2017(e)ko uztailaren 31(a), astelehena

GALIZIA ETA PORTUGALEKO BIDAIA

Santiago  - Illa Darousa
Goizean Santiagotik Padronera joan gara. Piperrak hango izena badute ere, benetan alboko herrian ereiten dituzte.


Santiaguiño do Monte atseden lekuan barbakoa bazkaldu eta Illa Darousako hondartza baten ondoan dagoen parkinera etorri gara hemen lo egiteko asmoz.
Tokia sekulakoa da. Hondartza garbia, paisaia politak, bizikletan ibiltzeko bidetxoa, txiringitoa, dutxak... Bikain!!!



Gainera, gu iritsi eta segituan Unai eta Goreti Bergarar/Antzuolarrak iritsi dira seme alabekin. Umeak gustura egon dira ziburuetan jolasten eta baita gu ere garagardo pare batekin kontu kontari.
Errepikatzeko moduko lekua da hau.



Illa Darousa - Sanxenxo
Goiza lasaitasun handiko hondartza batean pasatu ondoren, parkineko txiringitoan bazkaldu eta herria autokarabanan zeharkatu dugu. Portua eta itsasoko paisaiak oso politak dira. 
Ondoren Sanxenxora gerturatu gara eta hondartza polita den arren jende gehiegi dagoela iruditu zaigu.
Handik, kostaldeko bidea jarraituaz, O Grovera gerturatu gara. Sekulako hondartzak ikusi ditugu bide bazterretik. Tojako irlan buelta bat eman ondoren, Siradellako atseden lekuan barbakoa bat egin eta afaldu dugu. Eguzkia izkutatzen zebilela konturatu garenean, Itsaso aldera itzultzea erabaki dugu. 
Bidean argazki batzuk egin ditugu eta Sanxeixora bidean dagoen Pragueira hondartzako parkinean geratu gara lotarako.



Gauean olatuen soinua entzunez egin dugu lo, eta goizean kanpora irten garenean lehenengo irudia hau izan da. Polita benetan.


Sanxenxo - Baiona
Goizean goiz hondartzara joan gara lo egin dugun lekuan bertan. 
Eguerdi inguruan bidean aurrera jarraitu dugu eta aurrera gindoazela paisaia politak ikusi ditugu. Combarroseko autokarabana parkinean geratu gara bazkaltzeko. 



Kostaldeko bidetik Baionaraino iritsi gara. Lo egiteko toki baten bila egon ondoren, nahiko gertu dagoen herri batean aparkatu eta bizikletaz joan gara.



Baiona - Oporto
Baionan gaua pasatu dugu kanpina eta herria lotzen dituen bidegorriaren bazterrean. Bizikletan joan ginenean nondik sartu ikusi genuen eta bertan egin dugu lo. Goizean Itzal hondartzan bainatzera joan denean oso zikina zegoela ikusi du eta bertan ez  geratzea erabaki dugu.
Portugalera goaz kostako bidetik bertako hondartzak ikusten joateko.
Caminhan geratu eta hondartzan bazkaldu dugu. Hemengo itsasoak beldurra ematen du. Olatu erraldoiak eta bandera gorria dago. EZ GARA BAINATUKO!!!


Poliki-poliki Matosinhosera iritsi gara eta itsasoari lapurtu dioten zait batean egin duten igerilekuan bainatu gara (Olatuak saiesteko ideia polita, baina aldagelak eta dutxa hotzak piskat hobeak espero genituen).
Han konturatu gara Portugalen ordubete beranduago bizi direla. (Eskerrak, bestela igerilekuan probatu gabe geratu behar...)



Gaua pasatzeko leku bila ibili ondoren, azkenean Oportotik Matosinhosera bidean dagoen parkin batean geratu gara.
Autobusa hartu, hiriko portuko giroa ikusi, Franzesinha probatu eta autokarabanara bueltatu gara.



Oporto - Costa de Lavos
Bidean Aveiro ikusten geratu gara. Oso polita iruditu zaigu. Gondolak errekatan zehar, kale estuan garagardo eta izozki bat hartu, kaleko azoka ikusi eta bideari jarraitu diogu. 


Kostaldeko bidetik joan nahi genuen baina azkenean autobidea eta nazionala tartekatuaz iritsi gara Figuera da Fozera.
Nahiko herri turistikoa da eta hondartza handiak dituen arren, bertan geratu gabe, piskat aurrerago dagoen Costa de Lavoseko autokarabana parkinera joan gara. Han ondoko hondartzan hankak busti ditugu itsasoaren indar handia sentituaz. 
Kanpoan afaltzeko aukera zegoen baina eltxo asko zeudenez barruan afaldu dugu.

