irtetzea, baina planak aldatu ditugu. Colonian arazo berdina izango genuelakoan, bertan ez geratzea pentsatu dugu eta aurrera jarraitu dugu Waldfeucht herriko autokarabana parkinera iritsi arte.


Kasualitatez, ondoan jatetxe bat dago, eta bertan afaldu dugu. Oso ondo gainera. Dena alemanieraz zegoen eta jabeari bi hitz esan orduko ulertu digu zer nahi genuen, eta ez dugu eskatu beharrik izan. Berak ekarritako parrillada jan eta listo.


Oso jatorra izan da eta gure kontura barre piska bat ere egin du, bihar Holandara joango garela esan diogunean. Barrezka hasi da eta Holanda begi bistan, berrehun bat metrora dagoela esan digu segidan.
Hor aurrean? Ezin genuen sinetsi bertan geundenik.

Afaltzen bukatu ondoren, paseatzen joan gara Holandar lurra gure oinekin zapaltzeko asmoz, baina bidean gindoazela, Hansel eta Gretelen ipuinean bezala, arreta deitu digun etxe baten ondoan despistatu gara. Musika topera zegoen, igerileku bateko ur soinua, gazteen algarak... Festa bat antolatu dute guretzat!!! -pentsatu dugu-, baina ez zegoen halakorik. Etxe partikular bat zen, ateak itxita, eta guk ez geneukan gonbidapenik. Beraz, disgustoarekin, autokarabanara lotara bueltatu gara Holandar lurra zapaltzeko inolako motibaziorik gabe. Bihar ere Holanda hor egongo da...


HOLANDAN BARRENA

15.eguna
Azkenean iritsi gara Holandara. Roemond izan da ikusi dugun lehenengo herri handia, eta bertan geratzeko tentatuta egon gara, baina azkenean ez gara geratu. Bukaeran piska bat damutu zaigu, bizikletaz ibiltzeko oso leku politak ikusi ditugulako ibai bazterretan.
Eindhovenera joan gara zuzenean, eta 2 ordurako OTA bota ondoren, herritik buelta txiki bat eman dugu eta Philips museoa ikusi dugu.


Ondoren korrika joan gara autokarabanara eta herria ikusi ez izanak pena eman digu. Bidean gentozela, eszenatoki bat, txiringitoak eta jai giroa zegoen plaza bat ikusi dugu, baina ez gara geratu.
Bazkaltzeko saltxitxak erre dizkigun barbakoa txiki bat erosi dugu eta autokarabana parkinean bazkaldu dugu lasai asko.


Siesta egin ondoren, berriz herrira joatea pentsatu dugu. Areatik herrirako komunikazioa autobusez oso ona eta merkea da, eta bidean OVNI bat ikusi dugu. Dirudienez Philipsen urteurrenen batean eraikitakoa da.


Herrira iritsi garenean goizeko irudiarekin ez zuen zerikusirik. Hemen dendak azkar ixten dituzte eta taberna edo jatetxeak zabalik geratzen badira ere, herriko kaleetan jende kopurua asko jaisten da.
Hau ikusita, goizean jai giroa zegoen lekura gerturatzea bururatu zaigu, eta bai asmatu ere...




Rock & Rollaren jaia zegoen. Oso giro polita, garaiko kotxeak, garaiko jantziak zeramatzaten pertsonak... Tartetxo batez egon gara eta giro polita egon da.
Hura ikusi ondoren, autobusa hartu eta autokarabanara itzuli gara. Gaur Eindhovenen egingo dugu lo.

16.eguna
Oso ondo eta merke egin dugu lo Eindhovengo park&ride parkinean.
Aspalditik geneukan buruan Efteling parkea (Port Aventura estilokoa) ikustera joatea. Gaurko bi aukera proposatu ditu Palomak. Efteling parkea edo Tilburgoko jaiak. Azkenean lehenengo aukerari heldu eta bigarrena biharko utzi dugu.


Efteling ederra da. Aukera pila bat ditu eta gainera detaileak oso ondo zainduta dituzte. Txakurrentzat zaintza zerbitzua hasteko, ipuin klasikoak oinarri hartuta gune ezberdinak parke barruan, atrakzio pila bat, eta guztia kalitatez eta detailean eginda. Guztiak probatu ditugu eta bakoitzak bere gustukoa aurkitu du. Lander eta Enarari urre mehatzeko 20 metroko jauzi librea zeukan zirkuitua gustatu zaie.


Itzali ur laisterretatik behera zihoan zirkuitua.


Palomari 1000 gau eta bat gehiago txalupan eta bertan ikusten ziren eszena mugikor guztiak.



Aitzoli guztiak, etxe sorgindua eta misteriozko etxearena salbu.
Amaitzeko urarekin egindako ikuskizuna ere bikaina izan da, parketik berriz itzultzeko gogoarekin irtetzeko.


Ez da parke merkea, baina orokorrean bikaina iruditu zaigu.
Handik irten garenean, begiz jota geneukan area pribatu batera joan gara, baina guretzat lekurik ez zela geratzen esan digute.


Mobilean parke natural batean, duna baten ondoan, dagoen parking batera joateko aukera ikusi dugu eta bertara joan, garagardo bat hartu, oheak prestatu... eta afaria prestatzen genbiltzanean, jatetxeko langile batek esan digu ezin genuela bertan lo egin terreno partikularra zelako. Gaueko 23:00k eta gu nora joan jakin gabe. Handik irten eta bi kanpinetan begiratu dugu, baina harrera itxita zegoen eta ezin izan gara geratu. Azkenean, obratan dabiltzan hirugarren kanping baten aurrean dagoen aparkaleku batean beste autokarabana bat ikusi dugu aparkatuta, eta haren ondoan aparkatu dugu. Ez dakigu gaua nola joango den, baina bada ezpada bihar goizerako iratzargailua jarriko dugu ahalik eta azkarren hemendik mugitzeko.

17.eguna
Iratzargailuak 7:00etan jo du eta inguruan mugimendurik ez zegoenez, gu ere 8:00ak ingurura arte ez gara mugitu. Atzo gauean lo egiteko albora utzitako parking batean gosaldu dugu eta dunaren inguruan dagoen laku bati buelta eman diogu.
Ondoren Tilburgo ikustera joan gara.
Herriko jaiak ospatzen dituzte, eta han ere, ezagutzen ditugun beste hainbat herritan bezala, goizean kaleak zikinak eta jendea ohean bart gaueko abenturari buelta eman ezinda.
Baina gaur goizean nabari zen egun berezia zetorrela.


Gay eta lesbianen eguna ospatu dute gaur herriko jaien barruan, eta goizetik martxan zebiltzan guztia txukun larrosa kolorez apaintzen. Guri ere globo larrosak eman dizkigute eta Lurri lepotik lotu diogu bat. Argazkiak eta guzti atera dizkigute... eta hori labadoran larrosa kolorez irten ziren kamisetak ez ditugula jantzi, bestela... bihar egunkariko portadan agertuko ginateke...


Sekulakoa prestatu dute gauerako. Inoiz ez dugu herriko jai batzuetan hainbeate barraka ikusi. Horretaz gain, ia taberna guztien kanpokaldean dj aktuazioetarako argizteria, altabozak.... gaurko gaua ezingo dugu bertatik bertara bizi, baina sentitu dugu piska bat, ordu batzuk lehenago izan bada ere.


Hura ikusi ondoren, erosketa batzuk egin eta bideko parke natural bateko kanpon batera joan gara baina ez gara bertan geratu. Hemen leku askotan makina bat uzten dute kanpinaren arduradun eta guztia holandarrez idatzita egoten da. Lo egiteko asmoa geneukan, baina oso garestia iruditu zaigu, ezerezaren erdian zegoen eta inork jaramonik egin ez digunez, ur zikinak hustu, ur berriak kargatu eta alde egin dugu igerileku baten bila.
Apeldoornen aurkitu dugu bat eta gainera autokarabana parkinaren ondoan. Alemanian gaizki ohitu gara eta listoia oso altu zegoen, baina hemengo igerilekuak ere bazuen txirrista, jacuzzya, sauna umela, barruko eta kanpoko igerilekua... baina guk, indo pasatu.badugu ere, Alemaniakoa nahiago. Bertan pasatu dugu arratsaldea, igerian, masustak batzen, kitarrarekin abesten, irakurtzen... eta autokarabanan afaldu ondoren, lotara goaz Tilburgoko jaietan egongo den giroa buruan dugula.
 Hori bai, bihar goizean jende askok baino gorputzaldi hobea izango dugu!


