2019(e)ko uztailaren 8(a), astelehena

Berriz ere uda!!!

Aurtengo uda berezia izango da.
Palomak asapalditik buruan zuen esperientzia bat biziko dugu abuztuan, eta bitartean autokarabanarekin Bergaratik gehiegi urrundu gabe ibiliko gara.
Greziara joateko plana eginda geneukan, baina azkenean autokarabanarekin ez dugu beste urte batzuetan egindako bidaia luzerik egingo.
Aurten ere, joan den urtean bezala, San Fermin egunean hasi dugu ofizialki gure uda.
Gure lehenengo jomuga Oriñongo kanpina izan da. Urte pila batean udako oporrak pasatu genituen eta aspaldiko lagunekin topo egin nahi genuen, uztaileko lehenengo astegunetan kanpina oso lasai egoten dela aprobetxatuz.
Lurrentzat ere erronka bat izango da, beste txakur batzuekin batera kanpinean lasai egoten ikasteko, zaunka egin gabe.
Oraingoz behintzat helburua lortzen doa.


Kilkenny
Galeper kantari baten doinuak esnatu gaitu gaur. Santo Domingoko udak etorri zaizkit burura. Erlojuari begiratu eta goizeko seiak dira. 
Segituan gogoratu ditut tio Roke, aitona Joxe Mari, Unaitxo, Mak, Argi, txiki, Turbi, ni eta beste gonbidaturen bat goizean goiz elkartu eta Bañaresera ehiztariarena egitera joaten gineneko garaiak. Goizean goiz jaiki eta galeperrak harrapatzera joaten ginen. Txakurrak ehizean ikustea oso berezia zen niretzat, nola hartzen zuten arrastoa, nola geratzen ziren tiok edo aitonak pieza ateratzeko eskatu arte, zein soinu ateratzen zuten galeperrek hegan irtetzean, eta bat batean... Pum!!! Isiltasun motz bat, eta Galeperraren bila joaten ziren txakurrak. Aitonari edo tiori ekarri, eta guri ematen ziguten euren gerrian zintzilikatzeko.
Hasieran txoria bero egoten zen, eskuetan oraindik erdi bizirik zegoela, baina laister hoztu eta geldi geldi geratzen ziren. Heri-hotsaren ondoren, heri-hotza.
Atzo autokarabana konpontzen genbiltzala, Itzal eta Palomak inurritegi bat ikusi zuten, Santo Domingon "Saltsa perretxikuak" batzera joaten ginenean bezala.
Inurriak oso azkarrak dira eta talde lan izugarria egiten dute, guk ehiztari antzerkia egiten genuenean baino askoz handiagoa.
Paloma eta itzalek txundituta eta sufrimenduz ikusi zuten, nola inurriek bizirik zegoen kakalardo bat bizkarrean hartuta euren inurritegira sartzen zuten. Nolabait lagundu nahian, txakurraren pentsu bola bat bota zuten inurritegi ondoan, eta inurriek kakalardoa zulo barruan utzi eta pentsu bola sartzeari ekin zioten.
Ezusteko izugarria gertatu zen orduan. Pentsu bola ez zen zulotik sartzen, bertan kakalardoa zegoelako. Hainbat saiakera egin ondoren, inurrien erabaki "solidarioa" etorri zen. Kakalardoa berriz zulotik atera eta pentsu bola sartu zuten arazorik gabe. Bitartean, Itzalek eta Palomak kakalardoa hartu eta guztia begiztatzen zebilen beste kakalardo baten ondora joaten lagundu zioten.
Oraingoan ere ikusi dugu zein tarte txikia dagoen bizitza eta heriotzaren artean.
Autokarabana konpondu ondoren, Agurainera etortzea erabaki genuen. Alde zahar berezia dauka. Harrizko eraikin dotoreek harresi lanak egiten dituzte eta kuriosoa da nola lotu duten zubi lana egiten duen plataforma luze baten bidez alde zaharra eta alde berria.
Zaharretik berrira gerturatu garenean, begiak zabal zabal ikusi dugu Kilkenny jartzen duen taberna bat. Irlandesa. Gogoa Irlandara joan zaigu beste behin ere. Han egon ginen gaztelua eta zakur lasterketak ikusten duela hiru urte. Eta izozkiak eta garagardoa erosi genituen. Baita pub irlandar batean zuzeneko musika ikusi ere, Dublinen ez bezala.
Gaur, Kilkennyn egin genuen bezala, Kilkenny markako garagardoa eskatu dugu eta ez zeukaten, orduan Murphysa eskatu dugu eta ezta ere... EZ GAUDE IRLANDAN!!!
Dena den, hango musika gogoratuta, autokarabanara itzuli eta Jon Prietorekin joan den astean etxean ikasi genituen abestiak ensaiatu ditugu, egunen batean irlandar pub batean zuzenean jotzeko ilusioarekin. Aurtengo oporretako erronkarik handiena elkarrekin musika jotzea izango da. Istrumentuak ekarri ditugu, beraz egunero ensaiatzeko txoko bat bilatu eta talde lanari ekingo diogu inurriek bezala.

