2017(e)ko uztailaren 22(a), larunbata

SANTIAGORAKO BIDEA BIZIKLETAZ

2017ko uztailaren 21ean autokarabana kargatu, bizikletak txukun jarri eta Santiagorako bidearen zati errazenak egiteko prestatu gara. Santo Domingora iritsi gara bertatik bideari ekiteko. Artatsaldeko 20:30etan albergean hartu ditugu Kredentzialak, bakoitza 2 euroren truke.
Prest eta gogo handiz gaude bideari ekiteko!!!


1.etapa: Santo Domingo - Castildelgado. 14Km / 2'30"
Goizeko 11:00etan Santo Domingon Aitona, Amama, tio Ander eta tia Elena agurtu eta 12:00etarako Grañonera iritsi gara.



Castildelgadoraino iritsi ondoren, berriz Redecilla del Caminora itzuli gara igerilekura joateko. 2 km atzera ibilbidean, baina merezi izan du itzultzeak. Igerilekuak 12 euro balio zituen, taberna, frontoi, ping-pong, dutxa eta guzti. Gainera autokarabana kanpoan arazorik gabe aparkatu daiteke.

Igerilekuan geundela iritsi da lehenengo ezustea. Autokarabanako IAT atzo iraungi zen eta gaur konturatu gara. Astelehenean pasatuko dugu Santo Domingon eta ordura arte etxera bueltatuko gara. Autokarabana berriz ere etxe aurrean aparkatuta.

2.etapa: Burgos - Rabe de las Calzadas. 10Km / 1'30"
Uztailak 24 goizean, 9:00etan IAT pasatu digute arazorik gabe. Autokarabana hartu eta Burgosera abiatu gara bertan aparkatu eta 2.etapa hasteko.
Tardajos pasatu eta Rabe de las Calzadasera iritsi gara. Han bizikletak kargatu eta lotara Fromistako autokarabana parkinera etorri gara.



Eta orain nora?


Ba azkenean Carrión de los Condesera etorri gara lotara. Bihar hemendik jarraituko dugu bidea.

3.etapa: Carrión de los Condes - Cueza de las calzadas. 17 Km / 1'45"
Uztailak 25. Santiago eguna. Gaur goizean 10:00etan irten gara Carrión de Los Condesetik. Bertako futbol zelai ondoan autokarabana parkina dago eta oso ondo egin dugu lo. Parkina doain da eta uraren desaguea dauka (grisa eta beltza).
Bidearen hasiera errepidetik egin dugu. Oso kotxe gutxi zebiltzan eta ilaran txukun-txukun joan gara. 
Ondoren harrizko bide zuzen eta luze batetik joan gara Calzadilla de la Cuezaraino. Bertan amaitu dugu gaurko etapa.





Gaua Leongo autokarabana parkinean pasatuko dugu. 10 autokarabanarentzat lekua dago, baina autoentzat espazio pila bat dago eta bertan aparkatu dugu OTA ordainduta. 23 autokarabana eta 4 kanper zeuden gauean. Leon oso hiri lasaia iruditu zaigu eta parkinetik gertu tapeorako taberna pila bat daude. Baita zentro komertziala ere.

Itzalek gainera irakurketa praktikatzeko sistema berria asmatu du eta oso ondo pasatu du. (Serbilletero bat erosi beharko dugu...)


4.etapa: San Miguel del Camino - Puente de Orbigo. 19 Km / 2'30"
Leonen oso ondo lo egin ondoren (parkinean ez dugu ura kargatzeko iturririk ikusi eta ez dugu desaguerik aurkitu), San Miguel del Caminora joan gara etapa bertatik hasteko. 10:45tan hasi dugu bidea. Beranduegi izan da, beraz hurrengoan lehenago jaikiko gara gauean lehenago lokartuta. Gaurko bidea atzokoa baino entretenigarriagoa izan da. 12 km egin ondoren San Martin del Caminora iritsi gara. Hamarretakoa jan dugu eta banatu egin gara. Aitzol berriz itzuli da autokarabana bila eta besteak Orbigoko zubiraino joan dira, bizikletaz beste 7 Km eginez. Bigarren zati honetako bidea estuagoa eta zailagoa izan da, baina ondo moldatu dira.
Zubian denok elkartu gara, bizikletak kargatu, bazkaldu eta Astorgako igerilekura joan gara.
Gaur Astorgako autokarabana parkinean egingo dugu lo.





5.etapa: Astorga - Santa Catalina de Somoza. 10Km / 1'30" (Uztailak 27)
Astorgako autokarabana parkinak ura kargatzeko eta husteko aukera dauka.
Gaurko etapa Foncebadoneko igoera tokatzen zen, baina zatirik zailenak kentzen gabiltzanez, ahal izan dugun lekuraino igo gara. Astorgatik 4 kilometrotara dagoen Murias de Rechivaldon, Tortosako Santi ezagutu dugu eta behar genituen erreminta batzuk utzi dizkigu. 


Bera agurtu bezain laister, gaurko etaparen bigarren zatia hasi da. Aldapan gorako 5 Km luze. Hasieran ez zirudien aldapan gora zenik, baina poliki-poliki igotzen joan ahala, gogor samarra egin zaigu. Dena den bakoitzak bere erritmoan igotzea lortu dugu azkenean. 