18.eguna
Atzo gauean txorimalo koadrila pare bat parkinean tontoarena egiten ibili ondoren, segituan joan ziren eta oso ondo egin dugu lo.
Eguerdirako, Anne Franc eta beste judutar eta ijito pila bat egon ziren Hooghalen herriko Westerbork kontzentrazio eremuan geunden.

Museoan dena Netherlanderaz zegoen idatzita, baina ikusi dugunarekin eta eman diguten ingelerazko txosten batekin, jakin dugu hau ez zela Alemanian zeuden kontzentrazio eremuak bezalakoa. Hemen Holandako judutarrak eta ijitoak biltzen zituzten, normaltasun baten barruan bizitzeko, herri "normal" batean dauden zerbitzuekin: liburutegia, antzeztokia, eskola, kirolak egiteko eremuak, txapelketak, etab. Baina beste kontzentrazio eremuetan jendea behar bazuten, bertan trenak kargatu eta kupidarik gabe bidaltzen zituzten.
Museoa ikusi ondoren, autobusez joan gara eremura.


Gezurra dirudi duela 80 urte horrelako egoerak zeudela pentsatzeak.


Agian hemendik urte batzuetara gaur egun Afrikatik Europara etorkinek egiten duten bidea ere museo batean islatuko dute, eta horrela agintariek euren buruak zurituko diruzte. Tristea da, baina hau ikustea ere  komenigarria da. Ahalik eta azkarren bada hobe, arazoa urte gutxitan konpondu dela esan nahiko du eta.


Guztia ikusi ondoren, Europako Venezia deitzen dioten herrira etorri gara. "Giethorn". Bertan, Heidiren aitonaren itxura, baina oso bihotz ona duen gizon batek eta bere emazteak hartu gaituzte. Oso leku lasaia eta berezia da. Ur kanal baten ondoan dago.
Arratsaldean buelta bat egin ondoren erlaxatzen egon gara kanpinean. Egunak aurrera doaz eta nekea ere geroz eta gehiago nabaritzen da



Lotara goaz gaur ondo lo egingo dugulakoaren susmoarekin.



AMSTERDAM

19.eguna
Goizean presarik gabe esnatu ondoren, parkinaren ondoan dagoen herrira joan gara benetan zer aurkituko genuen kuriositatearekin baina esperantza handiegirik gabe.


Segituan konturatu gara herri horretan automobilak bigarren platerra direla. Eta zein izango ote da lehenengoa? Bizikleta?
Ba ez. Agian bizikleta izan daiteke bigarrena automobilaren aurretik, baina "leaderra" itsasontzia da.


Txikiak, handiak, erraldoiak, eta alkilerreko kutreak daude. Guk horrelako bat hartu dugu eta ordubeteko ibilbidea egin dugu herrian zehar.


Gure ibilbidean ez dugu auto edo bizikletentzat biderik ikusi. Oso bide berezia izan da, herriko kanalak, kanpoaldeko lakua eta berriz herrira sartuaz.



Txuriko ere (Lur), gurekin etorri da eta gure txalupa oso ondo babestu du ahateengandik.


Erreka bazterrei ere kolpe batzuk eman dizkiegu baina zorionez ez dugu zirkuitoan zulorik egin... pentsatzerik ere ez genuke nahi telebistako notizia: "Patrulla familiakoek Giethorneko kanaleko bide bazterra jo ondoren, urak ihes egin du eta herriak zeukan turismo iturririk handiena pikutara joan da..." hobe ez.


Kanala aipatuta, beste kanal bati buruzko notizia ere badaukagu. Landerrek gaur bere youtubeko kanaleko lehen bideoa igo du internetera. Kanalaren izena "arteland" da eta astero artearekin lotutako bideo ezberdinak grabatu eta igoko ditu. Sartu, begiratu eta gustatzen bazaizue eman "gustuko"ri eta kanpaitxoa aktibatuz gero, bideo bat igotzen duen bakoitzean abixua jasoko duzue.

Gure patroi lantxoak egin ondoren, autokarabana hartu eta Amsterdamera joan gara. Iritsi garenean, lotarako lekurik ez zeukaten guretzat eta hor ibili gara bueltaka kanping batetik bestera... "Don't you have a reservation??? I'm sorry but..." eta panfletotxo bat oparituta kalera berriz. Azkenean autokarabanen parkina aurkitu dugu eta bazkaldu ondoren Amsterdam ikustera joan gara.
Parkina ibaiaren beste aldean dago, eta ferry zerbitzua dago debalde alde batetik bestera pasatzeko. Hau bai dela hiria automobilez libratzeko ideia ona.


Hala ere, bizikletan jende asko badabil ere, ez zaigu guretzat gustatu. Nahiko kaotikoa iruditu zaigu eta bizikletak oso azkar dabiltza. Beraz egun hauetan oinez mugituko gara.


Hiriaren lehenengo begirada bat egin dugu eta bihar topera ibiltzeko prest gaude.


20.eguna
Goizean goiz esnatu eta Anne Franken etxerako sarrerak hartzeko mila saiakera egin ditugu, bai gauean zehar eta baita goizean ere, baina ez dugunez gure helburua lortu, egunean zehar bertara gerturatu eta han hartzen saiatzea bururatu zaigu.
Gaurkoa ere egun eguzkitsu eta beroa izango dela dirudi. Motxilak ur botilaz bete ditugu eta atzoko bidetik hiriraino joan gara.


Central Staationen jaitsi gara, eta egun osoan erabiliko ditugun garraioak ordaintzeko tikeak hartu ditugu. Guztiok joan gaitezke tranbia, metro edo autobusez 30 euroren truke. Oso aukera ona da hirian mugitzeko.
Metroko 52. zenbakia hartuta Albert Cuyp merkatura joan gara.


Asko gustatu zaigu eta gauza pila bat erosi ditugu. Ondoren zerbait bazkaldu eta Anne Franken etxera joan gara.


Iritsi garenean... harrituta geratu gara. Jende pila bat sartzeko itxoiten, beste batzuek argazkiak ateratzen... eta Andoni Aizpuruaren lagunak ziruditen batzuek, aterkinak zabalik eta geldi geldi mugitu ere egin gabe, aterkin azpian euriari itxoiten baleude bezala.
Ez dugu asko galdetu, baina garbi zegoen ezingo geniela sarrerarik lortu. Batez ere "Tickets inlu online" zioen kartel bat zegoelako.
Beraz, burumakur kaleetan bueltaka hasi gara nomadak desertuan bezala. Lurrek ez zuen ezer ulertzen. Egarri zen, baina ezin zuen begi aurrean zituen kanaletako urik edan...


Gero Amsterdameko erosketa gunera iritsi gara. Bero, jende pila bat, eta kale nagusietan munduko beste edozein hiritan topatu ditzakegun dendak. Ez zaigu batere gustatu sentsazio hau. Politagoak iruditu zaizkigu bi kale nagusien artean geratzen ziren pasabidetxoak, komertzio txiki eta tradizionalagoekin, jende gutxiago gurutzatzen...


Horrela joan zaigu eguna bueltaka.
Azken ibilaldia "I Amsterdam" jartzen duen parke batera egin dugu.