Costa de Lavos - Costa Caparica (Aroeirako hondartza)

Gauean bero handia egin zuen baina lortu genuen piskat freskatzea klaraboiak irekita.
Gaur goizean ogi saltzailea parkinera etorri da eta bi ogi (oso goxoak) erosi ondoren, gosaldu eta Nazare ikustera joan gara. Herrian ezin da  autokarabana aparkatu, beraz herriari bueltatxo bat eman diogu eta Lisboara joan gara. 
Lisboan Expo 98 gunearen ondoan dagoen parking batean aparkatu eta Expotik bizikletan buelta bat eman dugu.



Kafe eta izozki bat Expoan hartu ondoren, Costa Caparicako Aroeira herritik aurrera joan da dagoen hondartza bateko parkinera joan gara lotara. Jatetxe asko daude bertan eta dirudienez egunez jende asko etortzen da. 
Bihar ikusiko dugu!!!

Costa Caparica (Aroeirako hondartza) - Sines (Praia dos Buizinhos)
Des-pa-sito... Lleva, llevame en tu bicicleta... Goizeko bostak arte musika topera entzuten zen aparkalekuan. Poliki-poliki itsasoko olatuen soinua indarra hartzen eta musika desagertzen joan dira.
Lo hartzeko puntuan, garrasi arraro bat entzun da. Esnatu eta bigarrenean garbiago entzun da; Kukurrukuuuu!!!!!!! 
Batere lorik egin gabe eta oilarra esnatzeko abixua ematen...
Bagenekien zaila izango zela larunbat gau hontan lasai lo egiteko leku bat aurkitzea, baina horrelakorik ez genuen espero. Lekua berezia da, baina asteko beste edozein egunetarako gomendatuko genuke.
Argazkian ikusten da gau guztian musika guztiokin partekatu duen txabola txikia.

  
Goizean jaiki eta hondartzara gerturatu garenerako jendez beteta zegoen. Dirudienez igande goizetan tradizioa da goizean goiz jaiki eta bi aldiz pentsatu gabe kostaldera gerturatzea.
 Hondartza luzea da eta ez daude olatu gehiegi. Dena den, ez dugu dutxarik ikusi bainatu ondoren gatza kentzeko.



Bertan tarte bat egon ondoren, hegoalderantz jo dugu kostaldeko bidea bilatzeko, eta Grandola herriko mariskeria batean sartu gara bazkaltzeko asmoz. Menua erabakita geneukanean, zerbitzaria etorri da eta pentsatuta geneuzkan plater gehienak ez zeuzkatela esan digu. Azkenean sardinak jan ditugu  ia mariskoaren prezioan.
Bazkaldu ondoren bidea jarraitu dugu eta Sines herritik pasatu gara. Herri honetatik bideratzen omen dira energia iturri gehienak Portugal guztira. 
Bidea jarraituz, Sines eta Bila Nova de Milfontes artean dagoen Porto Covo herrira iritsi gara. Autokarabana pila bat daude herriko sarrerako parkinean eta herriko kale nagusia nahiko turistikoa da. Jendez beteta dago baina ez dago masifikatuegi. Kalean behera joanda, azoka txiki bat eta kala polit bat dago. Hau izan da gaurkoz gure azken geldiunea.



Porto Covo - Zambujeira do mar
Goizean herriko brigadillakoek esnatu gaituzte parkineko lurra ureztatzen traktore batekin.
Gosaldu eta segituan jarri gara hegoaldera bidean kostaldetik. Vila Nova de Milfontes ikusi dugu eta kosta polita zeukala iruditu zaigu. 
Ondoren, Zambujeira do marren dagoen Villa park Zambujeira kampinera etorri gara. Ur gazia dagoen piszina eta jacuzzia dago eta hemen atseden hartuko dugu gaur.



Hondartzara ere gerturatu gara eta oso paisaia politak ikusi ditugu.


Zambujeira do Mar - Sagres
Goizean kanpinean esnatu, gosaldu, saskibaloian jolastu, igerilekuan bainatu eta bideari jarraitu diogu.
Bereziki gustatu zaizkigun bi hondartza aipatuko ditugu:
Lehenengoa, Carrapateira herrian eskuinerako bide bat hartu eta hari jarraituaz iritsi garen "Praia de amado" izan da. Ez genuen espero han goian hainbeste autokarabana eta surfista aurkitzerik. Egia esan argazki batzuk atera eta surfa egiteko hondartza bikaina da. 