Santa Catalina de Somozan bizikletak kargatu eta Foncebadonera joan gara Astorgano hartutako enpanada bazkaltzeko. Bertako gurutzean harria bota eta desioa eskatu ondoren Santi ikusi dugu mendi puntara iristen berriz. 



Handik Ponferradara jaitsieran kale bidea erdi-erditik pasatzen den herri bitxi batetik pasatu gara autokarabanarekin balkoiak saihestuz. Mendian behera Molinasecan herri erdian duten igerilekura natural batean bainatu gara. Benetan leku atsegina da.



6.etapa: Ponferrada - Cacabelos. 17,5Km / 2'00"
Ponferradako albergue ondoko parkinean egin dugu lo eta ura eta desagueak zituen.
Gaur azkenean lortu dugu 10:00etan irtetzea eta Ponferradako kaleetan zehar abiatu gara gaztelu ondotik pasatu eta hainbat auzotatik kanporantz joanez. 
Gaur Santiagoko bidearen paisaiak aldatu egin dira. Hasieran  errepide txikietatik joan bagara ere, gero mahasti artean ibili gara eta kolore berdeek beste bizitasun bat eman dio bideari.




Cacabeloseko errekan bainatu eta saltoak egin ondoren, O Cebreirora joan gara herria ikusi eta bazkaltzera. Oso herri bitxia da eta asko gustatu zaigu. Asterix eta Obelixen herrixkaren itxura dauka.


Azkenean Portomarineko autokarabana parkinera etorri gara lotara. Galiziara iritsi eta Olagarroa azaldu. Hau da hau!!!

7.etapa: Arzua - Pedrouzo. 22Km / 3'30"
Galiziara iritsi eta euria!!!
Zerbaitegaitik dira hemengo paisaiak hain berdeak. Euskal Herrian bezala, hemen ere sirimiri itxia botatzen duelako.
Gaur bizikletan ibili edo ez dudatan ibili gara, baina azkenean dena prestatu eta aurrera egitea erabaki dugu.


Gaurko etapa bereziki polita bezain gogorra izan da. Aldapan gora eta behera ibili gara eta behin baino gehiagotan umeek etapa bertan behera uztea proposatu dute. Eskerrak azkenean jarraitzea erabaki dugun. Dudarik gabe gaurkoa izan da orain arte egindako ibilbideetatik politena eta dibertigarriena, baina noski, aldapan gorako maldatan sufritu egin dugu.





Bidean arropa pila bat zintzilik eta pareta guztiak idatzita zituen taberna bitxi batean hartu dugu atseden. Pedalak ematen jarraitu ondoren, Pedrouzora iritsi eta bertan bazkaldu dugu. Bakailoa galiziar erara bikaina zegoen.


Bazkaldu ostean Aitzol autokarabana bila itzuli da. Egunero bezala bizikletaz joan nahi zuen baina Palomarekin apustu bat egin ondoren, Palomak 2 minututan taxi bat lortu du eta segituan taxia jatetxe aurrean zegoen, beraz taxian joan da.


Eguna amaitzeko, egindako esfortzua saritzeko, gaur gauean Monte do Gozoko albergean egingo dugu lo, Santiagorako bide ezberdinak lasaitasun handiz egiten diharduen Ruben gitarristarekin.


8.eguna. Monte do Gozo - Santiago de Compostela. Autokarabana.

Iritsi gara Santiagora!!! 
Eta nor aurkituko Obradoiro plazan? SANTI TXIRRINDULARIA.
Berarekin argazki bat atera eta konpostela eskatzera etorri gara.


Santiagoko bidearekin amaitzeko, Casa Manolon bazkaldu dugu Santirekin. Asko eta merke jaten da, baina oso azkar jan behar da.
Arratsaldean Santiago ikusteko aprobetxatu dugu eta asko gustatu zaigu kalean gora eta behera ibiltzeko. Denda asko daude, askotan gauza berdinak saltzen dituzte eta umeek dena erosi nahi dute. 
Santiagoko parkina eguna pasatzeko merkea da, baina gauean 12 euro ordaindu behar da. Ura kargatzekoak giltza dauka eta fortzatuta zegoen. Ezin zen urik kargatu. Deskargatzeko arazorik ez.


Ikasitakoak:
Bideko zati errazak egiten ondo pasatu dugu.
Norbere haserrealdiak ulertu eta adiskidetzeko balio du.
Ez dugu jende gehiegi ezagutu, baina ezagutu ditugunak bereziak izan dira.
Bidea egiteko hobeto da gauza gehiegi ez eramatea.
Frogatu dugu telebista ez ikusteagaitik ez dela ezer gertatzen.  


3 iruzkin:

  1. Aupa txirrindulari horiek!!! Peregrino ederrak eginak zaudete!!! Animo eta ongi pasa!!!
    Besarkada bat!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Joño....
    Zeuek bai fin...
    Ederra enbidia!!!!!

    Ondo segi!!!!

    ErantzunEzabatu
  3. Cómo me gusta que esteis disfrutando. Sois unos campeones y os quiero mucho.

    ErantzunEzabatu