2018(e)ko maiatzaren 20(a), igandea

BERGARAKO JAIAK 2018

Gure etxean jaietan ezin da lorik egin.
Aitona eta amama asko maite dutugu eta aspalditik nahi genuen eurekin oporretan joatea. Aurten aukera ezin hobea daukagu egun batzuk elkarrekin pasatzeko. Horretarako Segoviako San Martin de Bernuy herrian elkartuko gara eta bertatik abiatuko gara leku ezberdinak ezagutzeko.

Ostiralean Bergaran autokarabana hartu eta 21:30ak inguruan iritsi gara San Martin de Bernuyra. Han zeuden aitona eta amama euskaldun pilo bat Pirineotako Tourreko etapatan txirrindularien zain egoten diren bezala, geure zain.
Herriko taberna bakarrean trago bat hartu ondoren hotelean afaldu dugu oso gustura.


Afaltzeko Entsalada, rabak eta "Huevos Rotos"... Rotos??? Baina arrautzak jatearen gauzarik dibertigarriena ez al da ba arrautza ogia sartuaz apurtzea?
Detalle txiki horretaz gain, dena bikain.
Molino Grande del rio Duraton hotelaren aurrean egin dugu lo. Izarrak ikusi, kilkerrak entzun eta txorien kantuekin esnatu gara.


Larunbatean goizean goiz jaiki, Lurrekin erreka bazterretik buelta bat eman eta gosaldu ondoren aitona eta amamakin elkartu eta Fuentidueña herria ikusi dugu. Kuriosoa da harresidun herriaren goi aldean dagoen nekropolia.



 Rufinoren tabernan trago bat hartu ondoren, Sacramenia herrira joan gara. Herriak ez dauka ezer berezirik, baina haragia erosi eta hurrengo herrira bidean gindoazela, bide bazterrean zegoen barbakoa gune batean bazkaldu dugu.


Handik Pedrazara joan gara. Herria polita da, baina zerbitzu aldetik turistikoegia eta eskas samarra iruditu zaigu. Gainera, kafea eskatzera joan garen taberna batean, kamareroak ez gaitu abegi onez hartu eta azkenean ez digu kaferik atera. Beretzat kalte... Han geratu da ate ondoan serio serio, Londresko Buckingham Palaceko soldadua balitz bezala. Lady Dianaren semearen ezkontzaren omenez izan ote da?


Han kaferik hartu gabe, aitona Pomperen Sotosalbos herrira joan gara, eta egia esan, azken aldiz egon ginenean baino itxura politagoa dauka herriak.


Eguna amaitzeko, berriz txikiteoa, afaltzeko arrautza apurtuak eta sekulako postrea, eta txupitoa. Bihar egunak ere argituko du.

Atzo gauean El Molino Grande del Duraton hoteleko ugazabak gaur goizean hotelera gosaltzera gonbidatu gintuen eta, esker honekoak garenez, han joan gara guztiok gosaltzera. Beste gonbidapen bat ere bota zigun atzo; euren pedaloiak hartu eta Duraton errekan behera paisaiak ikustera joateko gonbita.

Gosaldu ondoren joan gara. Bi ekipo egin ditugu. Aitona, Enara eta Lander alde batetik eta Aitzol, Paloma eta Itzal beatetik.


Bidean paisaia ederrak ikusi ditugu, eta baita frankotiradore itxura zeukaten silueta pila bat ere. Gerturatu garenean, 30 bat putre guri begira zeudela konturatu gara. Eskerrak Lur autokarabanan utzi dugun. Bestela agian aidean eramangu zuketen.


Ordu erdi errekan behera egin ondoren, buelta eman eta hotelean dutxa bat hartu dugu.

Atsedenik hartu gabe, San Frutos baseliza ikustera joan gara. Duraton errekak sortutako meandroak ikusi ditugu bertatik, putreek gure buruetatik 10 metrora hegan egiten zuten bitartean.


Laister hasi dira euri tanta batzuk eta bazkaltzera joatea pentsatu dugu. "Sepulvedara goaz!!!" esan digu aitonak, eta bere atzetik joan gara Paris-Dakar egiteko bezala dagoen bide batetik. Bidegurutzera iristean, garbi jartzen zuen: Sepulveda ezkerretara. Eta aitonaren kotxea geldi...
Zer gertatuko zen pentsatzen geundela konturatu gara... "Cochinillo, cordero lechal...horno de leña!!!" Horrelako kartela ikusita, aitonaren buruan kortozirkuitoa gertatu da eta plan guztiak pikutara joan dira. Han bertan zegoen jatetxe batean geratu eta oso ondo bazkaldu dugu.


Bazkaldu ondoren Sepulveda ikusi eta Lermara joan gara bertan lo egiteko. Arratsaldean garagardo batzuk hartu, herria ikusi, Lurren zaunkak entzun, zerbait afaldu eta lotara joan gara. Herriko sarreran dagoen aparkaleku batean egin dugu lo. Bidean lotan geratu beharra dagoenean lo egiteko leku lasaia da eta haurrentzat ziburuak daude.

Hurrengo egunean goizean goiz jaiki eta Burgosera joan gara han aitona eta amamarekin elkartzeko. 12:00etan "Papa moscas"en emanaldi berezia (luzea) zegoen eta ezin genuen hura galdu. Azkenean konturatu gara katedralean hura baino gauza interesgarriagoak ere badaudela.

Handik irten garenean, 2015.urtean patata tortila lehiaketan txapeldun geratu ziren taberna batean patata tortila bat jan dugu  eta Fuentes Blancas izeneko parkera joan gara barbakoa bat jateko. Slack line montatu, sua nola edo hala egin eta euria hasi arte han egon gara goserik gabe jaten.

Euria hasi duenean dena jaso dugu eta bakoitzak bere bidea hartu dugu. Aitona eta amama Leonera eta gu Bergarako jaietara. Gaur gauean ez ditugu izarrak ikusiaz kilkerrak eta txoriak entzungo...


Ikasitakoak:
Aitona eta amamarekin oso ondo pasatu dugu.
Norbaitek gosaltzera, pedaloietan ibiltzera edo edozertara gonbidatzean, gogo onez onartu eta eskertu egin behar da.
Bideko kartelei kasu egin behar zaie.