Bigarrena berriz aspalditik ezagutzen genuen "Caldeirada" prestatzen duten taberna dagoen hondartza izan da. Vila do Bispo herritik "Praia do Cordoama" hondartzara iritsi gara. Arratsaldean jaisteko nahiko estua da kotxe asko daudelako aparkatuta, baina lekua berezia da. Hondartza oso luzea dago bertan eta urak poliki-poliki jaten duen mendia alboan. Ikusgarria izango litzateke neguan urak arrokak nola txikitzen dituen ikustea.
Horretaz gain, aurretik aipatutako "Caldeirada" probatu nahi badugu, gutxienez egun bateko aurrerapenarekin enkargatu behar da, eta asteburutan ez dute egiten, ez dagoelako arrain freskorik.



Hondartzan ibilaldi bat egin ondoren, Sagres herrira etorri gara. Haize handia dago hemen. Horregaitik piska bat babestuta dagoen leku bat bilatu dugu eta gaurko gaua paisaia honen aurrean pasatuko dugu.


Iberiar penintsularen okotzera iritsi gara. Cavo San Vicente!!!


Sagres - Albufeira
Gauean haizea egin badu ere oso ondo egin dugu lo. Goizean Sagreseko fuertera gerturatu gara handik Cabo San Vicente ikusteko.
Bidean aurrera egin dugu eta Lagoseko parking handi batean aparkatu ondoren ibai ingurura jaitsi gara. Bertan paseatzen genbiltzala, tio Anderrek gomendatutako kobazuloak ikustera eramaten zaituzten txalupak ikusi ditugu, eta garestia bada ere, txalupan igotzea erabaki dugu. Gizon nagusi batekin sartu gara bostok txalupan eta asko gustatu zaigu 45 minutuko bueltatxoa.



Berriz bidean jarri gara Albufeiran bazkaltzeko asmoarekin, baina berandu zenez, Armacao de Pera herrian bazkaldu dugu hondartza alboan zegoen parking batean, eta arratsaldez hondartzara joan gara. Oso gustura egon gara hankak ur hotzetan sartuta. Hondartza polita eta garbia zen, baina jende gehiegi zegoen.


Azkenean lortu dugu Albufeirara iristea, baina hasieran kanpinera joateko asmoa bagenuen ere, dutxak, labadora, etab. dituen autokarabana parking bat aurkitu dugu 9 euroren truke. Bertan sartu eta afaltzeko barbakoa egin dugu indarrak berreskuratzeko. Bitartean Itzalek lagun frantses bat (Noemi) eta galiziar bat (Uxia) egin ditu eta azken honen gurasoekin gustura hitz egiten egon gara orujo krema fin bat probatu dugun bitartean.

Albufeira - Olhao
Albufeirako parkinetik inoiz baino beranduago irten gara. Eguerdiko 13:00etan. 
Herria ikusteko gogoa joan zaigu ingurua etxez beteta eta nahiko masifikatua ikusi dugunean. Aurrera jarraitzea pentsatu dugu eta bazkaltzeko asmoz Olhao herrian geratu gara. Bertan konturatu gara gaur mariskoaren eguna ospatzen dutela, eta herritik gertu kanpin merke bat dagoenez, gaur gauean hemen geratzea pentsatu dugu.


Bazkaldu ondoren tumbonak faltan bota ditugu, baina Landerrek asmatu du erlaxatzeko modua. Ukelelea jo eta gero relax!!!


Arratsaldeko 19:30etan zabaltzen zuten mariskoaren feria. Ez geneukan oso garbi zer egin. Alde batetik joateko gogoa geneukan, baina 3 kilometro pasatxo daude herriraino. Autokarabana aparkatzeko arazoak zeuden eta bizikletan joateko ere berandu eta ilun egongo zen bueltan.
Azkenean bizikletan zein bidetatik joan galdetu dugu eta trenbidearen ondotik joan gara. 
Bidea hasieran espaloitik zihoan baina azkenerako espaloirik gabe, kotxe batzuk pasatzen ziren tarteka, herrira sartzean gehiago oraindik, eta ez zen batere erosoa eta ez genekien non geunden ere.
Orduan iritsi da bidaia guztian izan dugun esperientziarik komikoena:
Hurrunean musika entzuten zen (batukada estiloko bat baina martxa miliitarretako kornetekin lagunduta). Bidegurutzera iristean, bidearen erdian kokatu dira eta trafikoak errespetatu egiten zuen haien desfilea. Ez dugu bi aldiz pentsatu, Forrest Gumpen pelikulan bezala, bizikletekin euren atzean jarri gara eta bidean aurrera joan gara trafikorik gabe. 