Amaierarako oso nekatuta geunden eta tren geltokian afaltzeko zerbait erosi ondoren autokarabanara itzuli gara.
Afaltzen hasteko puntuan geundela, sekulako haizea jaso du eta galerna itxura zetorrela zirudien. Lehioak itxi ondoren, bertan geratu da eta gure ingurutik pasatu da tantarik bota gabe.
Amsterdam hirigune inguruan egin duela esango genuke, han elkartu baitira tximista eta lainoak.
Andoni Aizpuruaren lagunek bazekiten zerbait itxura denez, eta pozik egongo ziren aterkinak zabalik, beste guztiak nola bustitzen ziren ikusten zuten bitartean. Seguru inguruan zeuden askok ere aide egingo zutela eguraldia ikusita. (Estrategia ona izan daiteke Museora sartu nahi eta sarrerarik ez dutenak etxera bidaltzeko...).
Gauean ere sargori dago, eta oraintxe bertan hasi dira autokarabanako teilatuan lehenengo euri tantak... ea gaua piska bat freskatzen.duen.

Bitartean, klaraboiak itxi eta kontzertuaz gozatuko dugu.


AMSTERDAMGO PENINTSULA

21.eguna
Kontzertu motza izan zen atzo gauekoa. Hiru edo lau tanta potolo eta isilune luzea. Azkenean ez zuen freskatu.
Eta gaur berriz ere egun guztiz beroa.
Orain bai ez dugula ulertzen zein arrazoigatik joaten diren Holandesak Españara. Hemen ere egunero eguzkia eta beroa daukate... Palomak interneten begiratu du zer den hemen gertatzen ari dena, eta guztia ulertu dugu orduan. Azken 40 urteetako udaberri/uda sikuena da aurtengoa.  Ez da batere normala klima hau. Hemen normalean udan ere euria egiten du eta horregaitik joaten dira oporretan Andaluziara.


Hau ulertu ondoren, Alkmaar herrira iritsi gara eta gaztaren azoka ikusi dugu euren herri kirola zirudiena egiten zuten bitartean.
Euskal herrian harriak jaso edo txingak eramaten ditugu. Eta zer eramango dute hemen?
Ba noski, ez da zaila... GAZTA!!!


Asko gustatu zaigu herria eta han ere itsasontziek pisu handia daukatela ikusi dugu. Zubiak mugitzeko beste sistema bat ezagutu dugu gaur.


Hura ikusi ondoren, Edamera joan gara eta Volendamera ondoren. Bero handia zegoenez, igerilekura joateko aukera utzi egin dugu jende pila bat zegoela ikistean.
Igerileku ondoan bazkaldu ondoren Zaandamera joan gara, bertako errotak ikusi eta igerilekuan bainatzera. Baina iritsi garenean, dena itxita zegoen. Debekatua egon beharko luke udaran igerilekuak ixtea. Edo gutxienez zerbitzu minimoak jarri, edo... auskalo.
Bidean gindoazela, automobilen aurretik lehentasuna duten beste ibilgailu batzuk ezagutu ditugu.


Hainbat igerileku tanteatu ondoren, Haarlemen aurkitu dugu igerileku txiki bat eta bertan geratu gara. Itzalek tranpolinetik txiribuelta eginez jauzten ikasi du.


Freskatua hartuta, zuhaitzik ez zeukan parkin bat bilatu dugu ilargi eklipsea ikusteko.
Afaltzen geundela, hamarrak jo dute eta zeruan ez zen ezer ageri. Ordubete pasatu ondoren konturatu da Enara ilargia eklipsean zegoela.


Ederra izan da ikustea, eta han egon gara aho zabalik. Eskerrak eltxoak ez diren ahoan sartzen, bestela...


Ia amaitu denean, ohean sartu gara eta izugarrizko haizea hasi da.
Atzo perkusio kontzertua, gaur haizezkoa...ikusi beharko. Seguru seguru, bero egingo du eta ez du euririk egingo. Zenbat apustu?

22.eguna
Hau da hau... apustua egin eta dudarik gabe galdu.
Gauean euri zaparradak bota ditu, eta goizean ere euri tantekin esnatu gara. Tenperaturak ere behera egin du eta eguraldi naturalagoa dago gaur.
Presarik gabe jaiki gara eta bidean gindoazela ezin genuen sinetsi begi aurrean geneukana. Hegazkinek ere lehentasuna daukate bidean?


Bi aldiz pentsatu gabe, bide bazterrean hegan irtetzeko prestatzen zebilen hegazkin bati karrera egiteko keinua egin diogu, eta irabaztear geundela, motor batek sartu ditu muturrak gure lehian eta azkenean ez dakigu nork irabazi duen... foto finishean begiratu beharko dugu.


Horrela iritsi gara Leiden herrira. Autokarabanatik jaitsi, erosketak egin eta herria ikustera gindoazela, sekulako zaparrada bota du eta herria autokarabanatik ikusiaz aurrera jarraitu dugu. Itxura polita dauka.


Amsterdam txiki bat da, hiria baino lehenago sortutakoa eta kaleetan horrenbeste turista ez dituena. Pena izan da zaparrada bertan botatzea, baina bi aste euri eske ibili ondoren, ez gara kexatuko.

Aurrera jarraituta, La Haya hirira iritsi gara.


Lehenengo aldiz hondartza ikusi dugu Holandan. OTA jarrita topea ordubete geneukan, beraz malekoitik buelta bat eman dugu berriz irten den eguzkipean, haize zakarrak astindu ederra eman digu eta Rubik kuboak erosi  eta inguruko atrakzioak ikusi ondoren bidaia jarraitu dugu.



Hurrengo jomuga Rotterdam izan da. Bertan bazkaldu ondoren, oso hurrun geunden aparkatuta, eta pereza handia ematen zigun herri erdigunera joateak. Ez sartzea pentsatu dugu, eta autokarabanarekin erdigunetik pasatzen genbiltzala, Brasilgo ihauterietako karrozak atera dituzte guretzat.


Itxura denez gu bertan geratzea nahi zuten, eta egia esan, hortzak luze jarri dizkigute eta pare bat orduko geldialditxoa egin dugu.
Ez gara damutu gelditu izanaz. Udako ihauterien azken eguna zen gaur. Sekulako giroa zegoen desfilearen inguruan. Horretaz gain, Rotterdamgo eraikuntza eta ibaiko itsasontzi zahar eta berriek xarma berezia daukate. Bilbao ekarri digute gogora.



Han tarte batez egon ondoren, gaua pasatzeko leku lasai bat bilatu dugu Alblasserdam herriko Vinkenwaard parkinean.
Gainera, gure etxeko hiru artista txikiek zirko emanaldia antolatu dute guretzat. Egun guztian pailazoarena egiteko ensaiatzen ibili ondoren, erraz prestatu dute. Barre algaraka ibili gara.


Haizeak zakar jotzen du, baina eguraldi ona dago eta gaur gauean saku eta guzti egingo dugu lo.
Biharko, hemendik 3 kilometrora dauden errotak ikusteko plana daukagu. Bizikletaz egingo dugu bidea. Beroa zela eta orain arte ez ditugu bizikletak jaitsi, eta lotsa emango liguke Holandatik bizikletan ibili gabe joan garela gogoratzeak.


BELGIKAN BARRENA

23.eguna
Goizean bizikletak prestatu eta Kinderdijk herriko erroten zirkuitua egin dugu.


Lur hasieran urduri samar joan da, baina bukaerarako ikasi du bizikleta ondoan joaten.


Gaur ere, beste egun batzuetan bezala, Holandan lehentasuna nork daukan azaldu nahi izan digute.


Bai, bai. Antzarek ere lehentasuna daukate!!! Kotxeak emergentziako argiak jarri eta lasai lasai itxoin behar du denak pasatu arte.
Errotak aspaldiko lantegiak ziren. Beraz aspaldiko industrialde batean pasatu dugu goiza.



Buelta eman ondoren, bazkaldu eta Amberesera joan gara. Ibai ondoko aparkaldeku handi batean aparkatu dugu. Alde zaharretik nahiko gertu zegoen eta hau ezagutzeko aprobetxatu dugu.


Hiri polita iruditu zaigu, baina jende gehiegi zebilen kalean.


Ordubete eskasa egon ondoren, bidea berriz hartu eta Puurs herrira etorri gara.
Herritik bueltatxoa egin eta afaldu ondoren biharko bateriak kargatzeko lotara joan gara.

24.eguna
Ondo lo egin ondoren, 12:00etarako Bruselako "forest" ondoan dagoen aparkalekuan geunden. Parke haundi bat dago ondoan eta arropa garbitzen jarri dugun bitartean, Lurrekin jolasten ibili gara.


