2018(e)ko martxoaren 28(a), asteazkena

2018 ASTE SANTUA

Santa Polara bidea egingo dugu berriz ere autokarabanan. Nafarroatik joango gara eta Montanejoseko terma naturalak ikusiko ditugu bidean.

1.eguna
Atzo autokarabanari bateria aldatu ondoren gaur goizean Bergaratik irten eta Ansoaineko parke batean bazkaltzen geratu gara. Txakurrak aske utzi daitezke hemen eta lehenengo aldiz Slak Line-ean ibili gara.



Iruñeatik irten eta Bardeetako basamortua ikustera joan gara. Informazio puntuan 34km-ko luzera duen ibilbide bat egitea proposatu digute eta oso paisaia politak ikusteko aukera izan dugu.


Ondoren Argedas utzi eta Terueleko Dinopoliseko parking-era etorri gara lotara. Autokarabana pila bat daude hemen. Bihar Dinopolis ikusiko dugu.

2. eguna

Gaur 10:00etatik 15:00etara Dinopolisen egon gara. 




Irten garenean, bazkaldu eta Montanejos ikustera joan gara. Bidean oso paisaia politak ikusi ditugu eta baita manantiala ere.
Han lotan geratzea pentsatuta geneukan, baina lotara Segorbera joatea pentsatu dugu. Bertara iristean autokarabanaz gainezka zegoen eta  ura deskargatu ondoren aurrera jarraitzea pentsatu dugu.

Azkenean Valentzia ondoko La Pobla de Farnals herrian egin dugu lo hondartza ondoko parking batean.


3. eguna

Gaur goizean Palomak korrika egiteko estilo berria asmatu du: 'Eskoba running'. Kirol berri honetan kirolariak eskoba bat eskuan hartu eta Guardia Zibilaren atzetik korrika egiten du garrasika; Eh!!!...parar!!! Hainbat aldiz errepikatuaz. Halako batean, benemeritakoak patroletik jaitsi eta kirolariak Itzalek hondartzan aurkitutako kartera ematen die... Bi zaindariek ez zekiten kartera hartu edo korrikalaria txorotzat hartu eta kartzelara eraman... Azkenean kartera hartuta joan dira, eta gu Benidorm aldera.

Esan digutenez Benidormen beti eguraldi ona egiten du eta ez dugu hotzik pasatuko.
Telefonoz zita eginda, Iker, Ane, Nora, Iñigo eta Amaiarekin elkartu gara bazkaltzeko.


Haize zakarra egin du eguerdian eta harrituta begiratzen genien udako arropa jantzita pasatzen ziren kanpotar guztiei; ingelesak gehienbat.


Bazkalostean, Benidormeko alde zaharreko talaiara igo gara eta bertan kafea hartu ondoren, sekulako zaparrada bota du. Ikustekoak ziren kafetegiko langileen aurpegiak... Noski! Benidormen ez du inoiz euririk egiten eta izututa egongo ziren bustitzeko beldurrez edo... ;)


Oso gustura egon gara, eta joateko agurtzen geundela, Julen, Ane eta Bergarako hainbat pertsonarekin topo egin dugu kale erdian pausu bat ere eman gabe. Argi dago Bergararroi eguraldi ona gustatzen zaigula.




Azkenean, autokarabana hartu eta Santa Polara etorri gara. Gaur ostirala da eta hobe etxean lo egitea. Badakigu ostiral eta larunbatetan kaleko parking-etan lo egiteak ze arrisku izan dezakeen. Oraindik gogoan daukagu Portugalgo hondartza galdu batean kanpoko musikaren ondorioz egindako gaupasa.


Itzulera

Santa Polan egun batzuk pasatu ditugu eta atzo bereziki ondo pasatu genuen Ibarzabaldarrak bisitan etorri zitzaizkigulako. Oso gustura egon ginen.

Bergarara bueltako bidean, Arnedillo eta Euskal Herriko itzuliaren erlojuaren aurkako Lodosako etapa ikusteko plana egin dugu eta eguerdian Santa Polatik irten gara bueltako bidea hiru bat egunean egiteko asmoarekin.

Valentziara iritsi baino kilometro batzuk lehenago Landerrek belarrian kolpe bat hartu du eta pediatrarengana joan behar izan gara bidean.
Etxera itzultzea gomendatu digute eta horrela gauean (bidaia luze baten ondoren) Bergarara iritsi gara.

Oraingoan ikasiko al dugu bidean ondo jarrita eta haserretu gabe joaten?

Aurtengo Aste Santuko bidaia horrela bukatu da espero baino lehenago.