Ez genekien nori jarraika ari ginen, baina jendeak argazkiak ateratzen zizkigun eta mobilarekin grabatu. Gero jakin dugu herriko suhiltzaileen banda zela eta lasaiago geratu gara.
Halako batean, musikarietako bati galdetu diot nora gindoazen. Hasieran duda egin du azaltzerakoan, ez niola ulertuko pentsatuaz edo. Baina nik galdetu diot: Mariskadara? Eta baietz erantzun didanean Aupa Etxebeste pelikulako azken sekuentzia etorri zait burura. Banda atetik barrura sartzen eta gu bizikletaz atzetik sarrerarik ordaindu gabe.



Azkenean ez da halakorik gertatu. Bizikletak aparkatu eta suhiltzaileen banda ikusi dugu korporazioarekin batera mariskada gunera sartzen. Askoz ere originalagoa litzateke gurea, baina ez gara hain garrantzitsuak...
Guztiak sartu ondoren sartu gara gu eta lanak banatu ditugu: Batek mahaia erreserbatu, beste batek edariak atera eta beste batek afaltzeko menua aukeratu postu guztietan portugesez idatzitako jakien izenak irakurriaz. Nahiko ondo moldatu gara eta jaialdiaren erdigunean afaltzea lortu dugu.



Bidaiari amaiera emateko era oso polita izan da. Bihar Portugal atzean utziko dugu eta nork dakit noiz itzuliko garen berriz.

Olhao - Andaluzia
Goizean igerilekura joan gara eta uretara sartzeko dutxek ur beroa botatzen zuten. Horrelako tenperaturarekin denok animatu gara bainatzera. Kanpinean bazkaldu ondoren Taviratik pasatu gara hondartza inguruan ikusteko. Leku polita dirudi, baina Itzal lo zegoen eta ez gara autokarabanatik jaitsi.
Aurrera jarraitu eta denbora gutxian Andaluzian geunden. 
Etxerako buelta hasten da poliki-poliki.


Isla Cristina ikusi genuen autokarabanatik. Portua polita iruditu zitzaigun baina ez ginen bertan geratu. Aurrera jarraitu eta Punta Umbriara iritsi baino lehenago bide bazterrean dagoen "Playa de la bota" hondartzako parkinean aparkatu, hondartzara joan, piraten txiringitoan trago bat hartu, izarrak ikusi eta lo egin genuen.


Punta Umbria - Sanlucar de Barrameda
Goizean gosaldu eta segituan irten gara parkinetik. Autobuskadak iritsi dira eskuan amakak, sonbrillak, izozkailu txikiak eta hondartzarako beste tramankulu pila bat zeraman jendearekin. Larunbata da eta nabari da. (Ondo aukeratu beharko dugu gauean lo egiteko lekua)
Bidean Palos de la Fronteran dagoen "Muelle de las Carabelas" museoa ikusi dugu. Colonen bidaia, Pinta, Niña eta Santa Maria itsasontzien erreplikak eta historia kontatzen dituen museo merke eta interesgarria iruditu zaigu.


Handik aurrera jarraituta, El Rocío herritik pasatu gara. Ez geneukan interes handirik hura ikusteko, eta gutxiago aparkatzeko 10 euro ordaindu behar ditugila jakin dugunean. Gainera, autokarabanarekin gidatzean beldur piskat pasatu dugu. Herriko bideak areazkoak dira eta bertan trabatuta geratzeko arduratuta ibili gara. Herrian ez dute gaua pasatzen uzten eta aurrera jarraitu dugu. Paisaia bitxia da eta kotxez joango ginateke berriz, baina hurrengo batean izan beharko du.
Handik aurrera jarraituta, Sanlucar de Barramedara joan gara. Zaldien lasterletak egiteko prestatuta duten gune baten ondoan aparkatu dugu eta hondartzan egon ondoren afaltzera joan gara herrira. Gaur ez dago lasterketarik, beraz lasai egingo dugu lo.