Bukatu dugunean, zerbait bazkaldu eta 48 zenbakia zeukan autobusa hartuta Bruselako erdigunera iritsi gara. Plaza oso polita da, eta iturritik pixa egiten duen mutikoa ere ikusi dugu.


Txokolatezaleak garenez, ezin genuen Bruselako plaza ondoan dagoen txokolate museoa ikusi gabe utzi, eta barrura sartu gara.


Txokolatearen historia azaltzen zuen bertako imformazioak. Ondoren bonboiak nola egiten dituzten azaldu digute, eta amaitzeko, txokolate mota ezberdinak probatu ditugu.


Museoa ez da gaizki egon, baina berriz ez ginateke sartuko. Hobe sarreratan gastatutako dirua txokolatetan gastatu izan bagenu...


Plazan geundela, metralleta eta kamuflaje trajea zeramaten 4 soldadu agertu dira.
Haiek ikusitakoan, hiria ikusteko gogoa piska bat joan zaigu, eta autokarabanara bidea hartu dugu. Nora joan ez genekiela, bi lagun hauek lagundu digute autobusa non hartu behar zen asmatzen.


Hurrengo herria Gante izan da. Euskaldunen parkina dela esan dezakegu. Orain arte ez dugu inor euskaraz hitz egiten entzun, eta gaur bi familia.
Lehenengo Elgoibarko Iban, Ainhoa, Inar eta Lurrekin elkartu gara. Sorpresa izan da Ganten ezagun batzuekin topo egitea eta gustura egon gara hitz egiten umeek euren artean jolasten zuten bitartean. Inar eta Lander oso ondo konpondu dira eta papiroflexia egiten ibili dira beste gauza batzuen artean


Ondoren, Ondarruko familia batekin egin dugu topo eta haiekin ere denbora pila bat egon gara hizketan. Badirudi euskaraz hitz egiteko gogoa geneukala, gaur arte bidaia guztian ez dugu eta beste euskaldun batzuekin topo egin.
Ondoren Ganteko ibai ondotik ibilalditxo bat egin, zerbait afaldu eta lotara joan gara.

25. eguna
Esnatu eta autokarabanatik irtetzean, gure aurrean zegoen ibai zatian, polizia, anbulantzia eta suhiltzaileak ikusi ditugu. Dirudienez ibaia behatzen zebiltzan, baina ez dugu jakin arrazoia zein zen. Agian bazekiten atzo gauean erabili eta botatzeko barbakoa bat erosi genuela. Sekretuan geneukan, baina txibatazoren bat egon omen da.
Guk, lanean ziharduten bitartean, bizikletak jaitsi eta Gante ikusteko aprobetxatu dugu.


Bizikletak gordetzeko lur azpiko parkina daukate herri erdian, eta gainera dohainik da. A ze nolako zerbitzua... Bizikletak kontatu eta zenbat gehiagorentzat lekua dagoen esaten duen sistema bat ere badauka.


Hiria oso polita eta lasaia iruditu zaigu, baina ez dugu ulertzen nola konpontzen diren plazako espazioan tranbia, autobus, ziklista eta oinezkoak istripurik izan gabe.


Herrian hainbat leku ikusi ondoren, barbakoan prestatzeko haragi piska bat hartu dugu eta parkerantz joan gara biIkletan.



Asmoa parkin ondoko lakutxoan bazkaltzea zen, baina hara iritsi garenean konturatu gara surik ez egiteko seinalea zegoela. Orduan, autokarabana parkingaren ondoko pistan jarri gara eta hantxe egin dugu barbakoa.


Han geunden bitartean, poliziak pasatu dira eta baita suhiltzaile patrulla bat ere. Agian Patrulla familiakoekin traturen bat egin nahiko zuten... ur piska bat saltxitxa batzuen truke edo horrelako zerbait. Bagenekien gure barbakoaren berri zutela, eta gehiago oraindik handik irtetzen zen kea ikusi ondoren.
Disimulatzeko zirko piska bat egin dugu eta despistatuta joan dira.


Bukatu dugunean Damme herrira joan gara. Esan digutenez gure Elgoibarko lagunak han zeuden eta eurekin afaldu dugu. Ondoren zirko saioa izan dugu, eta amaitzeko tertulia.


Gustura egon dira umeak eta berdin egon gara gurasoak garagardoa eta Oihan Beltzeko txupitoa edanez.


26. eguna
Gaur goizean gure bizilagunekin gosaltzeko hitzordua geneukan 9:00etan. Lasai asko gosaldu dugu inongo presarik gabe, eta bukatu dugunean bakoitza bere plana egin eta hurrengorarte agurtu dugu elkar. Haiek Holanda aldera eta gu Frantzia zeharkatzera.
Bidaian Brujas herria ezagutzeko geratu gara, eta bisita azkar bat egin ondoren bidean jarraitu dugu.


Bero egin du gaur ere, eta piska bat freskatzeko igerilekuan bainu eta dutxa bat hartu dugu.
Amaitzeko Conty herrira etorri gara itxura lasaia daukan parkin batean lo egiteko. Ura hustu eta betetzeko aukera ere badauka, beraz bikain!!!




FRANTZIATIK ETXERA

27.eguna
Gauean oso ondo egin dugu lo eta goizean lasai esnatu eta Normandiara bidean jarri gara. Presarik gabe, baina gelditu gabe, kilometroak herri txikiak zeharkatuaz egin ditugu.


Barnekaldean bero zegoen arren, kostaldera gerturatu ahala tenperaturak ere behera egin du eta gauean arropa luzea jarri behar izan dugu. Hotzagaitik eta baita eltxoei oztopoak jartzeko ere.
Bidean sorpresaz herri txiki polit batzuk ere ikusi ditugu ezerezaren erdian. Herritxo asko zeharkatu ditugu eta bat bestearengandik 2 kilometro eskasera zeuden. Autokarabanarekin karrerila hartu orduko, frenatu eta berriz beste herri bat zeharkatzeko abiadura gutxitu, badena pasatu, gure abiadura seinale elektronokoan ikusi... Horrela joan zaigu goiza eta eguerdia.
Noizean behin CALAIS izena agertzen zen bide bazterreko karteletan, eta bertatik despistatuta joateko gogoa izan dugu Ingalaterra edo Eskoziara ferrya hartzeko... baina ez gara tentazioan erori.

Ouistreham herriko autokarabana parkinean aparkatu eta Normandiako batallak izan ziren hondartzak ikusi nahi ditugu.
17:00ak inguruan iritsi gara parkinera, eta ia konturatu gabe gure begi bistan Ingalaterrara doan ferrya agertu da.


Denok egin dugu amets bertara igo eta bihar goizean Ingalaterran esnatuko ginela, baina erreserba egiten saiatu ondoren, ez daukate txakur gehiagorentzat lekurik. Beraz, oraingoan ez da izango...

Arratsaldean hondartza ondotik buelta bat ematen ibili gara, baina guztiz sartu gabe.


Txakurrek debekatuta daukate hondartzara sarrera. Hondartza oso luzea da eta konturatu gabe pila bat ibili gara.


Gauean afaldu eta beste ferry bat agurtu dugu.
Bihar ere izango dira gehiago...


INGLATERRARA IHESALDIA

28.eguna
Gasteizko rotonda batean edo zurrunbilo batean sartzen denari bezala gertatu zaigu guri ere. Gaur goizean Inglaterrara zihoan beste ferry batek eraman du jende pila bat gure parking ondotik irtenda.
Tentatuta, gu ere joateko aukera bila hasi gara eta han zegoen aukera guri deika... patrullako guztiak elkartu gara eta ez zaigu gehiegi kostatu erabakia hartzea. Bergaran beroa pasatu baino nahiago dugu oporrak egun batzuk luzatu eta Ingalaterrara joatea.
Pentsatu baino hurrunago zegoen Dieppe, DFDS  konpainiako ferryak irtzetzen diren herria.


Bost orduko bidaia egin dugu, baina azkenean iritsi gara eta bidean bazkaldu ondoren irteera portua ikusi eta arratsaldeko ordu hilak herria ikusteko baliatu ditugu.