Berri Txarrak
Igande goizean Urdaibaiko behatokian esnatu gara. Astebururen batean bertara etorriko gara eta inguru ederrak lasai ikusiko ditugu, baina gaur ez da izango. Eguerdirako Bilboko albergean dagoen parkingera joan gara eta Tio Juanjo, Tia Lidia, Jon eta Mikelekin bazkaldu dugu bertan. 
Ondoren eskailera pilo bat igo eta Kobetamendira joan gara Berri Txarrak taldeak antolatutako jaian parte hartzera. Han Zabaleta eta Arianerekin elkartu gara. Arratsaldean hainbat ekintza ikusi eta bertan parte hartu ondoren, Berri Txarrak taldeak eskainitako kontzertua ikusi dugu.


 37 abesti bata bestearen atzetik, gonbidatu pila batekin eta ia geratu ere egin gabe. Kontzertu bikaina izan da, eta gainera amaitzeko Beatles taldearen musika jarri dute.


Amaitu ondoren Bilbon egin dugu lo eta goizean aterpetxean gosaria eman digute. 

Listorreta
Duela aste batzutatik begiz jota geneukan leku hau, eta azken orduan iritsi gara ilargi eklipsea ikusteko asmoz. Irratian entzun dugu %70 ilunduko zela lurraren gerizpeari esker.
Toki polita da eta barbakoa eta mahai pila bat daude haurrentzat ziburuez gain.
Ilargiari begira egon gara Lurrekin pilotarekin jolasten genuen bitartean. Ilargian ez dugu inongo aldaketarik ikusi, eta egunez konfunditu garela konturatu gara. Ilargi eklipsea bihar izango da.
Gauez lasai lo egin dugu eta goizean Mikel eta Marianekin bazkaltzeko plana egin dugu. 
Listorretan barbakoa bazkaldu ondoren, Uliako aterpetxe ingurura etorri gara arratsalde pasa. 


Bertako merenderoa itxita aurkitu ondoren, janari tailandiarra afaldu dugu eta bertan lo egiten geratu gara ilargi eklipsea ikusteko gogoz, baina gaurkoan, beste behin ere, ez dugu eklipserik ikusi zerua lainotuta zegoelako. Euskal Herrian ez dago eklipserik ikusterik.


Ilargi eklipsea
- Zergaitik Euskal Herrian ez da eklipserik ikusten? -galdetu zion arreba txikiak anaia nagusiari.
- Ba...-anaiak ere ez zekien erantzuten, baina jakintsuarena egin zuen- Euskal Herriko kostaldean itsasoak gogor jotzen du, zipriztinak sortzen dira, eta udaran bero dagoenez, zipriztinak lurrundu egiten dira eta laino bihurtzen dira. Orduan ilargiari ez diote ager dadin uzten.

Arreba nagusiak, adi entzun ondoren, bere iritzia eman nahi izan zuen, bere esperientzia eta jakintza kontuan hartua izan zedin. 
- Ilargia oso pinpirina da, eta konturatu da gaurkoan lurrak ez duela guztiz gerizpez estaliko. Hankak agerian geratuko zaizkio eta jende guztiak ikusiko du nola egiten duen dantza ilunpean. Gainera ipurtargi baten itxura izango du, eta ez zaizkio ipurtargiak gustatzen.
Horregaitik, lurrari gorrotoz begira jarri denean, begiak irekita mantentzen saiatu da, baina hankatatik sartzen zitzaizkion eguzki izpiek begiak itxutu dizkiote eta doministiku itzela bota du. Bota dituen ur partikula guztiak beroarekin lurrundu eta laino bihurtu dira, gaur gaueko Euskal Herriko zerua estaliaz.

Arreba txikia ez da guztiz konforme geratu eta Jeffrey handiarengana gerturatu da lotsagabe. Jeffreyk beti izaten du erantzun handiren bat lagun txikientzat, eta erraz onartzen ditu txikien adarjotzeak. 

- Zergaitik Euskal Herrian ez da eklipserik ikusten?-galdetu dio txikiak arretaz erantzuna itxaronez.
- Euskal Herrian ere eklipsea ikusten da, baina gaur eklipsea ikusteko mendian gora egin behar zen. Itsasoaren olatuen zipriztinek eta ilargiaren doministikuek sortutako lainoen gainetik begiratzea zen sekretua.
Hurrengo urtean horrela saiatu eta seguru ikusiko duzu.

Le Tour de France
Urteroko tentazioa aurten ere buruan bueltaka. Lagun artean aspaldi komentatutako aukera, hainbat burutan bueltaka dabil oraindik, eta aurtengoan gure ametsa errealitate bihurtuko dugu.
Plan handirik egin gabe, Tourmalet gainean amaitzen den etapa ikustera joango gara.