Afaldu ondoren autokarabanara itzuli eta...Sorpresa!!! Sekulako festa montatu dute lasterketa gunean. (Goizeko ordubata, zarata itzela eta lotarako leku bila hasi gara).
Carretera de la Reyertan (Borrokaren bidean) dago gure helburua. Bertako autokarabana parkina oso ondo dago baina sarrerako kartelean "Completo" jartzen du. Ate aurrean geratu gara lotan, baina lo egin baino lehen Perseidak ikustera joan gara autokarabanatik 50 metrotara zegoen hondartzara. Han egon gara bostok etzanda zerura begira. IZAR IHESKORRAK IKUSI DITUGU!!!

Sanlucar de Barrameda - Jerez de la Frontera
Goizean esnatu eta gosaldu gabe atzoko zaldi lasterketa gunera itzuli gara. Gosaldu ondoren hondartzako txiringitora gerturatu gara Tia Amparori itxoiteko. Berarekin elkartu eta bere etxean bazkaldu ondoren txiringitora joan gara kafe bat hartu eta etxerako bueltan Sevillan lo non egingo dugun pentsatzen joateko.
Hortan genbiltzala Whatsap mezu bat: "Bergarakoak ez datoz Santa Polara?"
Bat batean norbaiti begiak ireki zaizkio eta joatea proposatu du.
SANTA POLARA GOAZ!!!!
Autokarabanan sartu eta bagoaz.
Bidean aurrera 30 bat kilometro egin ditugunean, autokarabana azeleratzean normala baino zarata handiagoa egiten hasi da. Segituan geratu eta tubo-eskapearen zati bat erreta dagoela konturatu gara.
Gaur igandea da eta Jerez de la Frontera ondoan geundenez, bertan geratu gara. Bi udaltzain ikusi eta bihar arazoa konpontzeko pare bat leku proposatu dizkigute.
Hemen bukatuko ote da gure aurtengo bidaia?
Jerezen arratsaldea pasatzea tokatu zaigunez, haurren parke erraldoi bat ikusi dugu eta han egon gara ia ilundu arte. "La ciudad de los niños"


Jerez de la Frontera - Santa Pola
Goizeko zortziak eta laurdenetan taller aurrean geunden. Bertan tubo - eskapeak neurrira egiten dituzte. Zorte ona gurea...


BA EZ!!!
Jerezen bi tubo - eskape taller daude eta gaur jai bezpera denez, biak itxita.
Alde batera eta bestera bueltaka ibili ondoren, ferreteria batera joan, alanbre bat erosi, autokarabana azpian sartu, tubo eskapea txasisari lotu eta aurrera jarraitzea erabaki dugu.
Duda asko egin ondoren... SANTA POLARA GOAZ!!!
Hasieran autokarabanak zarata asko eta bibratu egiten zuela iruditu zaigu, baina azkenerako ohitu egin gara edo ez zuen horrenbeste egiten.
Ordu batzuk bidean egin ondoren, SANTA POLAN GAUDE!!!



Autokarabana etxe aurrean aparkatu eta hemen egingo ditugu egun batzuk.

Santa Pola - Bergara
Santa Polan hiru gau egin ditugu tio Juanjo, tia Lidia, Jon eta Mikelekin. Obelixen afaldu, hondartzan aleta, tubo eta betaurrekoekin igeri egin, bizikleta zirkuitoan ibili, jolastu... Gustura egon gara, baina lo egiteko orduan bero handia zegoen.
Etxerako azken txanpa arratsaldeko 19:00etan hasi dugu autokarabanako tubo eskapea gutxiago berotzeko asmoz. Segorben lo egitera berandu samar iritsi gara, baina leku lasai lo egin dugu. Tren geltoki ondoan dago autokarabana gunea, baina goizeko 9:00ak ingurura arte ez dugu trenik pasatzen nabaritu.
Gosaldu ondoren Santo Domingo ingurutik itzultzea pentsatu dugu horrela aitona, amama, tio Ander eta tia Elenari bisita egunez. Arratsaldean tarte bat eurekin egon ondoren Bergarara iritsi gara.
Nekatuta gaude eta etxeko erosotasuna hartzeko gogoa daukagu. Aurtengoa bukatu da eta hurrengoa pentsatzen hasi beharko gara...

Ikasitakoak:
- Portugalen azkenean urteetan garapen handiak izan du.
- Bertako janaria orokorrean ona da baina eskatu ondoren dexente itxaron behar da.
- Gasolina garestia da, baina Ingalaterran baino merkeagoa.
- Gutxien espero duzunean sorpresa on bat aurki dezakezu. 
- Autokarabanarekin ibiltzeko ondo prestatua dago.