Ondoren autokarabanarekin ferryrako sarrerako ilaran aparkatu eta ordubeteko lokuluxka egin dugu eremuan sartzen utzi diguten arte.


Sartu ondoren zerbait afaldu, Lurrentzat autokarabana prestatu eta ferryan sartu gara.


5 orduko bidaia izango da gauez. (00:00 - 04:00) Inglaterrako 04:00 izango dira iristen garenean, beraz ferrytik irten eta berehala dagoen parking batean aparkatuko dugu eta bertan lo egingo dugu. Orain atseden hartzeko momentua da.



29.eguna
Goizeko lauretan iritsi gara Dieppeko portura eta txatarrazko menditxo pila bat daude sakabanatuta.


Zertarako joan ziren Inglesak Bilbora industrializazio garaian? Ez ziren konturatu hemen dagoela Inglaterrako txatarraren zati handi bat? Paisaiei begira ibiliko ziren despistatuta, gu bezala.


Herrian buelta bat eman dugu eta ez dago bizitza handiegirik. Taberna batean fish&chips desiratuak jaten saiatu gara, baina saltxitxa eakaini digute, ixtera zihoazela argudiatuz. Azkenean ez dugu ezer jan eta Manchesterrera bidea hasi dugu. Gaur, hainbat buelta egin ondoren, bidean dagoen Stratford herrira iritsi gara. Leku berezia da. 


Shakespeareren jaioterria, kanal berriztua...eta Leissure centre igerileku eta guzti.
Aparkalekuaren bila hainbat buelta egin ondoren, swimming pool ondoan aparkatu dugula konturatu gara (Bihar goizerako badugu plana.
Herria ikustera joan gara eta oso polita da. Fish&chips to take away hartu eta parke batean jan ditugu. Ondoren autokarabanara bueltatu gara. Biharko plan pila bat daude herri honetan... ikusiko dugu zer egin.

30.eguna
Esnatu eta lehenengo gauza parkinean pound-ak bota ditugu. Bemetan balio dutena baino gehiago balio dute. Alde guztietan eskatzen dituzte, eta ez baldin badituzu... Izorrai!!! Estrategia ona da inguruko denda, taberna edo edozein zerbitzutan dirua gastatzera behartzeko. Bileteak ere  ez dituzte onartzen.
Dena dela, goizeko lehenengo plana igerilekura joatea izan da. Freskatu bat hartu, dutxatu eta aitokarabanan gosaldu dugu. Han geundela OTAko gizona etorri da eta Katalunian familia daukala eaan digu. Gustura geratzen dira gurekin hitz egiten. Eta guk ere guatura egiten dugu eurekin inglesa pixka bat praktikan jartzeko.


Gosaldu ondoren tximeleta museo batera joan gara eta asko gustatu zaigu. Landerrek azkar joan nahi zuen handik... ez dakigu zergaitik. Agian hurrengo museoa gehiago gustatzen zitzaiolako? Itzalek berriz han geratu nahi zuen.


Handik irtetzean zeramika lantzen zuen gizon bati begira egon gara azokan. Gaur Igandea zen eta azoka zegoen kalean. Baita herria ikustera etorritako jende pila bat ere. Oso turistikoa da eta kalean jende asko dabil. Baita erreka bazterreko parkeetan ere.
Bazkaldu ondoren, MAD museum ikusten egon gara. Mekanika, Artea eta Diseinua. Asko gustatu zaigu.




Amaitu dugunean, autokarabana hartu eta Manchesterrera joan gara lotara. Trafiko handia zegoen, baina ondo joan gara ezkerretik gidatzen. Beste gidariak ere oso jatorrak dira. Batzuek agurtu egin gaituztela zirudien, eta guk ere agur egin diegu. Gero konturatu gara benetan erdiko hatzamarra atera digutela... jakinez gero, guk bi aterako genizkieke, baina kanpotarrak garenez, ez gara konturatu.
Manchesterrera iristean, hiru parking ikusteko bi aldiz sartu gara autobus eta taxientzat bakarrik baimendutako kaleetan. Jendeak arraro samar begiratzen zigun eta hala konturatu gara gaizki genbiltzala. Espero dugu multarik ez jasotzea etxera itzultzean...
Azkenean ez zaigu hiria gustatu gaua pasatzeko, eta handik 20 minutura dagoen herri batean (Oldham) dagoen kanping batera etorri gara. Gerturatu orduko etorri da jabea laguntza eskaini eta gure partzelara bideratzera. Kanpinean 14 libraren truke lo egin, hustu, dutxatu, arropa garbitzen jarri, txakurrarekin jolastu, wifia.... denetarik. Jabea oso jatorra da, eta gaur Manchesterren lo egiteko geneuzkan beste aukerak ikusita, hona etorri izanak merezi izan duela uste dugu.

31.eguna
Manchesterrera itzuli baino lehen, euroak aldatzeko posta bulego batera joan gara. Aldaketa egitean komisio handia kobratu digutela iruditu zaigu, baina gutxienez baditugu libra batzuk bidaian txartelik onartzen ez duten lekuetan erabiltzeko.
Autokarabanarekin joan gara Manchesterrera eta Victoria Station ondoan dagoen parkinean aparkatu dugu 10 ordurako 6 £ ordainduta.


Hiria ikusten hasi eta biko autobusarekin topo egin dugu. Groupon aplikazioa ezagutu dugu eta libra batzuk aurreztu ditugu txartelarekin ordainduta. Hor joan gara hirian zehar Manchester ikusten eta bere historia entzuten.
Hiriak oso ezberdinak diren auzoak ditu eraikin zahar eta berriak nahastuz. Old Traford ere ikusi dugu bidean. Baita industria eta zientziaren museoa non dagoen ere... baina ez gara geratu. Zita berezi bat geneukan gaurko hiriko udaletxe aurrean.
Ion eta Mirentxurekin elkartu gara. Eskoziatik bueltan datoz eguzki bila, eta gaurko eguna batera pasatu dugu. 



China Townen hartutako take away bazkaldu dugu udaletxe atzean. Ondoren Inglaterrako futbolaren museoa piskat ikusi dugu.


Iron Maiden taldearen kontzertua zegoen gaur, eta heavy pila batekin pinta bat hartu dugu.


Eguna amaitzeko barbakoa engin dugu kanpinean. Vinho verde, ardoa (beltza), Ohian Beltzeko krema eta Eskoziako whiskeya (ederra). Eta sagardoa??? Gaurkoan sagardoak hotzgailutik ihes egin eta txepel zegoen, beraz beste egun baterako.


Oso ondo pasatu dugu eta gauean nekatuta joan gara ohera.

32.eguna
Gaur goizean presarik gabe gosaldu dugu Ion eta Mirentxurekin, eta agurtu ondoren Liverpoolera bidean jarri gara. 13:00 inguruan iritsi gara South Ferry Quay kaleko 71. zenbakian dagoen autokarabana parkinera. Autokarabanatik irten eta sekulako haize fina zebilela konturatu gara. Nabaritzen da Xabi Alonsok berarekin Euskal Herriko klima ekarri zuela. Uda guztian lehenengo aldiz arropa luzea eta txamarrak jantzi ditugu.


Zerbait bazkaldu eta Beatlesen museoa ikustera joan gara ibai bazterretik ibilaldi lasai bat eginez. Bidean siri-miri tanta batzuk ere bota ditu eta etxean bezala sentitu gara.


Museoa asko gustatu zaigu eta denbora luzez egon gara barruan aurikularrak jantzita taldearen joan etorriak gustura entzunez eta bitxikeriak ikusiaz.


Ondoren autokarabanan zerbait jan eta hirira joan gara Liverpool piska bat ikusi eta Beatlesek bere lehen kontzertua eman zuen "The Cavern" taberna ezagutzeko. Zein ote da benetakoa eta zein museoa?