Antolakuntza handirik egin gabe sortzen direlako askotan esperientziarik onenak, eta gure kuadrillako lema beti izan delako "Zertarako egin gauzak garaiz eta ondo, berandu eta edozein modutan egin badaitezke?", oraingoan ere gure estiloari jarraitzea erabaki dugu.

Gu autokarabanaz goaz eta Iker eta Kepa furgonetan piska bat beranduago. Halako batean, bidearen amaierara iritsi gara. Gendarmeek bidea moztuta daukate eta La Mongie eski estazioan lo egiteko aukera eman digute. Autokarabana bertan aparkatu, lagunen furgonetarentzat lekutxo bat hartu eta lasai itxoiten egin gara eurak etorri arte.


Ordu batzuk geroago, telefono dei bat:
- Kaixo, non zaudete?
- La Mongien gaude.
- La Mongie? Baina Tourra mendiaren beste alderditik igoko da... Gu Luz Saint Sauveur aldetik goaz....
- Bueno zu... hori ezinezkoa da, hemen dagoen autokarabana pilarekin... konfundituta zaudete. Eman buelta eta etorri La Mongiera.

Iritsi bitartean konturatzen gara baietz, beste aldetik igoko direla zizklistak eta hurrengo egunean ibilalditxoa egin beharko dugula Tourra bertatik bertara ikusteko.


Iritsi direnean, afaldu eta tertulia politaren ondoren, ohean sartu eta gaua "txorimalo" frantsesak eta ekaitz izugarriaren trumoi hotsak entzuten pasatu dugu eguna ondo amaitzeko.

Goizean jendearen zurrumurruak esnatu gaitu. Leihotik begiratu eta jende pila bat doa oinez hotzgailuak, motxilak, sillak, sonbrillak etab. gainean hartuta. "domingero" itxura galanta daukate batzuk.


Gu ere gosaldu ondoren maldan gora jarri gara. Malda serioa. Eskerrak Kepa eta Iker sherpak lagun izan ditugula.


Tontorrera iritsi garenean, amestu genuen patata tortila, bide bazterreko ziklisten ondoko korrikaldiak, furgonetatatik botatako txapel, kamiseta, etab. urrunetik baino ez ditugula ikusiko onartu behar izan dugu.


Gendarmeek bidera jaisteko guneak mugatu dituzte eta zelaitik ikustearekin konformatu gara. Tourmaleteko igoeraren zati handiena ikusten da bertataik, baina katalejo batzuk bagenitu hobe litzateke. Dena den, hurrengo urte baterako agendan apuntatuta geratzen da egun batzuk lehenago joan, eta behar den bezalako gune bat bilatzea ziklisten arnas estuak entzun ahal izateko.




Thibaut Pinot izan da Tourreko karabanaren ondoren helmugaratzen lehena. Mikel Landa eurekin zetorren, baina azken aldapan piska bat atzean geratu da eta 6. postua lortu du.
Sekulako txalo eta bulla sortu da txirrindulariak begi bistan lehen aldiz identifukatu ahal izan ditugunean. Emozio berezia sentitu dugu. Urte asko itxaron ondoren betetako ametsa.


Hurrengorako, hobekuntza plana egin beharko dugu. Dena den, prestatu gabe eginda, bikain irten dela esan dezakegu.

Donostiako jazzaldia
Azken urteetan garai hontan Euskal Herritik urrun ibili gara eta urtero Donostian hondartzako kontzerturen bat ikusteko gogoz geratu gara. Aurtengoan inguruan gabiltzanez, Uliako parkinean aparkatu eta oinez jaitsi gara Joan Baez eta Jamie Cullumen kontzertua Mikel, Marian, Irati eta Ibairekin ikusteko.
Hondartzara joan baino lehen, terrazatako kontzertuetara gerturatu gara eta espero ea genuen kontzertu bat ikusi dugu. "Rei" izeneko gitarjole japoniarra eta bere bi taldekideak. Sekulako kontzertua eman dute eta eszenatokia bete dute jenbidearendearen parte hartze handia lortuz.


Ondoren hondartzan Joan Baez ikusten afaldu dugu eta Jamie Cullum ikusi dugu jendetzarrn aurrean beste behin ere Donostian kontzertua ematen.  Oraingoan ere ez zen azkena izango, seguru.

Hain ondo pasatu genuen kontzertuan, hurrengo egunetan ere bertan geratzea erabaki genuela. Ainhoa Larrañaga eta Nogen taldeen kontzertuak ikusi genituen.


Umeak gainera San Pedrora joan ziren lotara eta Irati eta Ibairekin bikain pasatu zuten. Baita guk ere Mikel eta Marianen laguntzaz. Ez dugu aurtengo jazzaldia berehalakoan ahaztuko.