Asko gustatu zaigu eta Itzalek Beatlesen pua bat aurkitu du tabernako lurrean. Agian duela 50 urte eroriko zitzaien eta bera izan da aurkitzen lehena... detaile polita izan du eta Landerri oparitu dio. Handik irten eta metro batzuetara John Lennon ikusi dugu. Berarekin argazki bat egin genezakeen galdetu diogu, eta ez digunez  ezer erantzun, lasai asko atera dugu bat.


Handik irtendakoan, eskale asko ikusi ditugu kale bazterretan, eta giro arraro samarra nabaritzen zen, beraz, afaltzeko zerbait erosi eta autokarabanara itzuli gara. Bidean gentozela, kalean bi piano ikusi ditugu, eta edonork jotzeko zeudenez, geuk ere aprobetxatu dugu gure tartetxoa.
Autokarabanara iritsi eta afaltzen geundela, aurreko autokarabanakoak gitarrarekin Beatlesen abesti pila bat abestu dituzte eta gustura egon gara gu ere haiek hurrunetik abesten.
Afaldu ondoren eurekin hitz egiten egon gara, eta haietako bat musikari profesionala omen zen. Ulertu dugunagaitik bertsioak egiten dituen talde batean jotzen du. Status Quo-ri buruz ere zerbait esan digu eta baita interneten begiratzeko ere... baina ez diogu ezer ulertu.
Kontua da, tarte bat pasatu ondoren ardoa eta garagardoa oparitu dizkigula. Guk, esker onekoak garenez, sagardo botila bat eman diogu.
Jatorrak ziren eta hizketan asko egin dugu.


33.eguna
Gaur goiza aprobetxatu nahi izan dugu Liverpool piska bat gehiago ezagutzeko. OTA 13:00 arte geneukan eta autobus turistokoan buelta bat ematea nahi genuen, baina prezioa garestiegia iruditu zaigu eta oinez ikustea pentsatu dugu.
Portutik buelta eginez, Friburgoko zubian aurkitutako maitasun kandaduak ikusi ditugu.


Handik aurrera jarraitu eta Liverpool erdialdea zeharkatzen genbiltzala euria hasi du, baina kale oso bat aurkitu dugu euritakoz beteta. Hau ikustean, lasai geratu gara euri handia hasiz gero agian haietako bat har genezakeela pentsatuta.


Ondoren, China Townera iritsi gara. Dirudienez Liverpoolekoa da Europako lehenengo Chinatar auzoa. Ez dakigu hau horrela den edo ez, baina argazki bat atera dugu Shangaitik ekarritako sarrerako arku ederrarekin.


Handik gehiegi urrundu gabe, Liverpooleko katedrala aurkitu dugu eta kuriositatez sartu egin gara, entzuna genuelako ez dela oso ohikoa.
Gizon bat zebilen pulpitoan bakarrizketan. Ez diogu ezer ulertu, baina jendea adi adi zegoen. Erdiko galeriaren hegal batean kafetegi bat ikusi dugu, eta haren azpian oroigarrien denda bat.


Argazkietan templua jatetxe bihurtzen dutela ikusi dugu, erdigune guztia mahai borobilez beteaz. Kuriosoa izan da eta Enara eta Itzal harrituta geratu dira.


Handik irtenda, autokarabanara itzuli eta Gales ingurua ikusteko bidea hartu dugu.
Lehenengo geltokia Snowdonia parke nazionalaren atean dagoen Conwy harresidun herrian egin dugu. Bertan fish & chips bazkaldu edo meriendatu dugu herriko portuan. 


Leku polita da eta altxor txiki bat gordetzen du portu ondoan. Inglaterrako etxerik txikiena. 1,80 metro neurtzen zuen marinel bat bizi omen zen eta etxea saldu omen zuen ez zelako etxean kabitzen.


Hura ikusita, bideko paisaia ederrei begiratuaz Betws y Coed herrian eta inguruan agertzen zitzaizkigun parkinetara gerturatu gara, baina oso turistikoa denez, gaua pasatzea mugatuta daukate, edo beste batzuk ez zaizkigu lotarako aproposak iruditu.
Bidean aurrera eginez, eta gaur lo non egingo ote genuen duda handiekin, Pentrefoelas izeneko herri txiki batera iritsi eta picnic egiteko gune baten ondoan aparkatu dugu. Hemen egingo dugu lo. Ziburuak, rugbiko zelaia, taberna eta txokolateria bat dago. 
Ionek oparitutako rugbiko baloiarekin jolasteko aprobetxatu dugu. Bageneukan gogoa baloia rugbiko zelai batean probatzeko eta oso ondo pasatu dugu.




Beste inor ez dago gaua pasatzeko baina oso leku lasaia da. Herrien lasaitasuna hesietan ikusten diren kandaduekin neur daitekeela dirudi.


Herritarrei ez diegu ezer ulertzen. Galesen badaukate guk bezala hizkuntza zahar bat eta herritarren ehuneko hirurogeita hamarrek hitz egiten dute. Amezketan egongo bagina bezala sentitzen gara. Seguru ondo egingo dugula lo.

34.eguna
Oso gau ona pasatu dugu eta euri piska bat ere egin du.


Goizean txokolatezko kroasanak janda bidean aurrera joan gara.
Parke naturala gurutzatu dugu kostalderaino iritsiz eta paisaiak asko gustatu zaizkigu.


Bidean gindoazela ardiak jartzen ziren gure aurrean, edo kotxe eta kamioiak aurkako norantzan zetozen bide estuetan. Dibertigarria izan da bazterrean geratu, pasatzeko itxoin eta eskuarekin denei agur egitea. Gaunera gitarra eta ukelelea joaz abesten joan gara.


Horrela iritsi gara Portmeirion herriko parkineraino. Txakurrak ezin ziren ibili, beraz Lurrek autokarabanan geratu behar izan du. Herrira sartzean etorri da gure sorpresa. "Families 35£". Nola??? Herria ikusteko ordaindu egin behar dela??? Buelta erdi eman dugu, selfie bat egin eta aurrera jarraitu dugu.


Bidean irakurri dugu herri berezia dela. Arkitekto batek Italiako Portomarin eredu hartuta egindakoa.
Bidean gindoazela Lurrek mahaspasak jan ditu lurretik, eta kalte egingo ziotela pentsatuta, albaitariaren kontsulta zegoen Barmouth herrian geratu gara bazkaldu eta Lur zer moduz zegoen ikusteko.


Pare bat ordu han egon ondoren, eta Lur ondo zegoela ikusita, bidean aurrera jarraitu dugu. Paisaia ederrak ikusiaz, itsaso eta mendietakoak, Fishguard herrira iritsi gara eta parking handi huts batean lo egitea pentsatu dugu beste autokarabana baten ondoan. Itsasoari begira afaldu eta Irlandatik datorren ferrya ikusi dugu iristen. 


Pozik jarri gara, agian han beste autokarabanaren bat etorriko delako, eta parkin handi hau piska bat betetzea lortuko sugulako denon artean.
Bat batean, hamar bat kamioi iritsi dira bata bestearen atzetik eta gure inguruan aparkatu dute. Lotara etorriko dira seguru...
BEgia esan ez dakigu lotara datozen eso ez, baina banan banan kamioiak arrankatuz joan dira eta parkinean sekulako zarata dago. Ez dugu ulertzen zertarako dituzten kamioiak martxan denbora luzez... baina hala daude.
Gaur ez dakigu lo egingo dugun edo ez... baina gauza bat garbi dago. Hobe bakarrik konpainia txarrean baino...

35.eguna
Gau guztian egon dira kamioien motorrak martxan. Bat joan orduko, ondokoak motorra berotzen jarria zuen. Halako batean isiltasuna somatu dugu eta perkusio musika hasi da. Euria gogotik egin du gauean. Baita goizean jaiki garenean ere.
Atzo gaueko paisaia oso ezberdin ikusten da gaur goizean.



Gosalduta irten gara goizean nahiko goiz St. Brides ingurua ikusteko. Bidaia entretenigarria izan da bide estuetan beste norantzan zetozen kotxeei itxoin eta txandaka bide estuetatik pasatuaz. 


Hara iritsi garenean lur gorria zeukan ingurunea ikusi dugu.


Bidean piska bat atzera eginez Pembrokera iritsi gara. Harresidun herri turistikoa. Gaztelua ere badauka, baina gaztelurik ikusterik ez dugunez nahi, azkenean geratu gabe aurrera jarraitu dugu autokarabanan herriari buelta bat eman ondoren.
Eguerdirako Swansea herrira iritsi gara. Bertan bazkaldu eta ibilaldi bat egin dugu. Lur ere gurekin etorri da.


Argazkian ikusten den bezala, atzo Itzali hortza erori zitzaion eta gauean Tooth Fairy etorri da beretzat txokolatezko piruleta bat ekartzera.

Swansea atzean utzita, Port Talbotera joan gara han lo egiteko asmoz, baina bi ordu baino gehiagoz aparkatzea debekatu dute eta asko gustatu bazaigu ere ezin izan gara han geratu. 


Enarak Landerri kanalerako bideoa.grabatzen lagundu dio, trago bat hartu eta Cardif ingurura gerturatu gara. Aparkaleku ondoan txirristadun igerilekuak daude eta bihar goizean bertara joango gara.


36.eguna
Gaurko eguna Inglaterrara etorri ginenetik gorriz inguratua geneukan gure egutegian. "Bristol Baloons Fiesta". Eta hara non, gosaltzeko orduan siri-miria hasi eta atertzeko itxurarik batere ez.
Aterpean egoteko, goiza ur jolasak, txirristak, etab. zituen igerileku batean egin dugu.
Handik irten ondoren euria gogorrago hasi da eta zerbait bazkalduta Bristol ingurura gerturatu gara globoak ikusteko esperantza handirik gabe.
Aterpean aparkatzen saiatu gara, baina alde batera eta bestera genbiltzala, nahi gabe, globoen jaialdiko autokarabana parkinean agertu gara.


Internet bidez dwna salduta zegoela jartzen zuen, baina hara non, galdetzera joan garenean, bertan heratzeko aukera geneukala esan digute 15£ ordainduta. Bi aldiz pentsatu gabe, sartu eta "Baloons" ikustera joan gara.


Gazteak nobio bila joaten dira jai horretara, eta jende guztiak ia arratsalde osoa pasatzn du gunean jarrita ikuskizuna ikusteko.
Guk ere horrela egin dugu. Afaria eraman, picnic manta lurrean jarri plastiko poltsa gainean eta han pasatu dugu ikuskizuna hasi aurreko denbora.


Normalean globoak suarekin argituaz egiten dute jaialdia. Oso ikusgarria omen da. Gaur afaldu ondoren globoen banastak jarri dituzte suziriekin. Horrela, prestatuta zuten ekitaldia egin dute, baina globoak erabili gabe. Hala ere oso polita izan da.



Amaitu denean, ondoan geneukan autokarabana parkinera iritsi gara eta ohean sartu orduko euri zaparrada hasi du. Biharko ere txarra eman dute. Ea konfunditzen diren...

37.eguna
Ez dira nahastu. Gau guztian egin du euria gogotik. Goizean ere horrela egin du eta eguraldiaren iragarpenak begiratu ondoren Cornwall inguruan euri gutxiago egingo duela ikusi dugu. 
Bi aldiz pentsatu gabe martxan jarri gara. Bidean gindoazela, Cheddar herritik oso gertu pasatuko ginela konturatu gara eta duela lau urte erositako gazta eta konfitura bila joatea pentsatu dugu. 


Han ibili gara dena probatzen gustatzen zitzaizkigunak zeintzuk ziren erabakitzeko.

Gazta erosi ondoren Exeter inguruan tonto buelta batzuk egin ditugu eta zerbait bazkaldu ondoren gasolina bota eta Inglaterrako mendebaldean dagoen Sennen herriko portua ikustera etorri gara ia nahi gabe. 


Sorpresa txiki bat zeukan herri honek guretzat gordeta. Gaur gauean itsasoko olatuak entzunez egingo dugu lo itsaso ondoan. Debekatuta egongo zela pentsatu dugu, baina baimenduta dago 4£en truke. Gainera ondoan komunak ere badaude.
Ez dugu hau baino kanping hoberik ezagutzen.


Gainera gaur Perseidak egongo dira zeruan. Ez dugu uste begira egongo garenik, baina norbaitek ezin badu lorik egin, hor dauka aukera.
Biharko giro bikaina iragarri dute. Ea asmatzen duten...

38.eguna
Asmatu dute!!!
Autokarabanatik irten eta giro ezin hobea dago. Paisaia ere horrelakoa da. 


Gosaldu gabe herri gainean dagoen talaiara igo gara oinez eta paisaia ederrak ikusi ditugu. 



Argazki batzuk atera ondoren itzuli garenean, Enarak autokarabana txukun txukun eta gosaria prest zeukan guretzat.
Gosaldu bezain laister St. Just herrira gerturatu gara hango kostaldea ikusteko asmoz, eta hainbat bide estutatik gidatzen joan ondoren ez dugu lortu kostaldera iristerik. Dena den, vending aparaturik klasikoena aurkitu dugu han. Arrautzaz betetako apal bat eta dirua sartzeko itxulapiko bat. "Eraman nahi baduzu, sartu dirua hemen eta listo." Self service.


Bide hartan geroago gertatu denaren iragarpena sentitu dugu autokarabanarekin justu samar buelta emanez.
Azkenean aurrera jarraitzea lortu dugu eta Minack greziar estiloko antzoki naturalera gindoazela, bide bazterrean Skybus zeruko autobusen aireportu txiki batetik pasatu gara. Taxi zerbitzua baino merkeagoak diren hegaldiak egiten dituzte bertatik beste herri batera joateko. Dena den, guri garesti samar ateratzen zitzaigun bostentzat bidaia eta aurrera jarraitu dugu gure "taxi" zaharrean. Txikia da, motela da, zaharra da... baina alde guztietara eramaten gaitu.
Porthcurno herriko Minackera iristeko ere komeriak izan ditugu bidean, hainbat aldiz geratu, beste kotxe batzuekin gurutzatu... bideak oso estuak dira eta paretik datozenekin idatzi gabeko akordioetara iritsi behar da nor geratuko den eta nor pasatuko den kotxeko argien rafaga bidez erabakitzeko.
Hainbat saiakera egin ondoren antzokia ikustea lortu dugu. Antzerkirik ez bazegoen ere, lortu dugu jendea antzerkia egiten ikustea. A ze nolako espektakulua montatzen duten batzuek argazkiak ateratzerakoan. Sekulako "posadoak" ikusi ditugu. "Hola" aldizkarian ateratzeko bezalakoak.
Lekuari dagokionez, oso berezia da. 1930. urte inguruan herritar batzuek antzerki bat egin zezaten lekua izateko sortua.




Hura ikusi ondoren, Mousehole izena sartu dugu GPSan eta geroz eta estuagoak ziren bideetan behera, oraindik estuagoak ziren kaleak zituen herriaren erdigunean agertu gara. Ez gara konturatu bere izenak tranpa bat zeukala guretzat prestatuta (Mousehole = Sagu zulo).
Portua ikusi dugu autokarabanatik. 


Itsasbehera zegoen eta jendeak hura aprobetxatzen du portuko baztertxo batean eguzkia hartzeko.
Onena handik ahal bezain laister ihes egitea zela pentsatu dugu eta kale estuetan gora egiten genuen bitartean jendeak irribartsu begiratzen zigun "Nora doaz hauek?" galdetuaz bezala. Kostata bada ere, lortu dugu etxeen artetik irten eta aldapan gora jartzea. Eta bidean jarri garenean bidearen gain aldean autokarabana handi bat ikusi dugu aldapan behera. Gurekin gurutzatu behar zuen minutu pare batean, beraz bide bazterreko etxeetara zihoan bidexka batean sartu dugu gure autokarabana eta bestea pasatzeko itxoiten jarri gara.
SEKULAKOA MONTATU DUTE!!! Trafikoa ez gora eta ez behera, auto ilarak... eurei laguntzen saiatu gara eta bidea libratu denean autokarabanako gurpilak bide bazter bateko grabilan irristaka hasi dira. Esan digutene ez zeukaten katurik (inglesez Jack) eta gurea utzi diegu. Urduri zeuden eta gure proposamenak ez zituzten onartzen. Hiru aldiz saiatu dira prozesu guztia egiten kaltzo ezberdinak jarriaz, baina ez dute ateratzea lortu. Azkenean poliziari edo gruari deitzea proposatu diegu eta gure "Jack"a hartuta bidean jarraitu dugu bertan ordubete pasatxo galduta. Azkenean Penzance ere ez dugu ikusi berandu gindoazelako.
Ferrira iritsi nahi badugu, aurrera egin behar dugu inguruan gehiegi geratu gabe.
Kilometro batzuk aurrera eginda, eta gauak oraindik gidatzen harrapatu gaituela, Charmouth herritik eta duela lau urte egon ginen kanpinaren aurretik pasatu gara. Ilusio handia egin digu konturatu gabe harekin topo egiteak. Hemendik aurrerako herriak ezagunagoak egingo zaizkigu.

Azkenean Bridport herriko autokarabana parkinean egingo dugu lo. Bihar berriz beste kilometro sorta bat.


39.eguna
Pentsatu baino hobeto egin dugu lo. Dena den, goizeko 6:00etan kamioiak martxan jarri dira eta txoriak kantari. Bazirudien ados jarri direla denok batera esnatzeko.
Gainerakoan gaua oso ondo joan da. 
Azkar gosaldu eta Plymoutherako bidea egin dugu, tartean atsaden txiki bat hartuaz erosketa batzuk egiteko.
Plymouthen parke baten ondoan aparkatu, bazkaldu eta Rock alternatibo taberna batean garagardoa eta kafea eskatu eta atera ondoren, bertan umerik ezin zela egon eta ahalik eta azkarren bukatzeko eskatu digute. Hala egin dugu. 
Itsas ondora gerturatu gara aparkatzeko asmoz, baina dena okupatuta eta libratzeko itxura gabe zegoen. Hainbat buelta egin ondoren Newhavenera etortzea pentsatu dugu.
Hondartzako autokarabana parkinean aparkatzea zen gure asmoa, baina iritsi baino 4 minutu lehenago itxi dute atea eta kanpoan geratu gara.



Lasai ibili gara hondartzako harriak biltzen eta azken aldiz fish & chips afaldu dugu. Hondartzan geunden bitartean Ferrya ikusi digu Frantziara joateko maniobrak eginez.


Ohera gindoazela, berriz etorri da ferrya eta gure parking aurrean aparkatu du.
Bihar gu ere hortxe egongo gara dena ondo badoa.


40. eguna
Presarik gabe ibili gara goizean. Lurrekin jolasean ibili gara autokarabana aurrean zegoen zelai handi batean. 
Gosaldu ondoren erosketa batzuk egin ditugu eta leku berera itzuli gara bazkaltzera.
Bazkal ostean, ferryra gerturatu gara eta Frantziara itzultzeko tramiteak egin ditugu. Aduana, karnetak, Lurren pasaportea, autokarabana aparkatu... eta ferryko azken solairura igo gara Inglaterrari agur esateko.



Eguzkia ere irten da bidaiarako, eta azken librak gastatu ditugu barkuan, gitarra jo, piska bat abestu, eguzkia hartu, jolasteko txokora joan, balerik ikusten genuen begiratu, argazkiak atera, komunera joan, watsapak bidali, egunkaria irakurri... guztia egiteko denbora eman digu eta ez gara gehiegi aspertu.



Dieppera iritsi garenean, barkua nola lotzen zuten ikusi eta aidean jaitsi gara autokarabanara. Lehenengoak ginen gure ilaran irtetzeko eta justuan izan bada ere, ez diegu gure atzeko guztiei denbora galtzerik sortu.



Dieppen lo egiteko asmoa geneukan hasieran, baina etxera itzultzeko kilometro asko egin behar ditugunez, batzuk gaur egitea pentsatu dugu eta Le Mans pasatu ondoren Saint Mars d'outille herriko autokarabana parkinera iritsi gara nahiko berandu.
Autopistan aspaldiko partez eman diguten belarrondokorik handiena jaso dugu. 48€ 200km egitearren. Ez dakigu diru horrekin zer egingo duten. Argitan ez dute gastatzen!!! Autopistatik irten eta pasatu ditugun herrietako farola guztiak itzalita zeuden eta... Ez dakigu zein den arrazoia, baina leku guztiak ilunetan zeuden.
Agian radarrek ateratzen dituzten argazkien flaxen efektua hobeto ikus dadin edo izango da... Bi aldiz iruditu zaigu flaxa somatzea, baina gure abiadurari begiratuta ez dugu ulertu zein arrazoigatik izan den. Isuna bidaltzen badigute agian ulertuko dugu zer den gaizki egin dugun hori...
Kontua da plaza erdian gaudela lotan ilunpean. Izarrak besterik ez dira ikusten.
Ea bihar goizean ez gaituzten esnatzen merkatua jartzeko edo...


41. eguna
GPSan Bergara idatzi dugu eta 700 km eta 9 ordu jartzen zuen. Bidaia autopistarik gabe egitea pentsatu dugu hasiera batean behintzat.
Erdia gaur eta beste erdia bihar?
Martxan jarri gara eta kilometroak oso poliki pasatu dira hasieran. GPSaren menpe geunden, berak esaten zuena egin eta helmugara iristeko asmoz. Dena den, bidean egin dizkigu hainbat adar jotze, baina orokorrean ez dugu arazo handirik izan eta paisaia politen bat ikusteko aukera ere izan dugu.


Bero handia egin du eguerdian. Poitiersen zerbait bazkaldu eta bideari ekin diogu berriz.
Poitiers pasatu ondoren autobidea zegoen eta bidea errazago egin dugu. Bordele geneukan jomuga eta bertan auto ilararik ez balego, agian Donostiako su artifizialak eta Vendettaren kontzertua ikustera joateko denbora emango zigula aipatu dugu.
Bidean dutxa bat hartu dugu Bordele arazo gabe pasatu ondoren.
Azken txanpa autopistaz eginez, ordubete lehenago iritsiko ginela ikusita, suak ikustera joatea erabaki dugu. Gainera autopistako karteletan Baiona eta San Sebastian jartzen zuen. Horrek animatu egin gaitu.
Euskal Herrian egiten zuen eguraldia begiratzea tokatu zaigu orduan. Eta Bristolen izan genuen ekaitza egun hauetan gurera etorri dela ikusi dugu. Beraz buelta asko eman ondoren, azkenean aitona eta amamarekin Bergaran afaltzea hobe zela pentsatu dugu. Orion elkartzeak ilusioa egiten zigun, baina eguraldia ikusita... etxera etortzeko ideiak pisu handiegia zuen alternatibarekin alderatuta.
Azkenean bidaia espero baino lehenago bukatu da, baina benetan gozatu ditugu egun hauek autokarabanako espazio urrian elkar bizitzen eta errespetatzen ikasiaz. Bizitzan egin dugun bidaiarik luzeena izan da.

Bergaratik irten ginenean etxetik urrunen joango ginen lekua Amsterdam izango zela pentsatzen bagenuen ere, azkenean Manchester izan da. Inprobisatutako oporrak izan dira eta asko gozatu dugu bidaia egunez egun antolatuaz.


Bidaian ikasitakoak:
- Bidaiatzean eguneroko ibilbidea disfrutatzea da garrantzitsuena, helmuga zehatz batera iristeko presarik eta presiorik izan gabe.
- Bizitzan aspertzea gauza garrantzitsua da. Aspertzen garenean irudimena martxan jartzen dugu eta inoiz imaginatuko ez genituen gauzak ikasten ditugu.
- Haserretzen garenean irribarre egiten badugu, haserrea lehenago pasatzen da.
- Leku txiki batean denok gustura egoteko, norberak bere espazioaren zatitxo bat besteekin partekatzen jakin behar du.
- Denok batera abesten dugunean gustura sentitzen gara eta lasaitu egiten gara.
- Gure bidaia estiloa moldatu egin dugu Lurrekin ibiltzeko, eta gora beherak izan ditugun arren, orokorrean ondo ibili gara.